logo de la Asociación Republicana Irunesa 'Nicolás Guerendiain'

2. Artikulua.-
Hona hemen elkartearen helburuak: BALIO ERREPUBLIKARREN DEFENTSA ETA OROIMEN HISTORIKOAREN BERRESKURAPENA

Jarrai iezaguzu...Logo de facebookLogo de youtubeLogo de twiter

Bilatu:

Paco Perez, “mugalari” baten memoriak

Historia 16, 357. zenb. 2006ko urtarrila (Mikel Rodríguez)

II. Mundu Gerra amaitzear zegoela Franco berehala eroriko zelakoan zegoen Eusko Jaurlaritza. Eta erregimena aldatuko zela aurreikusita, sare klandestino zabala antolatu zuen. Frantzia askean Agirre lehendakariak lortu egin zuen OSSek (1), Estatu Batuetako zerbitzu sekretuek, euskal herritarrez osatutako unitate bat komando gisa entrenatu zezala. Gizon horiexek izan ziren etorkizuneko Ertzaintzaren haziak, eta aldi berean, talde txikiak prestatuko zituzten herri eta auzo bakoitzean, erbestetik garaile itzuli eta gero. 1945eko udaberritik aurrera OSSek 120 bat euskal herritar prestatu zituzten Cernay-la-Villeko Rothschild gazteluan, Paristik 30 kilometrotara. Geroago Frantziako gobernuaren baimena jaso zuten mugaldean talde paramilitarrak egokitzeko, talde horiek 50 lagunek baino gehiagok ez osatzeko baldintzarekin. Baso ustiakuntzari emandako itxurazko enpresetako langileenak eginez, Ezterenzubi, Ainhoa, Banka eta Iratin egokitu ziren gizon hauek.

Barruan, 1943an, Eusko Naia osatu zen, espetxetik irtendako EAJ alderdiko gudariek sortua. Guztiek egin zuten honako zina: “Zin dagit Erakundeko kide izateko prest nagoela, haren alde dena emateko prest nagoela, fitsik ere esango ez dudala, nahiz eta horretarako bizitzarekin erantzun behar dudan. Era berean, Erakundearen xehetasunen berri ez edukitzen saiatuko naiz, nire gaineko agintaria nor den besterik ez dut jakingo (...). Arrazoiren batengatik Erakundetik baztertua izango banintz, eztabaidarik piztu gabe onartuko dut nire gainekoek hartutako erabakia, eta isilpean edukiko ditut xehetasunak eta pertsonen izenak, dagokionean eta nire gaineko agintari ohiak betebehar horretatik aske utz nazan arte”. Frantzian 600 inguru lagunek egin zuten zin hau. Erakundea jardun gabe egon zen 1944ko azaroan polizia frankistak, makis komunista bati harrapatutako zerrendari esker, haren aurkako erasoa bideratu zuen arte.

Euskadin eta Nafarroan ez ezik Espainiako beste eskualde batzuetan ere bazen erakunde klandestinorik. Madrilen Joseba Rezola buru zuen talde bat ari zen, eta Bartzelonan Txomin Letamendi eta Sabin Barrena buru zituen beste talde bat. Erakundeak nazioarteko sostengu garrantzitsua zuen: Rezola Londresera joan zen RAFen hegazkin batean hango gobernuan laboristekin elkarrizketatzeko asmoz. Elkarlanean jarduten zuten Frantzia, Britainia eta Estatu Batuen enbaxada etxeekin, eta hauek, zenbaitetan, ibilgailu ofizialak eta zorro diplomatikoak baliatzen uzten zieten euskal herritar hauei. Sare honek harremanak zituen Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusian, Kanpo Arazoetarako ministerioan, presondegietan, kolonietan eta Carrero Blancoren zuzendaritzapean jarduten zuen El Pardoko Dokumentazio Zerbitzuan, inteligentzia taldearekin. Funtsean jarduera politikoa garatzen zuten: Frankismoren alternatiba bat, Aliatuek onartzeko modukoa, eraikitzea zuten xede, bestela aliatuek ez zuten Franco mugiarazteko urratsik egingo. Horretarako behin-behineko gobernu bat, ahalik eta zabalena, kudeatzen saiatu ziren. Negoziazioak izan zituzten errepublikanoekin, PSOErekin, CNTrekin, militarrekin eta nola Karlos hala Alfontso erregegaien aldeko sektoreekin. Operazio hauek eraginkorrak izan zitezen informazioek eta pertsonek halako erraztasun batekin gainditu behar zuten Frantziarekiko muga itxia.

