logo de la Asociación Republicana Irunesa 'Nicolás Guerendiain'

2. Artikulua.-
Hona hemen elkartearen helburuak: BALIO ERREPUBLIKARREN DEFENTSA ETA OROIMEN HISTORIKOAREN BERRESKURAPENA

Jarrai iezaguzu...Logo de facebookLogo de youtubeLogo de twiter

Bilatu:

Memoria Historikoaren Legeari

“NICOLAS GUERENDIAN” IRUNGO ERREPUBLIKARRAK ELKARTEAREN JAKINARAZPENA MEMORIA HISTORIKOAREN LEGEAREN “DESBLOKEO ITUNAREN” ONDOREN.

Akordio horren testua irakurri eta aztertu ondoren, zera adierazi nahi dugu:

Testu horrek:

“...adierazten du guztiz bidegabeak direla Gerra Zibilaren garaian politika eta ideologia arrazoiengatik jarritako zigor eta isun guztiak eta pertsonen aurkako indarkeria modu guztiak, eta baita arrazoi berdinengatik diktaduraren garaian jasandakoak ere.”

“adierazten du ez direla zilegi ideologia edo politika arrazoiengatik izaera pertsonaleko zigor edo isunak jartzeko Gerra Zibilaren garaian osaturiko Auzitegi eta beste organo penal eta administratibo guztiak, eta legez kontrakoak direla halaber horietan hartutako erabakiak.”

“Zuzenbidearen aurkakoak izateagatik eta epaiketa zuzena izateko eskubidearen oinarriak urratzeagatik, adierazten da, ez direla zilegi, forma eta hondo akatsengatik, Tribunal de Represión de la Masonería y el Comunismo delakoa, Junta de Defensa Nacional delakoaren erantzukizun politikoen auzitegiak, Junta Teknika del Estado y el Gobierno delakoa eta Tribunal de Orden Publico (TOP) delakoa...”

“Era berean, ez dira zilegi diktaduraren garaian ideologia edo politika arrazoiengatik aurreko instituzio legezkotasuna defendatu zutenen aurka, Espainian erregimen demokratikoa berrazartzeko ahalegina egin zutenen aurka, jarritako zigor eta isunak...”

“Lege honek aipagai duen adierazpena bateragarria izango da ordenamendu juridikoak aurreikusitako beste edozein konpontze formularekin, eta ez du Estatuaren edo beste edozein Herri Administrazioren ondare erantzukizuna onartzeko titulurik eratuko, eta ez du ekonomia edo lanbide mailako konpontze edo kalte-ordainerako biderik emango...”

Akordio hori aztertu ondoren, zera ikusten dugu:

  1. Maila berean jartzen dute – bidegabe eta legez kontrako maila berean – gobernu Konstituzional Errepublikanoa, Zuzenbidearen Estatua eta askatasun zibilak mantentzeko ahaleginak egin zituena, matxinatuen auzitegi militarrekin.
  2. Ez da Frankismoaren auzitegiak legez kontrakoak direla, eta horrenbestez, epaiketa guztiak, Tribunal de Orden Publiko delakoarenak barne, ezeztatu behar direla adierazten. Era berean, ez du ezer esaten fiskaltzaren erantzukizunaren inguruan, bere lana ez betetzeagatik sortutako erantzukizuna, frankismoaren biktimen kasuan, krimen guztiak ikertzeko betebehar konstituzionala baitu, eta are gehiago, duten izaeragatik giza eskubideen edo nazioarteko zuzenbide penalaren aurkako krimen larritzat har daitezkeenak direnean.
  3. Akordio lotsagarri horren gakoa zera da, zilegitasun ezaz hitz egiten dela, hauxe da, zerbait aldatzeko modua bilatzen da denak berdin-berdin jarraitzeko. Ez da diktaduraren eta haren auzitegien ZILEGITASUN EZA adierazten. “Zilegitasun ezaren” eta “legez kontrakoaren” artean nahasmena sortu nahi dute, biak sinonimoak egin nahian, baina kualitatiboki aplikazio desberdina dute zuzenbidean. Nizkor Taldearen adierazpenaren arabera:

“Zuzenbidean bada arau bat, akordio zibil bat, lege bat eta nazioarteko akordio bat ere baliogabe edo legez kontrako egiten duena, eta horri fede onaren printzipioa deitzen zaio zuzenbidean”

“Beno bada, IU eta PSOE talde parlamentarioek lortu duten akordio hori baliogabea eta legez kontrakoa da fede onaren printzipioa hausten duelako”.

