logo de la Asociación Republicana Irunesa 'Nicolás Guerendiain'

2. Artikulua.-
Hona hemen elkartearen helburuak: BALIO ERREPUBLIKARREN DEFENTSA ETA OROIMEN HISTORIKOAREN BERRESKURAPENA

Jarrai iezaguzu...Logo de facebookLogo de youtubeLogo de twiter

Bilatu:

MARCELO USABIAGA: Honelakoxea izan zen Irungo gudua... ...

Marcelo Usabiaga, Irunen, 2006ko apirilaren 14an

Marcelo Usabiaga, Irunen, 2006ko apirilaren 14an

RODRIGUEZ, MIKEL: Marcelo Usabiaga: Honelakoxea izan zen Irungo gudua. Historia 16 nº362 (2006 Ekaina), p. 72-85

Gerra Zibila piztu zenean, Marcelo Usabiaga gazte komunista irundarra zen, Hainbat Lanbideren Sindikatuko idazkaria. Gerra amaitu zenean, tenienteren galonak zeramatzan sorbalda gainean, eta airekoei aurre egiteko bateria motorizatu baten buru zen Valentzian. Haren aurkako salaketa eginik, epaiketan heriotza zigorra eskatu zuen fiskalak. Hiru urte haietan gertatu zenaren zorioneko lekuko honek “Historia 16”-entzat gogoratzen du 36. urteko uda hura:

“Ni Ordizian sortu nintzen, agian txiripaz, gurasoak Baionan bizi baitziren. Nire aita Europako Gerran zehar Donostia eta Baiona artekoa egiten zuen kamio gidaria zen, eta ni 1916an jaio nintzen. Orduan, antza denez, familiaren eskutik jasotako erreferentziak baititut gogoan, urpeko ontzi aleman batek jaurtigai edo torpedoren bat jaurti zuen bolbora fabrika batera, eta ikaragarria izan zen leherketa. Baionan izua nagusitu zen, eta jendeak ihes egin zuen handik. Eta aitak haurdun zegoen ama kamiora eraman eta Ordiziara eraman zuen, han jaio nintzen ni.

Nire familian errepublikanoak ziren denak, nire etxean Errepublika, Errepublika..., ez dut beste hitzik entzun. Nire aita pontekoa, nire aitaren zuzeneko lehengusua, Fronte Popularreko diputatua izan zen Gipuzkoan, uste dut Nekazaritza ministroa ere izan zela, “La Voz de Guipuzcoa” egunkariaren jabe zen, Juan Usabiaga y Lasquibar (1) ezaguna. Baina ez ziren alderdi bati lotutako errepublikanoak, aita trenbide gizonen UGT sindikatura afiliatuta zegoen arren, ez baitzen alderdi politiko bakar bateko militante.

Fraideen ikastetxe arrunt batean izan nintzen 10 urte bete arte, eta 12 urte nituenean azterketa bat egin nuen Irungo Udalean ikasketetarako beka bat lortzeko xedean. Lortu egin nuen eta Merkataritza Eskolako bost urteak egin nituen. Gogoan dut aurreneko egunean nola aleman eskolak ematen zizkigun irakasleak, Deportivo de la Coruña taldearen fundatzailea izandakoak, hitzaldi bat eskaini zigun. Amaitu zuenean halaxe galdetu nion: Bukatu al duzu? Eta ikasgelatik atera nintzen beste zazpi lagunekin batera. Izan ere, kezka politikorik bakar bat ez nuen arren, gaia interesgarria egiten hasi zitzaidan. Anarkista zen ikasgelatik ateratako bat, Donostiako Udaltzaingoaren buruaren semea (2). Asteburuetan lapurretak egiten zituen nerbioak zailtzeko, eta astelehenetan bere balentrien berri ematen zigun

1931ko apirilaren 14an, Errepublika aldarrikatu zenean, 15 urte nituen eta Merkataritza eskolako bigarren edo hirugarren mailan nengoen. Aitarekin joan nintzen Nazioarteko Zubira Frantziatik zetorren politikoren bati edo Unamunori harrera egitera. Eta antolatu zen manifestazio jendetsuan parte hartu nuen. Eta baita hurrengoan ere, 1930. urteko abenduan, Jacako altxamenduaren pareko ekintza batean, Donostiako Gobernu Zibila okupatu ondoren Frantziara ihes egin behar izan zuen errepublikano, sozialista eta anarkistaz osaturiko talde bati sostengua erakusteko. Batzuk irundarrak ziren, eta kontua da horietako bat, etxean ezkutatzen zena, balkoira atera zela aldeko oihuei erantzunez. Politikaren esparruan 1933an egin nuen lehenengo urratsa, azaroan CEDAk irabazi zuenean. Ezagutzen dut gerora PCEko idazkari nagusi izandako Ramón Ormazabal (3), guk Ramontxin edo fraidea esaten genion, eta hark behin eta berriz, ekin eta ekin. Nik hasieran ezetz esaten dion, baina azkenean, Ormazabalen hitzak aintzat harturik eta nire kezkei bide eginez, afiliatu egin nintzen.

