logo de la Asociación Republicana Irunesa 'Nicolás Guerendiain'

2. Artikulua.-
Hona hemen elkartearen helburuak: BALIO ERREPUBLIKARREN DEFENTSA ETA OROIMEN HISTORIKOAREN BERRESKURAPENA

Jarrai iezaguzu...Logo de facebookLogo de youtubeLogo de twiter

Bilatu:

Ipuin Irabazlea (16 urtetik 25 urte arte). Idazlea: Jorge Berné Ortín

Literatur lehiaketaren kartela

Sari banaketaren bideoa eta argazkiak

GOGOETAK

Bada denboraldi bat familia eta ni egoera honetan gaudela. Ahal dugun moduan irauten dugu bizirik. Herri txiki batean bizi gara, aitak lurra lantzen du eta amak, berriz, hiriko lantegi batean egiten du lan.

Egun batean, telebistako jaun batzuek esan zuten ez zegoela dirurik, bukatu egin zitzaiela. Une hartan ez nekien dirua nola buka zekiekeen hainbeste bidai egiten zituzten, halako jantzi garestiak janzten zituzten eta gaixotasunen bat kutsatzeko beldur izango balira bezala gainerako pertsonengandik bereiz bidaiatzen zuten jaun haiei.

Ondo gogoan daukat egun hura, eskolatik etorri nintzen eta nire burua erabat aldatu zen. Sukaldean aurkitu nituen gurasoak. Ama, ukatu egin bazidan ere, negarrez aritua zen luze. Aita haren ondoan zegoen, eta halako amorru, tristura eta gorroto nahaste bat sumatzen zitzaion aurpegian. Amak, oso goxoki azaldu zidan lanik gabe geratu zela. Badirudi nonbait, heren jabeak, telebistako jaun horietako bat izaki, esan ziola bera ere dirurik gabe geratu zela, eta nire amaren soldata, beste ama batzuenarekin batera, oso gastu handia zela, eta horregatik eskatu behar ziela gehiago lanera ez joateko. Erdi zezelka azken hitza esan zuenean, negarrari eman zion berriro, aitak kontsolatzen zuen bitartean eta dena ongi joango zela esaten zion bitartean. Une hartan nik ez nuen ongi ulertzen egoera.

Orain urteak joan dira. Amak lanik gabe jarraitzen du, aste pare bat irauten dion lanen bat ateratzen zaionean izan ezik. Aitak egun argitik ilunera lan egiten du egunero, nik ikastea eta berak izan duen bizimodua ez izatea nahi baitu. Argia eta ura ezin genituenez ordaindu, aiton-amonen etxera joan ginen bizitzera. Ez geunden oso eroso, etxea txikia baitzen, baina hala ere tarte onak izan genituen. Aitona laborantzan aritzen da aitarekin batera, esan behar dut neuk ere asko laguntzen diedala, eta amonak etxeko lanak egiten ditu, anaia txikia zaindu eta horrelako gauzak. Amona maistra izana da, baina zahartu egin da eta indar pixka bat galdu du, burua lehen bezain argi duen arren.

Herriko gizon aberats baten gidaria izan zen aitona, orain dela hainbat urte gizon horrek bota zuen arte, aspaldiko urteetan herrian egiten zen lehen sindikatuko kidea izateagatik bota zuen.

Deserosotasunak izan arren, esango nuke aski zoriontsua dela gure bizitza. Amak oso triste jarraitzen du, eta aita egunetik egunera galtzen ari da zuen alaitasuna. Diru eskasiagatik da, eta berak beti ukatzen badu ere, badakit egia dela.

Ikasketak utziko ote ditudan nabil, nire familiak pentsatu ere ez egiteko esaten didan arren, gogor ikasteko esaten ditate probetxuzko gizona izan nadin. Gurasoen nahia ez da nik diru asko irabaztea, esaten dute hori berdin zaiela. Nahi dutena da nik ikastea, pertsona kultua eta arduratsua izan nadin, besteei lagun diezaiedan, pertsona zintzoa, inorengandik probetxua aterako ez duena, neure interesari soilik begiratu beharrean besteena ere begiratuko dudana; guztiei tratu ona ematea, guztiak berdinak baikara. Azken honetan guztiz bat nator haiekin. Konturatu naiz guztiok berdinak garela, eskolan ikusi ahal izan dut gure esku guztiak berdinak direla, guztiak bat garela, eta edonon eta nonahi, dena berdina dela, telebistan ateratzen diren trajez jantzitako jaunak Espainian daude, baina baita Peru, Frantzia, Italia, Ekuador, Mexiko eta munduko beste lurralde guztietan ere. Guztiok berdinak gara. Lurralde guztietan beti berdinak dira zailtasunak jasaten dituztenak, eta beti berdinak dira besterengandik probetxua ateratzen dutenak, iruzur eginez eta aberastasun ideia faltsuekin engainatuz.