“Garbi dago erregimen frankistak legez kontrako jatorria duela, estatu kolpe batetik datorrelako, baina ekintza hori ez da –baldintza nahikoa izan arren-, bera bakarrik, erregimen frankistaren legezkontrakotasuna definitzen duena.”

“Erregimen hura legez kontrakoa izan zen, da eta izango da, gizadiaren aurkako krimen gisa har daitezkeen ekintzak gauzatu baitzituen, eta faxismoak Europan sustatu zuen sare filosofiko eta kontzeptualaren zati da gainera.”

Fede gaiztoaren funtsezko ekintza batean oinarritzen da akordio hau, sinestarazi nahi baitigute, zilegi ez izan arren, frankismoaren ekintzak legezkoak izan zirela, eta horrenbestez, Estatuak ez dituela ondorioak bere gain hartu eta kalteak konpondu behar.”

“Ona izango litzateke kontzeptu manipulazio honen egileek azaltzea zein diren erregimen demokratiko baten aurkako estatu kolpe bat legezko bilaka dezaketen ekintzak, haien arabera, legezko izatera eraman baitezakete.”

Akordio horretan ez dira aipatzen justizia eskubidea eta egiaren eskubidea, eta Zuzenbide Estatu baten betebeharra de hori, inolaz ere. Akordio horrek ez ditu betetzen giza eskubideen nazioarteko arauak, eta nazioarteko zuzenbidea urratzen du. Hala eta guztiz ere, ez dute konpondu gabeko arazoak desager daitezen ekidingo, eta are gutxiago, Estatuaren legezko betebeharrak, lehentxeago edo geroxeago, beregain hartu beharko baititu, erregimen frankistak eginiko krimenen ezaugarriek badituztelako Giza Eskubideen Auzitegi Europarrak jasotako baliogabe ez gertatzeko baldintza guztiak.

Hori guztiagatik, gure elkarteak uste du “amaipuntu legeari” ateak irekitzen dizkiola itun honek. Diktadura frankista eta beren bizitza Errepublikaren alde eman zuten eta diktaduraren aurka borroka eginez heriotza, kartzela, erbesteratzea eta abar jasan behar izan zituzten milaka lagunen aurka eginiko ekintza guztiak legeztatzeko modu bat besterik ez da.

Erabat gaitzesten dugu akordio hau, eta berriro ere, 2006ko abuztuan Espainiako Gobernu eta Parlamentuko kide guztiei bidalitako gutunean egin genuen bezalaxe, eskatzen dugu “Legea berriro egiteko Giza Eskubideen Nazioarteko Legeria eta Nürembargeko Epaiketetatik etorritako Zuzenbidea oinarritzat hartuta, eta behin-betiko amai dadila Faxismo frankistaren Krimenen Zigorgabetasuna, kontuan harturik Amnistia Internacional eta Nizkor Taldea bezalako erakundeen jokabidea eta jarraibideak”.

DESBLOKEO ITUNAREN AURKA
MEMORIA HISTORIKOAREN BENETAKO LEGEAREN ALDE
III. ERREPUBLIKAREN ALDE

Irun, 2007ko maiatzak 25

 

NICOLAS GUERENDIAIN IRUNGO ERREPUBLIKARRAK ELKARTEAREN JAKINARAZPENA HILAK 27 ASTEAZKENEAN IRUNGO UDALEAN EZTABAIDATUTAKO MOZIOAREN AURKA

 “Nicolas Guerendiain” Irungo Errepublikarrak Elkarteak bere etsipena azaldu nahi du irailaren 27an Irungo Udalbatzaren Osoko Bilkuran gertatutakoaren aurrean.

Osoko bilkura horretan, gure elkarteak mozio bat aurkeztu zuen, eta bertan esaten genuen beharrezkoa zela Diputatuen Kongresuan tramitatzen ari den Memoria Historikoaren Legea delakoaren aurreproiektua berregitea, gaur egun idatzita dagoen bezala galdu egingo baita krimen frankisten egia ezagutzeko, justizia egiteko eta hain sufrimendu bidegabearen biktima izan ziren guztiei konponbide morala eskaintzeko aukera historikoa.

Gure hirian ere, beste leku askotan bezala, errepresio hura jasan behar izan zen: Pikoketako hilketak, zinegotzien hilarazteak iruzurrezko epaiketa militarren ondoren, Nicolas Guerendiainena bezalako behartutako desagertzeak, maisu eta funtzionario garbitzeak, errepresalia ekonomikoak eta abar, eta horregatik, hain zuzen ere, ez dugu ulertzen Irungo PSEk, kontuan izanik garai hartan bere alderdian milaka lagun izan zituela Erregimen frankistak zigortuak eta hilaraziak, Irungo Udaleko zinegotzi sozialista Florencio Iratxeta, esate baterako, nola boikotatu ahal izan duen gure mozioa, beste altarnatiba “deskafeinatu” bat aterata, egungo legeak eragiten duen iruzurra ezkutatzeko asmotan.