Cristóbal Errandonearen argazkia

Cristóbal Errandonea

Irunen lau katu ginen PCEn: Ramón Ormazabal, Cristobal Errandonea eta bere anaia Jose, Trubia delako bat, politikaria baino ekintza gizona zena, Cándido Pujol, Agapito Domínguez, Macías Aguilar sendia, anaia bi eta arreba bat eta nerau. Gero beste batzuk afiliatuko ziren: Jesús Carreras, Tomas Zubizarreta.... nahiz eta zabalkunde handiena Gerra Zibilean zehar gertatu zen, JSUtik etorritako jendea afiliatu zenean.

Ni Pujol buru zuen Gazte Komunisten Batzordean nintzen, eta “Euskadi Roja” egunkaria saltzen nuen. Merkataritza-peritu ikasketak amaitu eta Donostian irakasle izateko ikasten hasi nintzen. Ez zen giro, bulegoak Madrilera eramanda krisiak jo baitzuen aduanen sektorea, eta La Fraternidad, aduana agentzietako langileen elkartea, greban jarri zen. 1934.urteko greba orokorrean José Errandonearekin biltzen ginen Irungo sarrerako etxe batean. Multikopista batekin kopiatzen genuen manifestua idazten genuen, eta gero kaleetan eta plazetan banatzen genituen orriak. Dominguez eta Pujol lagunak ezagutu zituzten eta luze gabe iritsi ziren bien aurkako salaketak. Biak preso eduki zituzten 1936an Fronte Popularrak hauteskundeak irabazi zituen arte. Ni zorionekoa izan nintzen, ez nindutelako ezagutu eta auzi horretatik kanpora geratu nintzelako.

Asturias errepresiorik bortitzenean murgilduta zegoenez, Cristobal Errandoneak esan zidan poliziak ezagutzen ez ninduenez eta egunero Donostiara ikastera joaten nintzenez, lotura lanak egin behar nituela Frantziara ihes egin beharrean zeudenekin. Gehienak asturiarrak ziren, ikasle portugaldarren bat, ezagunena Paco Galan, Ferminen anaia, Jacako altxamendu errepublikanoko heroia.... Nik ez nion deusi esaten ezetz, uste sendoak nituen. Pasahitza ematen zidaten: Zoaz San Inazio elizara eta han hiru lagunek eskuineko eskuetan halako egunkaria dutela ikusiko duzu. Haiek atzetik etortzen zitzaizkidan, mutu, eta nik Iruneraino ekartzen nituen, bertan konfiantza osoko lagun baten esku uzteko, Zubizarretaren esku; Zubizarreta mendi gerrillan ari zela erail zuten alemanek II. Mundu Gerran. Zubizarretak Manteca baserrira eramaten zituen eta bakoitzeko hogei ogerleko ordaintzen zituen Frantziara igaroaraziak izan zitezen.

Txangoetako batean harrapatu egin ninduten. Inoiz ez dut zergatik jakin. Tranbian, abian jarri zenean eta ihes egiteko aukerarik ez zegoenean, polizia azaldu eta harrapatu egin gintuzten. Bost lagun gindoazen elkarrekin, lau iheslari eta nerau. Baina iheslari bakar bat eraman zuten atxilo, harekin mintzatua nintzen, asturiarra, eta gerora diputatua izan zen, Juan José Manso. Gaitza zen hitz egitea, debekatuta zegoelako. Manso eta biok Irungo polizia etxera eraman gintuzten. Denak ziren galdera eta ni ergelarenak egiten. Gero Ondarretako presondegira eraman ninduten eta handik Asturiasera.

Hilabetea eman nuen Oviedon, 1934ko azaroa edo abendua, meatzarien artean, giro ikaragarri baten erdian. Halaxe esaten zidan Mansok bidaian: ez dakizu non sartu zaren, motel! 18 urte nituen nik. Bitxia bada ere, zentsuratu gabe iristen ziren gutunak presondegira eta Zubizarretari “Mundo Obrero” espetxera igorri ziezadala eskatu nion. Kontua da han, epaileak, Legioko kapitainak, deklaratzera dei egin zidala eta fusilei buruz galdegiten hasi zitzaidala. Eta nik, izututa erabat, ez nintzela hangoa, irundarra nintzela. Birritan kolpatu ninduten, ez oso bortitz, ostikoka baina. Azkenean konbentzitu egin nuen, Irunera deituko zuen eta ni aske. Nahaste horrek salbatu ninduen, han geratu izan banintz mugak igarotzen laguntzeagatik epaituko ninduketelako eta espetxean egongo nintzatekeelako 1936. urte arte.

Eta berriro ere ekin nion lanari. 1935eko ekainean Madrilera joan nintzen, Donostiako ordezkari gisa, FUEren kongresu batera. Telefónican egin zen kongresua. Han Isidoro Navarrorekin egin nuen topo nahi gabe, haurtzaroko eta gaztaroko lagun mina, Irungo Izquierda Republicana alderdiaren presidentearen semea. Eta kafe bat edaten ari zela, halaxe esan zidan: Falangeak irabazi dezan arte ez dago ezer egiterik. Falangista bihurtu naiz eta ikusiko duzu nola berehala irabaziko dugun. Izorra hadi! Modu txarrean esan genion agur elkarri. Gerra amaituta Levanten zegoen kontzentrazio esparruetako baten buru izendatu zuten. Gezurretan, Guadalupeko Gotorlekuan izandako fusilatzeak eta Irun erretzea leporatu zizkidan, eta halaxe esan zion amari: Dominica, esaiozu Marcelori honetatik ez dela onik aterako. Eta hori nire etxean izandako gizonaren ahotik entzun beharra, pilotan elkarrekin orduak eman eta gero, neskekin dantza egitera elkarrekin ibili eta gero.

