logo de la Asociación Republicana Irunesa 'Nicolás Guerendiain'

2. Artikulua.-
Hona hemen elkartearen helburuak: BALIO ERREPUBLIKARREN DEFENTSA ETA OROIMEN HISTORIKOAREN BERRESKURAPENA

Jarrai iezaguzu...Logo de facebookLogo de youtubeLogo de twiter

Bilatu:

Frankismoaren aurkako bi borrokalariren memoria

Marcelo Usabiaga Mikel Rodriguezekin

Historia 16, 296. zenb. 2000ko abendua (Mikel Rodríguez)

“Alderdi komunistak, nazioarteko brigadak, intelektual ezkertiarrak... denak estalinismoaren agente, borrero ez badira”. Ideia honekin bonbardatzen gintuzten orduan nagusi ziren korronte historiografikoek eta iritzi sortzaileek. Orain dela urte batzuk maila berean ipintzen zituzten komunismoa eta faxismoa. Gaur egun “lehen luma” askok eta askok ezin eutsi diote eta giza degradazioaren mailarik baxuenean ipintzen dute komunismoa: “Hitler eta Franco gaiztoak ziren, baina gaiztoago komunistak!”.

Fukuyamak iragarritako “historiaren amaierak”, “kapitalismoa eta merkatu askearen legeak dira azken errealitate aldaezina” esaldia jasotzen duenak, ukatu egiten du gizakiaren bilakaeran bestelako eredu bat izan daitekeenik. Izan ere, ez da atzokoa bizi gaitezkeen mundurik hoberenean –edo bakarrean– bizi garelako ideia. Dagoeneko Hegelek esan zuen “ideia absolutua” gorpuztua zela Prusian, baina ez gara orain “berri on” honen hedatzaile boteretsuen aurka hasiko.

Baina lerro batzuk merezi dute botereari aurre egitea bizitza jokoan ipintzea zen garaian beren ideiak defendatzeagatik hil egin zituztenek edo espetxean hogei urte eman zutenek. Langileen Diktaduraren alde ez baizik eta askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatzen zirenek beste zerbait merezi dute. Gizon eta emakume hauek espetxeetan edo klandestinitatean bizirauten zuten, zimitzek janda, eta ez Moskuko “Hotel Lux” hotelean (1). Bizirauteko zoria izan zuten, Baina orain, “Jenerala hil osteko oposizioko” talde batek, gizon eta emakume hauek egin zuten borrokaz damu izatea nahi du, garai bateko militantziari uko egitea. Agian hainbeste demokrata “ex novo” hauek historia beren gogara berreraiki ahal izateko.

Baina iraultzaren tradizioan auto-babesak bere lekua baduenez, utz dezagun “estalinismoaren agente gaizto” horietatik bik beren ibilbidea konta diezaguten.

Marcelo Usabiaga Jaúregui (Ordizia, 1916). Txikitatik Irunen bizi izan zen, eta 1933an eman zuen izena PCEn. Gerra Zibilean Iparraldeko, Erdialdeko eta Levante aldeko fronteetan borrokatu zen. 1944an Arroako (Gipuzkoa) presondegi batean zegoen.

“ABC” izeneko eraikuntza enpresa batentzat lan egiten genuen presondegian; enpresak txikitutako eskualdeak  berreraiki eta errepideak egiten zituen. Frankistek osatua zen, eta dirua irabaztea zuten xede. Ni 30 urteko espetxe zigorra betetzen ari nintzen eta porlan fabrikaren aurkako sabotajeak egiten hasi ginen, fabrika alemaniarren “Atlantikoko harresira” igortzen ari baitzen materiala. Presondegian 1943. urteaz geroztik egiten zuen lan Alderdiak. Airetiko linea bat eraikitzen ari ginen bagoi txikitan pilatutako harria garraiatzeko. Zementua egiteko oreak nahasi egin genituen, eta zutarriak behera etorri ziren. Era berean, birritan matxuratu genuen harrizko errotari eragiten zion motor elektrikoa, eta produkzio-katea gelditu behar izan zuten. Bietan erre zen motorra. Eta horrexegatik ohartu ziren. Nik bulegoan egiten nuen lan eta hala esan zidaten behin: “Marcelo, zeure izena aditu dut”. Orduan kamaradak elkartu ginen eta ihes egiteko prestatzen hasi ginen. Alderdia ez zegoen herrialde mailan antolaturik, eta ezin ziguten lagundu. Beraz, Frantziara gure kabuz joatea erabaki genuen. Lau lagun joan ginen Frantziara: Orozco, Iglesia, izena gogoratzen ez dudan malagatar bat eta nerau. 1944ko iraila zen.

Irundarra izaki ondo ezagutzen nuen muga, eta erraz egin genuen beste aldera. Frantsesek kontzentrazio esparru batera eraman gintuzten, ez arriskurik gabe, soldadu alemaniar talde batek eraso egin zigulako eta frantsesak gure laguntzaren eskean etorri zirelako. Nik baietz esan nien, fusilak emateko eta borrokatuko ginela. Kontua da alemaniarrak Iparraldera abiatu zirela. Egia esaten badizut, nik Frantziara joan nahi nuen, aurrenik atseden hartzera eta gero han alemaniarren aurka borrokatzera.

