logo de la Asociación Republicana Irunesa 'Nicolás Guerendiain'

2. Artikulua.-
Hona hemen elkartearen helburuak: BALIO ERREPUBLIKARREN DEFENTSA ETA OROIMEN HISTORIKOAREN BERRESKURAPENA

Jarrai iezaguzu...Logo de facebookLogo de youtubeLogo de twiter

Bilatu:

Herritarron erantzuna krisiaren aurrean

AURKEZPENAREN TESTUA

KRISIAREN AURREAN HERRITARREN ERANTZUNA aurkeztu nahi dugu gaur.

Bere izenak dioen bezala Herritarren Erantzuna krisi honi ematen zaion erantzuna da eta, batez ere, krisi hau eta bere oinarri eta erantzule nagusi den sistema ekonomikoa pertsonengan sortzen ari den ondorio larriei erantzuna bilatzea da.

Ondorioak nozitzen ditugunok jasaten ditugun egoerak bistaratu eta salatu nahi ditugu, ez baitugu ahaztu behar zifra makroekonomiko horien guztien atzean pertsonak daudela, langabezian geratu berri diren gure bizilagunak, hipoteka ordaindu ezin eta etxea derrigorrez uzteko arriskupean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetara lotsaren lotsaz hurbiltzen direnak, beren egoera nolabait arintzeko laguntzaren bat eskatzera, modu horretan hilaren amaierara iritsiko ote diren edo.

Egoera aldatuko bada, denok borroka eginda eta konpromisoa hartuta izango da, ez bestela. Gure ustez egunetik egunera beharrezkoagoa da langabezia-egoerak eta baliabiderik eza islatzea eta kalean modu kolektiboan salatzea eta bistaratzea. Langabeziaren erruz, gogoratu %14,6an dagoela, eta batez ere laneko behin-behinekotasun izugarriaren erruz gertatzen ari den lan eta gizarte eskubideen etengabeko degradazioaren aurka borrokatzea.

Hiriko taldeen agendan (bizilagunen elkarteetan, elkarte eta kolektibo sozialetan, eta abarretan) salaketa eta borroka hau jarriz, gure auzoetan baliabiderik gabe dauden hainbeste eta hainbeste pertsonentzako konponbide zehatzak eta berehalakoak lortzeko. Eta nahi dugun eredu sozial eta ekonomikoaren gaineko elkarrizketa ere bai.

Horregatik guztiarengatik, ez dizuegu deitzen zuen elkartasuna adieraz dezazuen, baizik eta zeuek parte har dezazuen bai zeuena bai geurea den borroka honetan; modu honetan, toki bakoitzeko borroka edo borroka partzial guztiak pertsona guztien borroka bilaka daitezen; eta horrela, agian, guztion artean hasiko gara beste errealitate bat eraikitzen, badaukagu beharra eta.

Ildo honetatik deitzen diren era honetako ekimen guztien alde azalduko gara. Horregatik Krisiaren Aurrean Herritarren Erantzuna taldekook bat egiten dugu eta dei egiten dugu jende guztiak bat egin dezan maiatzaren 21erako deituta dagoen greba orokorrarekin eta baita biharko Bilboko Kaleetan CCOO sindikatuak deituta daukan mobilizaziorako, guk sortu ez dugun krisi honen ondorio larriak frenatzeko urrats bezala eta arazoen aurrean beti irtenbide berdinak planteatzen dituzten erantzule horiei belarritik tira egiteko, beti bezala langileok eta baliabiderik ez dugunok galtzen atera ez gaitezen.

Lehen urrats bezala manifestu bat egin dugu, oarain irakurriko duguna, eta jendeari atxikimendua eskatzen diogu, norbanako zein kolektibo gisa. Orain arte kolektibo hauek atxiki dira: Lakaxita Gaztetxea, ESK, Asociación Republicana Irunesa "Nicolás Guerendiain", LAB, ELA, Gazte Komunistak, EPK, AHT GELDITU! Elkarlana, EB, Bilgune feminista, CCOO, BERDEAK / EUROPEAN GREENS...

Atxiki nahi duen pertsona edo kolektibo orok gure posta elektronikoan egin dezake herritarronerantzuna@gmail.com edo gure blog-ean http://herritarronerantzuna.blogspot.com

 

PLATAFORMAREN ADIERAZPENA

Ez dugu ordainduko guk sortu ez dugun krisiagatik

Hamarkada eta erdian aberastasunaren hazkuntza eskandalagarria den bitartean, pobreziak zifra beretan jarraitzen du lotsagarri. Prekarietatea gehitu egin da; soldatek eroste-ahalmena galdu dute; gizonezkoen eta emakumezkoen arteko desberdintasunek beren horretan diraute; pobreziaren eta bazterketaren tropelean sartu dira gazteak, emakumeak, pentsiodunak eta migratzaileen kolektibo jakin batzuek; zerbitzu publikoak pribatizatzen eta gure bizitzak merkantilizatzen jarraitu dute; nekazari-abeltzaintzako bizimoduak desagertu egin dira, asfaltoaren eta zementuaren aldera, gure etorkizuna hipotekatuz.