Nazioarteko legeen arabera, administrazioak duen behartutako desagertuak bilatu, identifikatu eta hobitik ateratzeko betebeharra saihesten du lege horrek, auzitegi frankisten iruzurrezko prozesu guztiak ezeztatu eta justizia egiteari uko egiten dio, eta ez du benetako konponbiderik jasotzen frankismoaren garaian hilarazitako guztientzako.

Irungo PSEri esan nahi diogu, errebantxa hartzeko inolako asmorik gabe, gizadiaren aurkako krimenak inoiz ez direla balio gabe uzten, eta horiek argitzeari uko egitea, berez, giza eskubideak etengabean eta sistematikoki ez errespetatzea da, benetako demokrazia baten oinarria eskubide horiek zorrotz errespetatzea izan behar baitu.

Gure Elkarteak adierazi nahi du lege hori gaitzesten dugula, eta esan behar dugu, hitz egiten jarraituko dugula, PSOEren gobernuak eta Irunen duen taldeak bizkarra eman arren, demokratikoki aukeratutako erregimen errepublikanoa defendatu zutenen memoria aintzat hartu eta lehengoratu dadin.

Irun, 2006ko irailak 28

 

IRUNGO UDALBATZARI 2006ko irailaren 27an EGINDAKO OSOKO BILKURAN AURKEZTUTAKO MOZIOA Memoria Historikoaren Legeari buruzkoa

 “Diputatuen Kongresuan tramitean dagoen Memoria Historikoaren lege aurreproiektua dela eta, “Gerra zibilaren eta diktadura frankistaren garaian jazarpena edo indarkeria jasan zuten pertsonen aldeko eskubideak aintzat hartu eta handitzea eta beharreko neurriak hartzea” izenekoa hura, Nicolás Guerendiain Irungo Errepublikarrak Elkarteak ondoko mozio hau aurkezten dio Irungo Udalari

MOZIOA

Ikusirik, lege proiektuak ez duela bere gain hartzen gerra zibilaren garaian eta gerraondoan desagertutakoen hobitik ateratze eta identifikazio lanean administrazioak duen betebeharra, 1992ko abenduaren 18ko 47/133 ebazpenaren 2.2 Artikuluak xedaturikoaren arabera, Nazio Batuen Batzar Nagusiak onartua behartutako desagerketen aurka pertsona guztiekiko babesari dagokionean.

Ikusirik, frankismoaren garaian jazarpena jasan zutenentzako laguntza eta eskubide ekonomikoak handitzea planteatzen duela proiektuak. Hori aurrerapauso bat da, baina 1968. urtetik aurrera hildakoetara mugatzen du aintzat hartze hori, eta bidegabeki bazterrean uzten ditu urte hori baino lehenago hildakoak.

Ikusirik, ez duela planteatzen,  bidegabeki zigortu ondoren milaka espainiar kontzentrazio esparru, espetxe eta erbestera eramanarazi zituzten eta hiltze sumarisimoak eragin zituzten Auzitegi Militar frankisten sumarioak deuseztatzea.

Ikusirik, ez duela planteatzen derrigorrezko desjabetzeak jasan zituzten biktimei beren ondarea itzultzea: partikularrak, alderdi politikoak, sindikatuak, egunkariak, kultur zentroak, eta abar, eta ez duela planteatzen lege bidegabe, legez kontrako auzitegi eta epai itxuragabeetan babesturik eginiko inkautazio eta jarritako isunak itzultzea.

Ikusirik, uko egiten diola milaka eta milaka preso politikoren gatibu lanarekin aberastu ziren enpresa eta partikularrei isunak planteatzeari, zergapekoen poltsikoetatik soilik aterako baitira laguntza ekonomikoak.

Gogoan izanik, nazioarteko legeriak ez dituela baliogabe uzten erregimen frankistak legez kontra bere indarra inposatzeko, Alemania naziaren eta Italia faxistaren laguntzari esker, eragindako gerra krimenak eta gizakien aurkako krimenak, NBEren Batzar Nagusiak bere 1946ko adierazpenean onartu zuen bezala.