Pauera joan ginen eta bertan egin nuen topo Gerrillarien Dibisio Espainiarrarekin. “Esparza” – nire lagun min Gómezen borroka-izena– zuten komisario politiko. Espainian zer eginik ez zegoela esan nionean, hala esan zidan berak: “Hara, ez ezazu ozen hitz egin, esaten ari zarena hor barrena esanez gero ez baitzara onik aterako”. Handik egun batzuetara Lecumberri delako bat etorri zen. Ni “Hotel Bristol” hotelean nintzen, Dibisioaren aginte postuan. Dei egin eta horrelaxe esan zidaten: “Aizu, Marcelo, behean lagun bat duzu, erkidea, bereak eta bost esaten ari dena, Espainiara joan beharra dagoela, Eibar erori egin dela”. Eta ni, Eibartik 20 km-ra preso izandakoa: “Ez da egia izango!”. Bizkar zabaleko lagun batek esan zuen ez zela denborarik galdu behar, talde batek harantz egin behar zuela, hamar minututan Eibar hartuko zuela.

Oso aste gogorrak pasa nituen. Esaten zidaten espetxean egoteagatik nengoela hain behera etorria, eurek Frantzian ikasi zutela borrokan... Hilabete inguru eman nuen gidei mugak karabineroak saihestuz igarotzen irakasten. Baina gerrillari talde batekin batean Espainiara itzultzeko aukeratu ninduten (2). Eta “Juliori” esan nion" (3): “Me kaguen diez! Baina ba al dakizu zer den Donostiara hamaika lagun pistolak poltsikoan joatea? Orain dela hilabete egin nuen ihes handik! Hau erokeria da”. Eta ulertu egiten ninduen, baina Dibisioko agintariek han espainiarrik gera ez zitekeela agindu zutela, denek igaro behar zutela muga. Sinetsi ezina ematen zuen, baina nola esango nuen ba nik ezetz? Presondegitik ihes egin zuen honek nola egingo zion uko eskatzen zioten horri? Psikikoki oso sasoi latza izan zen hura. Lur jota nengoen. Bileretan ez nuen pentsatzen nuena adierazten. Azkenean, borrokalaria naiz eta borroka egingo dut, esan nuen. Eta kitto. Ez naiz bazterrak nahasten hasiko. Zorte txarra eta kitto.

Espainiaren aurrean zuten ikuspuntu politikoa okerra zen, ez zuten ezagutzen. Oraindik gogoan dut nola halako triunfalismo batez mintzo ziren Nuñez Escurza, Vallador eta beste batzuk. Gudaroste alemaniarraren aurka lortutako garaipenak zituzten hizpide, baina ez zuten Espainia ezagutzen. Han berariazko pisua zuen argudio bakarra erabili zuten. Vallejo izan zen eledun: “Gerra amaitu eta Espainian ez badago frankismoaren aurka borrokatuko duen probintzia, gotorleku, herri edo nukleorik, demokraziek gerraren aurrean baliatutako “Interbentziorik Ez” hori bera erabiliko dute han, eta gero Francorekin bat egingo dute”. Baina bere kalkuluek huts egin zuten ez zutelako benetako gerraren egoera hori sortzeko aukeran sinesten”.

Gure taldean ardurak banatzen hasi ginenean Barroso izendatu genuen komandante, Lapeira antolakuntza buru eta ni neu asaldura/propaganda buru.. Ez genuen helburu zehatzik. Banketxeetan lapurtu behar genuela besterik ez genuen hizpide, xentimorik ere ez baikenuen. Benac izeneko kontrabandista baten laguntzaz igaro genuen muga, bakoitza 1000 pezeta ordainduta. “Euskal Brigada” taldeko Ordoki komandantea izan zen ontziratu baino lehen Frantzian ikusi nuen azkeneko espainiarra. Txalupan egokitzen ari nintzenean hala esan zidan: “Marcelo, nik uste amaiera txarra izango duen abentura dela honakoa”.

Pedro Barrosok, Regino Gonzálezek, Javier Lapeirak, Alfredo Gandiak eta nerauk osatzen genuen lehenengo taldea. Hurrengo egunean beste bost gizon eta emakume bat, Victoria Gastán, igaro ziren. Barrosok harremanetan jartzeko lagunen zerrenda bat zuen. Bakoitzak “naranjero” bat bere kargadore eta pistolarekin eramaten zuen, eta motxilan beste bi kargadore eta anana itxurako bi bonba. Lurreratzean kargadore bat erori zitzaion bati, eta horrek bere ondorioak izango zituen gerora. Baserri batean eman genuen gaua eta nire lagun Pepe Aguilarren indarrean eta kemenean konfiantza osoa ipintzeko hutsa egin nuen. Baserriko neskari esan genion haren bila joan zedila. Eta biharamunean etorri zen esan Donostian ostatua bilatuko zigula. Baina hark emandako helbidera heldu ginenean jabeek esan ziguten ez genuela han gelditzerik. Benac agurtu genuen, eta kontrabandista ona zela erakutsi zidan hari guztiari kiratsa zeriola esan zidanean. Eta gaueko hamaiketan bost lagun, pistola sakelan, non lo egin bilatzen. Bigarren eta hirugarren etxeetan izan ginen. Laugarrenean, Reginoren familiakoak izaki, sartzeko gonbita egin ziguten. Okerrena da leku guztietan esan genuela nora gindoazen, bigarren taldeak eta armak zituen Benacek jakin behar baitzuten non egin topo gurekin.

