logo de la Asociación Republicana Irunesa 'Nicolás Guerendiain'

2. Artikulua.-
Hona hemen elkartearen helburuak: BALIO ERREPUBLIKARREN DEFENTSA ETA OROIMEN HISTORIKOAREN BERRESKURAPENA

Jarrai iezaguzu...Logo de facebookLogo de youtubeLogo de twiter

Bilatu:

Eduardo Aparicio Zamarreño

Guztiz bizitza berezia, bizizaletasun eta eskuzabaltasun handiz iragana

Mikel Rodriguezek Auñamendi Entziklopediarako idatzitako biografia

Faxisten aurkako borrokalaria, 2007ko abuztuaren 29an hil zen Donostian

Politikari gipuzkoarra, Leintz-Gatzagan jaioa (1916), erro sozialista sendoak zituen familia batean. Indalecio Prietoren lagun handia zen haren aita.

Hainbat aldiz bizilekuz aldatu behar izan zuen haurtzaroan eta gaztaroan, aitari ematen zizkioten burdinbide kontraten arabera beti ere. 1935. urtean, behar zuen adina ez izan arren, Unión General de Trabajadores del ferrocarril Cuenca-Utiel elkarteko tokiko idazkari izendatu zuten eta Gazteria Sozialista Bateratuko (J.S.U.) kide egin zen.

Largo Caballeroren joeraren jarraitzaile izanik, 1936ko matxinada militarra gertatu zenean, Madrilgo borroka unitate sozialistan (P.U.A.) sartu zen bere borondatez. Urte horretan bertan Espainiako Alderdi Komunistako kide egin zen, gerraren arazoa behar bezala ikusten zuen alderdi bakarra zela iruditzen zitzaiolako.

Buitragon balaz zauritu zuten, eta sendatu ondoren, Karabinarien Klaseen Eskolan sartu zen, eta handik sarjentu gisa atera zen bere promozioko 6. zenbakiarekin. Karabinarien 28. Batailoian egin zuen borroka, batailoi hartako kide gehienak euskaldunak izanik, eta berriro ere zauritu egin zuten Kataluniako kanpainan. Frantziara joan zen Armada errepublikanotik bizirik atera zirenekin, eta agintari frantsesek Argelés, Barcarés eta Gurseko esparruetan sartu zuten.

1941. urtean isilpeko jarduerak egiten hasi zen okupatu gabeko eremuan, Gardagen, Marseillatik hurbil. Polizia alemaniarrak aurkitu egin zuen ordea, eta Algeriara ihes egin behar izan zuen. Atzerritar Legioaren 2. Batailoian sartu zen Sidi-Benabésen, eta Espainiako Alderdi Komunista (P.C.E.) antolatzen hasi zen gorputz horretan.

Bon lurmuturreko (Tunisia) guduan egindako lanagatik Gerra Gurutze Palmaduna jasotzeko proposatua izanik, Legioa utzi zuen Frantzia Askearen agindupean jartzeko 3. Demi-Brigade zelakoan, kide gehienak errepublikano espainiarrak ziren hartan. Baina P.C.E.k eskatuta, alderdi harekin berriro harremanetan hasi baitzen komunista tunisiarren bidez, unitate hura ere utzi egin zuen.

Afrika iparraldetik maki taldeen antolakuntzan hartu zuen parte, haiek itsasertz andaluziarrean lehorreratu ziren, eta informazio zerbitzu iparramerikarren laguntza izan zuten horretarako. Era berean, politika lanetan aritu zen Aljerren. 1945eko abenduan, Iparraldeko Tolosako Osoko Bilkuran izan zen Afrika Frantsesaren ordezkari gisa. Han, Santiago Carrillo eta Fernando Claudin P.C.E.k Frantzian zituen bi agintari nagusiek Gipuzkoara itzultzeko agindua eman zioten Euskadiko Zuzendaritza Nazionaleko kide gisa, alderdia berriro antolatzeko lanarekin.

