logo de la Asociación Republicana Irunesa 'Nicolás Guerendiain'

2. Artikulua.-
Hona hemen elkartearen helburuak: BALIO ERREPUBLIKARREN DEFENTSA ETA OROIMEN HISTORIKOAREN BERRESKURAPENA

Jarrai iezaguzu...Logo de facebookLogo de youtubeLogo de twiter

Bilatu:

Irungo Errepublikarrak “Nicolas Guerendiain” Elkarteko
ESTATUTUAK

 

LEHENENGO KAPITULUA

IZENA

1. artikulua.–

IRUNGO ERREPUBLIKARRAK "NICOLAS GERENDIAIN" ELKARTEA izenpean, irabazi-asmorik gabeko elkartea eratuko da, Konstituzioko 22. artikuluan xedatutakoa eta Euskadiko Autonomia Estatutuko 9. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

Elkartea estatutu hauen arabera arautuko da, beti ere Eusko Jaurlaritzak otsailaren 12an Elkarteei buruz emandako 3/1998 Legearen eta martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren aurkakoak ez badira. Era berean, elkarteko gobernu-organoek behar den moduan hartutako erabakien arabera arautuko da, beti ere legearen eta/edo estatutuen aurkakoak ez badira. Amaitzeko, Eusko Jaurlaritzak onartzen dituen arauzko xedapenen arabera ere arautuko da, baina xedapenok osagarriak baino ez dira izango.  

HELBURUAK

2. artikulua.–

Hona hemen elkartearen helburuak: BALIO ERREPUBLIKARREN DEFENTSA ETA OROIMEN HISTORIKOAREN BERRESKURAPENA

3. artikulua.–

Helburuak betetzeko asmoz, kulturaren, hezkuntzaren eta artearen arloko jarduerak egingo dira, eta ideia errepublikarrak zabaltzea izango dute xede.

HELBIDEA

4. artikulua.–

Hementxe egongo da: ................ Hala ere, elkarteak beste lokal batzuk eduki ahal izango ditu Autonomia Erkidegoan bertan edo bertatik kanpo. Zuzendaritza Batzordeak egindako proposamenaren ondoren, batzarrak onartu beharko ditu helbide-aldaketak.

LURRALDEA

5. artikulua.–

Jarduketa-lurraldea Euskadiko Autonomia Erkidegoko eremu geografikoarekin bat datorrena izango da

IRAUPENA ETA IZAERA DEMOKRATIKOA

6. artikulua.–

Elkarte iraunkorra izango da, eta, VI. kapituluan adierazitakoaren arabera, Ezohiko Batzar Nagusiak baino ez du desegiteko erabakia hartuko. Era berean, legeetan aurreikusitako edozein arrazoiren ondorioz ere desegingo da elkartea.

Elkarteko barne-antolamendua eta funtzionamendua demokratikoak izan beharko dira, eta aniztasuna errespetatuko dute bete-betean. Elkartzeko oinarrizko eskubidearen edozein alderdi betetzen ez duten hitzarmenek, estatutu-xedapenek eta erabakiek ez dute inolako baliorik izango. igo

BIGARREN KAPITULUA

GOBERNU ETA ADMINISTRAZIO ORGANOAK

7. artikulua.–

 Elkartearen gobernua eta administrazioa kide anitzeko organo hauen esku egongo dira:

  • Bazkideen Batzar Nagusia (organo gorena izango da) eta.
  • Zuzendaritza Batzordea (kide anitzeko zuzendaritza-organo iraunkorra izango da)

BATZAR NAGUSIA

8. artikulua.–

Elkartearen erabateko subiranotasuna izango du. Bazkide guztiek osatuko dute eta, besterik ezean, elkarkideen erdiak gehi bat gehiago daudenean eratuko da (quoruma). Horiek horrela, lehenengo deia edo deialdia hasi ahal izango da. Bigarren deialdirako, ordea, nahikoa izango da edonolako bazkide-kopurua bertaratzea.