Bitartean poliziak baserria, neska eta Pepe Aguilar aurkitu zituen. Eta gogotik jipoitu zutelako edo, Pepek gu izan ginen lehenengo etxera bidean jarri zituen. Eta handik, gure ibilbideari jarraiki, aurkitu eta Regino, bere familia eta ni neu harrapatu gintuzten. Melitón Manzanas buru zuen Irungo polizia politiko-soziala zortzi t’erdietan sartu zen. eta bederatzietan zen iristekoa Lapeira Bilboko lagunekin harremanetan izan eta gero! Zoritxarrekoak gu eraman behar gintuztelako, baina Reginoren izeba-osabak, lehengusina, gu biok eta lau poliziak ez ginen autoan sartzen. Eta halaxe esan zion Manzanasek gidariari: “Zoaz Hiribidera eta har itzazu bi taxi!”. Eta une latz horretan iritsi zen Lapeira, ez zuen deus berezirik hauteman, etxebizitzara igo zen eta atxilo hartu zuten. Ordu laurden geroago iritsi izan balitz, ez gintuzkeen han topatuko, eta aske jarraituko zuen. Eta bost minutu lehenago iritsi izan balitz, poliziaren autoa ikusiko zukeen aparkaturik eta ospa egingo zukeen.

Taldeko gainerakoak Bilbon eta Eibarren harrapatu zituzten, eta Eibar hamar minututan mendean hartu ez baizik eta hamar minututan atxilotu zuten Lecumberri. Lagun handiak gara, eta zoritxarrez urte askotxo izan ditugu espetxean honetaz txantxa egiteko. Hondamendi hutsa izan zen. Pertsona asko atxilotu zituzten, laguntzaileak ez zirenak, lotura lanak egiten ez zituztenak, baina lagunak, gurekin mintzo zirenak. Gandiak baizik ez zuen ihes egin (4). Manzanasek parrastan egin zizkigun galderak Reginori, Lapeirari eta niri. Goizeko hiruretan Irunen barrena eraman ninduten loturik. Ziur nintzen fusilatu behar nindutela. Komandantzia militarrean zergatik erori ote ginen egin nuen gogoeta. Oinutsik jartzera behartu ondoren oinak zapaldu zizkidaten eta jo ninduten. Nik ez nuen izenik aipatu, baina ez ninduten gehiegi estutu, hori egia da, loturak Bilbora joana zenak izango zituela uste baitzuten. Baina ikaragarri jipoitu zuten Lapeira. Eta har ere ez zuen izenik aipatu.

Han ginela nire familiaren ezaguna zen eta mugetako bigarren burua zen Ibañez koronela agertu zen bisitan. Ero moduan sartu zen gelan: “Erotuta zaude! Erotuta zaudete! Zertara etorri zarete hona? Larrutik ordainduko duzu! Zure izebak eskatu dit zu ikustera etortzea, baina ez dizut itxaropenik emango, aditu? Zuenak egin du! 48 ordutan epaiketa guztiz sumarioa egingo dute eta fusilatuko zaituztete! Badakizue ni ez naizela faxista, ez naiz falangeko kide, beti izan naiz erregezale, baina...”. Eta ni han, kaka eginda. Ondarretako espetxera eraman ninduten. Zuzendari Ramón Otalorak dei egin zidan, Valentzian zigorturik izan nintzenetik ezaguna nuenak. Pertsona zintzoa zen Echarte zerbitzuburuak ninderaman, eta hala esaten zidan: “arazo larrian sartu zara, nola bururatu ote zaizu hona itzultzea?”. Eta gisa honetan agindu zion Zuzendariak: “Eraman ezazu hori espetxeko azken bazterrera, azken zulora, ez dezala berriro ere eguzkia ikus, usteldu dadila bertan!”. Hilkutxez betetako gela batera eraman ninduten. Arraioa, berriro ere uste izan nuen tiro bat emango zidatela!.

Auzi prozesuan zehar burua gora hiltzeko gai izango ote nintzen izan nuen buruhauste. Nire gelan pelotoiaren aurrean izango nuen jarrera probatzen nuen. Egun osoan gelan, irtenbiderik ez zela sinisturik, askoz ere gauza gutxiagotik fusilatu baitzituzten beste asko eta asko. Baina epaiketa eguna iritsi zenean, Frantziatik etorritako batek, eta zin dagizut ni ez nintzela, hamaika nomina aurkeztu zituen, gure izenekin eta sinadurekin, liberetan kobratzen genuena adieraziz. Sinestezina ematen du! Eta “Barroso, komandantea; Gandía, kapitaina; Regino, tenientea; Usabiaga, Lapeira... soldaduak” jartzen zuelako salbatu ginen. “Ni bederen soldadu, maila handiagokoek agintzen zidatena betetzen bainuen”. Espedientean edo adierazpenetan ni asaldura/propaganda buru gisa eta Lapeira idazkari gisa ari ginela azaldu izan balitz, bestelakoa izango zen egoera. Horratx aringarria. Hogei urte eta egun bat. Gerra ere amaitua zen eta agian Francok ezin zuen nornahi eta zenbanahi hiltzen jarraitu. Baina hori gaur egungo ikuspuntutik ematen du horrela izan zela, orduko pelotoiek lan handia baitzuten.