Kontakizun hau idazteko arrazoia horixe izan da, guztiok berdinak garela ulertaraztea entzun nahi duenari. Mundu honetako pertsonen arteko aldeak asmakizun hutsak dira, desberdinak garela sinestarazteko, bereiz edukiarazteko, inposatutako ideiak. Baina ondorio bat atera dut, hori ez dela egia. Milaka desberdintasun egongo dira kultura mailan, horiek beti errespetatu behar ditugu eta ez horien gainetik jarri geure buruak, errespetu berdinarekin tratatu behar baikaituzte guztiok. Errespetuan oinarritutako tratua izan behar dugu elkarrekiko, berdintasunean oinarritua, anaiak bagina bezala. Hala, telebistako jaunek ez dute gu tentatzeko ezer izango, ez digute mantendu behar ditugun sistemez hitz egingo, gizakiaren sufrimendua mantenduz. Nire familiarenaren antzeko egoera batean gauden guztiak elkartzen bagara, inor baino indartsuagoak izango gara, eta geurea dena emateko eskatu ahal izango dugu, guk landu duguna ez ebasteko eskatuko dugu, gure izerdi, ahalegin eta maitasun guztia jarri baitugu horretan. Gai izango gara geurea dena eskatzeko, errespetatuko gaituzte, ezin izango gaituzte lanik gabe utzi eta ez gara kalean geratuko, telebistako jaunei guri ordaintzeko dirua iristen ez zaielako gaztelu bat erosi ondoren. Baina beste une batean mintzatuko naiz horretaz.

Ondo da, zer esaten ari nintzen?, bai, gogoan daukat. Nik ikastea eta pertsona ona izatea nahi zuten gurasoek. Nire hirian dagoen ikastetxe publikora joaten naizela esango dizuet. Bi urte besterik ez zaizkit geratzen unibertsitatera joateko, egia esan, hunkitu egiten nau ideia horrek. Eskola ez da izan oso esperientzia ..., ez dakit nola azaldu. Han ia inortxok ere ez zuen ikasi nahi, eta ez zuten ikasten uzten. Baina harrigarriena da irakasleek utzi egiten zutela, beste erremediorik geratzen ez bazitzaien ere, inolako arrazoirik gabe eskolako giroa hondatzen zutenei ez baitzieten ezer ere esaten, baina hori bai, egun batean irakasleak errieta egin zidan, inoiz egin ez zuen bezala egin ere, testu liburuan agertzen zen datu bat ez zela zuzena esan niolako. Irakaslea ero moduan hasi zitzaidan, nik esaten nuena txorakeriak zirela eta isiltzeko oihukatuz. Hara, orain gertatzen dena da ehunka liburutan ikusia nuena gezurra zela eta berak esaten ziguna egia zela. Uste dut istant hartan bertan hasi nintzela eskola begitan hatzen, eta hiriburuko jaun guztiz garrantzitsu batzuek prestatu ziguten hezkuntza programa zalantzan jartzen.

Institutua etorri zen gero, eta bazirudien gutako gehienak heltzen ari ginela. Egia esan guztiz harriturik geratu nintzen pertsona batzuek esaten zigutenean unibertsitate pribatua zela hoberena eta unibertsitate publikora joan behar genuenok ez genuela ezertxo ere ikasi behar, ezta ikasi behar genuen horrekin loturiko lanik harrapatu ere. Egia esan behar badut, benetako ergelkeria iruditu zait hori esan zidaten une beretik, izan ere, mila aldiz nahiago dut unibertsitate publikoan ikasi. Askok, beharbada, zergatik ote den galdetuko diete beren buruei, eta oso erraza da erantzuna, harrotasunagatik. Harrotasuna, mundu guztiari erakusteko, pobreok ere, baliabide gehiegirik ez dugunok eta dirudunek dituzten erraztasunak ez ditugunok, gai garela ikasteko eta gure ahaleginarekin lortu nahi duguna lortzeko. Inork ez digu titulua ordaindu behar, guztiz gai gara geure baliabideekin lortzeko. Baliabide handirik ez duen pertsona bat edozein gauza egiteko gai da, aberats bat bezalaxe, eta horixe da, hain zuzen ere, leku publiko batean ikasiz erakutsi nahi dudana.

