logo de la Asociación Republicana Irunesa 'Nicolás Guerendiain'

2. Artikulua.-
Hona hemen elkartearen helburuak: BALIO ERREPUBLIKARREN DEFENTSA ETA OROIMEN HISTORIKOAREN BERRESKURAPENA

Jarrai iezaguzu...Logo de facebookLogo de youtubeLogo de twiter

Bilatu:

Ipuin Irabazlea. (16 urtetik 25 urte arte). Idazlea: Idoia Navarro Rebollo

Proiektu bat haurrentzat

Literatur lehiaketako kartela

- Orduan zu izango zara erregea.

Eskolako proiekturako pertsonaiak banatzen ari da irakaslea. Herrialdearen astea da eta sei egun iraungo duen jaialdi bat egin behar dugu. Bakoitzak dagokion pertsonaia hartuko du eta bere egitekoa beteko du, eta irakasleek kanpotik kontrolatuko dute guztia.

Ni, Ayesha, nire 9 urteekin, nire gelako gehienek baino urte bat gutxiago, printzesa izango naiz, Havi erregearen alaba.

Ez dut oso ondo ulertzen zergatik egin behar dugun hau dena. Hauxe da, Havik dena kontrolatuko du aste batean. Berak erabakiko du gainerakook zer jango dugun, nork egingo duen zer, eta baita proiektuan nork jarraituko duen eta nork ez ere. Andereño Guiliak dio helburua dela gure herrialdearen antzezpen bat egitea gauzek nola funtzionatzen duten ulertzeko.

Malïanen bizi naiz, oso herrialde ezaguna, boterea hartzen duen lehenak kontrolatua, nire amak dioen bezala. Horri deitzen zaio monar… Monarkia, pasa den astean ikasi genuen gelan. Errege bat dugu eta hark agintzen du gauza guztietan. Zergatik? ez dakit. Beti izan da horrela; berak esaten du zer ikasi behar dugun, zer jan, zer pentsatu, zer sinetsi... Guztia kontrolatzen du. Nire ama ez dator horrekin bat, baina kalean ezin diot inori esan. Esaten dit ez dudala ulertzen, oso txikia naizela, jateko eta isiltzeko. Baina nik uste dut bai ulertzen dudala. Niri ez zait gustatzen amak barazkiak janaraztea, eta uste dut gauza bera dela. Beraz, ez dakit zergatik ez duen ezer egiten. Nik bederen uko egiten diot jateari eta galletak jaten ditut bera sukaldera joaten denean.

Eskolan denetarik ikasten dugu. Gauza batzuk gehiago gustatzen zaizkit eta beste batzuk gutxiago. Esate baterako, matematikak, zientziak... ikasten ditugu. Horiek ez zaizkit batere gustatzen, zenbakiak itsusiak dira. Baina gero hortxe dago literatura. Hartan liburuak irakurtzen ditugu. Oso gustuko dut liburuak irakurtzea, eta literatura irakasten duten irakasleak aldatu egiten dira. Horrela, baten bat ez bazait gustatzen, ez du axola handirik. Arrazoiren batengatik, noizean behin, irakasle horiek desagertu egiten dira eta hurrengo astean berri bat etortzen da.

Irakurtzen hasi nintzen azken liburua ezin izan nuen bukatu. Liburu hartan monarkiaren antzeko batez hitz egiten zuten, baina erregea jendeak aukeratzen zuen, horrela gustukoen zutena zeukaten guztiek.

Gero bada beste irakasle bat, Piper jauna, Akaniakoa. Akania deitzen zaio otoitz egiteko eta Akan gure jainkoari buruz ikasteko erabiltzen dugun gelari. Amak debekatu egin dit ezer esatea, baina nik ez dut harengan sinisten. Beldur naiz Akanek zigortuko ote nauen hori esateagatik, baina ez dut uste guztia kontrolatzen duen jaun bat dagoenik.

Hasi da astea eta nik ez dakit oso ondo zertan ari naizen hemen. Printzesa naiz, ez dut ezer egiteko. Gehiago gustatuko zitzaidan norbait ospetsua izatea, Jesse bezala, erregina baita. Nik, printzesa gisa, nire tronuan eseri eta ez dut besterik egiten. Bitxia da ikasgelako guztiak ikustea niri erreberentzia egiten, asko nire lagunak baitira. Havik, aldiz, ondo pasatzen duela dirudi. Gaur erabaki du denek espinakak jan behar dituztela eta guk, berriz, patata-bolatxoak, hobeak garelako. Irakasleek zergatik uzten diote hori egiten? Pozten naiz printzesa izateagatik patatak ditudalako, baina ez naiz ondo sentitzen gainerakoak espinakak jaten ikusita, jakin baitakit oso zapore txarra dutela.

Gero, arratsaldean, eskolako patiora joan behar dute guztiek eta muntatu duten karpa apaindu, huraxe da “gure gaztelua”. Gu, bitartean, igerilekura joango gara.

- Zer moduz lehen proiektu eguna, Ayesha? – Amak oso pozik zegoela ematen zuen gaur etxera iritsi naizenean.

- Ongi ama. Printzesa naiz.

Aurpegia alaitu egin zitzaion irribarre batekin. Nolako ohorea! Ni ere printzesa izan nintzen zure adinean. Ondo pasa behar duzu, plebeioa izatea baino atseginagoa da.

- Hala izango da, baina proiektu hau ez zait batere gustatzen- esan nuen burua jaitsita haren erreakzioaren beldur.

- Ohitura bat da eta derrigorrezkoa da. Herrialdeko eskola guztiek egiten dute.

- Baina ez zait gustatzen, bihar ez dut itzuli nahi.