Zigortuta nintzela Epaileen aurrera agertzeko agindu zidaten. Eta han gizon batek paparretik heldu eta hala esan zidan: “Ez al nauzu ezagutzen? Putasemea! Kabroia!”. Une hartan ez nuen ezagutu, aurpegia desitxuratuta zuelako, argalago zegoelako eta biboterik gabe. “Neu naiz, zurekin garagardoak edan dituena!.” Zulueta delako bat zen, UNEn infiltratutako ofizial frankista, agerian utzi zutenean bizitza doi-doi salbatu zuena. “Badakit zu izan ez zarena, badakit ez zarela zu izan, baina Espainiako espetxe guztietara joanen naiz egileak harrapatzera! Eta horiek denak akabatuko ditut! Begira nire eskuak, begira nola utzi dizkidazuen! Izorratu egin didazue! Baina larrutik ordainduko duzue!”.

Iheslari guztiak bezala Chinchillako presondegira, presondegi guztiz zorrotzera, eraman ninduten zigorra betetzera. Eta bidean nintzela, Guardia Zibila noiz iritsiko zain, Chichillako presoek, hango baldintza kaskarrekin gogaituta, su eman zioten presondegiari barruan zeudela. Nolakoa behar zuen izan haien etsiak! Gero Puerto de Santa Maríara eraman ninduten, eta handik Burgosera, Francok preso komunistak kontzentratu zituen espetxera.

Gure hasierako jarrera oso zurruna izan zen, ez genuen elkarlanean jarduten. Uniforma jantzita desfilatu behar genuela igandero Zuzendariaren aurrean? Mila lagun azaltzen ginen uniformeak urraturik eta botoiak erauzirik. Mojak ezin okerrago portatzen zirela? Gu are okerrago. Ez genuen futbolean egiten, ez ginen eskolara joaten. Patioan eseri eta bakoitzak zekiena irakasten zien besteei. Nik, kontabilitate eskolak. Lankidetzarik batere ez. Bisitarik ez dela? Bada, bisitarik gabe.

Baina 1949an amaitu zen gerrillen politika, eta borroka baketsuaz eta sindikatu bertikaletan infiltratzeaz hitz egiten hasi ginen. Franco nazioartean onartu zuten eta ondorioz etsiak hartu gintuen. Ez zen jendaurrean agertzen, baina halaxe zen. Halako fatalismoa nagusitu zen, eta indultuarekin amesten hasi ginen. “Ea Aita Santua datorren bisitan!”. Eta eskolara joaten hasi ginen, naiz eta batzuetan gerok ematen genituen eskolak. El Dueso espetxean fisika nuklearraren eskolak ere eman izan dira. Artisautza tailerrean hasi ginen lanean, brigadetan osatutako futbol taldeekin txapelketa bat egin  genuen... Elkarrekin jarduten hasi ginen eta bestelako aldi bati zabaldu genizkion ateak.

Francisco Zayasek eta biok antolatu genuen artisautza tailerra. Oso mugaturik hasi ginen, dozena erdi lagun gela txiki batean. Han “esku trebe” batek, Aquilino Gómezek, irakatsi zidan lanbidea. Eta urri genuen diruaren arazoaren irtenbidea zela ohartu ginen. Han taldetan bildurik bizi ginen: “Zuk, zenbat jasotzen duzu? – Hogei ogerleko”. Dirua komunean ipini eta batez bestekoa, 150-160 pezeta, banatu egiten zen denen artean. Alderdiko Zuzendaritzak ez zuen oztoporik jarri. Markoak, lanparak, mapak eta beste egiten genituen. gero, espetxetik informazioa ateratzeko modurik onena zela konturatu ginen. Ni inkomunikaturik nindutenean iheslari izateagatik, liburuen laburpenak egiteko baimena jaso nuen. Eta koaderno batean laburpen gehiago idatzi ahal izateko hizki txiki-txikiak erabiltzen hasi nintzen. Lupa baten laguntzaz oraindik hobetu nezakeela ikusi nuen. Eta kopista bihurtu nintzen. Kanpora idaztea beharra zen. Espetxeko gertaeren berri ematen zuen informazio kodetua  ateratzen genuen: ezer salatzeko informazioa –preso bat gaixorik zegoela, beste bat jipoitu zutela...– kartzelako politika salatzeko, Alderdiaren baitako iritziak trukatzeko... Nik idatziak paper-xingoletan ahalik eta txikien kopiatu besterik ez nuen egiten, eta gero markoetan ezkutatzen genituen. Metodo guztiz eraginkorra, espetxeko agintariek berriak irrati bidez ematen genituela uste baitzuten.

Hasieran eskuz egiten genuen “Mundo Obrero”, bederatzi ale, Brigada bakoitzarentzat bat. Baina gogoratu nintzen nola Merkataritza Eskolan Kimika Praktikoa irakasten zigunak esan zigun glizerina eta arrain-kola nahasita plantxa bat egiten dela, eta gainean tinda ortografikoarekin marrazkiak eginez gero hura bikoiztu egiten dela. Zergatik ez proba egin? Amari idatzi nion: “Har itzazu hartu beharreko neurri guztiak, eros itzazu produktu hauek eta bidali iezazkidazu paketetan”. Ondo atera zen dena eta Mundo Obrero” plantxatan ateratzen hasi ginen!.

1960. urteko uztailean, behar baino geroago, irten nintzen espetxetik. Guztira 20 urte baino gehiago eman nituen presondegietan. Baina ez naiz kexu. Gero ongi atera zaizkit gauzak eta hemen naiz dena kontatzeko. Gure herrialdeari eta oro har munduari dagokionez, nire lagun Alberto Quesadak esaten duen bezala –gerran komisario izan baitzen hamazazpi urte zituenean eta gero urte asko eman baikenituen elkarrekin Burgosen– diot nik ere: “Munduan poetak nagusi ez garen bitartean, jai dugu, ez dago zer eginik”. Baina errebelde izan beharra dago errealitatearekin.