Orain esaten dute “krisian” gaudela, ez dutelako nahi adina etekin lortzen. Haien irtenbideak berberak izaten segitzen dute: diru-pila bankuetara eta enpresa handietara helaraztea. Mutur handiz segitzen dute aberastasuna banatzeko formula kapitalista zaharra aplikatuz, goitik behera, galerak sozializatuz eta etekinak pribatizatuz. Haien irtenbideak baliabideak obra publikoetan xahutzen ditu, gure etorkizuna hipotekatuz eta gizarte-izaerako gastu publikoa murriztuz. Honako hauek dira “krisiaren aurkako neurrien” ondorioak: langabezia gehitzea, Irunen, dagoeneko, %14,6an dago langabezi tasa; prekarietate handiagoa eta jende gehiago bizimodu duinerako baliabide faltan eta ingurumenaren etorkizuna hipotekatua.

Ez dugu sinesten krisi honen irtenbidea sistema sinistarazi nahi diguten giza-aurpegiz eta iraunkortasunez kapitalismorantz birsortzea denik. Errotiko aldaketen garaia da. Garaia da krisi honetatik aterako gaituzten neurri alternatiboak hartzeko, sektore ahulenentzako kosturik gabe eta etorkizunean krisi gehiago izatea saihestuko dituztenak. Gainprodukzioa gelditu (krisi kapitalisten kausa zuzena), eta aberastasuna era justuan banatu; horra hor neurri horien zutabeetako bi.

Honako hauek dira, beraz, gure proposamenak:

Gizarte-mailan:

  • Partida ekonomikoak inplementatzea, izaera unibertsaleko gizarte-estaldurarako. Hau da, Oinarrizko Errenta unibertala, norbanakoa eta baldintzagabea izatea. Oinarrizko Errenta inplementatzen den bitartean, GLL Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako aurrekontu partidak eta kotizazio gabeko pentsioak handitzea.
  • Elektrizitatea, ura, gasa, eskolako gastuak (liburuak, gelaz kanpoko jarduerak...) eta uda-tasak doan baliabiderik ez duten pertsonentzat.
  • Doako garraio publikoa egoera larrian dauden pertsonentzat (ikasleak, langabetuak...). Ulertu behar da baliabiderik ez badago, ez dagoela toki batetik besterako joaterik; eta horrelakoetan, ez dagoela prestakuntza egiterik ezta lana era aktiboan bilatzeko aukerarik ere.
  • Etxebizitza.
    • Alokatutako etxebizitza batean biziz gero, alokairua doan izatea; hipoteken prezioak beren horretan uztea (moratoria) edo alokairuaren bidezko ereduaz ordezkatzea. Kasu horretan, udaletxeek eta komunitateek banketxeekin eta aurrezki-kutxekin negoziatu beharko dituzte neurri horiek.
    • Babes Ofizialeko Etxebizitzak alokatzeko asmoz soilik eraikitzea. Modalitate berriak bilatzea; haien artean, usufruktu modalitatea.

Lan-mailan:

  • Inolako despidorik ez krisiaren izenean.
  • Lan baldintzetan atzerapenik ez, ezta lortutako eskubideak galtzerik ere.

Ekonomiaren mailan:

  • Banketxeak izan dira gainprodukzio kapitalistak eragin duen krisi honen sortzaileetako bat. Beste sektore batzuek egin duten bezala, banketxeek egoera hau ekarri duten soberakinak sortu dituzte (finantza burbuilak, kasu honetan). Proposatzen dugu estatuak bakarrik bere gain hartzea banketxeen paper soziala.

Politika-mailan:

  • Kanpoalderatzea geldiaraztea eta zerbitzuetako sektore publikoa berreskuratzea.
  • Hiri Antolamenduko Plan Orokorra gelditzea partehartze erreala egiten dela egiaztatu arte, planak atzeraezinezkoa den etorkizuna hipotekatzen duelako.

Gure ustez, gizartearen krisiaren aurrean eman beharreko erantzunak behetik landu behar dira, udalerriaren mailatik, partziala den eremutik, baita subjektiboa eta komunitarioa den alderditik ere, betiere arazo larri horren zuzeneko eragina jasan duten hiritarren parte hartzearekin. Horregatik guztiarengatik, ez dizuegu deitzen zuen elkartasuna adieraz dezazuen, baizik eta zeuek parte har dezazuen bai zeuena bai geurea den borroka honetan; modu honetan, toki bakoitzeko borroka edo borroka partzial guztiak pertsona guztien borroka bilaka daitezen; eta horrela, agian, guztion artean hasiko gara beste errealitate bat eraikitzen; oso desberdina, dagoen errealitatearekin alderatuta behintzat.

 

Gurekin parte hartu nahi baduzu, Santiago Auzo Elkartean egin dezakezu hilaren 2. eta 4. astelehenean.

Gure posta elektronikora ere idatz dezakezu herritarronerantzuna@gmail.com edo gure blog-ean http://herritarronerantzuna.blogspot.com

Inprimaki hau beteta ere erakuts dezakezu zure etxikimendua.

 

Leandro Agirretxe, 1, 4 Lokala
Irungo Palmera-Montero Gizarte-etxean - 20304 Irun
Tel: 669 075 423