Sare haietan ezinbestekoak ziren, buruzagiez eta informazioa biltzen zituztenez gainera, mugalariak (2). Muga-sareko mugalari trebeenetako bat izan zen gure protagonista Paco Pérez Luzarreta. Bigarren Mundu Gerrako beteranoa zen, eta oso lagun ezagunak igaroarazi zituen mugatik, esate baterako, PSOEko Batzar Nagusiko kide Carmen García Bloise, baina hura ez da inoiz ere hizpide izan. Segur asko afiliaturik ez zegoelako, eta bere militantzia antifaxista alderdi politiko bakar baten izenean garatu ez zuenez, inortxok ez du haren ekintzen berri emateko interesik. Jorge Oteiza artistak baizik ez zuen haren bizitzan arakatu: inoiz ere idatzi ez zuen film baterako gidoia zebilkion buruan, baina ezerezean geratutako mila proiektuetatik beste bat baino ez zen izan hura.

Sare klandestinoen giharra: Paco Pérez Luzarreta

Francisco Pérez Luzarreta 1922ko abuztuaren 1ean sortu zen Jaurrietan, Nafarroan. Karabinero eta jostun baten semea zen, eta txikitan jasan zuen Gerra Zibila. Galtzaileen aldean zegoen. Irun galdutakoan Poitiersera erbesteratu zen, eta gero Bartzelonan jarri zen bizitzen gerra bukatu zen arte. 1939an Irunera itzuli zen amarekin eta arreba zaharrenarekin. Aita eta hiru anaia zaharragoak espetxeraturik zituen, Frantziako kontzentrazio esparruan, edo Marokon mobilizatuak ziren. Errepresio, hondamendi eta etsipen garaia izan zen. 1943, urtean, baimena zuela aprobetxaturik, soldadutza utzi eta Frantziara igaro zen lagun birekin. Alemanek Baionan hartu zuten eta Atlantiar Hesirako gotorlekuak eraikitzeko lanetan jarri zuten, baina Pacok ihes egin eta klandestinitatera egin zuen jauzi. 1944-45 denboraldiko neguan euskal erbesteratuek frantziar armadan osatzen zuten unitatera, Gernika Batailoira, bildu zen, eta batailoi horretan kaporalburu izan zen (3) Pointe-de-Graveko borrokaldietan.

1845eko maiatzean eliteko instrukzioa jasotzeko hautatuen artean izan zen Paco, lorategi, baso eta aintzira batez inguratutako Rothschild gazteluan. Zerbitzu sekretu estatubatuarrek materiala eta irakasle onenak eskaini zituzten, horien artean Fairbanks koronela, borroka arteetan mendebaldeko aitzindaritzat hartua. OSSeko komandante Warnerren agindupean kartografia, era guztietako leherkari eta suzko armen erabilera eta borrokarako teknikak ikasi zituzten. Borroka tekniken artean, batzuk oso berriak ziren orduan, esate baterako, jiu-jitsua eta judoa. Guztiz debekatuta zuten gazteluko barrutitik irtetea eta gutunen bidez non ziren jakinaraztea. Ariketa fisikoak eginez ematen zuten eguna, lasterketak, jauziak, igeriketa, arrauna eta borrokak eginez, alanbradak mozten eta era guztietako oztopoak gainditzen.

1945eko uztailaren 8an unitatea desegin egiten zela jakinarazi zieten estatubatuarrek. Ez zieten azalpen ofizialik eman. Gainera, gazteluko patioan uniformeak erretzea agindu zieten, jarduera salatu zezakeen probarik ez uzteko.

Paco ez zegoen horrekin ados, eta borroka antifaxistan aurrera egitea erabaki zuen. Maki komunistekin bat ez zetorrenez, ez baitzuen ez haien ideologia ez haien metodologia gustuko, itxitako mugan barrena informazioa eta pertsonak igaroarazteari ekin zion.

Urdazubiko kuartel etxea

Urdazubiko kuartel etxea. Bertako guardia zibilak
saiatzen ziren mugak gainditzen zituztenak atxilo hartzen

