logo de la Asociación Republicana Irunesa 'Nicolás Guerendiain'

2. Artikulua.-
Hona hemen elkartearen helburuak: BALIO ERREPUBLIKARREN DEFENTSA ETA OROIMEN HISTORIKOAREN BERRESKURAPENA

Jarrai iezaguzu...Logo de facebookLogo de youtubeLogo de twiter

Bilatu:

Ipuin Irabazlea. 2. kategoria. Idazlea: Janire Asensio Cantero

Daniela

Literatur lehiaketako kartela

Neska isil eta lotsatia da Daniela, baina beti ez da horrelakoa izan.

Azal beltzarana du, ile beltza eta begiak hain ditu beltzak non ia ez baita irisa begi-ninitik bereizten.

Espainian bizi da txikitandik, baina Mexikon jaio zen, gurasoak bezala.

Orain dela gutxi hiriz aldatu behar izan du aitaren lanagatik, eta horrenbestez, institutua ere aldatu egin behar izan du.

Danielak astebete darama jada institutu horretan. Dena berria da beretzat: irakasleak, klaseak, lekua... Hamabost urterekin zaila da horrelako aldaketa batera egokitzea, adin horretan jada beren taldeak eginak izaten baitituzte mutilek eta neskek.

Lehen egunean pentsatu zuen lagunkoia eta atsegina izan behar zuela besteekin, baina ez zioten berak espero zuen harrera egin.

Pentsatzen zuen bezala, bi taldetan banatua zegoen gela: mutilak eta neskak. Mutilek azkar eman zioten errepasoa eta ez zuela pena merezi pentsatuko zuten nonbait, begirada kendu eta berenean jarraitu baitzuten. Neskek beste horrenbeste egin zuten, begiratu egin zioten eta zer-nolako jantzia zeraman erreparatu zuten eta gero txutxu-mutxuka hasi ziren. Bazen neska bat irribarre atsegina egin ziona. Hura ere lotsatia da, baina beti agurtzen du eta noiz edo noiz hitz egin ere egin dute.

Jolas ordua iragartzen zuen txirrinak jo bezain laster, bere gauzak bildu zituen eta liburutegirantz abiatu zen, egunero bezala. Baina egiaz mindu zuen zerbait ikus zuen bidean. Hurbildu egin zen, mutil zaharrago bat beste txikiago bati itsatsia zegoen, mehatxatzen ari zitzaiola ematen zuen.

Gorrotatu egiten zuen bera baino pertsona ahulagoekin sartzen zen jendea, gorrotatu egiten zituen pertsona bortitzak. Zergatik dago horrelako jendea munduan? Inork ez du merezi gaizki tratatzea.

—Barkatu, baina bakean utzi behar zenioke —esan zion.

Hark buelta hartu zuen, gaizki begiratu zion, mutila askatu zuen (hark azkar asko alde egin zuen handik), eta berriro berari begiratu zion.

—Sartu zure gauzetan, pantxita.

Irain horrek izugarri mindu zuen. Pertsona bortitzak baino oraindik gehiago gorrotatzen zituen jendearen jatorriarekin sartzen zirenak. Desberdina ote zen beste lurralde batekoa izateagatik? Desberdina izateagatik gaizki tratatzeko eskubidea zuela uste ote zuen? Inork ez luke inorekin sartu behar den bezalakoa izateagatik.

Inori ez litzaioke axola behar jendearen jatorria, kolorea eta ohiturak.

—Ez naiz pantxita, Mexikokoa naiz.

—Berdin zait. Ez zenuen sartu behar ez dagozkizun gauzetan, mexikar nazkagarri hori — esan zion mutilak. Hurbildu egin zitzaion eta mehatxuz begiratzen zion.

—Eta zuk ez zenuke jendearekin sartu behar—. Haserretu egin zen. Zer uste du bada tipo horrek?

Bere ondotik igaro zen eta kolpe bat eman zion sorbaldan,

—Jakinaren gainean zaude.

Egun hartan ez zuen berriro topo egin mutil harekin, baina hurrengo hiru egunetan bera eta bere lagunetako batzuk irainka eta gogaitarazten aritu zitzaizkion jolas orduetan eta jangelan. Aspertua zegoen haien irainekin eta txantxekin.

Etxera iristen zenean ohean etzaten zen ilunpetan eta jendea zergatik portatzen ote zen horrela galdetzen zion bere buruari. Ahul, txiki eta ezerez sentiarazten zuten.

Ostiralean gogorik gabe joan zen institutura, bazekien zer izango zuen zain.

Hala ere ez zen damu lehen mailako mutil hari lagundu izanagatik, ezta ekarri zizkion ondorioak ekarrita ere.

Jolas ordua iragartzen zuen lehen txirrinak jo zuenean, azkar atera zen gelatik inorekin topo ez egiteko, baina liburutegira zihoala oin bat jarri zen bere aurrean eta estropezu eginarazi zion. Berekin batera erori ziren zeramatzan paperak ere.

