logo de la Asociación Republicana Irunesa 'Nicolás Guerendiain'

2. Artikulua.-
Hona hemen elkartearen helburuak: BALIO ERREPUBLIKARREN DEFENTSA ETA OROIMEN HISTORIKOAREN BERRESKURAPENA

Jarrai iezaguzu...Logo de facebookLogo de youtubeLogo de twiter

Bilatu:

Gernikako Gerrako Presoen Kartzela Eritegi Militarraren 70. urteurrena

Foiletoa

Gerra zibileko presoen presentzia bonbardaketa baino egun batzuk geroago datatua dago Gernika-Lumon. Laster asko eta bonbardaketaren aztarnak ezabatzeko asmoz, tokiko agintari berriek preso taldeak eskatu eta gure herrira ekartzea lortu zuten garbitze lanak egiteko. Pasealekuko Eskola Publikoetan eta San Joseko RR.MM.en komentuan, Josefinetan, eduki zituzten preso horiek, hainbat lekutako ehunka preso errepublikano giltzapetuak.

1937ko udaz geroztik, Iparraldeko Frontea erori zenean, baina batik bat gerra aurrera zihoan bitartean 1938. urte hasieran, Francisco Franco jeneralak zuzenduriko estatu kolpearen aldeko indarrek milaka preso egin zituzten eta hainbat kontzentrazio esparrutan banatu zituzten. Horietan pilaturik egotean, goseak eta tratu txarrek, era guztietako gaixotasun eta arazoak eragin zituzten, eta ondorioz, agintari militarrek 1937ko abenduaren 6an hainbat erietxe militar sortu behar izan zituzten gaixorik zeuden presoak sartzeko, agintari frankistak gero eta kezkatuago baitzeuden izurritea gainerako herritarrengana, espetxeratuak nahiz zibilak, zabaltzeko arriskua zegoelako.

Gernika-Lumo izan zen aukeratutako lekuetako bat ezaugarri egokiak zituelako, ongi komunikatua zegoen (burdinbidea); biztanle gutxi (Gernika-Lumok 800 biztanle besterik ez zuen orduan); instalazio handiak eta hiri guneetatik urrun); eta Mugimendu Nazional Aintzatsuaren “jarraitzaile” ziren biztanleak zituelako (¿?).

Gernikako Gerrako Presoen Kartzela Eritegi Militarra Santa Ana eremuan egon zen, Agustindarren Eskolaren instalazioetan (1963. urteaz geroztik gure herriko Irakaskuntza Institutua), orduan (suntsituriko) herrigunetik urrun zegoen leku hura eta oso urrun jendea bizi zen lekuetatik (Saraspe, Lurgorri eta Errenteria auzoa, orduan Ajangiz).

GGPKEM 1938ko udaberrian jarri zuten abian preso zauritu eta gaixoekin, gehienak Asturias, Santander, Bilbo eta Burgosko kontzentrazio esparruetatik zetozenak. Belchite, Teruel, Bruneteko fronteetatik, eta Ebroko gudutik (1938ko uztaila-urria) etorritakoak elkartu ziren horiekin. 600 lagunentzako lekua zuen esparruak, baina kopuru hori nabarmen gainditu zuten.

Agustindarren eraikina oso handia zen, 1894. urtean eraikia, hiru solairu zituen, barne patio handiak eta ongi argiztatua zegoen, bi hegal zituen kapera zabal batek bereiziak. Gernikatik Bermeora doan errepidearen ondoan zegoen, “Cia. Amorebieta-Gernika-Pedernales” burdinbidetik oso hurbil, eta guztiz egokia zen bertan pertsona ugari biltzeko, sortu zenetik 1932. urtera arte Bigarren Hezkuntzako zentroa izan baitzen, fraide agustindarrek zuzendua.

Halaz ere, eraikin handia izan arren eta banakako gela, irakasgela eta logela kolektibo ugari bazituen ere, lorategi eta kirol instalazioez horniturik, espazio zabal horiek ez ziren aski izan konboiez konboi, burdinbidez edo kamioietan, jada suntsituriko Gernika-Lumo herrira aldian behin ekartzen zituzten preso gaixo ugariei ostatu emateko.

