"Nicolás Guerendiain"
Irungo Errepublikarrak
Balio errepulikarren defentsa eta oroimen historikoaren berreskurapena

Errepresioa Irunen • Trenbideko langileen depurazioa Irungo geltokian. 1936-1943

Jatorria: Aiala Oronoz Mitxelena

Garbiketaldiko trenbide-artxiboa

100.000 bat trenbide-langilek jasan zituzten 1939ko otsailean hasitako zerbitzu publikoetako enpresetako enplegatuen garbiketa-prozesuak. Prozesu horiek dokumentu funts handia sortu zuten eta katalogatu eta ikertu ditu Espainiako Trenbideen Fundazioak 2005etik. Garbiketa-espedienteak jasotzen dituen funtsa ADIFek babestua izan da eta Madrilgo Las Rozaseko biltegi batean gordailutu zen. 2011ko martxoan, entitate publikoak eta Kultura Ministerioak hitzarmen bat sinatu zuten dokumentu-funtsa Salamancako Memoria Historikoko Agiritegira lekualdatzeko. Madrilgo Trenbidearen Museoan kokatuta dagoen Trenbide Artxibo Historikoan kontserbatzen da dokumentu funts horren beste zati bat. Epaile instruktoreek eta Trenbideetako Zerbitzu Militarraren Buruzagitzak adindutako zigor proposamenak dira. Agiritegi horretan trenbideko langileen garbiketari buruzko beste dokumentazio bat ere kontsultatu ahal da, hala nola jarraitu beharreko araudia zigorrak ezartzekoan edo zirriborro batzuk garbiketa prozesuan erabilitako inprimakiak egiteko.

Trenbide langileak mobilizatzeko xedapenak

1936ko uztailaren 18an, altxamendu militarraren albistearekin, trenbideko sindikatuek greba orokorrerako deialdia egin zuten eta trenbide sarearen hainbat toki geldiarazi zituzten. Une horietan Iruñean zegoen konpainiako administrari ordezkaria zen Juan Antonio Bravori esleitu zion Mola jeneralak tropa nazionalek hartutako eremuan zeuden trenbide zerbitzu guztien kudeaketa. Abuztuaren 1ean, Defentsa Nazionaleko Batzordeak Trenbideetako Osagarrien Ohorezko Eskala berrezarri zuen (1936/03/26ko Dekretua indargabetuz eta 1920/06/30eko eta 1934/09/27ko dekretuak indarrean zeudela). Abuztuaren 11n, Trenbideetako Osagarrien Ohorezko Eskalako langileen mobilizazio orokorra agindu zen. Azkenean, abuztuaren 13an, Defentsa Nazionaleko Batzordeak trenbideko langile guztien mobilizazio orokorra agindu zuen eta horrek langile guztiengan izan zuen eragina, eta eraginpean geratu ziren zerbitzua ematen zuten guztiek, adina edozein zela eta jarduketa militarra edozein zutela.

1937ko abuztuaren 19an, Trenbideen Zerbitzu Militarraren Buruzagitza berrezarri zen trenbideko langileen mobilizazioa bateratzeko, eta bertan behera utzi zen 1936ko apirilaren 8ko Obra Publikoen Ministerioak emandako Agindua, funtzionario eta administratzaile jakin batzuk kentzea xedatzen zuena eta konpainietako zuzendaritza-organoen ohiko funtzionamendua berrezartzen zuena.

Trenbidearen sektoreko arazketa

Trenbideen Zerbitzu Militarraren buruzagitzapean hasi zen trenbide-langileen arazketa, Defentsa Nazionaleko Batzordeak 1936ko azaroaren 13an emandako 108. Dekretuaren eta gobernu frankistaren 1936ko abenduaren 5ean emandako Lege Dekretuaren bidez berretsitako jarraibideen arabera. Bi dekretuetan ezarri ziren lehen neurriak enplegatu publikoak eta zerbitzu publikoen enpresa emakidadunetako langileak beraien lanpostuetatik bereizteko, baldin eta bateraezintzat, aurkaritzat edo arriskutsutzat jotzen baziren Mugimendu Nazionalarentzat.

Erantzukizun Politikoei buruzko 1939ko otsailaren 9ko Legea aldarrikatu zenetik, arazketa-prozesua "burokratizazio" fase batean sartu zen. Fase horretan, arazketa-epaitegiak eratu ziren, eta langile espezifikoak erabili ziren arazketa-prozesua garatzeko. Prozesu horren oinarriak funtzionario publikoak arazteko arauak ezartzen zituen 1939ko otsailaren 10eko Legean formulatu ziren, eta, zehazki, korporazioetako eta zerbitzu publikoen emakidadun enpresetako funtzionarioak arazteari buruzko 1939ko otsailaren 27ko Dekretuan.

