"Nicolás Guerendiain"
Irungo Errepublikarrak
Balio errepulikarren defentsa eta oroimen historikoaren berreskurapena

Aurkezpena

Zer gara?

Irungo hiritarrak gara, eta, errepublikanoak izateaz harro gaudenez, askatasunez eta borondatez hartu dugu elkartzeko erabakia, balio errepublikanoak babesteko, zabaltzeko eta sustatzeko asmoz.

Izan ginenari, garenari eta izan gaitezkeenari buruz hausnartu eta sakon aztertu nahi dugu. Horretarako, Irungo historiako bertako pertsonaiak eta gertaerak berreskuratuko ditugu, gure oroimenetik ezabatzen ahalegindu dira-eta. Horrez gain, Errepublika bera aldarrikatuko dugu. Errepublikanismorik gabe ez dago Irun inolaz ere ulertzerik. Hain zuzen ere, Irun hiri errepublikano nagusia izan zenez, Gipuzkoako egoitza nagusia egon zen bertan. Jatorria galtzen duten herriek euren nortasuna galtzen dute.

Nortzuk gara?

Gure elkartea irekia, anitza eta apartidista izango da. Hain zuzen ere, balio errepublikanoak sustatzen lagundu nahi duten hiritar guztientzat egongo da zabalik. Era berean, anitza ere izango da, pentsaera errepublikanoan bilduko dituelako era guztietako joerak eta pentsaerak. Bestetik, apartidista dela diogunean, inolako alderdi politikoren menpe ez dagoela esan nahi dugu.

Zein da gure helburua?

Nicolas Guerendiain

Inolako zentzurik gabe, errepublika hitza gerra zibilarekin lotuta egon da betidanik, bere benetako esanahia askatasuna eta garapen demokratikoa izan arren. Jakin badakigu gure historia, gerra bizi izan zuten herri txiki guztien historia bezala, sufrimenduz beteta dagoela. Dena den, denbora lar igaro da beldurrari eta amnesiari eusten jarraitzeko. Izan ere, ez gara ezinikusiagatik eta erresuminagatik mugitu, baina ez dugu ezer ezkutatzea eta ahaztea nahi. Zer gertatu zen jakiteko eta oroimena berreskuratzeko garaia iritsi da.

Gaur egun, gainera, indar-indarrean daude historiari begira errepublikaren inspirazio-iturri izandako balioak: giza eskubideen defentsa unibertsala, publikotasunaren defentsa, berdintasun soziala, independentzia judiziala, laikotasuna, elizaren partaidetzarik gabeko irakaskuntza publikoa, herriek euren patuaren jabe izateko daukaten legezko eskubidea eta gerra alde batera utzita istiluak konpontzeko benetako borondatea.

Arrazionaltasunean eta humanismoan oinarritutako balio errepublikanoak babestu, zabaldu eta sustatu egin nahi ditugu, behar-beharrezkoak direlako monarkia inposatua daukan gizarte honetan.

Zergatik aukeratu dugu "Nicolas Guerendiain" izena?

“Nicolás Guerendiain” izena jarri diogu, gure hiriaren historiako ezinbesteko osagaiak diren aita eta semea ahanzturatik atera eta euren berri eman nahi izan dugulako. Bien duintasuna aldarrikatzen dugu, ahaztu egin dituztelako eta bidegabe tratatu dituztelako, 1937. urtean fusilatutako Nicolás semea, batez ere. Biak, hain zuzen ere, errepublikaren alde borrokatu ziren garai desberdinetan. Guretzat ohorea da izen hori eramatea. Informazio gehiago pertsonai hauei buruz

Irunen, 2005eko urriaren 14an.