Gogoan izanik, lege proiektu hau, demokratikoki ezarritako erregimen errepublikanoaren aurkako matxinada militarraren 70. urteurrenean, gerra zibila eta geroko diktadura frankista etorri baitziren ondorioz, aukera historikoa dela hain sufrimendu bidegabea jasan behar izan duten biktimei eragindako kaltea moralki konpontzeko.

Gogoan izanik, bizikidetza demokratikoko etorkizuna bermatzeko, ezinbestekoa dela justizia-zentzuz jokatzea, eta horrenbestez, gertakizun guztiak ezagutzea, egia berrezartzea, eta errepublika eta askatasun demokratikoak defendatzeagatik sufritu zuten biktima guztiei eginiko kaltea aintzat hartu eta moralki lehengoratzea.

Honako erabaki hau hartzen du Udalbatzaren Osoko Bilkurak:

1º.- Estatuko Gobernuari eskatzea “Gerra zibilaren eta diktadura frankistaren garaian jazarpena edo indarkeria jasan zuten pertsonen aldeko eskubideak aintzat hartu eta handitzea eta beharreko neurriak hartzea” izeneko lege aurreproiektua erretira dezan.

2º.- Gobernuari eskatzea Giza Eskubideen aldeko Nazioarteko Legerian oinarrituta legea berregin dezan, Amnistia Internacional eta Nizkor Taldea bezalako erakundeen jarrera eta adierazpenak kontuan hartuta, beste erredakzio batekin:

  •  Horretan gerra zibilaren garaian eta gerraondoan desagerturikoen hobitik ateratze eta identifikatze lanerako beharreko baliabideak jartzeko konpromisoa hartuko du administrazioak.
  •  Laguntzak eta eskubide ekonomikoak handituko zaizkie hildakoen ahaide oinordekoei, edozein dela ere hilketa horien data.
  •  Auzitegi Militar frankistek zehaztutako sumario guztiak baliorik gabe utziko dira.
  •  Errepresio politiko frankistaren ondorioz desjabetzeak, inkautazioak eta isunak jasan zituzten pertsona eta erakunde guztiei, eta horrelakorik ezean oinordekoei, beren ondarea itzultzea planteatuko du.
  •  Zigorrak planteatuko ditu preso politikoen lanari esker aberastu ziren enpresa eta partikularrei jartzeko.

3º.- Erabaki honen berri ematea Diputatuen Kongresuko Talde Parlamentarioei”.

 

DIPUTATUEN KONGRESUKO KIDEEI BIDALITAKO GUTUNA

Irun, 2006ko abuztuak 17

Diputatu jaun/andre hori

Gobernuak aurkeztutako Lege Proiektuaren aurrean, kontuan izanik Gerra zibilaren eta diktadura frankistaren garaian jazarpena edo indarkeria jasan zuten pertsonen aldeko eskubideak aintzat hartu eta handitzen eta beharreko neurriak zehazten dituela lege proiektu horrek, honako hau adierazi nahi du “Nicolas Guerendian” Irungo Errepublikarrak Elkarteak:

Legeak tratamendu berdina ematen die erregimen errepublikanoa defendatu zuten pertsonei eta 40 urtean zehar diktadura ekarri zuen Estatu kolpearen alde eginez hura bortxatu zutenei..

Gerra zibilaren garaian eta gerraondoan desagertutakoak bilatzeari dagokionean, Gobernuaren proposamenak administrazio desberdinei eskatzen die desagertutakoak hobitik atera eta identifikatzeko erraztasunak eman ditzaten, baina ez ditu bere gain hartzen horretan dituen erantzukizunak, Nazio Batuen Batzar Nagusiak pertsona guztiak behartutako desagerketen aurrean babestearen inguruan, 1992ko abenduaren 18ko 47/133 ebazpenean onarturiko Adierazpenean azaltzen direnak, hain zuzen ere. Adierazpen horrek zera dio 2.2. Artikuluan:

"Estatuek nazio eta lurralde mailan jardungo dute, Nazio Batuekin elkarlanean, behartutako desagertzeak aurreikusi eta desagertzen laguntzeko.

