logo de la Asociación Republicana Irunesa 'Nicolás Guerendiain'

2. Artikulua.-
Hona hemen elkartearen helburuak: BALIO ERREPUBLIKARREN DEFENTSA ETA OROIMEN HISTORIKOAREN BERRESKURAPENA

Jarrai iezaguzu...Logo de facebookLogo de youtubeLogo de twiter

Bilatu:

Ipuin Irabazlea. 2. kategoria. Idazlea: Ana López de Pariza Sanz

Iraganaldiak badu pisua

Literatur lehiaketako kartela

-Uler nazazu, konpreni nazazu eta barka nazazu- esan zion Antxonek Eneko semeari. Ez dut nahi niregatik pena izatea. Ni konprenitzea eta ni ulertzea besterik ez dut nahi. Ez gara nahi dugun bezala bizi, ahal dugun edo uzten diguten bezala baizik. Ez da hain zabala bizitzaren bidea....

Enekok bere 35 urteekin ez zuen ongi ulertzen aitak azken urte honetan bizi zuen ezinegona. Egia da koloneko minbizi terminala diagnostikatu ziotenean gainbehera joan zitzaizkiola bizitza osoan izan zituen umorea eta baikortasuna. Baina senak esaten zion zerbait berriaren ondorioa izango zela hain eskaera serio hura.

Esaten hasi zen azken egunaren ondoren bakarrik irekitzeko trastelekua, esan behar inoiz ez genuela hara joateko baimenik izan, barne kremailera zuen gerrikoaren barnean zegoela giltza, bere mesanotxeko tiraderan.

Betiereko loak bere mantu beltzarekin besarkatu zuenean, Enekok giltza atera zuen gordelekutik eta trastelekura joan zen bihotzean taupada bitxi bat sumatuz.

Liburuak, aldizkariak, argazkiak, postalak, poltsak, zorroak, hainbat kaxa bata bestearen gainean pilatuak, urdinduak eta deformatuak. Zer egin eta egoera nola bideratu pentsatu zuen.

Kaxak eta poltsak ireki zituen Enekok. Asko irakurri zuen, arratsalde ugari eman zituen lezkazko aulkitxo baxu hartan eserita, eta oso bestelako historia osatu zuen, oso bestelakoa aita zenak beti kontatu zuenaren aldean.

Euskadi, bere herria, eta gurasoak utzi egin behar izan zituen aitak, garai hartako neska-mutiko askok bezalaxe, 1937. urtean Holandara bidali baitzuten, 7 urte zituela. Beste batzuk, berriz, beste lurralde batzuetara joan ziren, esku latzeko diktadore baten menpeko lurralde baten pobrezian murgildutako haurren etorkizun ilun hari laguntza eskaini zioten lurraldeetara, hari bost axola baitzitzaizkion Antxonena bezalako euskal familia askoren balioak. Berdintasuna, herrien arteko anaitasuna, estamentuen arteko elkartasuna, aniztasuna ardatz aberasgarri gisa, gizarte justizia, indarkeria eza... defendatu zituen familia.

Bidaia hasi eta handik gutxira, aita fusilatu egin zuten beste idealista eta emakume batzuekin batera, urtebete lehenago Francok agindu zuena berdintzeko.

Holandan familia espainiar batean hazi eta heldu zen Antxon, bere herrian indarrez errotik moztu nahi izan zituztenen hurbileko balioak zituen familia.

Urte askoan igandeetan arratsaldeko hiru eta erdietan herriko zine batera joaten ziren eta han ikusten zituen irudiek aukera ematen zioten beste leku batzuetara bidaiatzeko eta urruneko fantasiez gozatzeko. Baina bihotzean izaten zuen beti Irun, bere sorterria, eta haraxe joaten zitzaion pentsamendua iparraldeko lurralde hartako gau hotzetan.

