logo de la Asociación Republicana Irunesa 'Nicolás Guerendiain'

2. Artikulua.-
Hona hemen elkartearen helburuak: BALIO ERREPUBLIKARREN DEFENTSA ETA OROIMEN HISTORIKOAREN BERRESKURAPENA

Jarrai iezaguzu...Logo de facebookLogo de youtubeLogo de twiter

Bilatu:

Elkarretaratzea-Omenaldia • 80 Urteurrena. 1636-9-4 / 2016-9-4

Faszismotik ihesi Nazioarteko Zubia gurutzatu zuten errepublikanoei omenaldia.

Frankismoaren krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformak antolatuta, altxatutako militarrek Irun hartzearen 80. urteurrenean, Nazioarteko Zubia gurutzatu zuten errepublikanoen omenez elkarretaratzea egin da zubi horretan bertan; izan ere, 1936ko irailaren lehenengo egunetan, hura gurutzatu zuten ehunka pertsonak faszisten ankerkeriarengandik ihesi.

Fotos

Argazki gehiago

Omenaldiaren bideoa

Gure Elkarteko kide batek irakurritako testua

Lehenik eta behin, gogorarazi nahi dugu zer testuingurutan pasatu behar izan zuten milaka irundarrek zubi hau: hauteskunde demokratiko batzuen ondoren gobernu errepublikano bat eratu, eta estatu-kolpe bat izan zen legez eratutako gobernuaren kontra, eta, horren ondorioz, gerra piztu zen. Matxinoek botere ekonomikoaren laguntza finantzarioa eta Hitlerren eta Mussoliniren laguntza militar eta logistikoa izan zuten; “mendebaldeko demokraziak”, berriz, begira gelditu ziren, kikilduta.

Errepublikazaleak garen aldetik, gure egiten ditugu faxismoaren kontra eta gobernu errepublikanoaren alde borrokatu ziren irundarren balioak.

Azken batean, kolpistak geldiaraztea zuten xede, haien helburua baitzen eskubide demokratikoak, gizartearen eta sindikatuen lorpenak, emakumeek bozkatzeko eskubidea, Estatuko erkidegoen eskubide nazionalak, hezkuntza- eta kultura-arloan egindako aurrerapausoak… deuseztatzea. Horregatik, erabateko esker ona adierazi nahi diegu Errepublikako maisu-maistrei, denbora gutxian lan itzela egin baitzuten, gobernu errepublikanoaren laguntzaz: eskola publikoak sortu, biztanleriaren gehiengoa alfabetatu (adingabeak zein helduak), ezagutza eta kultura gehiengoaren eskura jarri… Ordura arte, aldiz, leku askotan, elite pribilegiatuarentzat bakarrik ziren halakoak.

Era berean, erabateko esker ona adierazi nahi diegu irundar helduekin batera besoz beso Irun babesteko borrokatu zirenei: Estatuko eta Europako beste leku batzuetakoak izanda ere, ez zuten izan dudarik faxismoaren kontra borrokatzeko. Denbora gutxian, ordea, Europa osoa suntsitu zuen faxismoak.

Abuztuaren 23an hasi ziren tropa frankistak hiria setiatzen eta bonbardatzen, eta egun horretatik aurrera zubia zeharkatu zutenak basakeria faxistatik ihesi zihoazen.

Esker ona adierazi nahi diegu demokrazia errepublikanoaren eta beren seme-alabentzako etorkizun hobe baten alde egiteagatik Pikoketan fusilatu zituztenei –nerabeak ziren gehienak–, fusilatu egin zituzten guztiei, kartzelatu egin zituztenei, kontzentrazio-esparruetan sartu zituztenei, erbesteratu behar izan zutenei, etxera itzuli ezin izan zutenei, beren negozio eta ondasunak galdu zituztenei, kolpisten ideia totalitarioekin bat egin ez zutenei…

Gatazka horretan aipatutako eskubideen alde borroka egin eta sufritu zutenen seme-alabak gara asko eta asko, haien bilobak.
Gogoan izan behar dugu hori, bestela oroimena irainduko baikenuke, GURE OROIMENA.

Nicolas Guerendiain elkarte errepublikazaleak, oraindik ere, egia, justizia eta ordaina eskatzen du frankismoko biktimentzat; tartean, 1936ko abuztuaren amaieratik irailaren hasierara bitartean zubia gurutzatu behar izan zuten herritar guztientzat.

Bestalde, gogoan izan behar dugu zubia pasatu zuten irundar asko eta beste leku batzuetan barrena ihes egin zuten beste asko ERBESTERATUAK ETA/EDO ERREFUXIATUAK zirela.

Beren oroitzapenetan, GURE OROIMENEAN, ezin dugu ahaztu hori, eta, horregatik, gaur egun antzeko egoeran dauden guztiek asilo-eskubidea dutela aldarrikatzen dugu, nongoak diren gorabehera.

Esker ona adierazi nahi diegu gure iheslariei harrera egin zietenei; bereziki, Hendaiako bizilagunei, baina baita Frantziako gainerako eskualdeetakoei, Europakoei, Amerikakoei eta Afrikako iparraldekoei.

