Memoria Iruten ekimenaren xedea da hainbat forotako ekarpenak bateratzea, memoria historiko ikasgeletara eramateko. Irakasleentzako lagungarri bat, testu-liburuetan behar bezain sakon lantzen ez diren gaiak lantzeko edo irakatsitakoa osatzeko. Ikasleentzako lagungarri bat, ikerketarako edo lanak prestatzeko materialen ekarpen bat baita, besteak beste.
Irun eta Bidasoaldea funtsezko helburu gisa hartuta, espazio zabalagoak ere landu nahi dituen topagune bat. Izan ere, gaur egun dena dago lotuta, eta ezer ezin daiteke ulertu ingurutik isolatuta.
Irungo Errepublikanoen Elkartean betidanik jakin izan dugu zer-nolako garrantzia duen iraganean gertatutakoak ezagutzeak oraina ulertzeko, baita zeinen funtsezkoa den hezkuntza ere, egungo haur eta gazteek iragana ezagut dezaten.
Iraganik gabe ez dago orainik, eta iraganeko egiarik gabe ez dago benetako ezagutzarik.
Badakigu gertatutakotik denboran urrundu ahala, errazagoa dela ahanzturan erortzea. Horixe da, hain zuzen, oraina ulertzeko etsairik gogorrena.
Gaur egungo haur eta gazte askok, arrazoi asko direla medio, ez dakite zer gertatu zen gurean duela ez horrenbeste. Argi dago kasu askotan belaunaldien arteko arrakala bat egon dela. Horren ondorioz, ahanzturan geratu da gure historiaren oso zati garrantzitsu bat, eta ezinbestekoa da hura berreskuratzea.
Irule bat, txaratilan lihoa iruten. Emakumeei eginiko omenaldi bat, tradizioz ezagutza transmititzen baitute. Beren ofizioari esker errespetatuta eta askea den emakume bat. Gure tradizioen ikurra da, eta gure lurrean emakumeak izan duen garrantzi handiaren erakusgarri.
Memoria iruteaz ari garenean, belaunaldiak transmisioaren hariaren bidez lotzeaz ari gara, iragana eta oraina elkartzeko.
Hari hori hautsi egin da, hainbat arrazoi direla eta. Francoren estatu-kolpearen ondoren, kontakizuna itxuragabetu zuten, eta gertatutakoa ezkutatu zieten hurrengo belaunaldiei.
Hortik sortzen da gure izena: Memoria Iruten. Iragana berreraikitzea, belaunaldiak lotzeko irutea, iraganeko gertakarien kontakizunaren bidez oraina ulertzen lagunduko digun hari baten bidez, etorkizuna ondo ikasitako memoriaren ondorioa izan dadin.