Falangerekiko harremanari dagokionez, Oviedon preso izan nintzen bitartean bitxikeria bat gertatu zen. Gutxi ziren Irunen baina bazuten lokal bat, eta haien buru egiten zuenak Zarandona zuen deitura. Bada horietako bat PCEn infiltratu zitzaigun! Argazkilari batek esan zigun bere dendan negatibo batzuk utzi zizkiotela errelebatzeko; falangistak Aiako Harrian ageri ziren tiro ariketa batzuk egiten, pistolaz. Arretaz begiratu, eta Galera abizeneko lagun bat ageri zen, Gazte Batzordeko kidea, besoa gora! Bilera bat egiteko deia egin zioten, bilera leku baztertu batean, eta Alderdiaren dokumentazioa eramateko eskatu zioten. Han aitortzera behartu zuten eta bota egin zuten PCEtik.

Berriro ere hartu ninduten atxilo, oraingoan hiru egunez baino ez, Falangearen organo “Arriba” egunkariko saltzaile batekin izandako liskar baten ondorioz, egunkariei su eman baikenien (4). 1935. urte amaieran edo 1936.urte hasieran Milicias Antifascistas Obreras y Campesinas, MAOC deituak, antolatzen hasi ziren Donostian, eta horiek Irunen ere antolatzea planteatzen genuen. Karrera amaitu nuenean merkataritza irakaslea nintzen, baina ez zen lanik. UGT sindikatuaren Hainbat Lanbidetarako Sindikatuko idazkari izateko botoa eman zidaten, Sindikatu Autonomoen Federazioak, komunistak, sindikatu sozialistarekin bat egiteko erabakia hartu baitzuen garai hartan ahulak ginelako. Eta idazkari izendatu ninduten batzar batean.

Altxamendua

Fronte Popularraren garaipenaren osteko egoera oso larria zen. San Martzial jaietan, bezperako San Pedro egunean, sei tiro hots entzun genituen kalejira egiten ari zen bitartean. Berriro ere Galera zen, tiro egin eta hainbat lagun larriki zaurituta. Manifestazio bat egin genuen, jaiak bertan behera uzteko proposamenak egin ziren, baina Cristobal Errandoneak konbentzitu eta ez zen horrelakorik egin. Polizia etxera hurbildu ginen Galera berehalakoan atxilo zezatela eskatzeko, eta gu aurrean ginela Gobernadore Zibilari berari hots egin zion espetxeratu behar zutela ikus genezan. Galera Ondarretako presondegian zen uztailaren 18an, eta hantxe fusilatu zuten.

Uztailaren 17an Donostian nintzen nire aisialdian multikopistak egiten nituelako eta hiru UGT sindikatuaren egoitzara eraman nituelako. Han esan zidaten sekulako nahastea zegoela, dena bertan behera uzteko eta Irunera joan nendila, bizkor, hura antolatzera, dena hankaz gora zegoela. Pujoli hots egin nion, kamaradei, altxamendu bat dagoela, irratiari adi...

Hortxe nabaritu zen berehala Manolo Cristobal Errandonearen eskua (5). Taxi gidaria zen, baina nik ez dakit zergatik, ondo ezagutzen zituen taktika militarrak. Berehala antolatu gintuen taldetan eta mendira eraman gintuen, Nafarroatik erreketeak heldu zirela esan baitzigun. La Fraternidad lokala hartu genuen eta Foruen plazan zegoen armategi batetik eskopetak hartu eta banatu genituen gure artean. Bagenituen pistola gutxi batzuk, eta dena esan behar badut, horiek neronek ekarriak ziren, kontrabandoan, Hendaiako Arma Fabrikatik, Gazte Komunisten eta Gazte Sozialisten arteko Lotura Batzordeak eskatuta. Baina ez genuen fusilik ez eta metrailadorerik ere.

Nafarroara bidean jarri ginen, San Martzial mendian barrena, eskopetak eta pistolak eskuan. Ez genuen deus ikusi. Aski infantila zen gerrari buruz genuen irudipena. Nik alanbre-hesiak aipatzen entzuten nituen, eta pentsatzen nuen zuhaitzetik zuhaitzera alanbrea ipini behar zela. Gogoan dudan ekintzarik zirraragarrienak Aduana kalean izan zuen abiapuntua. Ez dakit zeini otu zitzaion kamioi blindatu bat prestatzea, alboetan lau xafla ipinita. Kamioia La Fraternidad lokalaren parean geratu zen. Zuzenean Bera konkistatu beharra zegoen. Manolo Cristobal han barrena zebilen, gerrikoak jantzita. Kamioia eta lauzpabost automobil hartu genituen, guztira 25 lagun edo izango ginen. Hamabosten bat kamioi blindatuaren gainean joan ginen Beraraino (6). Pentsa zer genekien gerraz! Gu seguru gindoazelakoan, blindaturik, baina aterperik gabe eta errepidean, bide osoa ibaiaren eta gu erraz tirokatzeko moduko mendiaren artean. Endarlatsako zubia igaro eta Berara heldu ginen. Ez zen deus ez ohikorik nabari. Herriko sarreraraino iritsi ginen eta, orduan zer? Handik gutxira Manolo Cristobal azaldu zen eta nik lepoa egingo  nuke Ortega teniente koronelarekin zetorrela (7), gerora gobernadore izan zenarekin.