Zuzendaritza Batzordearen erabakiaren ondoren, presidenteak idatzizko deialdia sinatuko du. Bertan, jorratu beharreko gaien edo gai-zerrendaren berri emango da. Horrez gain, zer lekutan eta egunetan egingo den azalduko da, bai eta zer ordutan izango diren lehenengo eta bigarren deialdia ere. Dena dela, bi deialdien artean hogeita hamar minutuko epea egon beharko da, gutxienez. Deialdia bera batzarra egin baino 15 egun lehenago jaso beharko dute bazkideek.

Era berean, gaiei buruzko proposamenak aurkezteko edo gai berriak proposatzeko zenbateko epea duten adieraziko diete deitutakoei

9. artikulua.–

Ohiko Batzar Nagusia urtero egingo da, urte natural bakoitzeko lehenengo lauhilekoan, eta honako eskumen hauek izango ditu:

  • Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa eta aurreko urte naturaleko balantzea zein kontuen egoera aztertuko ditu, eta onartu egingo ditu ala ez ditu onartuko.
  • Hurrengo urterako aurrekontu ekonomikoa eta jardueren proiektua aztertuko ditu, eta onartu egingo ditu ala ez ditu onartuko
  • Zuzendaritza Batzordeak aurkeztutako bazkideen alten eta bajen berri izango du.
  • Zuzendaritza Batzordeko kideak aukeratuko ditu bazkideen artean.
  • Elkartea desegingo du, hala badagokio
  • Beste elkarte batzuekin federatu eta konfederatu egingo da, edo bertatik alde egingo du.
  • Bertaratutakoen gehiengo soilaz onartuko dira erabakiak.

10. artikulua.–

Zuzendaritza Batzordeak erabakitzen duen guztietan egingo da Ezohiko Batzar Nagusia, edo, bestela, gutxienez bazkideen 3/5ek eskatzen dutenean. Eskabidea idatziz egingo diote presidenteari, eskatzaile guztiek sinatuko dute eta eztabaidarako proposatutako gaien berri emango dute. Presidenteak 8. artikuluaren bigarren paragrafoan adierazitakoaren arabera egingo du deia. Honako gai hauek jorratuko dira Ezohiko Batzar Nagusian:

  • Estatutu hauek eta estatutuon aldaketa osoa edo zatikakoa onartzea .
  • Ondasunak erostea eta/edo saltzea.
  • Bazkideei hutsegiteengatik irekitako espedienteen berri izatea eta eztabaidatzea eta, hala badagokio, bazkideok kanpora botatzea.
  • Bazkideek ordaindu beharreko ohiko eta ezohiko kuotak ezartzea.
  • Ohorezko bazkideak izendatzea.
  • Elkartea desegitea
  • Zuzendaritza Batzordearen iritziz horrelaxe jorratu beharreko beste edozein gai lantzea .

Erabakiak 2/3en gehiengoaz onartuko dira

ZUZENDARITZA-BATZORDEA

11. artikulua.–

Zuzendaritza Batzordea ordezkaritza-organoa izango da, eta elkartearen interesak kudeatu eta ordezkatu egingo ditu, Batzar Nagusiaren xedapenak eta zuzentarauak kontuan hartuta. Bazkideak baino ezin izango dira izan ordezkaritza-organoko kideak.

Zuzendaritza Batzordeko kideek honako kargu hauek izango dituzte: presidentea, presidenteordea, idazkaria, diruzaina eta 4 kide. Gutxienez, hilean behin bilduko da, eta presidenteak edo, besterik ezean, presidenteordeak egingo du deia. Horrez gain, batzordea bera ere zuzendu egingo du. Era berean, bilera ere egingo du, beti ere kideen erdiek gehi kide batek halaxe eskatzen badute. Erabakiak gehiengo soilez onartuko dira, eta, berdinketarik egonez gero, presidentearen kalitatezko botoa hartuko da kontuan.