Eduardo Aparicio Zamarreño (Leintz-Gatzaga, 1916). Gazte Sozialistak elkarteko kide, PCEn afiliatu zen Gerra Zibila hasi zenean. Gerra galdu ondoren Frantziara joan zen. 1941etik PCE antolatu zuen Atzerriko Legioan. 1943an Frantziaren mendeko Afrikan zegoen.

1943an Sierra de Rondan lurreratzeko taldeak prestatzen ari ziren. Lehenengo taldean buru Ramón Vía, bigarrenean Robles eta hirugarrenean neu. Harremanak genituen Armada amerikarreko ofizial espainiarrekin (5). Baina lan politiko bat egiteko agindua eman zidaten, Aljerian egin behar nuen lan alderdiarentzat. 1945eko abenduan Okzitaniako Tolosako batzar nagusira joan nintzen Ipar Afrikako ordezkari gisa, “Pasionariarentzat” laranjak eta limoiak neramatzala. Euskal Herrian sortua baitzen, Carrillok Gipuzkoara bidali ninduen Alderdia berrantolatzera. Demokraziaren alde “in situ” borrokatu nahi nuelako onartu nuen itzultzea, eta gauzak zeuden bezala, frankismoaren hondamena ikusteko berandu iritsi nintekeela pentsatzen nuen.

Espainiarako errepidean zegoen etxe batera eraman ninduten. Han Buro Politikoko kideek hitzaldiak ematen zizkiguten, Claudín, Carrillo, Gallego, Líster, Claudín, Azcárate eta beste batzuek. Izan ere, garai hartan, gertatu ziren gauza on eta txar guztien arduradunak biak izan ziren, Claudín eta Carrillo, nahiz eta gero astakeria asko esan diren. Uneko prentsa espainiarra irakurrarazten ziguten unean uneko berri zehatzak –futbolari, politikari eta besteei buruzkoak– izan genitzan, kanpoan urteak generamatzala sumatu ez zezaten. Aisialdia boleibolean ematen genuen Carrillo, Núñez, Soroa eta besteekin, denekin beti serio ibiltzen zen Lísterrekin izan ezik. 1946ko maiatzean Oloroetik atera ginen bost lagun: Bilbora zihoan Francisco García Rabadán, irrati operadore katalan bat, armaz hornituriko bi gida eta nerau. Hirugarren egunean Iruñean ginen. Gau hartan, kirioak dantzan edo, nire bizitzan lehengoz hasi nintzen irainka ohearen gainean gurutzea ikusi nuenean.

Bilbora joan nintzen Euskadiko Zuzendaritza Nazionaleko kideekin elkarrizketa bat izatera. Beldurrez nindoan, ez nekien Domingo Malagónen taldeak prestatutako dokumentuek benetakoen itxura emango zuten ala ez. Trenean eskatu zidaten dokumentazioa. Igarotzeko baimena erakutsi baino lehen, Falangearen agiria atera nuen, Antonio Mendizábalen izenarekin. Poliziak denei erakutsi eta hala esan zuen: “Agiri honekin, lagun, ez duzu igarotzeko baimenik behar!”. Konfiantza eman zidan horrek, eta ordutik aurrera Falangek Bilbon zuen lokal batera joaten nintzen kuotak ordainduta neuzkala adierazten zuen zigilua jar ziezadaten. Zuzendaritza Nazionaleko beste kideak ere kanpotik etorriak ziren: García Rabadán, Clemente Ruiz, “El aldeano” eta Valentín Gual. Azken hau “gogorra” zen, ahoan beti esaldi bera: “Hau, mila pare barrabilekin!”. Urteak pasa eta berriz elkartu ginenean, emozioak jota hartu eta hala esan zidan: “Azkenean gu baino jatorrago portatu zarete zuek”. “El aldeano· deituak esan zidan alkandoraren lepoa ez uzteko jakaren gainetik, horretan nabarituko nindutela Frantziatik etorrian nintzela.

Pasaian jarri nintzen bizitzen. Orduko Herrialdeko Batzordeko kideekin erne ibiltzeko esan zidaten, “polizia agenteak zirelako eta hutsetik hasi beharra zegoelako”. Baina baztertuak izan ziren kamaradak onak izan ziren. Haiekin jarri nintzen harremanetan eta Herrialdeko Batzordea berrantolatu genuen. Egotzitako batek, “Andres” deituak, multikopista pasa zidan eta alderdira bildu zen, gerrillan hasi zen. Hilabete batzuk geroago esan zidaten Molaren estatua zartatu zuela. Gipuzkoa osoan hasi ginen PCE berrantolatzen: Donostian Echeniquek antolatu zuen bertako batzordea, ia auzo guztietan zelulak zituela; Eibarren Ortiz de Záratek antolatu zuen Alderdia; Pasaian Cabezónek antolatu zuen bertako batzordea; Bergarakoa Arruabarrenak; Arrasatekoa Arriaranek. Irunen Rojo arduratzen zen Frantziarako igarotzeez. Zarautzen ere talde bat osatu genuen, inoiz ere afiliaturik izan ez genituen herrian. Errenterian genuen zailen, Touringeko jarraitzaile ia guztiak JSUkoak ziren arren, kamarada beteranoenak ez baitziren inoiz ere taberna zulotik ateratzen. Orain sinestezina irudi lezake, baina PCE, JSU eta Zuzendaritza Nazionaleko UGT (komunista) osatzen genuen guztion artean 1000 afiliatu baino gehiago ginen. Uste dut inoiz ere, ez lehenago ez eta geroago ere, ez dugula hainbeste izan. 1947an Gasteizen antolatzen hasi ginen. Gainera, hogeita hamar urte geroago jakin nuenez, bazen erakunde paralelo bat, etxeak eta loturak zeuzkana, zuzenean Okzitanako Tolosako kideen aginteetara jarduten zuena.