Cristobalek, ea! Har dezagun Guardia Zibilaren kuartela!, esan zigun. Kuartela herriaren goiko partean zegoen, talde bitan banatu ginen eta niri, zorionez, ez zitzaidan joatea egokitu. Kuartelera joan zirenak tarte batera iritsi ziren atzera Guardia Zibila errenditu egin zela esanez. Kamioia errepidean geldituta zegoen, talde bat inguruan eta Manolo Cristobal herriko jendearekin solasean. Eta hizketan ari zirela nik ez dakit zer esango zioten baina berak: Bizkor, atzera, Endarlatsako zubira, baina beste aldera, Irungo aldera! Igaro eta ezkutatu gintezela agindu zigun. Han azaldu zigun kontua: Jakin ezazue zer gertatzen ari den, erreketeak Etxalarren dira dagoeneko eta Berarantz datoz. Baina geroago jakin genuen Berara beste aldetik sartzen ziren erreketeei Irungo gorriak han zirela esaten zietela herritarrek, eta eurak ere ziztu bizian irten zirela herritik. Eta hori horrela izan zen, ez dut gogoan zer egunetan, baina uztailak 23 edo 24 behar zuen. Bera utzi genuen eta hara itzuli zirenek heriotza zuten zain, herriko harrobietan fusilatzen baitzituzten matxinoek presoak.

Endarlatsako zubiaren gibelean ginela, laguntza iritsi zen Irundik eta hesi bat antolatu genuen. Zubia txikitu beharra zegoen. Nire lagun Trubia izan zen Irungo defentsan hildako azkena. Meatzari asturiarra zen, ekintza gizona, dinamitan aditua; karga prestatu eta zubia behera etorri zen. Ekintza honi esker aldi baterako etenda geratu zen etsaiaren erasoa.

Hurrengo egunetan mendietan barrena ibili ginen nafarren zain (8). Saroian, San Martzialen, Zubeltzun eta besteetan izan ginen. Estrategia egoki bati jarraiki, etsaiak Aiako Harriaren gibeletik iritsi ziren, arroetan barrena, Oiartzuneraino, Loiolako kuartelekin bat egiteko asmoz, kuartel horretan artean erresistentzia jartzen ari baitziren Donostian matxinatutako militarrak. Cristobalek egun baten dei egin zigun eta konfiantzazko lagunez osatutako talde bat aukeratu behar zela esan zigun. –Zer gertatzen ari da?- Erlaitz hartu dutela mendean. –Zakurraren putza!- Erlaitzeko gotorlekua birkonkistatu beharra dago! Arratsaldeko 6ak edo 7ak ziren, eta ilunabarreko zortzietarako ilun zegoen. Armak eman zizkiguten eta orduan hartu nuen lehenengoz fusil bat eskutan, morroiloa nola erabiltzen zen ikasi nuen. Ordura arte ehizarako eskopetak eta pistolak baizik ez genituen erabili. Cristobalek, jaun da jabe baitzen han, hamabiren bart lagun, tartean neu, bildu zituen Gatz Fabrikan. Erlaitz birkonkistatzea ezinbestekoa zela esan zigun (9). Gu zalantzaz beterik: Geuk bakarrik konkistatu behar al dugu? Bai, bai, ustekabean egin beharra dago, bestela ez dago deus egiterik. Gaur goizean hartu dute mendean, egunsentian, eta euren esku dago.

Gau hartan Arrisulta baserrian egin genuen lo, gutxi, nerbioak dantzan genituelako. Hala esan zigun Cristobalek esnatu ginenean: kontuz zarata egitearekin!Eta ezkila hotsak aditzen badituzue, ez fida, ez baitira arkumeak. Erreketeak dira, ezkilatxoak daramatzatenak arkumetzat hartuak izan daitezen. Abian jarri ginen, fusila eskuan, oinez, poliki, denbora eman genuen iristeko. Lubakietatik gertu ginenean erasotzeko prest jarri ginen. Baina han ez zen inor. Afaltzeko platerak mahaian ziren eta 6 edo 7 gorpu zeuden, labanez hilak denak. Antza, nafarrek ustekabean jo zuten erasoa goizeko ordu batean, han zeudenak hil zituzten labankadez eta gero handik hanka egin zuten telefonoaren haria ere moztu gabe. Cristobalek telefonoa eskutan hartu eta Irungo Fronte Popularraren egoitzara hots egin zuen, eta hangoek sinetsi ezinik. Baietz ba, geu garela. Bidali laguntza. Handik bi ordutara iritsi zen laguntza eta gure lekua utzi genien hara bildutakoei.