Pacoren testigantza 60 urte geroago

Pacok egiaren parte bat baizik ez du ezagutzen, bere egitekoan hoberena izenen eta operazioen nondik norakoen berri ez edukitzea baitzen. Bestela, agian, nazka-nazka eginda abandonatuko zituen bere egiteko arriskutsuak. Esate baterako, gogoan du nola politiko batzuk igarotzen saiatu ziren baina Bidasoa ibaiaren erdiko irla txiki batean harrapatu zituzten. Ez du istorioaren amaieraren berri. Bi sozialista ziren, Madrilen monarkiaren oposizioarekin biltzekoak zirenak. Eusko Jaurlaritzak Hendaian zuen ordezkaritzan hondamendi gisa hartua izan zen berria. Izan ere, itxaropen handiak jarrita zeuzkaten negoziazio horietan, funtsezkotzat hartuak izan ziren Franco aginpidetik egozteko! Bada, kontua da hurrengo egunean biak azaldu zirela, onik, Frantzian. Ibañez Opacua koronelak eta Yagüe jeneralak, lurralde honetan eskuduntza zuten buruzagi militarrek, ez zuten aipaturikoei Madrilen galdeketak egiten uzten, euren izenak mahairatu ez zitezen. Mugalari batentzat hobe da joko anbiguoetan peoi ez izatea, aliatuen eta etsaien arteko lerro arriskutsua ikusi ezina gertatzen baita.

Honatx Pacoren oroitzapenak, klandestinitatearen giharraren oroitzapenak:

Ahuntzak mendira egiten duela diote, eta Jaurrietako mendizale ona izaki, beti ere izan dut gustuko mendian batetik bestera ibiltzea. Amerikarrek Rothschild gazteluan emandako maila handiko entrenamenduaren ostean, Tartzanen pare ikusten nuen neure burua, eta zernahi egiteko prest nengoen. Oso indartsu ikusten nuen neure burua, eta gero ez naiz deus izan! Baina hogei urterekin mundua konkistatzeko prest zinen, eta egiazki zinena baino indartsuagoa ikusten zenuen zeure burua. Gutxienez, borroka egiteko potroak izan nituen.

Sekula ez naiz alderdi politiko batean afiliaturik egon, baina PSOErekin Ormaiztegiko alkateorde izandako Carlos Inchausti lagun nuenez, ideologia horren aldeko nintzela esaten zuten. Mobilizazioa desegin ostean Hotel Sudamericano hotelean hartu nuen ostatu, Hendaiako geltokitik gertu. Diru asko egina zuen indiano bat zen jabea. Gaixotu egin zen eta odol transfusioak behar zituenez nik ahal nuen guztia eman nion, eta Jaungoikoa banintz baino hobe zaindu ninduten. Arma fabrikan hasi nintzen lanean. Uria zuen izena jabeak, eta abertzalea zen, eskualdeko alderdi aberatseko ia kide guztiak bezala. Nik haren seme-alaben laguna nintzen, eta egun batzuetan lanera ez joateko aukera izaten nuen, askatasun hori ematen zidaten.

Irunen eskasia nabaria zenez, familiak ez zuen oinarrizkorik, eta gau bat ogi zuriarekin eta beharrezkoak ziren gauzekin, baita Pointe-de-Graveko borrokaldian alemanei ostu nien irrati batekin ere, pasa nuen muga. Eta geroago, muga ondo ezagutzen nuenez eta igerilari trebea nintzenez, nahi bezain bestetan igarotzen nuen ibaia. Orduan mugalariarenak egiteko eskatu zidan Eusko Jaurlaritzak. Nik baietz erantzun nien, eta ordainetan deus ere kobratu nahi ez nuela. Ez nuen xentimorik ere kobratzen, nahi nuelako betetzen nuen egiteko hori, ez kontrabandistek bezala, hauek, kasuren batean, hil ere egin baitzuten pasatzen zutena. Irun-Hendaia alde honetan oso gutxi ziren dirua kobratzen ez zuten mugalariak. Gehienak kontrabandistak ziren. Ni amorru bizian joana nintzen gerrara diktadurekin amaitzeko asmoz. Urduri ginen, Francok noiz alde egingo. Guk burua tente itzuli nahi genuen, amerikarrek Rothschilden esan ziguten bezala, Euskadiko ordena publikoaren zaindari legez. Baina amerikarrek geldiarazi egiten ziguten, guk jardunez gero errepresioa, biktimak, izango zirela argudiatuta...