—Ergel hutsa zara, bazenekien? Alde hemendik eta ez berriro itzuli —esan  zuen ahots batek haserre.
 —Lasai emakumea, guk ez dugu ezer egin. Ez da gure errua tentel hau baldarra bada. —Bazihoazenean mutilek barre nola egiten zuten entzun zuen.

Altxatu eta paperak biltzera zihoan, baina baten batek jasoak zituen jada. Neska ile hori txikitxo batek irribarretsu begiratu zion bere paperak eskuan zituela. Eman egin zizkion.

—Miriam naiz, Ongi zaude? — Irribarre atsegina zuen eta kezkatuta zirudien.

—Bai, eskerrik asko. Daniela naiz.

—Pozten naiz Daniela. Entzun, ez kasurik egin ergel horri, abisatuta dago.

—Mila esker, egiatan.

—Ez horregatik. Zure bila nenbilen, nirekin etortzea nahi dut —hori esan ondoren eskutik hartu eta berekin eraman zuen. Daniela harrituta zegoen baina joan egin zen. Azken finean, Miriamek oso atsegina ematen zuen eta lagundu egin zion.

Patiora eraman zuen eta neska talde batengana hurbildu ziren. Irribarretsu begiratu zioten guztiek.

—Neskak, hau Daniela da.

—Kaixo! —agurtu zuten guztiek eta beren buruak aurkeztu zituzten ordenan.

—Kaixo Daniela —agurtu zuen Anak, bere gelako neska atseginak—. Non zinen? Egunero zure bila ibili naiz, baina inoiz ez zaitut harrapatu. Badirudi nik baino zorte handiagoa izan duela Miriamek.

—Bai, beno, bere bila nenbilen Adrian ergel hori eta bere lagunak ikusi nituenean zangotrabatua egiten estropezu egin zezan —kontatu zien Miriamek.

— Nola? —esan zuten batzuek harriturik—. Zergatik?

—Lehengo egunean mutil txikiago bat mehatxatzen ari zen eta bakean uzteko esan nion —sorbalda goratu nuen. Egin beharrekoa egin nuen.

—Oso ondo egin zenuen. Harroputz bat da eta jendearekin sartzen ibiltzen da beti. Ez zait gustatzen hori egiteko eskubidea duela pentsa dezan.

Guztiak bat zetozen, guztiak ados Miriamen hitzekin.

—Beno, gurekin ekarri zaitugu Anak kontatu zigulako bere gelan bazela neska berri bat eta oso jatorra zinela —hasi zen esaten Miriam.

—Gainera, badakigu zure gelako neskak ez direla oso atseginak, pertsonak epaitzea gustatzen zaie eta ez bazara beren gustukoa baztertu egiten zaituzte.

—Baina guri gustatzen zaigu jende berria ezagutzea. Ez zaigu axola nondik zatozen, ezta ere fisikoki nolakoa zaren edo nolako janzkera duzun... Uste dugu pertsona bakoitzaren izaera dela bakar egiten gaituena, eta ez baztertzeko zerbait.

Bat zeuden guztiak eta irribarre egin nuen. Badirudi oker nenbilela jende atseginik ez nuela aurkituko pentsatzean. Beti izaten dira salbuespenak eta neska haiek pertsona onak ziren inolako zalantzarik gabe.

—Beno, zer diozu, gustatuko litzaizuke gure laguna izatea? —galdetu zuten irribarretsu.

—Jakina baietz, eskerrik asko —erantzun zien zoriontsu.

—Ez duzu eskerrak eman beharrik —esan zuen Anak Daniela besotik hartuta.

Neska haiek ezagutu zituenekin, Daniela oso pozik joaten zen institutura. Ama zuzendariarekin hitz egitera joan zen eta ikasgelaz aldatzeko eskatu zion, eta berak beste hainbeste egin zuen jangelan. Orain bere lagunekin batera zegoen ikasgelan eta haiekin jaten zuen. Bazekien baten bat egongo zela laguntzeko eta irribarrea eraginarazteko prest. Gustura zegoen institutuan. Oraindik bazegoen baten bat berarekin sartzen zena, baina hantxe zituen bere lagun berriak babesteko.

Geroago, ikasgelan ahozko azalpen bat egin behar izan zutenean ideia bat defendatzeko, Berdintasunari, Elkartasunari eta Indarkeria Ezari buruzko lan bat egin zuten berak eta bere lagunetako batzuek. Ideia bat azaldu zuten, guztiak BERDINAK garela eta pertsona batek beste bat INOIZ ERE EZ duela gaizki tratatu behar, elkarri LAGUNDU egin behar diogula ahal dugun guztietan. 

Hori oso ondo ikasi zuen Danielak, gaur egun bere bizia partekatzen duen lagun bikain horiei esker. Zoriontsu da haiekin.

Jane

Leandro Agirretxe, 1, 4 Lokala
Irungo Palmera-Montero Gizarte-etxean - 20304 Irun
Tel: 669 075 423