Erlaitzetik bagindoazenean, bizia kostako zitzaion burutazio bat izan zuen lagun batek. Irunerantz itzultzen ari ginen eta Agapito Domínguezek esan zigun Pikoketako posiziora joateko aprobetxatu behar zuela. Eta guk ezetz, ez joateko, gau txarra paseak ginela, modu txarrean lo eginda, lasaitu beharra zeudela Erlaitzeko okupazioak eragindako nerbioak. Eta Cristobalek: zoaz atseden hartzera, geroago izango duzu Pikoketara joateko denbora! Baina halaxe esan zigun Agapitok: Kontua da Mercedes han dela. Mercedes Lopez bere neskalaguna zen, kamarada komunista, miliziarrekin batera, tartean nire anaiarekin batera, Pikoketara joana zena. Bidegurutzean bereizi ginen eta hura fusilatu egin zuten. Nire anaia bezala eta posizioa defendatu zuten beste 17 lagunak bezala. Tragikoa izan zen egiazki. Egunsentian jo zuten erasoa eta baserrian babesteko hautu okerra egin zuten defendatzaileek. Soilik mendian behera ihes egin zutenak eta Alejandro Colinas salbatu ziren, eta azken hau sastraka batzuen gibelean ezkutatu eta bere lagunak nola fusilatzen zituzten ikusi zuen. info gehiago

Irungo Kasinoan genuen gure kuartel nagusia. Han zen Margarida (10), teniente koronela, erasorako guardia, defentsa-burua, Ortegaren lekua hartutakoa. Irunen elkarrekin jarduten genuen PSOE, PCE eta anarkistek, gure artean politika izaerako liskar aipagarririk gertatu gabe. Sotoetan antolatuak genituen jangelak, eta gosaltzera joan ginen. Talde handi bat gindoazen gosaltzera, eta ez dakit niri ala besteren bati pistola lurrera erori zitzaion. Eta handik ospitalera. Horrexek salbatuko zidan bizitza hiru urte geroago.

Ni, ikasle nintzela, bizikletan ibilia nintzen, eta Astigarragan izandako lasterketa batean, bigarren nindoala, aldapan gora dena eman nahian, kordea galdu nuen. Burua joan zitzaidan, erori egin nintzen eta hezurretaraino iristen ziren erredurak izan nituen. Helmugara iritsi nintzen, baina Gurutze Gorrira eraman ninduten eta luze jo zuen sendatu arte, hiru edo lau hilabete, zorneak heldu ziolako zauriari. Eta ama ez dakit zer izeneko moja batek ondo hartu ninduen lotsati samarra nintzelako, eta galtzak eranzteko agintzen zidanean nik ezetz esaten nion. Moja huraxe bera zegoen Gurutze Gorriko osagileekin batera eta bala batek zaurituta han agertu nintzenean ezagutu egin ninduen. Mojaren baimenarekin handik irten eta Kasinora joaten nintzen, apur bat errenka, eta ahal nuen bizimodua egiten nuen. Lehen ere esan dudan bezala, gerraren amaieran Valentzian harrapatu nindutenean auzitegira eraman ninduten, herriko fusilamenduetan eta erreketan parte hartu nuela salatu baitzuen norbaitek. Hori eta komunista nintzela. Egia soilik bigarrena bazen ere, beltz ikusten nuen dena, Valentzian bi sosen truke fusilatzen baitzuten edozein.

Nik epaileari esaten nion ezinezkoa zela ekintza horietan parte hartu izana, zaurituta eta ospitalean nengoelako orduan. Eta hirugarren edo laugarren galdeketa saioan, sinesten ez zidalako nireak egin zuela uste nuenean, zera esan nion: Bada, moja bat da zaindu nauena. Eta, egizu kontu, halaxe esan zidan moja bat zela entzun zidanean: Ikus dezagun egia den ala ez, eta ez bada...Mojari idatzi eta honek erantzun egin zion, eta epaileak arrazoia eman zidan, orduan erietxean nengoela, alegia. Salaketa kendu eta fusilatzeko taldearen aurrean egotetik libratu nintzen.

Izan ere, ez zidaten alta eman. Zaurituta nengoen arren, defentsan era aktibo batean parte hartzen saiatzen nintzen. Gurutze Gorrian egiten nuen lo eta egunez Kasinora joaten nintzen. Bajan nintzenez eta frontean borrokatzerik ez nuenez, Garraio Komisarian hasi nintzen lanean, Kasinoko lehengo solairuan, soldadu taldeen joan-etorriak antolatzen. Norteko Geltokiko lokalean gordetzen genuen JSUren dokumentazioa ekar zezatela agindu nuen. Margaridak, Cristobal Errandonearen bidez, kamioi batekin Errenteriako San Markos gotorlekura joateko agindu zidan, han zeuden hiruzpalau kanoiak ekartzeko. I. Errepide Nazionalean dagoen Gaintxurizketatik ez joateko esan zidan, Lezo aldera dagoen bigarren mailako errepidetik baizik, errepide nazionala Oiartzundik baitzegoen tiroen menpe. Bidaia horretan ohartu nintzen Donostiatik bereizita geratzen ari ginela. San Markosen ez zizkiguten kanoiak eman nahi, baina azkenean amore eman zuten eta eman egin zizkidaten, eta Erlaitzera eraman genituen posizio hura sendotzeko. Nafarrak gero eta hurbilago genituen (11).