- Ayesha, eskolara joango zara eta printzesa izango zara. Argi dago?

- Bai ama…- Erantzun nion gogo txarrez.

Jada ohean, guztia bueltaka hasi zitzaidan buruan. Ez ditut lagunak niri erreberentzia egiten ikusi nahi, denok berdinak izatea nahi dut, elkarrekin pilotan aritu, ez niri aurpegi arraroarekin begiratzea eta ez hitz egitea. Nirekin haserre daudela ematen du ia.

Gaur itzuli nahiz eskolara. Iritsi bezain laster, Havi oihuka ari zaio Tomi, nire guardia lanak egiten dituen gelako mutiko potolo bati.

- Ez duzu ezertarako balio! Otoitz egiteko gela honetara nire familiakoak beste inor ez sartzeko agindua eman nuen!. Nola sartu da bada plebeio hori?

- Havi, ez, ez, berorren maiestate –Urduri samarra da Tom-, nik ez nuen sartzea nahi, baina otoitz pixka bat egitera bakarrik zihoala esan zidan.

- Berdin zait! –Havik, egiaz serio hartzen du- Andereño Guilia!

Irakaslea estu eta presaka eta harriturik sartu zen karpan, borrokaren bat gertatzen ari zela pentsatuz.

-Bai?

- Tom kanpoan dago

- Ongi da. Tom, astearen gainerakoan ez duzu etorri beharrik, proiektutik kanpo geratu zara.

Horrek haserrarazi egin nau. Zergatik joan behar du? Ez du ezer txarrik egin, otoitz egiteko gela bat besterik ez da, ez du axola nor egon den barruan.

- Andereño ez dut ulertzen zergatik joan behar duen.

Andereño Guiliak irribarre egin zidan atsegin itxurak egin nahian –Begira Ayesha, Havik, errege gisa, erabaki dezake nor geratuko den proiektutik kanpo. Proiektu hau bizitza bezalakoxea da, erregearen aginduak bete egin behar dituzu jolasten jarraitzeko. Ulertzen duzu?

- Ez. Ez da zuzena.

- Havi erregea da, berak erabakitzen du zuzena zer den, orain joan zaitez Jesserekin eta txintik atera gabe.

Hurrengo egunean Havi ez da etorri. Gaixorik omen dago. Zuzendariak esan dit, horrelakoak askotan ez badira gertatzen ere, baten bat aukeratu behar dudala errege izateko, eta ni erregina izango naizela.

Bat-batean dena aldatu egin da, mutil guztiak loreak eta gutunak ematen hasi zaizkit, baina irakurri ere ez ditut egin. Neska guztiak koipea ematen ari zaizkit. Hau gorroto dut lehengoa baino gehiago. Areto nagusian gaude eta nire onetik ateratzen nau mundu guztiak, oihu egin dudan arte.

- Utz nazazue bakean!

Isiltasuna etorri da eta mundu guztia isildu egin da ni mintza nadin.

- Guztiak koipea ematen ari zatzaizkidate norbait garrantzitsu izateko, patata-bolak jateko, otoitz egiteko gela berezira sartu ahal izateko. Hori ez zait batere gustatzen. Ez. Zenbatek nahi duzue nik hau kontrolatzea?

Denak elkarri begira geratu dira, irakasleak barne, eta ez dira ni isilarazten ausartu. Justu segundo batzuk igaro ondoren, eskua altxatu dute denek.

- Egiatan, ez baduzue nahi ez altxa eskuak, ez zaituztet botako eta ezer.

Daanek, gelako mutil lotsatienak jaitsi egin du eskua.

- Daan, zergatik ez duzu nahi ni erregina izatea?

- Zaila da azaltzen. Begiko zaitut, baina nik jan nahi ditut patata-bolak.

- Eta zergatik ez guztiek? Ez dut niretzat lan egiterik nahi, proiektuko erregea zein izatea nahi duzuen aukeratzea nahi dut. Ez zaituztet espinakak jaten ikusi nahi, eta neuk ere ez ditut jan nahi, janari ona nahi dut guztientzat. Otoitza bakoitzak nahi duenean eta nahi duen tokian egitea nahi dut, eta ez badu egin nahi ez dezala egin. Guztiok berdinak izatea nahi dut, eta inor ez izatea bestea baino gehiago. Elkarrekin jolastea nahi dut, niri gaizki begiratu gabe edo niri beldurrik izan gabe. Aukeratu egin nahi dut erregina izan nahi dudan ala ez, beste batzuk izan daitezen uzteko, mutilak nahiz neskak nahi duguna izan gaitezen eta nahi duguna esan eta pentsa dezagun.

Zalaparta izugarria sortu da karpan eta oihuka hasi dira nire ikaskide guztiak, uste dut azken finean ez dutela ulertzen esan nahi dudana.

Orduan, niregana hurbildu da zuzendari jauna eta isiltzeko agindu dit. Egunaren gainerakoa libre eman digu guztioi eta bertan behera utzi du proiektua.

Inoiz gehiago ez genuen proiektu hartaz hitz egin, nire ikaskide guztiak bat badatoz ere esan nuenarekin. Ezin naiz horrela pentsatzen duen bakarra izan, ezin naiz bere ikaskide guztiek beste edonor bezala tratatzea nahi dudan bederatzi urteko neskato bakarra izan, eta ezin naiz espinakak edo patata-bolak jan nahi dituen aukeratu ahal izatea nahi duen bakarra izan.

Idonare

Leandro Agirretxe, 1, 4 Lokala
Irungo Palmera-Montero Gizarte-etxean - 20304 Irun
Tel: 669 075 423