Beno, nire bizitzaren laburpen txiki bat da hau. Beste hainbat pasadizo zehatz konta nitzake, baina hori beste egun batean kontatuko dut.

Laburbilduz, honekin esan nahi dudana da guztiok gizakiak garela, guztiok berdinak garela. Ezartzen ditugun aldeak asmakizun hutsak besterik ez dira, gizakiaren asmakizunak. Guztiok berdinak gara. Inork ez du beste baten gainetik egon behar. Eskubide berdinak eta betebehar berdinak izan behar ditugu guztiok, arraza, jatorria, egoera ekonomikoa edo desberdin egiten gaituen beste edozein gertakizun kontuan hartu gabe. Horrenbestez, ez da zuzena pertsona batzuek dena izatea eta beste batzuk miseria larrian bizitzea. Izan ere, nire bizitzaren kasua larria da, baina beste leku batzuetan, benetako miserian bizi dira pobreenak, eta hemen, ustez garatua dagoen lurralde batean, gero eta gehiago dira errekan dauden familiak. Gutxi batzuen diru-gose eta iruzurragatik guztia ere. Guztia gure pentsaeragatik, batek daukanagatik balio duela uste izateagatik, dirua sortzen ez duen guztiak ez duela ezertarako balio pentsatzeagatik. Akaso ez al du edertasuna sortzen mendi batek, edo eraikin zahar batek?, Ez al du liluratzen txorien kantuak edo olerkirik ederrena errezitatzen ari den ahotsa entzuteak?

Jaunak eta andreak, ederra eta ona ez dira bakarrik aberastasuna sortzen duten gauzak. Baina pixka bat desbideratzen ari naiz gaitik. Benetan esan nahi dudana da denok aldatu egin behar dugula geure pentsaera, eta pertsona hobeak izaten saiatu. Elkarri laguntzen saiatu, elkar errespetuz tratatu, berdintasunez. Pertsona guztiek izan dezatela pentsatzen dutena esateko askatasuna, zigorra jasotzeko beldurrik izan gabe. Maite ditugun pertsonekin bake osoan bizitzeko eskubidea izango dugun mundua eraiki behar dugu. Lana egin ondoren merezi dugun saria jasotzeko eskubidea izan behar dugu. Hezkuntza, ogia eta osasun arreta jasotzeko eskubidea. Lortutakoa zuzen eta zintzo partekatu. Gure ahaleginak gainerakoenekin elkartu eta guztien artean gizarte berria eraiki, baina beti ere, berriro diot, elkar errespetuz eta berdinen moduan tratatuz.

Geure etorkizunaren inguruan erabakitzeko eskubidea izan behar dugu, zer egin nahi dugun eta zer izan nahi dugun erabakitzeko, hori funtsezkoa baita gizarte libre batean. Entzun egin behar digute eta guztiok kontuan hartu behar gaituzte. Gurekin zerikusia duten eta geuregan eragina duten erabakiak guk geuk hartu behar ditugu.

Azkenik, uste dut mundu berri bat sortu behar dugula, guztiok libreak eta berdinak izango garen mundua, geure erabakiak hartzeko gai izango garen mundua, geure arbasoek utzi diguten mundua ez baita hoberena, baina hobetzeko ahaleginak egin behar ditugu, okerrak zuzendu, gure atzetik etortzen direnek, gure seme-alabek, bilobek eta gainerako belaunaldiek mundu hobea izan dezaten. Alaitasunez gogoratu behar gaituzte, ez lotsaz.

Badakit jende askok esango duela esaten ari naizen hau ezinezkoa dela. Nik ezetz erantzun nahi dut. Ez da ezinezkoa. Oso gogorra da, hori badakit, baina ahaleginarekin, ausardiarekin eta lanarekin lortuko dugu. Gure pentsaera zertxobait aldatu besterik ez dugu egin behar.

Eta beste gauza bat ere esan nahi dut, egin dezagun bakean, horrela egiten bada, telebistako jaunek, ezer aldatzerik nahi ez dutenek eta dena okerragora joatea nahi duten horiek ez dute eskatzen duguna onartu eta bete beste erremediorik izango, mundua oihuka eskatzen ari dena bete. Eta denok ondo aski dakigu mundua zer eskatzen ari den, horixe baita denok eskatzen duguna: OGIA, ASKATASUNA, JUSTIZIA ETA BERDINTASUNA.

Claudio

Leandro Agirretxe, 1, 4 Lokala
Irungo Palmera-Montero Gizarte-etxean - 20304 Irun
Tel: 669 075 423