Ramon Ormazabal

Ramón Ormazabal

Gainbehera

Azkenean hain zen egoera larria (12)ezen eta Margaridak alderdi politiko bakoitzeko ordezkari banari egin ziela dei Udaletxera agertzeko, han baitzegoen Fronte Popularraren egoitza. Eta hala esan zigun: Jaunak, alderdi politiko bakoitza arduratuko da Irun defendatzeko funtsezkoak diren posizio bakoitzaz. Eta ez dut atzera egiteko hitzik entzun nahi. Edo bertan hil edo..., baina ez etorri hona atzera. Posizioak zozketatu genituen eta niri Punttara joatea egokitu zitzaidan. Errepidean jarri nintzen, Endarlatsara bidean, Pausutik aurrerago, karabineroen kuartelaren ondoan. Goian, mendixka batean, babes-hesiak zeuden, jendea franko eta metrailadore pare bat. Kotxez iritsi nintzen haienganaino eta halaxe esan nien: Irungo Fronte Popularretik nator. Gerra Batzordeak bidali nau atzera ez egiteko aginduarekin. Eta eurek ezetz, etsaia askoz ere indartsua izatera atzera egin beharko zela. Eta berriro ere esan nien: ezin duzue atzera egin. Jendeak ihes egiten badu ni hilko naute, eta beraz ni hemen geldituko naiz eta ez naiz mugituko. Zorioneko eguna izan zen, egun hartan etsaiak ez baitzuen oso gogor jo. Hurrengo egunean erasoa jo zuten berriro ere, eta geroago berriz. Posizioak ondo eutsi zion eta inork ez zuen atzera egin. Eta hurrengo egunean Irunera itzultzeko agindua jaso genuen. Margaridak zorionak eman zizkigun: Ondo babestu duzue.

Etsaiak San Martzial mendia okupatu zuenean galdu zen hiria; borrokaldi horiek oso ezagunak dira egun. Irailaren 4an ondo asko ikusi genuen dena galdua zela (13), eta Udaletxean esan ziguten ez zegoela deus egiterik. San Martzial mendia etsaien mende zegoela, albiste txarrak iritsi zitzaizkigun Pausutik, Frantziara ihes egiteko lekuetako batetik. Han zauritu zuten Trubia, babes-hesian zela tiro bat jaso zuen eta Baionan hil zen, ospitalean.

Gureak egin du, amaitu da! Agiriak eta pistolak utzi genituen. Martin Ojas izeneko gazte bat zegoen, Gazte Komunistak alderdira afiliatu berria. Auto gidaria zen eta bazen auto bat. Martin, esan nion, eraman dezagun autora dokumentazio guztia, Hondarribiara goaz. Irailaren 14ko goizeko 8ak edo 9ak izango ziren. Hondarribiarantz abiatu ginen. Han  zine-areto bat bazen eta ondoan Donostiatik etorritako jendea bildu zen, zer egin erabakitzeko. Horien artean zegoen Jesus Larrañaga (14), Armadako komisario nagusia izandakoa. Alderdi Komunistako pertsonaiarik garrantzitsuenetakoa zen arren, ez genuen ia elkar ezagutzen, noizbait topo eginak gien Donostian, besterik ez. Kamioi baten gainean zegoen, Guadalupeko gotorlekura igotzeko aginduak emanez, posizio bat antolatu beharra baitzegoen matxinoak Donostiara iritsi ez zitezen.

Goazen Guadalupera!, esan nion Martini. Eta autoz igo ginen. Gotorlekuan sartu ginen, giltzatuta zegoen arren. Ordurako ez zegoen zaindaririk, nik bederen ez nuen inor ikusi, nahiz eta presoak artean barruan zeudela esaten zuten (15). Taldean denak urduri, kirioak dantzan, galdezka: Hemen sartu behar al dugu? Tranpa ematen zuen. Larrañaga ordurako ez zegoen, eta Egia delako batek, PCEren talde sasi-militarra osatzen zuten MAOCetako buru zelako nuen ezaguna, Irunera sarritan etorria baitzen talde horiek antolatzen hasteko, bere egin zuen ardura. Hala esan zuen guztien aurrean: Hemen ezin gara gelditu. Goazen Donostiara mendiz, hemen geratzea hobian sartzea baita. Goazen! Bilbon hil zuten. Gehienak Donostiara joan ziren, Martin eta biok Hondarribiara jaitsi ginen bitartean, eta berriro ere Irunera itzultzen saiatu ginen.

Arratsaldeko lauak edo bostak izango ziren. Herrian sartu baino lehen miliziar batzuk topatu genituen, eta hala esan ziguten: CNT eta FAIkoak gara. Nora zoazte? Talde andana, izugarria. –Iruna goaz– Ezin da aurrera egin, ospa! Azkenean pasatzen utzi ziguten arren, ezin izan ginen iritsi ikaragarrizko sutea zegoelako (16), dena hutsik eta kez estalirik. Hondarribiara itzuli ginen, hainbaten artean txalupa bat hartu genuen eta Frantziara igaro ginen.