12. artikulua.–

Zuzendaritza Batzordeko karguak Batzar Nagusian aukeratuko dira, eta, gutxienez, 2 urteko iraupena izango dute, beti ere aurkakoa erabakitzen ez bada. Karguak behin eta berriro aurkeztu ahal izango dira aukeraketara.

13. artikulua.–

Zuzendaritza Batzordekoa izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

  • Estatutuetan aurreikusitakoaren arabera izendatua izatea
  • Bazkidea izatea.

14. artikulua.–

Zuzendaritza Batzordeko kideek honako kasu hauetan utziko dute kargua:

  • Agintaldia amaitzen denean
  • Bazkide-kargua bertan behera uzten dutenean
  • Bazkide izateari uzten diotenean edo ezgaikuntzaren bat dutenean
  • Estatutu hauetako 10. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Batzar Nagusiak ezeztatzeko erabakia hartzen duenean
  • Hiltzen direnean

Kargua bera a) idatz-zatian aurreikusitako arrazoiarengatik utziz gero, Zuzendaritza Batzordeko kideek jardunean jarraituko dute, harik eta lehenengo Batzar Nagusia egin arte eta kargu berriak aukeratu arte.

b), c), d) eta e) suposamenduetan, Zuzendaritza Batzordeak berak behin-behineko izendapena egingo du hutsik dagoen kargua betetzeko, eta Batzar Nagusiak berretsi edo ezeztatu egingo du. Ezeztatzeko erabakia hartuz gero, dagokion izendapena egingo du.

Organo horren osaketan gertatutako aldaketa guztien berri eman beharko da Elkarteen Erregistroan. 

15. artikulua.–

Hona hemen Zuzendaritza Batzordearen eginkizunak:

  • Elkartearen ohiko kudeaketa zuzenduko du, Batzar Nagusiaren jarraibideen arabera eta haren kontrolpean.
  • Elkarteak garatu beharreko jarduerak antolatuko ditu.
  • Gastuen zein diru-sarreren aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera bidaliko dizkio Batzar Nagusiari, onartu ditzan.
  • Batzar Nagusiaren bileretarako gai-zerrenda egingo du, eta ohiko naiz ezohiko batzar nagusietarako deiak noiz egingo diren adieraziko du.
  • Bazkideen proposamenak edo iradokizunak jasoko ditu, eta beharrezko neurriak hartuko ditu.
  • Estatutu hauetan adierazitakoa interpretatuko du, bertako hutsuneei aurre egingo die eta elkarteei buruzko indarreko legezko arautegia beteko du beti.
  • Batzar Nagusiak berariazko erabakiaren bidez eskuetsitako eskumenak beteko ditu, beti ere eskumen bakarrekoak ez badira.

16. artikulua.–

Presidentetzak edo, hala badagokio, Presidenteordetzak bere ekimenaz edo bertako edozein kideren ekimenaz zehazten duen guztietan bilduko da Zuzendaritza Batzordea. Bilera bera presidenteak edo, bera ez badago, presidenteordeak edo, bata zein bestea ez badaude, urte gehiago dituen batzordekideak zuzenduko du.

Batzordearen erabakiak baliozkoak izateko, bertaratutakoen gehiengoaz onartu beharko dira, eta batzordekideen erdiak egon beharko dira bertan.

Idazkariak bileretako akta egingo du, eta dagokion liburuan transkribatuko du. 

PERTSONA BAKARREKO ORGANOAK
PRESIDENTEA

17. artikulua.–

Elkarteko presidenteak elkartearen legezko ordezkaritza izango du, eta bere presidentetzapeko Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Nagusiak hartutako erabakiak betearaziko ditu.