Nire lehen egitekoa Mediavilla delako bat PSOEko goi agintari batekin Donostian elkartzea izan zen, aginduak eta oharrak eman behar baitzizkion. Geroago, egiazki arriskuan zeuden pertsonak ekartzea agindu zidaten. Lehenengoa Bilbon zegoen gizon bat izan zen, 8 urte lehenagotik hiria okupatu zutenez geroztik klandestinitatean ibilitakoa: erroldan ere ezin izan zuen izena eman. Hura harrapatu izan balute, akabo!. Gero Eibarko agintari bat igaro nuen, Mendiola, garai hartan oso bilatua zena eta bizimodu egiazki zaila zuena. Ia ito egin zen ibaia alderik alde igarotzean, eta ahotik ahokoa egin behar zian nion irlatxo batean, gauez. Erabaki hauek Ordoki komandantearen etxean hartzen genituen (4). Era berean, Eusko Jaurlaritzak Baionan eta Parisen zituen Ordezkaritzetara joaten nintzen. Parisen Marceau-ren (5) etxera joaten nintzen, Notre-Dametik hurbil zeukaten beste etxebizitza estatubatuarrentzat baitzen (6). Hara joaten nintzenean Amerikatik borrokalari ohiei emandako arropa eta dirua ekartzeko aprobetxatzen nuen. Baina nire harremanak beti izan dira jende zailduarekin, gogor lan egiten zutenekin, ez dakit zer gertatzen zen bulegoetan. Carlos Iguiñiz arduratzen zen kontu horiekin, baita Rufino Pastor ere. Baina nik batez ere Ordokirekin izan nituen harreman sakonak.

Barruan batetik bestera mugitu ahal izateko gauzak asko erraztu zizkidan Juanito Arroyok, Donostiako Hornikuntza Buruak. Honek “Eremu Iragazkaitzetan” ibiltzeko igarobaimena ematen zidan, mugan batetik bestera egin ahal izateko. Eta larrialdiren bat gertatuz gero, Saguesko Hornikuntza etxeko kotxetegira joan nintekeen eta hango beste langile bat banintz bezala ezkutatu nintekeen.

Bidaia asko eta asko egin nituen ia hiru urtetan, eta zenbait astetan hainbestetan igarotzen nuen muga. Batez ere, Irungo Pospolo Fabrikaren ondoko igarobide batetik igarotzen nuen ibaia. Negu gorrian ere igerian pasatzen nuenez, ezin izaten nuen gero hatzak behar bezala mugitu. Iperitari aurre egiteko traje iragazkaitz bat lortu nuen, eta horrela hobe igarotzen nuen ibaia. Gero ibaiertzean ezkutatzen nuen, edo fardeltxo batean biltzen nuen. Ibaia handituta etortzen bazen, martxan zen trenera igotzen nintzen, komunean ezkutatzen nintzen, eta Espainian jaisten nintzen, trena artean martxan zenean. Bidaia gehienetan mezuak eramaten nituen Mediavillarentzat, eta Donostiako “topo” geltokian izaten nuen harekin hitzordua.

50 lagun baino gehiago igaro ditut mugatik, baina ez nuen lan hori gustuko. Hala eta guztiz ere, igaro egin behar nituen, kasu larriak zirelako. Nik nahiago nuen soilik informazioaren eramaile izan, ez baitzait inoiz ere inor konprometitzerik gustatu, ez eta inork ni konprometitzerik ere. Pertsonak eskuarki Irunen eta Donostian hartzen nituen, baina zenbaitetan Eibar eta Bilboraino ere joan behar izaten nuen. Lehenik, aholku batzuk ematen nizkien: “Batez ere lasai egon, arriskutsuena urduri egotea, izututa egotea, baita. Lerroan joan behar dugu, lagunen artean halako tartea gordeaz. Eta, zer moduz moldatzen gara uretan?”. Izan ere, igarobide batetik eramaten nituen arren, zenbaitetan ur asko zekarren ibaiak. Gizonek eta emakumeek berdin erantzuten dute, baina arazoa zaharrak izaten dira, eta ni saiatu egiten nintzen 40 urtetik gorakoak ez eramaten, alboan duzunak zuk bezalatsu erantzun behar baitu.

Muga zaindariek baino, igarotzen zenituen pertsonek eragiten zituzten arazoak eta arriskuak. Gau batez, Leontxo González tolosarra pasatzen ari nintzela, ebaki batean nik salto egin baina bera erori egin zen. “Hanka hautsi dut eta ezin naiz mugitu!”. Eta egiazki hautsita zuen hanka! Irundik 8 kilometrotara ginen, ni baino pisuagoa zen eta bizkar gainean ekarri behar izan nuen! Nire gurasoen etxera eraman nuen eta handik bi egunetara Urnietara. Leontxo honek arrazoi politikoengatik igaro nahi zuen muga, baina baita emazte guztiz berezia zuelako eta Frantzian bizia berrosatu nahi zuelako ere. Etxetik irten gabe urduritu egiten zen eta gehiago ezin zuela esan zidan, eraman nezala Donostiara buelta bat ematera. Han, Sagues auzoan, atzera begiratu zuen eta polizia bi jarraitzen ari zitzaizkigula ohartu zen. Hala esan nion nik: “Horiek ez naute ezagutzen. Bereiz gaitezen eta saia zaitez haien bistatik urruntzen”. Hanka egin nuen eta Hornikuntzako kotxetegian ezkutatu nintzen. Handik ikusi nuen nola hartu zuten atxilo; polizia etxean egin zioten galdeketan nire izena atera zioten, eta gero Ondarretako espetxera eraman zuten.