Gaur egun, egoera kezkagarri batean gaude Estatuan eta Europa osoan: eskubide demokratiko, sozial, sindikal eta politikoak galbidean daude; eskuin-muturra eta xenofobia gora egiten ari dira; eta giza eskubideak urratzen dira.

Hori dela eta, inportantea da gure aurrekoen balio errepublikanoen garrantzia azpimarratzea, inoiz baino beharrezkoagoak baitira: askatasuna, berdintasuna eta elkartasuna.

Pertsona guztiok dugu duintasunez bizitzeko eskubidea, nongoak garen gorabehera: iritzi-askatasuna eta elkartzeko askatasuna; lan duina izateko eskubidea; etxebizitzarako eskubidea; osasunerako eskubidea; hezkuntzarako eskubidea; gure hizkuntza, kultura eta identitatea babesteko eskubidea; genero-berdintasunerako eskubidea eta sexu-orientazio askerako eskubidea; laikotasunerako eskubidea eta kredo-askatasuna; eta gure planeta eta Lurreko biodibertsitatea errespetatuak izateko eskubidea.

Plataformako kideek irakurritako beste testu batzuk

Frankismoaren Aurkako Kereilaren Euskal Plataformaren izenean aipamen berezi bat egin nahi diegu zubi esanguratsu honetatik pasa ziren ehunka emakumeei. Duela 80 urte, gure amek, amandreek, birramonek… beren etxe, bizimodu eta sorterria atzean utziaz, bide hau hartu behar izan zuten, maleta gutxikin, senitarte nagusi eta seme alabak gogor helduta, bonbardaketetatik eta faxismoak ezartzen ari zen triskantzatik ihes egiten.

Traba guztiei aurre egiteko prest, beste herrialde ezezagunetara abiatu ziren babes bila.

Joan zirenetako batzuk ez ziren sekula ere Euskal herrira itzuli eta bueltatu ziren emakumeek, berriz, errepresioaren ondorioak jasan zituzten: etxeak hutsik, lanpostutik kaleratuak, ama hizkuntza debekatuta, ezagun izandako askoren mesprezua, “gorrien” alargunak izateagatik irainak… Askorentzat erbestealdia ez zen amaitu herrietara itzuli ondoren.

Hemendik edo geroxeago Bilbotik, Santanderretik, Kataluniatik… ebakuatuak izan ziren milaka pertsonendako, ez zen bide erosoa izan, baina gogoan izan behar dugu, gaur eta atzo, egoera larria baino larriago horretan emakumeak eta neskatoak direla, berriro ere, sufrikario latzenak pairatzen dituztenak.

Gu ere errefuxiatuak izan ginelako eta gu ere errefuxiatuak izan gintezkeelako, gerran dauden herrialdeetatik ihesi Europan sartu nahi duten errefuxiatuei, 'etorkin ekonomiko' deitutakoei edota bizi-baldintza jasan-ezinetatik ihesi datozenei, elkartasuna adierazi nahi diegu. Mendebaldeko potentziek herrialde horietan izandako esku hartzea, arma esportazioa eta Europako eta Turkiako Gobernuen arteko lotsaren akordioa salatzen dugu.

Djamila

Lehenik eta behin, urtemuga honekin dudan elkartasuna adierazi nahi dut; izan ere, urtemuga honek gogora ekartzen du milaka lagunek jasan izan zuten errepresioa eta erbesteratzea. EZ AHAZTEA garrantzitsua da.

Haiek bezala, guk ere utzi behar izan genituen gure herriak eta gure komunitateak, arma-gatazketatik, pobreziagatik ihes eginez…. arrazoi ekonomikoak, erlijiozkoak, sexu-aukerakoak eta abar tarte zirela.

Bide zail honi ekitea erabaki genuen gure bizitzak aldatzeko gogoa dugulako.

Gobernu askok, ERREFUXIATUAK DELINKUENTZIAREKIN lotuz, beldurraren diskurtsoaren aldeko apustua egiten badute ere, ez gara gaizkileak, hipokresia salatzen jarraitu behar dugu eta zuen laguntza behar dugu.

Errefuxiatuen egoera larriagotzen da egunetik egunera. 4.000 pertsona baino gehiago hil dira Mediterraneoan, eta, haien artean ehunka neskato eta mutiko ere bai. Gure bizitzak arriskuan jartzen jarraitzen dugu. Ez da prestatzen iristeko bide legalik eta gure eskubiderik oinarrizkoenak urratzen dira.

Nazioarteko Erkidegoak migrazioa errespetatu behar du eta asiloa eskatzen duten pertsona guztien eskubidea bermatu behar du.

Eskerrik asko mundu bidezkoago, berdinago eta inklusiboago baten alde lan egiten dutenei eta haiei gure elkartasuna ere adierazi nahi diegu.

Mugak zabal ditzatela!!!

Leandro Agirretxe, 1, 4 Lokala
Irungo Palmera-Montero Gizarte-etxean - 20304 Irun
Tel: 669 075 423