Arazketa-prozesua Konpainiaren Zuzendaritza Kontseiluaren zuzendaritzapean geratu zen 1941. urtera arte, orduan sortu baitzen Espainiako Trenbideen Sare Nazionala (RENFE), zeinak konpainia ordeztu baitzuen arazketa-lanetan. Epaitegien lana 1943ko otsailean amaitutzat eman bazen ere, prozesua 1950eko eta 1960ko hamarkadetara arte luzatu zen, Obra Publikoen Ministerioaren 1950eko uztailaren 24ko Agindua argitaratu eta 1965ean garbitutako langileen eskubide pasiboak eta antzinatasun-eskubideak aitortzeko aldaketa egin ondoren banandutako langileak berriro onartzeko prozesua erregularizatu baitzen. Prozesu horietatik kanpo geratu ziren langileek 1975era arte ezin izan zituzten beren eskubideak aitortuta ikusi, 1939ko otsailaren 10eko Legearekin bat etorriz onartutako administrazio-zehapenei buruzko 1975eko abenduaren 5eko 3357 Dekretua aplikatu ondoren beren zehapenen ondorioak baliogabetu ziren arte. Trenbideko langileen arazketa-prozesuaren balantzea honako hau izan zen: behin betiko banantzea (7.082 langile), zigorrarekin itzulitakoak (16.650), zigorrik gabe itzulitakoak (34.100) eta hildakoak (800).

Arazketa espedienteak

Konpainiako langile guztiak arazteko lan eskerga egiteko, 12 instrukzio-epaitegi ezarri ziren. Epaitegi bakoitza konpainiako langileek betetzen zituzten karguen arabera antolatu zen. Zigorrak, lan espedienteko zentsura idatzitik hasi eta eskubide guztiak galduz konpainia kanporatzeraino zihoazenak, Trenbideen Zerbitzu Militarreko Buruzagitzak ezarri zituen hasiera batean. Epaitegi arazleak antolatzean, isunak eskala bati jarraituz ezarri ziren. Eskala hori Compañía de los Caminos de Hierro del Norte erakundearen Zuzendaritza Kontseiluak onartu zuen 1939ko abenduaren 1eko kontseiluan. Normalizazio horrekin batera, zenbait ohar egin ziren, zehapenen arteko bateragarritasuna arautzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko.

Espediente bakoitzak arazketa-prozesuan erabili ziren dokumentuak zituen, hala nola akusazioak, kargu- eta deskargu-agiriak, Guardia Zibilaren, udalen eta Falangearen txostenak, ofizioak eta sailen arteko korrespondentzia. Langileak konpainian berriz hartzea eskatzen zuen, edo, bestela, zehapena berrikusteko eskatzen zuen, Trenbideen Zerbitzu Militarreko Buruzagitzak aurretik ezarritako zehapenen kasuan. Behin eskaera epaitegira iritsita, instrukzio-epaileak espedientea hastea proposatzen zuen, arazketarako delegatuen buruaren oniritziarekin. Hiru toki-agintariek enplegatuaren jardunari eta jokabide politiko-sozialari buruz egindako txostenak oinarri hartuta, kargu-orria formalizatzen zen, eta enplegatuari ematen zitzaion, deskarguen bidez defendatu ahal izateko. Informazio horietatik abiatuta, instrukzio-epaileak proposamen bat egin zuen, langilea banantzea edo berriz hartzea proposatuz, dagokion zehapenarekin. Proposamena langileen buruak onartzen zuen, zuzendaritza-kontseiluaren onespenarekin eta trenbideen, tranbien eta errepideko garraioen zuzendaritza nagusiaren onespenarekin.

Azkenean, ebazpena dagokion sailari jakinarazi ondoren langileari ere jakinarazten zitzaion. Dokumentazioak, oro har, arazketa-prozesuaren ikuspegi orokorra ematen du, lehen urteetatik hasi eta epaitegi araztaileak bertan behera utzi arte.