Herrialdeko Batzordean uste sendoeneko kamaradak geunden: Merino, Echenique eta “Juan”, Ezkerra Errepublikano alderdiko alkate ohia, orduan gure Alderdira bildua. Sagardotegietan elkartzen ginen, eta orduak ematen genituen eztabaidatzen eta antolatzen. Politikoki Okzitaniako Tolosako Batzar Nagusiaren esanetara geunden, haiek esaten ziguten zein zen ildo ofiziala, zer egin behar genuen, egoeraren arabera betetzen genuena. Baina ildotik ez aldentzen saiatzen ginen, eta zalantzak bageneuzkan, “Obras escogidas de Cervantes” liburukietan ezkutaturiko “Leninismoaren Printzipioak” eta beste idatzi batzuk irakurtzen genituen zein erabaki hartu behar genuen jakiteko. Alderdia hiru lagunez osatutako zeluletan antolatzen zen atxiloketa batek jende asko ukitu ez zezan. Eta bagenuen oso aberatsa zen bat zelula batean. Kamarada oso jatorra zen, Euskal Abertzale Ekintzatik etorria, Lumi izenekoa; arriskuan zeuden kamaradak ezkutatzen zituen finka bat zeukan. Mila pezeta ematen zizkigun “Euskadi Roja” egiteko. “Carlos” izeneko bat zegoen bere zelulan, garraio agentzia bateko zuzendaria eta Guardia Zibileko brigada, eta honek kontrolen berri ematen zigun. Gipuzkoan ez ginen diru faltan, eta Bizkaiko jarduera asko eta asko finantzatzen genituen.

Bilbon inprimatzen zuten “Euskadi Roja” eta guk bi kazeta egiten genituen: UGT sindikatuaren “Aurrera” eta JSUren “Gastien”. JSUren egunkariak aire berriak ekarri zituen, “Euskadi Roja” egunkariak mintzamolde zaharkitua baitzuen, “Gastien” egunkarian mintzamoldea gaztea, zuzena, bertso ironikoekin hornitua, baitzen: “Dichosos los tiempos liberales/ una docena de huevos valía doce reales/ preciso fue que llegara este “Orden Nuevo”/ para que doce reales valga un huevo”. Beti sotana jantzita ibiltzen zen apaiz horietako bat genuen irakurle onenetakoa, bost ogerleko ematen zizkigun hark. Hormetan itsasten edo kalean eta tailerretako aldageletan botatzen genituen paskinak egiten genituen. Nik debekatuta nuen horrelakorik egitea, baina batzuetan ezin izan nion tentazioari uko egin izan, eta tunel batean edo bestean paratu nituen. Material batzuk txalupa motordunetan ekartzen zituzten Frantziatik. Gogoan ditut “Pasionariak” izenpetutako milaka txosten, tipula-paperean idatziak egon arren, edozeinen gerria apurtzeko moduko paketeetan bilduak.

Ahal zen lekuetan gizarte gatazkak sorraraztea genuen politika xede. Horretarako militanteak egin behar ziren lantokietan. Eibarren grebak antolatzeko saioek PSOE eta UGTren “batzorde fantasma” baten paskinak izaten zituzten aurrean, eta horiek gure kontra baizik ez ziren agertzen. Kontua da ezin genuela aldi berean legezko lana eta legez kanpokoa egin. Enpresa asko eta askotan beren ordezkari izendatzen zituzten lankideek gure kamaradak, baina horiek ezin zuten Sindikatu Bertikalaren legezkotasunetik jardun, Alderdiaren ildotik aldendu egiten zirelako. UGT-Solidarios Vascos lotura-batzorde bat antolatu genuen Bergara eta Arrasate aldean, eta huraxe izan zen Euskal Herrian izan zen lehenengo erakunde batua.

1946.urtean lanuzte bat egiten hasi ginen Pasaiako portuan. Francoren Espainian egin zen lehenengo greba orokorra izan zen, eta “Nuestra Bandera” egunkariak ale berezi bat kaleratu zuen horren karietara. Soldata igoera nabaria eskatzen genuen, eta portua erabat geldirik geratu zen. Agintariek Extremadurako langileak ekarri zituzten eta ikastetxe batzuetan egokitu zituzten. Panfleto batzuk banatu genituen eta erantzuna bat-batekoa izan zen: Extremadurako langileak engainatu egin zituztela ohartu ziren, inork ez baitzien esan greba zegoela, eta lan egiteari utzi zioten. Irabazi egin genuen eta igo egin ziguten soldata. 1947ko maiatzaren 1eko greba egunean huts handi bat gertatu zen, inork ez baitzigun deus ere esan eta greba hilak 4an baizik ez baikenuen hasi Arrasaten, Eibarren, Bergaran eta Donostiako lantegiren batean.

