Leon Iruretagoyenaren gorpuzkiak Irungo hilerrian daude jada, haren familiak hala eskatuta. Madrildik etorri dira errautsak ekartzera.
2022ko ekainaren 11n (larunbata) egin zen eta Udalak ekitaldi eta omenaldi bat egin du, gure elkarteak parte hartu duelarik.
1858an jaio zen Irunen eta 1940an hil, Mexikon, herrialde horretan erbesteratuta, estatu-kolpearen ondoren.
Irungo alkate izan zen bi aldiz (1904-1909 eta 1912-1920). Lehen alkateordea izan zen 1903an, eta aktiboki parte hartu zuen urte hartako euskal jaietan, eta bigarren alkateorde 1902an.
1886an Irungo Batzorde Errepublikano Federalistako kide izan zen, eta hurrengo urtean batzorde hartako presidente izendatu zuen.
1920an Frantziako gobernuak Ohorezko Legioaren Gurutzea eman zion, eta 1932an Niceto Alcalá Zamora presidenteak Errepublikaren Ordenaren xingola. Urte hartan bertan Irungo ohorezko alkate izendatu zuten.
Errepublikako Ordenaren xingola entregatzeko ekitaldia, Irungo udaletxean
Errepublikaren xingola
Ohorezko Legioa
"Agrupación al Servicio de la República" kide izan zen Nicolás Guerendiainekin batera. 1931ko apirilaren 14an udaletxera joan ziren Zentro Errepublikanoko Emilio Zufíarekin eta Talde Sozialistako Aquilino Gutiérrezekin batera, eta bando bat atera zuten azken albisteen berri emateko eta Errepublika aldarrikatzeko.
Zintzotasun handiko gizona, laudorioak etengabe jaso zituen, eta ez bakarrik kudeaketa politikoagatik, baita giza balioagatik ere. Horrela, esate baterako, honela deskribatzen zuen 1912an El Bidasoa egunkariak: «zintzoa, xumea, langilea eta kontsekuentea, guztien artean pizten du errespetua eta begirunea, alderdikeriarik gabe». Horrez gain, gizon guztiz zintzoa eta bihotz onekoa zela esaten da. «...goizeko 9etan sartzen zen udaletxean León Iruretagoyena, lanean hasteko. Horrela markatzen zuen udaletxera iristeko ordua, zehaztasun kronometrikoarekin...». Langilegoaren aldeko keinuak ere laudatzen zituzten, «...nagusiki herri xehearen eta baserritarren aldekoak; jada inork ez ditu engainatzen León jaunak elizak itxi eta prozesioak debekatu behar zituelako kontu horiekin».
1932ko irailaren 17an Irun Republicano argitalpenean honelako gauzak esaten dira: «Haren ezaugarri den ontasunari zintzotasun irmoa eta lan egiteko grina gehitu behar zaizkio. Sentimendu demokratiko sakonak ditu arimaren barrenean, eta zintzoki bete ditu orain artean, eta halaxe beteko ditu geratzen zaionean ere. Inoiz ez zuten arrakastarik izan haren izena arrazoi txarrez lohitu nahi izan zuten doilorrek. On León -horrela deitzen diogu- guztiok imitatu beharko genukeen eredua izan da...»
1935ean Madrilera joan zenean, arrazoi pertsonalengatik agur-gutun bat bidali zuen, eta urte horretako irailaren 25eko ohiko bilkuran irakurri zen.
"Razones familiares me obligan a fijar mi residencia en Madrid y a abandonar este pueblo de Irún que me es tan querido y a separarme de mis amigos y cosas con quieres he convivido hasta hoy.
Hubiese querido tener el valor necesario para decir a mi pueblo, de palabra, cuan grande es mi agradecimiento por el afecto y distinciones constantes que inmerecidamente me dispensa.