1946ko maiatzean, politika mailan trebatzeko ikastaro trinkoa egin ondoren, muga igaro zuen Nafarroatik. Zuzendaritza Nazionaleko gainerako kideekin elkarrizketatu zen Bilbon. Clemente Ruiz nafarrak, Valentin Gual donostiarrak, Garcia Rabadan eta El Aldeanok osatzen zuten zuzendaritza hura, eta azken jarraibideak eman zizkioten haiek. Pasaian egokitu zen, eta handik berrantolatu zuen Herrialdeko Batzordea eta jarduera bizia eraman zuen aurrera. Irratiak sortu ziren Donostia, Pasaia, Errenteria, Irun, Zarautz, Bergara, Arrasate eta Eibarren.

1947. urtean Gasteiz aldera hedatzen hasi ziren, eta 1.000 kidetara iritsi zen P.C.E.k kontrolaturiko erakundea. Bi egunkari inprimatzen zituzten, Aurrera U.G.T.rena eta Gastien J.S.U.rena. Lan-politikari dagokionean, aipatzekoa da, 1946. urtean Pasaiako portuan antolatu zuten greba handia, Francoren Espainian egin zen lehen greba orokorra, hain zuzen ere. Era berean, U.G.T.- Solidaridad de Trabajadores Vascos lotura batzordea sortu zen, gerra ondoko lehen erakunde unitarioa. Erakunde hura suntsitu egin zuten, herrialde bizkaitarrekoarekin batera, 1948. urtean, eta P.C.E.k Euskadin ez zituen maila horiek berreskuratu berrogeita hamargarren hamarkadan oso aurrera egin arte.

Aparizio atxilotu egin zuten Donostian 1947. urtean, Eusko Jaurlaritzaren erreferendumaren aurkako propaganda bidalketa bat jasotzera zihoala. Haren emazte Carmen Eixach Arnaiz eta Blas de la Cueva ere atxilotu zituzten. Donostiako Gobernu Zibilean torturatu ondoren, Bilbora eraman zuten, Atxuriko polizia etxera, eta han itaunketa egin zion eta izugarrizko jipoiak eman zizkion egunero hilabete bat baino gehiagoan Madrildik espres etorritako polizia talde batek.

Hiru horiekin bukatu ziren atxiloketak, agintariek ezin izan baitzieten inolako informazio erabilgarririk atera. Poliziaren ikerketa bere benetako paperaz jabetu ez zenez, legez kontrako propaganda egitea besterik ezin izan zioten leporatu. 1947ko abenduaren 24an, epaile jeltzale baten eta Bilboko 1. Auzitegiko idazkariaren laguntzari esker, behin-behineko askatasuna lortu zuten Zamarreño eta la Cuevak eta epaiketaren zain geratu ziren. Eduardo klandestinitatera itzuli zen berriro, 1948. urteko otsailean Frantziara ihes egin ahal izan zuen arte. Hilabete batzuk geroago berekin elkartu zen Carmen Eixach emaztea. Julian Grimau, Jose Bardenas eta Santiago Carrillorekin hainbat elkarrizketa izan ondoren, Frantzian egokitzea erabaki zuen, eta urte batzuetan utzi egin zuen lehen lerro politikoa.

Eraikuntzan lan egin zuen eta 1967. urtean masen politikara itzuli zen, elkartze mugimendu espainiarrarekin loturik. 1977. urtean Frantziako Emigrante Espainiarren Elkarteen Federazioko (F.A.E.E.F.) lehendakari aukeratu zuen. F.A.E.E.F. federazioa 1967. urtean sortua da, 200 elkarte eta kultur zentrotik gora biltzen ditu lurralde frantsesean eta 23.800 afiliatu ditu.

Eduardo Apariciok Emmigrazioaren Urrezko Domina jaso zuen 1985. urtean, Lan Ministerioak atzerrian bizi diren hiritarrei ematen dien sari handiena, hain zuzen ere. Ezker Batua alderdiko hautagai izan zen 1987. urtean egin ziren Europako Parlamenturako lehen hauteskundeetan. F.A.E.E.F.-ko ohorezko lehendakari izendaturik, laurogeita hamargarren hamarkada jada aurrera zihoala, Gipuzkoara itzuli zen eta hantxe hil zen.

Honekin loturiko esteka

Leandro Agirretxe, 1, 4 Lokala
Irungo Palmera-Montero Gizarte-etxean - 20304 Irun
Tel: 669 075 423