Era berean, data jakin batzuk ospatzen genituen. JSUko gazteek bandera errepublikanoak eta ikurrinak paratzen zituzten tentsio handiko kableetan eta tximinietan, eta gero zerrekin eskailera mailak mozten zituzten haiek kendu ez zitzaten. Garai hartan geu baizik ez ginen mugitzen, eta horrexegatik genituen hainbeste afiliatu: Diktaduraren aurka ezer egin nahi zuenak gurekin behar zuen. Hala eta guztiz ere, ekintza bateratuaren alde ginen, eta Batzar Nagusiak Alianza Nacional de Fuerzas Democráticas elkarteak Madrilen egin behar zuen bilkurara kamarada bat igortzeko agindu zigun. Aipatu elkarteak harrera ona izan zuen gurean, baina guk bidalitako kamarada atxilo hartu zuten, beste inor ez.

Ni 1947ko erreferendumaren karietara hartu ninduten atxilo. Batasuna bermatzeko xedean, Eusko Jaurlaritzak eskatu zigun alderdiaren propaganda ez egiteko, soilik Jaurlaritzaren aldekoa. Baina propaganda ez zen iristen, eta erreferendumerako bi egun baizik falta ez zirela jakinarazi ziguten bidean zela. Blas la Cueva, Carmen Eixach eta hiruok joan ginen bila. Pasa-ikurra –“Gaceta del Norte” egunkaria eta zigarreta itzalia ezpainetan- zuen gizonarengana iritsi nintzenean, dozena erdi poliziak inguratu ninduten eskuetan pistolak zituztela. Nik poltsikoan nituen, zigarretak egiteko paperetan idatzirik, propaganda banatzeko hitzorduak. Baina garaiz bota ahal izan nituen.

Blas eta biok Gobernu Zibilera eraman gintuzten. Korronte elektrikoak eman zizkiguten, eta ihes egin zuen emakumearen inguruan galdetu zidaten. Eman zizkidaten elektrizitate karga horien ondorioak urte askotan jasan izan ditut. Luzaroan ez nintzen gai izan bonbilla bat ukitzeko edo burdinbide baten gainetik igarotzeko. Gauez Bilbora eraman gintuzten polizia auto batean. Han polizia armatu bik egin ziguten harrera eta hala esan ziguten: “Atxuriko polizia etxera joango zarete. Han ez dira goxo ibili zale. Jipoitu egingo zaituztete. Zuek egon isilik, hitz egiten baduzue ez baitzarete onik aterako. Gehiago dakizuela pentsatuko dute, eta jotzen jarraituko dute”. Jukutria psikologikoa zela pentsatu nuen nik, baina gero jakin nuen erasorako guardia ohi bi zirela eta aholkua ona zela.

Izan ere, polizia trebea zen oso jipoitzen, egurra ematen, baina horren atzen azkartasunik bat ere ez. Komisario bat etorri zen Madrildik guri galderak egitera, bain nik uste Bilboko poliziek lana oztopatu baino ez ziotela egin. Zigarro bat eskaini eta hala esan zidan: “Hara, hitz egin beharko duzu. Bestela ez zara hemendik irtengo. Nire eskutik igaroak dira Cristina García, Zapirain, Santiago Álvarez eta beste asko”. Nik hala esan nion: “Bada, hasi egin beharko duzu eta izango dena izango da, nik deus ez baitakit, eta beraz inoiz ere ezin izango baitut deus esan, baina sinistuko ez didazuenez...”. Eta hark erantzun zidan: “Noski, badakigu nola egiten duzuen lan komunistek. Badakigu ez duzuela elkar ezagutzen”. Eta gisa horretan utzi zidan irteteko atea zabalik, jipoiari aurre egiten lortzen baldin banuen.

Hilabetetik gora eman nuen polizia etxean. Lau oin eta erdiko gela batean sartu ninduten, armairu bat baino ez zen gelan. Gogor jo ninduten. De Diego komisarioak eta polizia homosexual batek ez zizkidaten eskuak gainean ipini, baina bazen beti mozkortuta zegoen Zaragozako seme bat jo egiten baizik ez zekiena. Eurak “Carlos” delako baten bila zebiltzan, asmatutako pertsonaiaren bila, eta nik haren xehetasun guztiak eman nizkien. Era berean, Cabezón aipatu nien, batetik ordurako ezaguna zutelako eta bestetik Frantzian salbu zegoelako. Ez nuen gehiago esan. Goizeko ordu bat eta erdietatik hirurak arte gelatik kanpo edukitzen ninduten, esku-burdinekin aulki batean lotzen ninduten eta ukabilkadak eta ostikoak ematen zizkidaten. Belarriei odola zeriela nengoen. Egun batean izutu egin nintzen, Carmenen ahotsa aditu bainuen. Atxilo hartu zuten.