Frantzian dena azkar egin zen. Gogoan dut Hendaiatik ikusi nuela Irungo sutea orduan nirekin solastatzen ari zen neska batekin, ostatu batean zerbitzariarenak egiten zituenarekin. Nire familia non zegoen ez nekien arren, Baionan nituen osaba-izebak, eta banuen haiengana joatea. Zangoko zauria gaiztotu egin zitzaidan eta min egiten zidan. Bordelen erietxera eraman ninduten. Han lau egun eman nituen eta gero ihes egin nuen. Tren batera igo eta Bartzelonara joan nintzen. Han elkartu nintzen nire familiarekin, Bartzelonara eraman baitzituzten, burdinbideetan lan egiten zituzten guztiak bezala.

Handik, Bartzelonako Ramon Casadellas batailoiarekin Madrilgo frontera joan nintzen. Gero hiriburuko Euskal Brigadan izan nintzen. Kalean Ez dira pasako, Capitol zinema aretoan “Chapaiev” ikusten, eta aldamenekoari kanoikadak filmekoak ala kalekoak ote ziren galdezka. Ikaragarria izan zen Madrilgo gudua. Han egon beharra zegoen ikusteko. Eta berriro ere Bilbora, Frantzian barrena. Iparreko kanpaina osoan izan nintzen, lehenik frontean Rosa Luxemburgo batailoiarekin eta ondoren JSUko batzorde betearazlean, hura berrosatu eta gero, Bilboko egoitzan, bilkura batean, garaikur gisa gordetzen zuten 150 mm-ko obus bat lehertu baitzen. Baina hori beste kontu bat da

Oharrak:

  1. Juan Usabiaga Lasquibar (1878-1953), politiko errepublikanoa, “La Voz de Guipúzcoa” egunkariko fundatzailearen semea. Bere jendaurreko karrera luzean zehar esan dezagun besteak beste Nekazaritza ministro izan zela.
  2. Antxon Vivar zen. 1936ko uztailean bere aitak altxamenduan parte hartu zuen, semeak lerro anarkistetatik altxamenduari aurre egin zion bitartean. Manuel Chiapusok bere “Los anarquistas y la guerra en Euskadi” liburuan dio Antxonek bere aitaren heriotzaren berri izan zuenean taldetik baztertu egin zela bere samina ezkutatzearren. Gero itzuli eta hala esan zuen: Gutxienez ausart baten moduan hil da, bere burua defendatuz, behar den bezala.
  3. Ramón Ormazábal Tife (1910-1982). PCEko aitzindari historikoa. Bizkaia Babesteko Batzordekidea izan zen eta “Euzkadi Roja” aldizkariko zuzendaria izan zen. 1939an Alacanten hartu zuten atxilo, baina Valentziako espetxetik ihes egin eta Ameriketara erbesteratu zen.
  4. Fernando Leon Alcayaga ikasle falangistarekin izandako liskarren bat izango zen. 1936ko otsailaren 20an Fernando Leonek bigarren liskarra izan zuen eta tiro egin zien bera jo nahi zutenei.
  5. Manuel Cristóbal Errandonea, taxi gidari ohia, Irungo guduaren ostean Rosa Luxemburgo batailoiaren buruan izan zen, eta geroago VI. Brigadaren buruan. Iparraldeko frontea erori egin zenean, II. Dibisioa zuzendu zuen, eta aginterako gaitasun handiak zituela erakutsi zuen. Gerra amaituta Levante aldean hartu zuten preso. Lekuz aldatu behar zuten batean ihes egin eta Frantziara egin zuen ospa.
  6. Uztailaren 20an bururatu zen ekintza hau. Bezperan Nicasio Pedrosa miliziar anarkista hil zen, kanpaina honetako borrokan hildako lehena. Izan ere, Berako Karabineroen taldeak ez zuen altxamenduarekin bat egin, eta herria kontrolpean zuen. Miliziarrak Endarlatsako zubiaren gibelera bildu ziren hartaz, uztailaren 30eko “Frente Popular” egunkariak dio “Berako Guardia Zibilaren eta Etxalarko Karabineroen tenientearen traizioagatik gertatu zela, gudarostera biltzeko agindua bete eta gero, indarrak bilatzera itzuli eta matxinoen aldera igaro baitziren beren gizonekin batean”, eta ondorioz errepublikanoek herritik alde egin behar izan zutela. Hurrengo egunean miliziarrek Bidasoa ibaiaren gaineko zubia zartarazi zuten matxinatuek aurrerago egin ez zezaten.
  7. Antonio Ortega, karabineroen brigada Irungo aduanan. 1936ko abuztuaren 6an Gipuzkoako Gobernadore Zibil izendatu zuten bere dimisioa eman zuen Artola Goikoetxearen lekua betetzeko. 1937ko ekainean Segurtasunerako Zuzendari Nagusi izendatu zuten. Gerra amaitzean Armadaren 3. Gorputza zuzentzen zuen. Alacanten atxilo hartu eta 1939an fusilatu zuten.
  8. Hasiera batean Mola jeneralak ez zuen ezer handirik prestatu Gipuzkoarako, estatu kolpea arrakastatsua izango zela eta operazio militar txikiak baino ez zituztela egin beharko uste baitzuen. Gerra izango zela begi bistakoa zenean, Beorlegui koronelari agindu zion Donostiako matxinoei laguntzeko (ekainaren 28an eman zuen amore kuartelak) eta Irun konkistatzeko, Atlantiko aldeko zerrenda errepublikanoa atzerritik inkomunikatuta gera zedin. Beorlegui uztailaren 21ean bildu zen frontera, Beran. Hilaren amaierarako 2.000 gizon zituen bere agindutara: boluntario karlistak eta Iruñeko kuarteleko America Erregimentuko soldadu talde erregularrak.
  9. Gipuzkoa defendatzeko errepublikanoen planak Frantziaren aurka gerta zitekeen gerra bat aurreikusita eraikiriko gotorleku sorta batean oinarritzen zen. Lehenengo gotorleku eta lubaki lerroa (Pikoketa, Gorostiaga, Erlaitz eta Pagogaña) Aiako Harritik (821 metro) eraitsitako Endarlatsako zubirainokoa zen. Bigarren lerroa osatzen zuten Puntta, San Martzial, Zubeltzu, Guadalupe, Santa Barnara eta San Markosko posizioek. Defendatzaileak miliziar marxistak eta anarkistak ziren, baita guardia zibilak, karabineroak eta erasotzeko guardia gutxi batzuk ere. Ausartak baina antolakuntza kaskarrarekin, diziplina eskasarekin eta buruzagirik gabe. Fusil eta jaurtigaien eskasa zen arazo nagusia: abuztuaren 6an 100 kartutxo baizik ez zituen borrokalari bakoitzak.
  10. Manuel Margarida Valdés, Erasotzeko Guardiaren tenientea. Lehendik Astigarraga-Errenteria sektorean izan zen buruzagi. “Frente Popular” egunkariaren arabera ausarta zen, leiala, zuhurra, azkarra eta estratega handia, harentzat ez zen zailtasunik ez ezinezkorik. Hendaiara egin zuen ihes miliziar asturiarren errepresioaren beldur. Hauek esaten zuten torturak eragin zituela Oviedoko Adoratricesen komentuan 1934ko Iraultzan zehar. Esaten zutenez, fonografo bat ahalik eta bolumen altuenean erabiltzen zuen presoen oinaze oihuak ezkutatzearren.
  11. Abuztuaren 11an Nafarrek mendean hartu zuten Pikoketako posizioa goizaldean eginiko eraso batean, gaua ibiltzen eman eta gero. Hilak 15ean Ortiz de Zarate koronela buru zuen zutabeak taktika berari jarraiki konkistatu zituen Erlaitz eta Pagogañako posizioak, baina 65 lagun hil ziren, tartean koronela bera.
  12. San Martzial mendia, formaz luzanga eta 220 metro garai, Irundik 3 kilometrotara, hiriko azken defentsa zen. Lubakiekin eta alanbre-hesiekin ondo gotortua izan zen. Guadalupeko eta San Markosko gotorlekuetako kanoi astunek bere lana betetzen zuten defentsan, baina emaitza kaskarra zen ez zegoelako artillerian behar bezala prestatutako ofizialik. Abuztuaren 26tik aurrera aurrez aurreko erasoei, artilleria tiroei et airetiko erasoei egin behar izan zieten aurre San Martzialetik. Erasotzaileen artean, boluntario erreketeak, legionarioen banderak, unitate erregularrak, Falangista osteak eta bost tanke italiar. Azkenean, irailaren 2an, arratsaldeko hiruretan, mendia konkistatu zuten matxinatuek.
  13. Irailaren 4ko goizaldean Pausuko auzoa eta Frantziarekin lotzen zuen zubia okupatu zuten matxinatuek. Hurrengo egunean kiskalitako Irun batean sartu ziren, eta Udaletxean kolore biko bandera eta Nafarroakoa paratu zituzten.
  14. Jesús Larrañaga Churruca. Urretxun sortua, jesuitekin ikasi zuen Xabierko apaizgaitegian, baina handik bota egin zuten errebeldia leporatuta. 1927an PCEn afiliatu zen. Gerra Komisarioa izan zen Gipuzkoa Babesteko Batzordean, eta gero ardura handiko postuak bete zituen Armada errepublikanoan. Amerikara erbesteratu eta gero PCEk Espainiara itzultzeko agindu zion klandestinitatean lan egin zezan. Portugalen atxilo hartu zuten 1941ean, Espainiara estraditatu zuten eta 1942ko urtarrilaren 21ean fusilatu zuten.
  15. Gotorlekuan gutxi gora-behera 170 preso zeuden giltzapetuta. Hamazazpi fusilatu zituzten, tartean eskuineko diputatu batzuk, esate baterako Joaquín Beunza eta Honorio Maura. Irailaren 5eko arratsaldean 156 presok ihes egin zuten bigarren mailako ate batetik, guardiako miliziar batek eman zien giltza batez baliaturik.
  16. Erretiroan zihoazen miliziar anarkistek eragin zuten Irungo sutea.

Bibliografia:

CHIAPUSO, M.: Los anarquistas y la guerra en Euskadi.- Abarka, Andoain, 2003.

MARTÍNEZ BANDE, M: Nueve meses de guerra en el Norte.- San Martín, Madrid, 1980.

TALÓN, V.: Memoria de la guerra de Euzkadi.- Plaza&Janés. Barcelona, 1988.

Leandro Agirretxe, 1, 4 Lokala
Irungo Palmera-Montero Gizarte-etxean - 20304 Irun
Tel: 669 075 423