Erabat fitxatuta nengoenez, nire bila hasi ziren. Ni Donostiako ostatu batean nintzen, ez zen leku segurua, baina ez nuen muga une horretan igaro nahi, inoiz baino zainduago egongo baitzen. Horrexegatik pentsatu nuen etsaia errazago galarazten duzula haren atzeragoardian egonik. Frantziara joan beharrean, hurrengo goizean presoei bisita egiteko baimena lortzera joan nintzen, eta espetxera joan nintzen, Leontxoren lehengusuarenak eginez. A zer nolako aurpegia jarri zuen ikusi ninduenean! Eta hark, “joan nendila berehala”, eta nik, “lasai, gaur egoteko leku hoberena baita honakoa”.

Behin bi lagun nekartzan Bilbotik. Adinekoak ziren, negozio handiak zituzten esku artean, uste dut Sota ontziolarekin lotuak. Bazuten zerikusirik monarkiaren oposizioarekin. Ez nituen nik igarotzen nuen lekutik igarotzeko gai ikusten, eta hala esan nien: “Gaur leku guztiz berezi batetik igaroko dugu muga, inork ez du usteko handik igaroko dugunik”. Nazioarteko Zubian, trenbidean, alemanek ipinitako alanbreak zeuden. Hoteletik hartutako lanabes batekin moztu nituen alanbreak eta nik bezala egiteko esan nien besteei. Ni arrastaka, suge bizienaren pare, burdinbidearen eta zubiko ostikoaren artean ezkutatu nintzen. Atzetik zetozkidala sumatzen nuen. “Topoaren” geltokira iritsitakoan altxa egin nintzen, markesina atzean nuela, ikus ez nintzaten. Eta haiek ere altxatu egin ziren, markesinara iritsi baino lehen baina! Ilargiak argitzen zuen eta guardiek ikusi egin zituzten: “Geldi!”. Eta bertan harrapatu zituzten biak. Me kaguen diez! Txotxolo halakoak...!

Dena gaizki amaitu zitekeenaren ostean, bi politikari pasa nituen Frantziatik Espainiara. Bidasoa ibaiaren adar batetik igaro ginen, eta ibaiaren erdian ginenean, irlatxo bateko lokaztian, bi guardi zibil irten zitzaizkigun: “Geldi edo tiro egingo dugu!”. Nik, aurpegia lokatzez zikintzeko neurriak beti hartzen zituen honek, aurpegia baita gauez gehien nabarmentzen dena, atzera egiteko esan nien lagunei, guardiak ez zirela Frantziarantz tiro egitera ausartuko, baina haiek guardiengana zuzendu ziren eta atxilo hartu zituzten. Nik atzera egin nuen.

Hamahiru lagun, 8 gizonezko eta 5 emakumezko, pasa nituen behin, horratx nire marka. Batzuk politikagatik eta bestetzuk ekonomia kontuengatik ziren polizien helburu. Egiazko kalbario izan zen hura antolatzea. Irungo geltokira joan nintzen haiekin, eta zer egin behar zuten esan nien. San Martzial mendirako igoera puntura joan ginen, eta zuhaitzen artean ezkutatu nituen. Nire etxean sartu eta soka bat hartu nuen. Gauez abian jarri ginen eta Lundararaino, Pausutik bi kilometrotara, eraman nituen. Han landare hesi batek bereizitako bi zelai daude, eta gustuko nuen bide hura, automobil bat igarotzen zenean agerian geratzen baitziren, autoaren argitara, errepidean zeuden guardia zibilak. Ibaiertzera iritsi ginen, kanaberadi batean ezkutaturik utzi nituen, soka lotu nuen eta alderik alde igaro nuen ibaia. Soka muturra beste aldean lotu nuen eta hala esan nien: “Orain biluztu eta fardeltxo bat egin arroparekin”. Eta ibaia alderik alde igaro zuten, baina gurea hotsen herrialdea denez eta isilik egoten ez dakigunez, zarata handia egin zuten eta jendarme bi azaldu ziren. Nik Hendaia alderantz egin nuen ihes, eta Biriatuko herriaren beheko aldean, Escola deituriko emakumezko lagun batek lastategi batean ezkutatu ninduen. Biharamunean haren semeak bizikleta bat ekarri zidan susmagarri izan ez nendin, eta beste langile bat banintz bezala irten nintzen handik.