Ehunka preso lurrean eduki zituzten patio handietan, gela eta abarretan, sendagile eta osasun langile gutxi jarri zituzten haiek zaintzen, eta bertako biztanleek lagundu behar izan zuten. Guardia Zibilak eta Bigarren Lerroa deiturikoko langileak, pertsona zibil gernikarrak, arduratu ziren zaintza lanez, eta baita mantenuarekin loturiko guztiaz ere, Udaleko Ogasuneko Negoziatua egonik haren gastuen kargu.

Besteak beste, Tuberkulosia, Sukar Tifoidea edo Tifus Exantematikoa bezalako gaixotasun infekziosoen izurriteak sendatzeko leku ez egokian; asepsia eskasi handiekin; elikadura egokirik gabe; Zalloko hilerrian bukatu zen han sartutakoen gorputz gosetiek, gehienak patologia kutsakorrekin, egin zuten bidea.

1938ko ekaina eta 1940ko maiatza bitartean, guztira 270 preso hil ziren GGPKEMean. Kopuru izugarri horrek ekintza bat ekarri zuen berekin, nola deitu ez dakigun ekintza, hain zuzen ere. Behin hil ondoren, presoaren gorpua zurezko kutxa batean sartzen zuten eta zaborra jasotzeko udal gurdian jartzen zuten, garraiobide horren bidez eramaten baitzuten hilerrira. Hara iritsi ondoren, hartarako erabiltzen zen esparrutik kanpo egiten zen hilobiratzea, kanpoaldean, “handitzea” deituriko eremuan, hilerriko sarreraren ondoan. Heriotza nahiz hilerrira eramatea ezkutatu egin zitzaien bertako biztanleei. Heriotzaren jakinarazpena, Legea betetzeko, hildakoaren jatorrizko herriari egiten zitzaion, kasu batzuetan eta beti ere herri hori “liberatua” bazen. Hildakoen familiakoen %95 baino gehiagok inoiz ez zuten izan heriotzaren berri, eta desagertutzat eman zituzten senideak.

Kontuan izanik, alde batetik, izandako heriotza kopurua, eta bestetik, bertako agintarien herria berreraikitzeko gogoa, GGPKEM itxi egin zuten 1940ko maiatzean eta bertako preso gaixoak beste leku batzuetara eraman zituzten (Pedernales, Zornotza, Bilbo, eta abar).

1940. urte amaieran Espetxe Kolonia bat egokitu zen bertan eta Langile Batailoia izendatu zuten Gernika-Lumo berreraikitzeko, Lurralde Hondatuen erakundearen zuzendaritzapean, beren zigorra lanaren bidez beterik. Agustindarretan egon zen 1946 arte.

2002ko urrian eta Bartzelonan Espainia frankistako Presoen Kontzentrazio Esparruen eta Espetxe Politikaren inguruko Lehen Kongresua egin behar zutela eta, GERNIKAZARRA historia taldeak jakinarazpen bat aurkeztu zuen eta eragin handia izan zuen gizarte kataluniarrean. TV3 bezalako komunikabideek, prentsa idatziak eta abarrek eman zuten haren berri. Urtebete geroago Generalitatek saritu zuen haren hedapena. Hainbat urte geroago argitaratu zuten lana.

Orduz geroztik, gure herrian hain leku tragikoa egon izana zabaldu da historian espezializaturiko aldizkari askotan, Interneten eta hainbat argitalpen espezializatutan, memoria historikoa berreskuratu nahian.

Aldian behin gure herrira etortzen ziren bertan hildakoen senideak. Asturiarrek, kataluniarrek, andaluziarrek, mantxarrek orain dela urte batzuk izan dute leku honen berri. Batzuek elkarte bat ere sortu dute, kataluniarrek, esate baterako.

2005. urtean, orduan Hezkuntza Kontseilaria zenak, gaia ezagutu ondoren, eraikin berrian, hurrengo belaunaldiei leku honetan GGPKEM egon zela gogora ekarriko dien plaka bat jartzea nahi zuela adierazi zuen. 2008ko urtarrilean jarri zen plaka hori.

Memoria berreskuratzeko interesgarria eta komenigarria izango litzateke gertakizun triste hori ez ahaztea.

Historian leku bat behar dute askatasunaren alde borroka egin zutenek

Gernika-Lumo 2008ko apirilak 2

GERNIKAZARRA Historia Taldea www.gernikazarra.com

Leandro Agirretxe, 1, 4 Lokala
Irungo Palmera-Montero Gizarte-etxean - 20304 Irun
Tel: 669 075 423