18. artikulua.–

Honako hauek izango dira presidentearen eskumenak:

a) Zuzendaritza Batzordearen eta Batzar Nagusiaren bileretarako deia egingo du, bilerei hasiera emango die, eztabaidak zuzenduko ditu eta kalitatezko botoaren bidez hartuko ditu erabakiak, berdinketarik gertatuz gero.

b) Elkarteko jardueren plana proposatuko dio Zuzendaritza Batzordeari, eta zereginak sustatu eta zuzendu egingo ditu.

d) Behar den moduan hitzartutako ordainketak aginduko ditu.

e) Premiazko gaiei emango die erantzuna, eta Zuzendaritza Batzordeari euren berri emango dio lehenengo bileran.

f) Batzar Nagusiak berariazko erabakiaren bidez eskuetsitako eskumenak beteko ditu, beti ere eskumen bakarrekoak ez badira.

PRESIDENTEORDEA

19. artikulua.–

Presidenteordeak presidenteari lagunduko dio eta, aldi batean kargua betetzerik ez badu, ordezkatu egingo du. Era berean, Presidentetzak berariaz eskuordetutako eskumen guztiak betearaziko ditu.

IDAZKARIA

20. artikulua.–

Idazkariak elkartean sartzeko eskabideak jaso eta bideratu egingo ditu, fitxategia eta Bazkideen Erregistro Liburua eramango ditu eta Akta Liburua zaindu eta idatzi egingo du.

Era berean, elkarteei buruzko indarreko legezko xedapenak betearaziko ditu, erakundearen agiri ofizialak zainduko ditu, liburuen eta artxiboen edukia ziurtatuko du, eta agintaritza eskudunak zuzendaritza-batzordeen izendapenari eta helbide-aldaketei buruzko derrigorrezko jakinarazpenak jasotzen dituela bermatuko du. 

DIRUZAINA

21. artikulua.–

Diruzainak egindako diru-sarreren eta ordainketen berri emango du, diru-sarreren eta gastuen urteko aurrekontua egingo du, eta aurreko urteko kontuen egoera prestatuko du, Zuzendaritza Batzordeari aurkezteko. Era berean, Zuzendaritza Batzordeak Batzar Nagusiari bidaliko dizkio, onartu ditzan.

KIDEAK

22. artikulua.–

Kideek zuzendaritzako beste karguei lagunduko diete euren karguetako berezko zereginetan, elkarkideen artean sortu daitezkeen lan-arloetako edo batzordeetako buru izango dira eta presidentearen esanetara egongo dira.  Igo

HIRUGARREN KAPITULUA

BAZKIDEAK: ONARTZEKO BALDINTZAK ZEIN PROZEDURA ETA MAILAK

23. artikulua.–

Elkarteko bazkideak adinez nagusiak izango dira, eta jarduteko gaitasuna edukiko dute. Era berean, elkarteko helburuak garatzeko asmoa eta interesa izan beharko dituzte.

24. artikulua.–

Elkarteko kideak izan nahi dutenek idatziz eskatu beharko diote presidenteari, eta, horretarako, bi kideren bermea eduki beharko dute. Ostean, presidenteak horren berri emango dio Zuzendaritza Batzordeari, eta onartzea edo ez onartzea erabakiko du. Dena den, erabaki horren aurkako gorako helegitea aurkeztu ahal izango da Batzar Nagusian bertan.

25. artikulua.–

Zuzendaritza Batzordearen edo Batzar Nagusiaren erabakiaren ondorioz, elkarteak ohorezko bazkide izendatu ahal izango ditu prestigiodunak izateagatik edo elkartearen garapenean eta duintasunean zeresana edukitzeagatik kargu hori merezi duten pertsonak. Bazkide horiek ohorezkoak bakarrik izango direnez, ez dute bazkideen izaera juridikoa izango, ez dute elkarteko gobernu eta administrazio organoetan parte hartzeko eskubiderik izango eta ez dute inolako betebeharrik izango.

BAZKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

26. artikulua.–

Hona hemen bazkide guztien eskubideak:

  • Elkarteei buruzko Legearen edo estatutuen kontrako erabakien eta jarduketen aurka egin ahal izango dute, eskatzaileak aurka egindako erabakiaren edukiaren berri izan duenetik edo aukera hori izan duenetik hasi eta berrogei egun naturaleko epean.
  • Elkarteko gobernu eta ordezkaritza organoen eraketari, kontuen egoerari eta jardueraren garapenari buruzko informazioa eman beharko diete.
  • Elkarteko gainerako bazkideak nortzuk diren, diru-sarreren eta gastuen kontuak nola dauden eta elkarteko jarduera nola garatzen den jakin ahal izango dute.
  • Hitz egiteko eta bozkatzeko eskubidea erabiliko dute batzar nagusietan, eta, horretarako, beste bazkide batzuei eskuordetu ahal izango diote euren ordezkaritza.
  • Estatutu hauen arabera, elkarteko zuzendaritza-organoetan parte hartu ahal izango dute, eta hautesle zein hautagai izango dira aldi berean.
  • Indarreko legerian aurreikusitakoaren arabera, bazkideen fitxategian agertuko dira, eta elkartearen ikurra erabili ahal izango dute, egon balego.
  • Estatutuen eta, egon balego, Barne Araudiaren ale bana izango dute, eta eskabideak zein kexak aurkeztu ahal izango dituzte zuzendaritza-organoetan.
  • Taldekako gizarte-ekitaldietan parte hartuko dute, eta bazkideen erabilerarako osagaiez gozatu ahal izango dute (lokala, liburutegiak...), Zuzendaritza Batzordeak kasuan-kasuan adierazitako moduan.
  • Diziplinazko neurriak hartu baino lehen, idatziz entzun behar izango diete, eta neurrion zergatiak azaldu beharko dizkiete, beti ere bazkide moduan dituzten eginbeharrak betetzen ez badituzte.

27. artikulua.–

Hona hemen bazkideen betebeharrak:

  • Bete-betean jardun beharko dute, elkarteko helburuak lortzeko.
  • Ezarritako kuotak ordaindu beharko dituzte.
  • Estatutu hauek eta elkarteko zuzendaritza-organoek behar den moduan hartutako erabakiak onartu eta bete egin beharko dituzte.

ZIGORTZEKO ARAUBIDEA

28. artikulua.–

Zuzendaritza Batzordeak bazkideak zigortu ahal izango ditu, estatutuak edo Batzar Nagusiaren edo Zuzendaritza Batzordearen erabakiak behin eta berriro ez betetzeagatik.

Besteak beste, honelakoxeak izango dira zigorrak: 15 egunetik hilabetera arteko epean eskubideak etetea eta behin betiko elkartetik kanpo uztea, 29tik 32ra arteko artikuluetan (biak barne) adierazitakoa kontuan hartuta.

Ondorio horietarako, Presidentetzak ikerketa ireki ahal izango du, zigorgarriak izan daitezkeen jokabideak argitzeko asmoz. Idazkaritzak jarduketa horiek garatuko ditu, eta Zuzendaritza Batzordeari proposatuko dio behar besteko neurriak hartzeko. Zuzendaritza Batzordeak berak ezarriko ditu zigorrak, interesdunei entzun ondoren.

Erabaki hori arrazoitua izango da beti, eta, Batzar Nagusian bertan, bere aurkako helegitea aurkeztu ahal izango da. Nolanahi ere, 26.1. artikuluan aurreikusitako ekintzak ere betearazi ahal izango dira.

BAZKIDETZAREN SUPOSAMENDUA ETA GALERA

29. artikulua.–

Honako kasu hauetan galduko da bazkide-izaera:

  • Hiltzean.
  • Elkartea borondatez uztean.
  • Elkartea Zuzendaritza Batzordeak ebatzitako zigorraren ondorioz uztean, beti ere honelako inguruabarrak gertatzen badira, hau da, estatutu hauetako eta Batzar Nagusiak zein Zuzendaritza Batzordeak behar den moduan hartutako erabakiak larriki, behin eta berriro eta nahita betetzen ez badira.

