logo de la Asociación Republicana Irunesa 'Nicolás Guerendiain'

2. Artikulua.-
Hona hemen elkartearen helburuak: BALIO ERREPUBLIKARREN DEFENTSA ETA OROIMEN HISTORIKOAREN BERRESKURAPENA

Jarrai iezaguzu...Logo de facebookLogo de youtubeLogo de twiter

Bilatu:

Maritxu Anatol irundarra II. Mundu Gerran

(Mikel Rodríguezen Espías vascos liburutik jasoa, Txalaparta Argitaletxea, 2003)

Esaera komun batek dio mugak halako izaera ematen duela, gizaki bitxiak sorrarazten dituela, ezin ukituzko agintari eta arauenganako begirunerik ez duten gizakiak. Topiko hori egia balitz erraz azalduko genuke Maritxu Anatolen irudia. 1909ko urtarrilaren 24an sortu zen Irunen, aitak aduana agentzia bat zuen hirian. Familiak “aukerak” zituen: neba bat ingeniaria zuen, beste bat apaiza eta hirugarrenak Ohorezko Legioa saria lortu zuen kimika arloan egindako ikerketa lanei esker. Maritxu zalaparta handi batek inguratuta hasi zen lanean agentzian, ez baitzen “sexu ederra” egiteko horretarako egoki ikusten. Naziotasun bikoitza zuen, espainiarra eta frantsesa, eta abentura eta ekintza irrika bizia zuen, bulegoko lanekin eta Irungo garaiko jarduera nagusi zen kontrabando “kontutxoekin” ezin ase zuena.

Gerra Zibila piztu zenean Bidasoa ibaiaz beste aldera egin zuen familiak. 1940ko udan alemanek familiaren etxebizitzaren behe oina hartu zuen bahituran, eta hamabost soldaduk hartu zuten ostatu bertan. Ofizial arduradunari erabateko begirunea eskatu zion emakumeak, eta alemanak men egin zion. Erresistentziak informazioa lortzeko eta iheslariak muga gaindiarazteko lanetan aritzeko eskatu zion, eta berak baietz erantzun zuen birritan pentsatu gabe. Izaera urduriko pertsonak jarduera klandestinoetan aurkitu zuen, azkenik, erosotasuna. Pixka bat denetarik egiten zuen: patruila alemanen joan-etorriak eta ordutegiak zaintzen zituen, Baionako Kommandaturren ahoz aho ibiltzen zituzten zurrumurruak eta txibatazoak hartzen zituen gogoan, iheslariak hemendik hara eramaten zituen, behera etorritako hegazkin aliatuetako pilotuei baserrietan biltzen zituen arrautzak, barazkiak eta oinetakoak ematen zizkien, hitzorduak antolatzen zituen, ostatuak bilatzen zituen... "Abenturazalez osatutako taldea ginen, erabaki sendoko pertsonak” zioen atzera begirako azterketa egiten zuenean. Gestapok Baionan zuen polizia etxean izan zen, baita Biarrizko presondegian ere. Galdeketetan goiari eutsi zion, eta aske utzi zuten. Berak argi eta garbi zuen: “Ziria sartzeko hoberena lasai eta patxadatsu azaltzea da. Eta horretan ni beti izan naiz txapeldun. Polizia etxeetan izan nintzenetan alanbre zati batez paretetan nire izena idazten ematen nuen denbora, lasai”.

“Red Comète” sarean halako mesfidantza batez aztertzen zuten emakume honen lana. Maritxu ondo moldatzen zen kontrabandoaren inguruko jendearekin, salatari ugari biltzen zituen sektoreko jendearekin. Beti eramaten zuen aldean Star pistola bat, eta hori ez zuten zuhurtzat hartzen. Bere taldeko kontrabandista bat Baionako Kommandaturretik irteten ikusi zuten. Eta emakumeak gizonaren alde egin zuen esanez “alemanekin hartu-emanak edukita muga gainditzeko informazioa lortzen zela”. Baina kontua da “Comète” sarean izututa jakin zutela kontrabandisten aho beroaren ondorioz askok zekitela zein zen euren jarduna. Bestalde, Maritxuren kontaktuak Gestapoko kide bat eta ofizial nazi baten maitale bat bizi ziren etxean ematen zien ostatu behera etorritako hegazkinetako pilotuei. Ondorioz, bazterrera utzi zituzten emakumea eta bere taldea, eta aliatuek Espainian ibiltzeko behar zuten diru trukeak egiteko agindu zieten. Azkenik, gerta zitekeen okerrena gertatu zen, eta 1943ko uztailaren 13an Maritxu eta bere taldea hartu zituen atxilo Gestapok. Hiru Alemaniara erbesteratu zituzten –gaizki baina itzuli egin ziren-, baina Maritxu onik irten zen hartatik.

Bere jarduteko modu independente eta berezkoa ez zen ondo ikusia izan Londresen, eta Askapenaren ostean eskuzabal banatu zituzten domina bakar bat ere ez zen emakume honen paparrera iritsi. 39 judu eta 113 hegazkin pilotu izan zituen bere ardurapean. 1945. urtean Maritxu Irunera itzuli zen, eta hirurogeigarren urteetan bere aduana agentziaren buruan izan zen. Beste askori ez bezala, erresistentziak diru asko kendu zion. Jaso zuen sari bakarra pilotu baten eskutik jaso zuen; pilotuak zerrendan zenbatgarrena zen galdetu zion eta emakumeak 68.a zela erantzun zion. Urte eta erdi geroago 68 perlez osatutako lepokoa jaso zuen. 1981eko abuztuaren 27an hil zen.

Leandro Agirretxe, 1, 4 Lokala
Irungo Palmera-Montero Gizarte-etxean - 20304 Irun
Tel: 669 075 423