Los años no me permiten cierta clase de emociones, y por eso me permito enviar estas líneas a ese Exmo. Ayuntamiento con el ruego de que sea intérprete de mis sentimientos cerca del pueblo de Irún.
Sepan todos que allí donde me encuentre y en la medida de mis fuerzas lo permitan, estaré siempre dispuesto y deseoso de hacer algo por mi pueblo. Reciban todos un fraternal abrazo con la expresión de mi agradecimiento."
Jaime Tomás Iruretagoyena (Leon Iruretagoyenaren biloba - 1996)
Juanita Iruretagoyena eta Victoria Kent
1936ko gerraren hasieran León Iruretagoyena ez zegoen bere jaioterrian, Irunen, hainbeste urtez udalerriko alkate izan zuen hirian, baizik eta Madrilen. Denboraldi bat pasatzen ari zen bertan, eta harekin zeuden emazte hendaiarra, Juanita alaba txikia eta haren senarra, Francisco Tomás Rentería, eta bikote horren seme-alabak eta Leónen bilobak, Jaime eta Ana María. Eraikin berean bizi ziren Leónen alaba Julia, Espainiako Gazte Sozialisten sortzaile Tomás Meaberen alarguna, haren semea, Leontxu Meabe eta Leónen miresle sutsu bat: Victoria Kent. Udak Irunen pasatu ohi zituen Leónen etxean, eta haren bilobek «izeba» esaten zioten. Garai hartan, León Madrilgo Retiro parkean paseatzen hasi zen, Irunen egiten ohi zuen bezala. Askok, agure tente, bizar-zuri eta ile-zuria bastoia eskuan ikustean, agur egiten zioten X-eko markesa zelakoan. Bera ohitua zegoen Irungo Mendibilen eta Colón pasealekuan jasotzen ziten agurretara, eta kortesiaz erantzuten zien.
Gerra zibilaren hasiera ez zen erraza izan Madrilen, ez eta azkeneko uneak ere. Aldian behin egiten ziren bonbardaketez gain (oraindik ez zen bonbardaketa masiborik egiten), «pako» direlakoak zeuden. Gauetan teilatuetatik tiro egiten zuten («pak pak» eginez, hortik izena), ezegonkortasun- eta kezka-giroa zabaltzeko. Kaleko milizianoek ere tiroka erantzuten zieten, horrela ez tiratzeko garrasi artean. Horrelakoetan, leihatilak ireki eta leihoak itxi behar ziren, eta etxe barruko argia piztu, kaletik hobetu ikus zedin. Francisco Tomás arduratzen zen horretaz eskuarki eta, batzuetan, León, tiro bat jasotzeko arriskuarekin.
Abuztu amaieran, Francisco Tomás Espainiako kontsulorde izendatu ziten Parisen, eta León, María emaztea eta Tomás familia guztia Bartzelonara joan ziren, Frantziara joateko baimenaren zain. Bidaia hori ez zen erosoa izan. Frontearen kokalekuak behartuta, Madrildik Bartzelonara joateko, garai hartan, Valentzian barrena joan beharra zegoen. Gauez tren bat ikusi zuten bidean, sutan oraindik, bonbardaketa batean jo berria. Azkenik, Bartzelonara iritsi ziren.
Bertan, frontera bidean zihoazen tropek desfileak egiten zituzten. Egun batean, Irungo batailoi bat pasatu zen eta, León espaloian ikusi eta ezagututa eta, nola ez, negar betean, lerroak hautsi zituzten eta agur egitera joaten zitzaizkion. Bartzelonan zeudela, berri lazgarri bat jaso zuten: León Meabe, León Iruretagoyenaren biloba eta Tomás Meaberen semea, lanbidez kimikaria, Madrilgo lehergailu-fabrika batean izandako eztanda batean hil zen. Istripu hartan, begi bat galdu zuen Faustino Cordón biologo ezagunak.