30. artikulua.–

Bazkideren bat 29.3. artikuluan araututako edozein suposamendutan eroriz gero, Presidentetzak Idazkaritzari agindu ahal izango dio aldez aurretiko eginbideak abian jartzeko. Horrela, bada, behar besteko informazioa erdietsiko du, eta, horren arabera, jarduketak artxibatzeko edo zigor-espedientea irekitzeko agindua eman ahal izango du Presidentetzak.

31. artikulua.–

29.3. artikuluan araututako edozein suposamendurengatik zigor-espedienterik irekiz gero, idazkariak egitateak egiaztatu eta idazkia bidaliko dio interesdunari, egotzitako karguen berri emateko asmoz. Ondoren, interesdunak erantzun egin ahal izango du, eta, 15 eguneko epean, bere aldeko alegazioak egin ahal izango ditu.

Epe hori amaitutakoan, gai hori Zuzendaritza Batzordearen lehenengo bilerako gai-zerrendan sartuko da, eta batzordeak egokia deritzona ebatziko du, batzordekideen 2/3en "quorumaren" bitartez. Interesdunari elkartea uzteko erabakiaren berri emango diote, eta erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu ahal izango du egiten den lehenengo Ezohiko Batzar Nagusian.

Hain zuzen ere, hiru hileko epean batzar nagusi horretarako deirik egin ezean, horretarako bakarrik antolatu beharko da. Bien bitartean, Zuzendaritza Batzordeak bazkide moduan dituen eskubideak kendu ahal izango dizkio egotzitako pertsonari. Horrez gain, Zuzendaritza Batzordekoa bada, bertan behera utzi beharko du kargua. Elkartea uzteko espedientea Batzar Nagusira bidaliz gero, idazkariak laburpena idatziko du. Horiek horrela, Zuzendaritza Batzordeak egotzitako pertsonak aurkeztutako idazkiaren berri emango dio Batzar Nagusiari, eta behar bezala azalduko du zer gertatu den, batzarrak dagokion erabakia hartu dezan.

32. artikulua.–

Bazkideren bati elkartea borondatez edo zigorraren ondorioz utzi behar duela jakinaraztean, elkartean bertan egin gabe dituen betebeharrak betetzeko eskatuko diote, hala badagokio.   Igo

LAUGARREN KAPITULUA

ELKARTEAREN ONDAREA ETA AURREKONTU-ARAUBIDEA

33. artikulua.–

Elkarteak ez du ondarerik.

34. artikulua.–

Hona hemen elkarteak aurreikusi dituen baliabide ekonomikoak, elkarteko jarduerak garatzeko asmoz:

  • Batzar Nagusiak aldian-aldian ordaintzeko kuotak edo ezohiko kuotak.
  • Kasuan kasuko ondasunen eta eskubideen emaitzak, bai eta legearen arabera jaso ditzakeen dirulaguntzak, legatuak eta dohaintzak ere.
  • Estatutuen helburuak errespetatuta, elkarteak legearen arabera egingo dituen jardueren bidez erdietsitako diru-sarrerak.

Elkarteak jarduera ekonomikoen eta zerbitzugintzaren ondorioz lortutako mozkinak elkarteko helburuak betetzeko baino ez dira erabiliko. Hori dela eta, ez dira inolaz ere banatuko ez bazkideen artean, ez euren ezkontideen artean, ez antzeko afektibotasun-harremanaren arabera eurekin bizi diren pertsonen artean, ez eta euren senitartekoen artean ere. Era berean, ez dizkiete doan lagako irabazi-asmoa daukaten pertsona fisiko edo juridikoei.

34.2.-

 Ezarri beharreko arau berezien araberako kontabilitatea eramango du elkarteak, erakundeko ondarearen, emaitzen, finantza-egoeraren eta jardueren irudi leiala lortu ahal izateko.