Izan zen gertaera tragikorik. Gazte batek gurekin bat egin zuen eta ibaian itota hil zen. Gaztea zen, Bilboko osagile baten semea. Bidasoa ibaiaren adar batean ezkutaturik zegoela, gau batean beste bat nola igarotzen nuen ikusi zuen eta ea lagun niezaiokeen galdetu zidan. Egia esateko, arriskutsua zen bidean ezezagun bat hartzea, gurean infiltratu nahi zuen bat izan baitzitekeen. Baina nik uste hori lehenengo hitzak esanda hautematen dela. Baietz esan nion, igeri egiten baldin bazekien, ibaia handi baitzetorren. “Handi samar...” handi samar baino ez? Ibaian murgildu ginen eta azkeneko atalean, ur korronteak indar handiena duen aldean, berekin eraman zuen ibaiak gaztea. Gazte hura itota azaldu zen, eta bertako poliziak bertako kontrabandista bati, Iguiñiz delako bati, leporatu zion jazotakoa. Frantzian atxilo hartu zuten eta hilketa leporatu zioten. Jendarmeen etxera joan behar izan nuen dena argitzera.

Ibáñez de Opacua eta Ortega ziren mugaldeko buruak. Ibáñezek saihestu egiten zituen arazoak, baina ez zen Ortega bezain jatorra. Baziren, halaber, armadako ofizial guztiz ankerrak ere. Serrador kapitainari izua genion. Edozergatik kentzen zintuen erditik. Mugalariak bilatzen zituen tiroz hil ote zitzakeen ikusteko. Horixe gertatu zitzaion Etxegarai delako bati Lunda aldean. Jo eta bertan hil zuten. Horrexegatik sufritzen zuen gure amak. Tiro hotsak entzuten zituenean halaxe pentsatu ohi zuen: “Hor barrena ibiliko da gure Paco!”. Poliziak ondo ezagutzen zituen nire ibilerak, mugaren alde batetik bestera erraz igarotzen baitziren salaketak. Informazioa trukatu egiten zioten elkarri, alde bietan ziren zital hutsak.

Aldiko soldaduek, kirioak dantzan ez bazituzten, ez zuten tiro egiten.. Guardia Zibilek bai ordea. Niri bertatik bertara egin didate tiro. Behin bakarrik nindoan, Lundan beheiti, zelaiak bereizten zituzten landare hesietatik hurbil. Kalkulu okerrak egin nituen eta halako batean bi gizon sumatu nituen. Ez dakit zenbat aldiz egin zidaten tiro egun hartan! Ziztu bizian egin nuen hanka, eta gaur inori esango banio nondik eta zer denboratan ibili nintzen, ez lidake sinetsi ere egingo. Baina arriskuaren aurrean biderkatu egiten da indarra. Tiroek ez zidaten jo, eta San Martzial mendiraino iritsi nintzen. Korrikaren korrikaz, ahoa aparretan. Sagar bat ikusi nuen zoruan eta makurtu egin nintzen hura hartzeko eta horzkada bat emateko. Eta altxatutakoan bi hiruadarreko ikusi nituen artoen artean! Sagarrarengatik izan ez balitz, bertan josiko ninduketen egun hartan. Hartan baizik ez zidaten tiro egin hurbildanik.

Atxiloketak

Bi aldiz hartu naute atxilo. Lehenengoan Dantxarineko mugan, emakume batekin eta haren alabarekin, senarra Frantzian baitzuten. Guardi Zibilaren brigadak susmo txarra hartu zion hari guztiari, eta “Nor zara zu?” galdetu zidan. Ez nuen konbentzitu eta hala esan zidan: “Ni lapurren atzetik joaten naiz espezialista”. Arraioa! Parean zegoen Polizia eta hots egin zien: “Nik uste lagun hau ez dela dioena, susmagarria dela”. Polizia etxearena egiten zuen gelaxkan sartu ninduten. Dokumentazioa eskatu zidaten, igarotzeko baimena erakutsi nien eta hala esan zidaten: “Hau faltsua da. Gera zaitez hortxe, eseri nahi baduzu, Urdazubiko Guardia Zibilari egin behar baitiogu hots”. Ez nintzen Urdazubikoen fio, ondo ezagutzen ninduten eta tiro bat eman ziezadaketen. Eta nire baitarako: “Paco, nola edo hala irten behar duzu hemendik, nola edo hala”. Polizia biak aski ahulak ziren, eta ni gai nintzen, nola erasotzeko hala babesteko orduan, arazo hori gainditzeko, amerikarrek ondo erakutsi baitzizkiguten borroka teknikak. Baina nik uste dut azken muturrean baizik ez dela odol kontuekin hasi behar. Zain egon behar banuen pixa egin behar nuela esan nien. Komuneko horman leiho bat zegoen, gora samar, baina katuek ez bezalako jauzia eginez upel batzuen gainera erori nintzen. Beste jauzi bat eta Frantzia aldeko ostatu batean nintzen. Han, bihotza arrapaladan nuela, kopako bat edan nuen. Handik hurbil, Ainhoan, Eusko Jaurlaritzaren talde bat zegoen, eta harantz joatea erabaki nuen. Eta irtendakoan, zubitxoan, mukizapi bat atera nuen poltsikotik eta agur esan nion, barre-irudi batekin, Espainiako Poliziari. Errepidean aurrera egin nuen gero.