Bestalde, aurreko legeetan erabat sartu ez ziren kolektibo batzuei laguntzak eta eskubide ekonomikoak handitzea proposatzen du Legeak. Horrek esan nahi du onartzen dela aurreko Legeen irismena ez dela nahikoa, eta hori aurrerapausoa da, inolako zalantzarik gabe, baina Legearen edukiak ez dio arazoari aurre egiten, frankismoaren garaian soilik 1968. urteaz geroztik hildakoak aintzat hartzea planteatzen baitu. Era berean, ez ditu zigortzen milaka eta milaka preso politikoren gatibu lanarekin aberastu ziren enpresa eta partikularrak, eta horrenbestez, soilik zergapekoen poltsikoetatik aterako dira laguntza ekonomikoak. Legeak ez die beren ondarea itzuliko ideia demokratikoengatik jazarpena jasan behar izan zuten eta lege bidegabe, legez kontrako auzitegi eta epai itxuragabeetan babesturik inkautazioak egin eta isunak jarri zitzaizkien milaka eta milaka espainiarrei.

Legeak ahantzi egiten du nazioarteko legeria, erregimen frankistak legez kontra lurralde nazionalean nagusitzeko, Alemania Naziaren eta Italia faxistaren laguntzaz, NBEaren Batzar Nagusiak bere 1946ko Adierazpenean onartu bezala, egin zituen gerrako eta gizadiaren aurkako krimenek ez dutela balioa galtzen esaten duena. Bestalde, ez ditu Auzitegi Militar frankisten sumarioak ezeztatzen, horien ondorioz milaka espainiar kontzentrazio esparruetara, kartzeletara, atzerrira eraman eta exekuzio sumarisimoetan hil izan arren. Era berean, kontsideratzen du, arazo indibiduala dela eta ez kolektiboa bidegabe zigortutakoen morala lehengoratzeko borroka egitea, oraindik bizirik dirauten gutxi horiek beste epaiketa batetik pasatzera eta dokumentazio frogatzailea beren kabuz biltzera behartuz. Proposamen hori mesprezu eta ankerkeria sinboliko ulertezina da, eta gure indar guztiz gaitzesten dugu.

  • Era berean, ez du genozidio frankistaren ukapena eta uztailaren 18ko Estatu Kolpearen eta Gerra Zibilaren bidez inposaturiko estatuaren izaera kriminala baztertzeko inolako ekintzarik jasotzen.
  • Proposaturiko Legeak, Izu Faxistaren aplikaziotik sortutako Legezkotasuna esplizituki onartzea dakar eta borreroen izenak babesten ditu. Era berean, krimen gisa hartzen ditu Auzitegi errepublikanoek kolpisten aurkako Legea aplikatuz aurrera eramaniko ekintza legalak.
  • Legeak adierazten du kendu egin behar direla Gerra Zibilaren oroitzapenezko plaka, intsignia eta beste aipamenak bandoetako bat soilik goraipatzen dutenean, eta horrek esan nahi du Errepublikaren defendatzaileen eta faxismoak hildakoen oroimenez jarritako plaka eta monumentu ugariak legez ken litezkeela.
  • Aldiz, Eroritakoen Haranari dagokionean, frankismoaren goreste ikurra hura, aukera bikaina galtzen du eremu horretan gerra zibilaren inguruko izaera publiko eta estatu izaerako ikerketa zentroa sortzeko, konta dezan nortzuk, nola eta zergatik eraikiarazi zieten 14.000 preso politiko errepublikanori. Ezin dugu ulertu leku horretan zergatik mantentzen diren Francisco Franco diktadorearen eta Falangearen sortzaile Jose Antonio Primo de Riveraren hondakinak, herri guztiak finantzaturiko mausoleo batean.
  • Era berean, ulertezina da Elizari zergatik ez zaion Jainkoarengatik eta Espainiarengatik eroritakoen plakak kentzeko agintzen, eliza katoliko askotan baitiraute horiek, diru-laguntza eta diru publikoa jasotzen duen beste edozein erakundek bete behar dituen baldintzak betearaziz.

Hori guztiagatik, gaitzetsi egiten dugu Lege aurreproiektua, eta Gorteetan dauden indar politikoei eta diputatu guztiei eskatzen diegu balio demokratikoak errespetatzeko eta erregimen frankistak eragin zuen guztia bihotzez gaitzesteko, Legea berregiteko eskatzeko.

Gobernuari eta hura babesten duen alderdiari eskatzen diegu Lege hori berregiteko adorea izan dezaten Giza Eskubideen Nazioarteko Legeria eta Nürembargeko Epaiketetatik etorritako Zuzenbidea oinarritzat hartuta, eta behin-betiko amai dadila Faxismo frankistaren Krimenen Zigorgabetasuna, kontuan harturik Amnistia Internacional eta Nizkor Taldea bezalako erakundeen jokabidea eta jarraibideak.

Leandro Agirretxe, 1, 4 Lokala
Irungo Palmera-Montero Gizarte-etxean - 20304 Irun
Tel: 669 075 423