   Zuzendaritza Batzordeak urtean behin eta urte bakoitzeko abenduaren 1ean Batzar Nagusiari aurkeztuko dio onartu beharreko aurrekontuaren proiektua. Era berean, aurreko urteko kontuen likidazioa aurkeztu beharko dio indarrean dagoen urteko lehenengo lauhilekoan. Igo

BOSGARREN KAPITULUA

ESTATUTUEN ALDAKETA

35. artikulua.–

Bazkideek horretarako bakarrik deitutako Batzar Nagusian hartu beharko dute estatutuak aldatzeko erabakia, Zuzendaritza Batzordeak bere ekimenaz edo bazkideen 2/3ek eskatuta halaxe ebazten duenean. Nolanahi ere, Zuzendaritza Batzordeak hiru bazkidek osatutako batzorde txostengilea eratuko du, emandako jarraibideen arabera aldaketarako proiektua idatzi dezan. Horrez gain, proiektu hori zer epetan egon beharko den amaituta zehaztuko du Zuzendaritza Batzordeak.

36. artikulua.–

Aldaketarako proiektua adierazitako epean idatzitakoan, presidenteak egiten den lehenengo Zuzendaritza Batzordeko gai-zerrendan sartuko du. Ondoren, Zuzendaritza Batzordeak onartu egingo du edo, hala badagokio, batzorde txostengileari itzuliko dio, berriro aztertu dezan.

Onartuz gero, Zuzendaritza Batzordeak egiten den hurrengo Batzar Nagusiko gai-zerrendan sartuko du edo horretarako bakarrik egingo du batzarrerako deia.

37. artikulua.–

Batzarrerako deiarekin batera, estatutuak aldatzeko testua bidaliko da. Horiek horrela, bazkideek kasuan kasuko zuzenketak bidali ahal izango dituzte Idazkaritzara. Gero, zuzenketa horien berri emango diote Batzar Nagusiari, beti ere Idazkaritzak bilera egin baino zortzi egun lehenago jaso baditu.

Zuzenketak banan-banan edo taldeka egin ahal izango dira, idatziz egingo dira eta beste testu baterako aukera eskainiko dute. Zuzenketak bozkatu ostean, Batzar Nagusiak estatutuak aldatzeko erabakia hartuko du, eta elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatzen denetik baino ez du izango hirugarrenenganako eraginik.  Igo

SEIGARREN KAPITULUA

ELKARTEAK DESEGITEKO ETA ELKARTEEN ONDAREA APLIKATZEKO PROZESUA

38. artikulua.–

Elkartea bazkideen borondatez desegingo da, eta horretarako deitutako Batzar Nagusian adierazi beharko dute euren asmoa.

Gainera, bertaratutakoen erabateko gehiengoa lortu beharko dute erabaki hori onartu ahal izateko. Dena den, elkarteak une horretan dauzkan bazkide guztien %10ek jarraitu nahi badute, ezin izango da elkartea desegin, eta beste garai bateko bazkideek ez dute inolako eraginik izango.

Deseginez gero, elkarteak irabazi-asmorik gabeko beste elkarte kultural batzuei emango dizkie ondasunak, beti ere euren ideiak Irungo Errepublikarrak "Nicolás Gerendiain" Elkartekoekin bat badatoz.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Eraketa-aktan agertu eta behin-behinean izendatu dituzten zuzendaritza-batzordekideak ez dira behin betikoak izango, harik eta egiten den lehenengo Batzar Nagusian berresten dituzten arte.

DISPOSICIÓN FINAL

Batzar Nagusiak Barne Araudia onartu ahal izango du, estatutu hauek garatzeko asmoz. Edonola ere, ez du estatutuetan adierazitako ezertxo ere aldatuko. Igo

Leandro Agirretxe, 1, 4 Lokala
Irungo Palmera-Montero Gizarte-etxean - 20304 Irun
Tel: 669 075 423