"Nicolás Guerendiain"
Irungo Errepublikarrak
Balio errepulikarren defentsa eta oroimen historikoaren berreskurapena

Ipuin Irabazlea. (16 urtetik 25 urte arte). Idazlea: Amaia Gońi Vega

Pasta kontua

Literatur lehiaketako kartela

Onartu behar dut obsesio handia dudala posterrekin. Hori edo denbora libre gehiegi dut bestela, ez nuke jakingo zeren alde agertu. Eta kaneloi gainerre berri eta gozoak ageri dituen bati begira nagoela, jatetxe arlote hartan ateratako kafe beroa hurrupatzen dudan bitartean, poster hari begira lasagna bat jango banu sabeleratutako elikagaiak zein zapore izango lukeen hasi naiz pentsatzen. Zerk ote du garrantzia, formak ala edukiak?, Begiekin jaten ote dugu? Azkenean: denbora libre gehiegi dudala uste dut, edo pentsamenduen neoplasia paranoia metastasiarekin. Zerbait behar da hiltzeko, hala izango da bai...

Bukatzen ari da kafe mingotsa. Horregatik, eta izozturik kalean presaka doazen oinezkoekiko nire gainbalio egoera hau luzatu nahian edo, azukre koskorrarekin jostatzen hasi naiz, hobe nuen bai lehen erabili izan banu hura. Halaz ere, arreta piztuarazi dit kaleko zerbaitek. Beste pseudokartel horietako bat hura ere, baina oraingoan kreatiboa, ekologikoa, artistikoa esan dezagun, sinatua gainera. "Ayuda porfabof” kartoian arkatzez idatzia. Ez diote ez esku ahul eta hezurtsu haiek eusten, lokalean sartzeko eskailera-maila irregular batzuetan eserita dagoen gizon txiki batek dituen borrokak eta itxaropenak baizik. Berriz ere, zerk du garrantzia, formak edo edukiak?. Zoritxarrez, forma edo eszena fisikoa gailendu egiten da edukiaren edo historia pertsonalaren gainetik: kaneloiak altxatu egiten dira lasagnen aurrean.

Nahi adina denbora egon naiteke begira, ezkuturik hoberena da kristal polikromatua, orain arte inoiz aurkitu ez nuena. Haren babesean so egin diezaioket artistari, burumakur dago itxaropena galtzeko bidean, istant batzuetan bada ere bere ontzia ur gainean mantenduko duen edozein txanpon txarren zain. Euria hasi du kanpoan, baina ontziak borrokan jarraitzen du ekaitzaren aurka, haren adore baldintzagabeari jaramonik egiten ez diotenen aurrean.

Azken hurrupada eman diot nire kafe jada hotzari eta narda keinu adierazgarriena egin dut haren mingostasunaren aurrean. Keinu hori oraindik aurpegian dudala, ate aldera abiatu naiz eta azal iluneko gizon bat ikusi dut nire aurrean, aztoratua eta arropa handiz jantzia, bakero pare bat zeraman soinean, ematen bazuen ere oraindik ez zela haiekin ibiltzen ohitu. Zaku handi bat zuen bizkarrean, oso pisua ematen zuen eta zalutasuna kentzen zion gizonari, baina ez zion axola izango, bat batean gelditu baitzen eskaileretan zegoen gizona ikustean, eta kartelari erreparatu zion. Itsasoan galduak jada oihukatu ezin zituen laguntza eskeko hiru hitz haiek irakurtzen saiatu eta ahopean esan ondoren, bere poltsikoak arakatu eta txanpon batzuk aurkitu zituen eta gizonari eman zizkion guztiz konbentziturik. Berehala, modu jada automatizatuan askatu zuen bere zorro inprobisatua eta kirol-jertse bat eskaini zion, “Bike” markakoa, hotzik izan ez zezan. Irribarre handienarekin joan zen Baltasarrik hoberena iruditu zitzaidan gizon hura.

Mugi ezinik geratu nintzen eszena hura ikusita, eta orduantxe konturatu nintzen kafearen mingostasuna halabeharrak nahita eragina izan zela dastatu nuen eszena gozo hura neutralizatzeko, inoiz jasan izan dudan sentimendu hiper gluzemia handiena eragin zidana, hain zuzen ere.

-Jarridazu lasagna bat ere eramateko, mesedez. –Eskatu nion zerbitzariari, fede oneko ekintza haiek bultzatuta.

-Oraintxe bertan '-esan zidan harriturik.

Itsasoan galduak lehorra ikusteko konpromisoa hartu dut gaur; istant batzuetan bederen goseak ez dezala haren ontzia jo. Zergatik? Oraingoan, azkenean, aurkitu diodalako erantzuna nire ezinezko galderetako bati: formak eta itxura fisikoak ez dute inolako garrantzirik, pertsonen edo kontu ezdeusen edo kaneloiak bezalako jakien itxurak, edukia da benetan garrantzia duena, horien barnean dagoen edukia.

- Lasagnak zein osagai izatea nahi duzu? – galdegin zidan zerbitzariak hondotik.

-Daukazuen hoberena, mesedez. –Esan behar nuen-. Baina mutu geratu nintzen, besteratua, eszenatokiko magiak liluratua. "Maitasuna, ulermena eta xalotasuna" izango zen erantzun egokia.

Magallanes