Kilometroa ere ez nuen egin Jendarmeen auto bat iritsi zenean. “Sar zaitez. Gurekin etorriko zara”. Berriro ere eraman ninduten Frantziako polizia etxera. “Hiltzaile arriskutsua zarela esan digute, eta zu euren esku uzteko”. Saiatzeko esan nien, baina agian gutako inor ez zela hartatik onik aterako. Hitz horiek entzunda zalantzak hartu zituela ohartu nintzen, eta Eusko Jaurlaritzak Baionan zuen Ordezkaritzara hots egiten utz ziezadatela eskatu nien, handik esango baitzieten nor nintzen eta zertan ari nintzen. Era berean, alemanen laguntzaile ohiak zirela esan nien, orain “ordena publiko” esaten bazieten ere. Ezpeletara eraman ninduten eta beste horrenbeste. Han berriro ere esan nion buruari saldu batzuk zirela, ez zutela deus ere egin aberriaren alde, guk gure bizitza jarri genuela eta jarriko genuela arriskuan. Eta haiek, lagundu beharrean zango trabatzen eta oztopoak jartzen. Azkenean Baionako Brigada Berezira eraman ninduten bi jendarmek. Eta hango burua sutan...! Nik esan niena esan zien jendarme biei: “Gazte hau arriskuan ipintzen ari da bere bizia, eta lagundu egin behar diogu!”.

Bigarren aldiz salaketa baten ondorioz hartu ninduten atxilo. 1948. urtearen hondarrean ginen eta mendiz ari ginen bost lagun. Mediavillak eman zizkidan dokumentuak neramatzan nik. Lesakako herrira iritsi baino pixka bat lehenago, herrira iristen den bidexka batetik zihoan baserritar bat ikusi genuen. Maki izan zitezkeen bost lagun ikusi zituela esan zuen. Ibardin gaineko indar militarrak mobilizatu zituzten. Ez nuen igarobide hori erabiltzen, hirutan baizik ez nintzen handik pasa, nahiz eta normalean soldaduak mugitu baino lehen igarotzen ginen. Baina taldeko bat asmak jota zegoen, atzean geratzen zen eta berandutu egin ginen. Beratik gertu, Endarlatsan, azaldu zitzaizkigun. Bidexkan barrena gindoazen, meategi zaharretatik hurbil, eta fusil metrailadore baten su itzalgailua eta granada bat jaurtitzeko keinua egiten zuen soldadu bat ikusi nituen. Hala esan nuen: “Geldi, ez dugu armarik, Frantziara goaz lan egitera, ez gara gerrillari, eta ez daramagu armarik eta ez dugu zuei deus egiteko asmorik!”. Eskerrak lau soldadu ziren, Guardia Zibilak ezer galdetu baino lehen tiro egingo baitzigukeen. Taldeko bi atzerago zetozen. Asmak jota zegoena mugaraino iritsi eta zedarrian jarri zen. Hantxe aurkitu zuen patruila batek. Han zertan ari zen galdetu zioten, eta artzaina zela erantzun zien, inguruan zuela artaldea. Ez zuen ez hankarik ez bururik mugan bertan gelditu izana, eta ondorioz, sinistu egin zioten eta ihes egin ahal izan zuen.