Carmen Eixach 1942. urtean bildu zen Alderdira, bere senarra Ondarretako espetxean hil zenean. Carmenek eta bere lehengusina Maritxu Guridik banderak josten eta materialak garraiatzen zituzten, oso pertsona lasaiak ziren. Carmen oso begiko nuen, baina ez nion deus esan. Nire gelaren ondoan entzerratu zuten, komunera ematen zuen leihoa zuen gelan. Nazkagarria benetan. Komun hartan torturatu zuten Carmen del Vado, burua komunean sarraraziz. Eta ez zuen fitsik ere esan. Gauez Carmenen arnasa entzuten nuen. Eta adierazpen formalik izan ez bazen ere, nire sentimenduei buruz hitz egiten hasi nintzaion tartean pareta genuela. Eta gau batean Zaragozako polizia animalia horrek hala esan zidan: “Zu oheratu al zara Carmenekin? – Ez naiz oheratu eta ez zait burutik pasa ere egin, eta ziur naiz bereri ere ez zaiola horrelakorik otu.- Bada, oso oker zaude! Maite zaitu, baina Burgoseko presondegira joango zara eta...”. Lizunkeria bat esan zuen. Baina polizia etxe hartan bihurtu ginen senar-emaztegai.

Hilabetea pasa ondoren, eta deus lortu ez zutenean, Blas eta biok bigarren mailako elementuak ginela erabaki zuten, eta Larrinagako presondegira eraman gintuzten. 1. Epaitegiaren esku zegoen prozesua eta gure abokatu Belandiak ez zuen hogei urtetik beherako zigorra nola lortu zitekeen ikusten. Baina politikoen gelan EAJ alderdiko buru baten lagun egin ginen, Larredonda industria gizonaz ari naiz. Eta bere abokatu Zubizarretarekin jarri gintuen harremanetan. Hala esan zigun abokatu honek: “Zorionekoak zarete. Epailea gure alderdikoa da eta behin-behineko askatasuna lortu dezakezuela dio gure kasua atzerabidetik izango ez lukeen Gerra Epaitegira igaro baino lehen”. Tramiteak azkartzeko diru kopuru bat eman genion eta 1947ko Eguberriaren bezperan epaitegiko idazkari Fernández eta Zubizarreta etorri ziren gure behin-behineko askatasuna ziurtatzen zuten agiriekin.

Espetxetik irten nintzenean Carmenen etxean ezkutatu nintzen. Alderdiak erabaki zuen Peña kamaradak nire lekua hartzea, baina nik uste dut huts handia izan zela erabaki hura. Espien filmen moldeko ikuspegia zuen klandestinitatearen aurrean, eta arropa garestiak erosten eta zigarreta horiak erretzen hasi zen. 1948. urtean gida bat etorri zen ni Frantziara eramateko. Bartzelonaraino joan nintzen harekin eta gero sei egun eman genituen oinez mendietan barrena, elurretan. Ezin nuen gehiago eta aurrera egiteko esan nion berari, ni han geldituko nintzela. Beti izango dut gogoan haren esana: “Hara, nik Frantziara bidali behar zaitut, hori da nire egitekoa. Edo biok iritsiko gara edo biok geratuko gara hemen”. Ez dakin nondik atera nituen indarrak, baina Perpignaneraino iritsi nintzen oinez. Parisen Julián Grimauri eta Pepe Barenasi eman nien txostena.

Marcelo Usabiaga

Hilabete batzuk geroago Carrillorekin egin nuen topo baina ia ez nuen ezagutu aurpegi erdia estaltzen zion bibotea zuelako. Euskadin gertatutako gauza batzuk aztertu genituen. Aste batzuk geroago Clemente Ruiz agertu zen. Euskadiko antolakuntza desegin egin zuen. Peñak edo Gualek hitz egin zuten, dena goitik behera erori baitzen. Ia deus ere ez zen gelditu eta Clementek eskatu zidan itzul nendila eta berrosatzen saia nendila. Nik ez nuen ezetz esan, baina era berean ihes egitea lortu zuen Carmenek esan zidan ni itzuliz gero ahazteko berekin. Beraz, ezetz esan nion Clementeri eta Frantzian geratu nintzen.

Eduardo Aparicioren biografia

Oharrak:

  1. 1932. urteaz geroztik Moskuko Nazioarteko Komunistaren egoitza.
  2. Euskadiko PCko buruzagi batzuek presioak egin zizkieten agintariei taldean onartua izan zedin gerrillan eskarmenturik ez zuen arren, asaldura/propaganda lanak egiteko.
  3. Julio Oria, Victorio Vicuña Ferreroren (Lasarte, 1913-2001) ezizena,izan zen espainiar gerrillaren fundatzaileetako bat Frantzian, eta hari zor zaizkio Frantzian leherrarazitako lehenengo tren alemaniarra eta hamaika gerrilla ekintza. Uda honetan joan zaigu hedabideek eta erakundeek haren bizitza antifaxista eredugarriaren oihartzunik bat ere egin gabe. Memoria historiko eskasa, ala EAJ edo PSOE alderdiko militantea izan beharra nekrologia duinean azaldu ahal izateko?
  4. PCEren Artxibo Historikoan dago Gandíaren txostena, eta hartan salaketa larriak egiten ditu bere kide batzuen aurka, Frantziara bere borondatez itzuli zela justifikatzeko aitzakia gisa.
  5. Francoren biografo Brian Crozeierrek adierazten du Amerikako OSSko ofizialek gero Andaluzian lehorreratu ziren gerrillari komunistak entrenatu zituztela eta dirua eman zietela. Harreman hauei dagokienez, Aparicio jaunak esan digu OSSren laguntza frankismoaren aurka eta beren kabuz jarduten zuten espainiar ofizialen, masoien eta errepublikanoen eskutik baizik ez zutela jaso.
  6. EAJren sindikatua.
Leandro Agirretxe, 1, 4 Lokala
Irungo Palmera-Montero Gizarte-etxean - 20304 Irun
Tel: 669 075 423