Marie Lasalle, León Iruretagoyenaren emaztea
Julia, León Iruretagoyenaren alaba
Juana, León Iruretagoyenaren alaba
Familia 1936ko irail amaieran edo urri hasieran pasatu zen Frantziara, eta betiko gogoratu zituzten herrialde hartako bake-giroa, Cerbère -ko geltokian maniobrak egiten ari zen makina bat eta tortilla batzuk, hilabeteetan jaten zituzten lehen arrautzak. Parisera iritsita, Bois de Boulogneko pentsioan jarri ziren bizitzen (avenue de Neuilly , 37). Bertan, Leónek bere paseoei berrekin zien, oraingoan Irungoaren antz handiagoko eremu batean, Bois de Boulogne parkean. Francisco Tomás suhia Espainiako Kontsulatu Nagusiko kontsul izendatu zutenean, kontsulatu hartara joan ziren bizitzera, Malesherbes bulebarreko 165.era. Bertan, Leónek eta emazteak pisu bat zuten haientzat. Aurki, Julia Meabe batu zitzaien Parisen, lehen aipatu dugun Leónen alaba. Gerra zibileko umezurtz bat adoptatu zuen, baina ezin izan zuen inoiz gainditu Leontxu seme bakarraren eta Tomás Meabe senarraren heriotza.
Gerra zibila amaituta, 1939an, familiako kide gehienek Frantzian geratu nahi zuten, baina Francisco Tomás profetikoa izan zen eta adierazi zuen Bigarren Mundu Gerra lehertzear zegoela eta aurki alemanak Parisko kaleetan barrena ibiliko zirela. Franciscok honako hau esan zion Jaime bere semeari: «ez dakit etorkizunean zer esango duzun aitari buruz, gizon zintzoa zela edo ergel hutsa zela, baina kontsulatuko kutxa Espainiako herriarena da, eta nik agintari frankistei eman behar diet». Leónek emaztearen belarritako batzuk saldu zituen orduan. Diamante handi samarrak zituzten eta lortutako dirua nahikoa izan zen familia osoaren Mexikorako bidaia pagatzeko (7 pertsona). Familia orduan Le Havrera joan zen, Sainte-Adresse herrira, Hève lurmuturraren puntara, eta zain egon ziren, beste asko bezala, Amerikara eramango zituen barkua noiz agertuko. Champlain itsasontzian egin zuten bidaia. Frantziako «Compagnie générale transatlantique» enpresakoa zen, eta hurrengo bidaian hondoratu zen, Bigarren Mundu Gerra betean, mina aleman baten kontra jo eta gero. Victoria Kent agur egitera joan zitzaien, baina ez zuten ezagutu, goitik, jende ugari baitzegoen kaian. Mazón familia ere barku hartan zihoan. Eduardo Mazón Espainiak Parisen zuen kontsulatuko kantzilerra izan zen, eta semea galdu zuen Ebroko frontean.
New Yorkera iritsita, Charlotek Estatu Batuetara iristen ziren etorkinei buruzko filmaren kalko zintzoa zen eszena bat ikusi zuten. Porturatu aurretik, ibaiaren erdian bota behar izan zuten aingura, lainoa zegoela eta, argitu zuenean, Askatasunaren estatua agertu zen, guztien gozamenerako. Minutu batzuk beranduago, polizia barkura igo zen eta Ellis uhartera jaitsi zituen espainiar guztiak, Mexikora eramango zituen barkua etorri arte, Tomás eta Mazón familiak izan ezik, Francisco Tomás eta Eduardo Mazón Espainiaren Parisko kontsulatuko langileak izan zirelako. Bero izugarria egiten zuen eta, New Yorken egun batzuk eman ondoren, enpresa estatubatuar ezagun baten autobusa hartu zuten, mugaraino joateko. Garai hartan ez zegoen aire giroturik, gaur egun bezala, eta lekuak hozteko haizagailu handiak jartzen zituzten hoteletako eta beste leku publiko batuetako sabaian. Estatu Batuetako zenbait hiritatik pasatu ziren, hala nola St. Louis, Dallas, San Antonio, etab. Arrazismoaren gorenean ziren Hegoaldeko estatuetan, eta «gizon zuriak» eta «kolorekoak» bereizirik zeuden ez bakarrik autobus, jatetxe edo hoteletan, baita ura edateko iturrietan edo parke publikoetan ere. Horrela iritsi ziren Laredora, Texas estatuan, eta muga zeharkatu zuten.