Gauez, lo egiteko itxurak egiten ari ginenean, bi lagunei galdetu nien ea bazuten ihes egiteko adorerik. Beldurtu egin ziren eta bizitza jokoan jartzeak merezi ez zuela esan zidaten. Balizko erantzukizunetik babesteko edo, zulo bat egin nuen azkazalez lagundurik eta bertan lurperatu nuen Mediavillaren paperak biltzen zituen zorroa. Soldaduak zirenez, ez ziguten erregistrorik egin. Lehenik militarrek Ibardinen zituzten kasernetara eraman ninduten. Eta gero Berako polizia etxera. Gero Irungo Nafarroa Hiribideko polizia etxera aldatu ninduten, eta metro koadroko gelaxka batean, Gestapok erabili ohi zituen horietako batean, hezetasunez betean, sartu ninduten. Gauero ateratzen ninduten handik eta Manzanas komisarioak (7), Bazánek eta Donostiatik etorritako komisario buruak galdekatzen ninduten. Nik eragindako kalte guztiak ateratzen bazizkidaten beldur nintzen kasurik hoberenean ere ez ote nituen makina bat urte igaroko espetxean.

Hamabost egun eman zituzten niri galderak egiten, armak eta propaganda helarazteko erabiltzen nituen bideez galdezka. Egun osoa gelaxkan eta gauez baizik ez ninduten handik ateratzen, galdeketak egiteko. Manzanasek esaten zidan neu nintzela handik igarotako zinikoena, sekulako kopeta nuela. Inoiz bortizkeria erabili baldin bazuten presoen erruz izan zela, pistola edo kentzen saiatu zirelako. Ez ninduten ukitu ere egin, eta Manzanasek berak esan zidan honako hau: “Gogoan edukiko duzu, hemendik irtendakoan eta zure gisakoekin hitz egin eta gero, zeinen ondo tratatu zaitugun!”. Eta horrelako portaera izan zuten 1948. urtearen hondarrean Erregimena gainbehera zetorrelako, bazekitelako ez zutela dena alde. Beldur handia zioten etorkizunari, ondo asko ikusten zuten jendea berehala hasiko zitzaiela aurpegira ttu egiten, tiro bat botatzen. Horiek berek bost urte lehenago edo bost urte geroago harrapatu izan banindute, ez nukeen hau guztia kontatzeko aukerarik izango. Galdeketen ostean lau hilabetez eduki ninduten Ondarretan.

Azkenean bost urtez egon nintzen zaintzapeko askatasunean, mugak legez kanpo igarotzeagatik, eta Bartzelonara konfinatu ninduten. Ez zen espetxeratzeko agindurik izan, eta Jaunak ez zizkidan kontuak eskatu. Francoren armadako desertore nintzela ere ahaztu zuten. Bi urte baizik ez nituen konfinaturik eman, giltzurrun bat kendu baitzidaten; hilko nintzela uste nuen, eta familiarekin batean Iruna itzuli nintzen. Komisarioari, Carretero delako bati, kontatu nion nire istorioa. Konfinamendu agindua urratu nuela esan nion, nahi zuena egin zezala, baina ez nintzela hemendik mugituko. Espedienteari egin zion so eta horrela esan zidan: “A zer piztia! Zeuk bakarrik egin al duzu hau guztia? Beno, giltzurrun bat kendu dizutenez eta operatu berria zarenez, bertan geratu zaitezke”. Eta ordutik aurrera, bizimodu “normalago” bat eraman ahal izan nuen.

Oharrak:

  1. Office Strategic Sevices (OSS) iparramerikarren espioitza zerbitzuak ziren, eta Donovan koronelak antolatuak ziren Roosevelt presidenteak eskatuta. CIA bihurtu zen 1947an.
  2. Mugalari esaten zaio kontrabandoarekin, pertsonekin edo informazioarekin muga legez kanpo igarotzen duenari. Gipuzkoako eta Nafarroako herri askotan tradizioa izan da.
  3. Gerran zehar egindako balentrien berri izateko, ikus MIKEL RODRÍGUEZ Memoria de los vascos en la II Gerra Mundial, Pamiela, Iruñea 2002.
  4. Pedro Ordoki irundarra, Eusko Abertzale Ekintzako militantea, Francisco Pérez Luzarretaren komandantea izan zen Gernikako Batailoian, II. Mundu Gerran.
  5. Eusko Jaurlaritzak Marceau hiribidean zuen egoitza Estatu espainiarrari eman zioten 1951n epaileek, eta egun Cervantes Institutuaren egoitza da Parisen.
  6. Quentin Brouchard kaleko 5. zenbakiko etxebizitza da. Bertan zuten egoitza Eusko Jaurlaritzaren espioitza zerbitzuek.
  7. Melitón Manzanas González komisarioa, 1910. urtean Irunen sortua, 1968ko abuztuaren 2an hil zuen ETAk. Garai hartan Donostiako Brigada Politiko-Sozialaren burua zen Manzanas.
Leandro Agirretxe, 1, 4 Lokala
Irungo Palmera-Montero Gizarte-etxean - 20304 Irun
Tel: 669 075 423