logo de la Asociación Republicana Irunesa 'Nicolás Guerendiain'

2. Artikulua.-
Hona hemen elkartearen helburuak: BALIO ERREPUBLIKARREN DEFENTSA ETA OROIMEN HISTORIKOAREN BERRESKURAPENA

Jarrai iezaguzu...Logo de facebookLogo de youtubeLogo de twiter

Bilatu:

Ipuin Irabazlea eta saria ematea

saria eman zitzaion

Saria María Arbeloari eman zitzaion

I literatur lehiaketaren kartela

Erlojuak gaueko hamaikak zituen, beranduegi nire adineko neskato batentzako. Nire metro erdi eta hogeita hamarrekin ohean nengoen luze etzanda, eskuetako hatzak elkarri lotuak ohazalaren gainean, neure sabelaren parean. Begiak zabalik neuzkan. Ezin nintzen lokartu. Tximeleta pila sumatzen nituen nire urdailean jirabiraka. Ez nekien ongi hurrengo goizean zer gertatuko zen, egia esan, ideiarik ere ez neukan, baina zerbait harrigarria izango zela zirudien.

Nire gurasoek hartaz besterik ez zuten hitz egin afari osoan. Halako ńirńir batek edertzen zizkion begiak aitari eta hamar urte gaztetua zirudien. Inoiz ez nuen hain hunkiturik eta hain urduri ikusi laneko kontu batengatik. Normalean ez zuen hartaz asko hitz egiten etxean, eta are gutxiago esan nezakeen nik zerbait eskolan, are gehiago, nik jakin ere ez nekien nire aitak bere denbora zertan ematen zuen. Baina jakin banekien eskolan haren izena esaten nuen bakoitzean, Lourdes ahizpak isilarazi egiten ninduela zigortzeko mehatxua eginez.

Baina gau hartan bazirudien aita ez zegoela bere lanaz damutua. Neure pentsamenduetan murgildurik jarraitu nuen lo arin batek hartu ninduen arte, oraindik urduri bainengoen. Amen batean pasa zen gaua, eta laster salto batez altxa nintzen ohetik, ez zitzaidan burutik pasa ere 1931ko apirilaren 14 hartan gertatuko zen gauza ederra.

Korrika joan nintzen sukaldera, hantxe ari zen ama kafea egiten. Mahaian, amonak Paristik ekarri zion portzelana frantseseko katilutxoaren ondoan, baso bat esne zegoen, eta baita gaileta paketea ere. Amak irribarre egin zidan, bere irribarre goxo haietakoa, eta kopetan musutxo bat ematen zidan bitartean jantzi behar nuela gogorarazi zidan, elizara joan behar baikenuen.

Azkar jantzi nituen arropak, kalera ateratzeko gogo izugarria bainuen. Nire zapata berri beltz distiratsuei begira egon nintzen kalera iritsi arte, eta ikusi nuen bikain ematen zutela nire kalea estaltzen zuten adokin gorrien ondoan. Orduantxe konturatu nintzen ez nuela mantelina hartu, ez nuen pentsatu ere egin nahi nire amak harrapatuko zuen haserrea, hark eskutik helduta ninderaman gogor, eta ez nuen pentsatu ere egin nahi gainerako herritarrek elizan sartzerakoan zein gaizki begiratuko ziguten. Egia esan, niretzat ez zen bat ere atsegina eukaristia ospatzera joatea.

Apaizen sermoiak ez nituen bat ere ulertzen, eta nire mantelina deserosoaren atzetik begira ematen nuen ordu luze hura, pulpitutik hurbilen zeuden ilaretako “ikusleek” erakutsi nahi izaten zuten aberaskeriari begira. Pulpitutik urrundu ahala itzali egiten zen erakuskeria hura, atetik hurbil utzirik, eta ebanjelioa entzuteko zailtasun handiagoekin, noski, ezagutzen ez nituen pertsona haiek, eskolan ikusi ez nituen haur haiek, seguru asko ez baitzuten irakurtzen ere jakingo.

Begiak neure zapatetatik kendu nituenean ama nire huts egiteaz ohartarazteko, ikusi nuen, alde batetik bestera koloretako banderatxoak zeudela kalean, banderatxo lilak, gorriak eta horiak. Faroletan eta etxeetako leihoetan ere kolore bereko banderatxoak ageri ziren. Lurrean, berriz, foileto ugari ikus zitezkeen “askatasuna”, “aukera berdintasuna”, “justizia” “askatasuna” “askatasuna” “berdintasuna”... zuten idatzirik, kalean jaia zela ematen zuen, jendea oso pozik zegoen, mundua aldatu egin zela zirudien.

Denek aipatzen zuten aita, Lourdes ahizpari bat ere beldurrik gabe, elizan lehenengo ilaran eserita ikusi nituen eskolan ikusten ez nituen haurrak, eta asteak joan ahala, ikusi nuen irakurtzen nola hasi ziren. Politika, familia barruan aipatu ere egiten ez zen gai hura, kalera atera zen, eta helduentzako elkarrizketa-gai entretenigarria zela ematen zuen gainera.

Baina laster asko zapuztu zen paradisua. Laster asko amaitu zen kaleetako zoriona, eta hiztegitik desagertu egin ziren “berdintasuna” “askatasuna” “justizia” eta “anaitasuna”.

Oraindik oso gogoan ditut egun haiek, ez dakit zer gertatzen zen, baina jaia zen nire hirian, gogoan dut mezara mantelinarik gabe joateko askatasuna sentitu nuen garai hura, inolako beldurrik gabe aitari buruz hitz egin nezakeen garai hura, denek aukerak zituzten eta norbere balioa garrantzitsua zen garai hura.

Oraindik sumatzen dut nire aitaren hutsa, eta miresten ditut pertsona ausart haiek guztiak, nire aitari bezala bizia kendu zieten pertsona haiek, herriarentzat eskatzen zutena urraturik, pezetek ziotenez, Jainkoaren grazia zuen gizonaren eskuetan. Miresten ditut, berdintasunean oinarrituriko gizartea, askatasun usaineko airearekin, lortzeko borrokan bizia eman zuten haiek. Apirilaren 14 hartatik, biriketako aire guztiaz, Gora errepublika! oihu egiteari utzi ez zioten haiek.

Leandro Agirretxe, 1, 4 Lokala
Irungo Palmera-Montero Gizarte-etxean - 20304 Irun
Tel: 669 075 423