Azkarra zen Antxon, eta bere hobetzeko nahiak bultzatuta Historia Garaikidea ikasi zuen Stendeneko fakultatean eta lanerako beka bat lortu zuen unibertsitatean bertan. Bordelen egin zen agintarien kongresua aprobetxatuz, Hendaiako mugara hurbildu zen nortasuna ezkutatuz. Beste asko ere bildu ziren harekin Hendaiako hondartzako Kasinoan eta mugaren beste aldean zer gertatzen zen jakin nahi izan zuten guztiek.

Antxon goibeldu egiten bazuten ere bere lagun handiak noizean behin ematen zizkion berriek, harekin harremanetan jarraitu zuen urte askoan, zorigaiztoko kamioi istripu batek bizia ebaki zion arte.

Hirurogeigarren urteak ziren ordurako eta erabaki zuen bere herrian, Euskal Herrian, askatasuna lortu arte geldituko zela harrera egin zion lurralde hartan. Eta luze egin zitzaion, oso luze.

Franco hil zenean gurutzatu zuen muga. Burumakur itzuli zen, bere “etxean” arrotz zelako sentsazioarekin, bere etxeko historia galdu duenaren sentsazioarekin, beste historia bat bizi izan balu bezala. Jada ez zen gaztea itzuli zenean. Heldutasun sendotua baina familiarik gabe. Hala ere, zortea izan zuen, eta Euskal Herriko Unibertsitatean hasi zen lanean irakasle laguntzaile gisa, eta Nafarroako bekadun atsegin bat ezagutu zuen, Lesakakoa, Ixabel. Harekin izan zuen bere seme bakarra, Eneko, eta balio handiak erakutsi zizkioten ama gazteegi hil zen arte, jende asko hiltzeko arrazoi eta beste asko beste paradisu batzuekin amestuz urrutiratuak izateko arrazoi izan ziren balioak, hain zuzen ere.

Antxonek inoiz ez zien utzi semeari eta Ixabeli trastelekura igotzen. Inoiz ez zuen kontatu bere benetako iragana. Beti kontatu zuen aitona-amonek Holandara emigratu zutela berekin eta han hil zirela. Emigratu egin zutela beste askok bezala, guztientzako etorkizun hobea bilatu nahian gerra garaian. Gurasoen ondoan hazi zela han, eta gurasoek ezin berreskuratu izan zituzten sustraietara itzuli nahian, gurasoak hil zirenean, bueltatu egin zela deiturekin eta euskararekin jarraitzeko.

Enekok ez du oso ondo ulertzen aitak zergatik aldatu zuen bere historia. Baina Enekok oraindik ez daki aitak anaia bikia zuela, Joxan.
Joxan atsegin eta alaia hilik harrapatu zuten beste hainbat errepublikanorekin batera udako gau bero batean, jateko zerbait eramatera joaten zen borda hartan. Ahuntzen moduan igotzen zen mendietan gora amak garbitokian arropa garbitzen zuen bitartean kantatzen zituen kantuak abestuz. Eta topalekura hurbiltzen zenean, irrintzi batekin egiten zuen agurra, oso zoriontsu egiten zuen irrintzia.

Panfleto pila bat aurkitu zituzten, errepublikanoen 10 aginduak idatzita zituztenak: lehenbizikoa, justizia maitatzea; bigarrena, duintasuna gurtzea; hirugarrena, zintzotasunez bizitzea; laugarrena, adimena lantzea... eta seguru asko, besoa altxatu eta hainbatetan itxaropenez bete zituzten balioak aldarrikatzeko denborarik eman gabe, tiro egin zioten eta hantxe utzi zituzten handik zenbait egunera aurkitu zituzten arte.

Hainbestekoa izan zen Antxonen gurasoek izan zuten eragina eta izua ezen fardela prestatu zuten arropa gutxi batzuekin eta Idiazabalgo gazta zati batekin eta ontziratu egin zuten seme maitea, bakarra orain, Holandara zihoan itsasontzi batean. Hura salbatu zitekeen bederen.

Anuska Petruska

Leandro Agirretxe, 1, 4 Lokala
Irungo Palmera-Montero Gizarte-etxean - 20304 Irun
Tel: 669 075 423