Garai hartan, Mexiko ere ez zen gaur bezalakoa, eta Bravo ibaia zeharkatzea garbitasunetik zikinera eta eulien lurraldera pasatzea zen. Han, autobus zahar bat hartu zuten, Monterreyra joateko. Bertan, egun batzuez atseden hartu ondoren, bidaia-agentziakoek Leóni galdetu zioten zer klasetan joan nahi zuten Mexiko hirira eta Leónek, Europako trenetara ohituta, lehen klasea eskatu zuen. Pullman klasea eskatu behar zuen, lehen klasea tranbia moduko bat baitzen, arras zikina, eta oiloak zeramatzaten emakumez betea. Beti txukun, Leónek ez zen behin ere kexatu erbestealdi guztian. Gainerako bidaiariei galdetu zieten zergatik zeramaten soldaduz betetako bagoi gotortu bat, eta erantzun hau eman ziete: «La bola». «Aurreko astean Almazánen aldekoek bi tren bota zituzten amildegian behera». Cárdenasen ondorengoa aukeratzeko garaia zen, eta armadako bi jeneral lehian zebiltzan: Ávila Camacho eta Almazán. Lehenak irabazi zuen. Trena mantso-mantso ibili zen gau guztian.
Hiriburuan, etxe bat alokatu zuten Gurutze Gorriaren parean, Monterrey kalean, Insurgente hiribidetik gertu.
Mazón familiak ondoko etxea alokatu zuen. León, beti txapela buruan, eskularruak jantzita eta bastoia eskuan, berriz ere hasi zen paseatzen, oraingoan paisaia lehor eta idorrago batean, bere jaioterri Irungoaren guztiz bestelakoa zen Chapultepec-eko basoan. Ez zuen astirik izan lagun mexikar onak egiteko, gainerako familiakideek bezala. Garai hartan, mexikarrek bi pertsona mota bereizten zituzten espainiarren artean: guachupin direlakoak, indigenen hizkuntzan zalduna esan nahi duen hitza, Amerikak egitera joandakoak izendatzeko zerabilten terminoa; eta errefuxiatuak, Cárdenas presidenteak jasotakoak, hala nola León eta haren familia, Mexikoren berpizkundeari eta bertako unibertsitateko aurrerabideari ekarpen handia egin ziotenak.
Leónek burdinazko osasuna zuen, bizitza osasungarria egiten baitzuen, eta 84 urte izan arren hortzak oso egoera onean zeuzkan, bi enpaste baino ez zituen eta. Hortzeria zuri-zuria zuen, ileak eta bizarra bezalaxe. Mexikora heldu eta hilabete batzuetara, Italia gerran sartu zen egunean bertan, hain zuzen, gaizki sentitu zen, eta ohean geratu. Jaime biloba gelara sartu zen horren berri ematera, eta hauxe erantzun zion: «zer adierazpen egin du?». Horiek izan ziren, seguruenik, haren azken hitzak. Gau hartan bertan hil zen, uremiak jota. Ehorzketa Indalecio Prietok antolatu zuen, Mexikon erbesteratuta bera ere, eta kolonia espainiar guztia bertaratu zen. Manifestazio handi bat izan zen. Mexikoko panteoi espainiarrean lur eman zioten, bai eta María emazteari ere, handik gutxira. Garai hartan, erbesteratu espainiar asko hil ziren, seguruenik emigrazioaren ondoko estresak eta depresioak eraginda.