Trenbideetako langileen arazketa Irunen

Irungo geltokiak 821 langile zituen 1936ko uztailean, 813 gizon eta 8 emakume. Uztailaren 20tik irailaren 5era arte, altxatutako tropek hiria okupatu zuten egunera arte, "Iparraldeko geltokiko Batzorde Iraultzaile" batek, Francisco Emery Arrieta eta Francisco Polo Arrieta buru zituela, geltokiko jarduera zuzendu zuen, Irungo Tokiko Defentsa Batzordearekin bat etorriz. Hiria hartu ondoren, tren zerbitzua Irun-Altsasu linearekin berrezarri zen irailaren 25ean. Linea hau, Sevilla-Altsasu lineari lotua, Merida okupatu ondoren berrezarri zena, okupatutako eremuaren iparraldearen eta hegoaldearen arteko komunikazioaren funtsezko zati bat izan zen. Irungo frontean egindako jarduketagatik (nahiz eta geltokiko langile gehienak geltokian bertan guardiak egitera mugatu ziren) eta/edo gerraren garaian beste fronte batzuetan aritzeagatik, erbestean babesteagatik eta, batez ere, trenbide-sindikatu nagusiko kide izateagatik (UGT), Irungo trenbide-langileen %50 baino gehiago zigortu zuten eta langileen %20 baino gehiago kanporatu zituzten konpainiatik, langile gisa zegozkien eskubideak galduta.

 

Irungo trenbideetako langileei buruz hartutako ebazpenen banaketa

EBAZPENA LANGILE KOP. PORTZENTAJEA
ZIGORRIK GABE BERRIRO ONARTU DIRENAK 174 %21,2
ZIGORRAREKIN BERRIRO ONARTU DIRENAK 431 %52,5
BEHIN BETIKO KALERATUTAKOAK 183 %22,3
NAHITAEZKO JUBILAZIOA, ZIGOR GISA 13 %1,6
EBAZPEN EZEZAGUNA 17 %2,1
ARAZTU GABEAK 3 %0,3
LANGILEAK, GUZTIRA 821

 

Zigor eskala (1)

  1. Zentsura idatzia, gutunean, interesdunari zuzendua, espediente pertsonalean jasota geratuko zena.
  2. Nahitaezko lekualdatzea, zerbitzuari edo bizitegiari dagokiona, urtebeteko edo bost urte arteko aldiko gaitasungabetzea, norberak beste bizitegi edo norako bat lortzeko xedeaz.
  3. Aldi baterako gaitasungabetzea azterketetan, lehiaketetan, oposizioetan parte hatzeko , dela Konpainian maila igotzeko edo egoera aldatzeko, norakoa edo lan mota aldatzeko.
  4. Aldi baterako gaitasungabetzea maila igotzeko,l zerbitzuan emandako urteen arabera mailaz igotzen diren langileei dagokienez. Gaitasungabetzea kasu bakoitzean maila igotzeko ezarritako aldi batekoa, bikoa edo hirukoa izan zitekeen.
  5. Mailakatutako langileentzat atzeratzea, dagokion eskalan eta kasu bakoitzean bidezkotzat jotzen den kopuruan hamarrenetan aplikatuta.
  6. Gaitasungabetzea aldi batean edo betiko aginte, burutza edo zuzendaritza karguetan egoteko,
  7. Urtean 12.000 pezetako edo gehiagoko soldata jasotzen zuten langileei soldata jaistea. Dagokion eskalan, soldata mota bat, bi edo hiru baxuagoa izan daiteke, eta borondatezko erretirorako eskubidea eten zitekeen bost urteko epean.
  8. Kategoria edo gradua jaistea, kategoriaren barruan bat baino gehiago daudenean, soldata jaitsi gabe. Beherapen hori hiru kategoria edo beheragoko graduraino irits zitekeen.
  9. Kategoria eta soldata jaistea, gehienez hiru kategoria edo beheragoko graduraino, eta borondatezko erretirorako eskubidea etetea bost urteko epean.
  10. 12. Nahitaezko erretiroa, zehapena zela espresuki adierazita.
  11. Kargugabetzea edo banantzea.
  12. Banantzea, eskubide guztiak galduta.

Oharrak

LEHENA. Zehapenak bateragarriak ziren elkarren artean, eta, beraz, aldi berean bat edo gehiago ezar zitezkeen, honela:

 

1. Zentsura idatzia eta 2. Nahitaezko lekualdatzea.
3. Gaitasungabetzea azterketak eta horrelakoak egiteko.
4. Gaitasungabetzea mailaz igotzeko.
5. Mailaz igotzea atzeratzea.
6. Gaitasungabetzea aginte-karguetarako.
7. Soldata murriztea.
8. Mailaz jaistea.
9. Mailaz jaistea eta soldata murriztea.
10. Erretiroa
2. Nahitaezko lekualdatzea eta 1. Zentsura idatzia.
3. Gaitasungabetzea azterketak eta horrelakoak egiteko.
4. Gaitasungabetzea mailaz igotzeko.
5. Mailaz igotzea atzeratzea.
6. Gaitasungabetzea aginte-karguetarako.
7. Soldata murriztea.
8. Mailaz jaistea.
9. Mailaz jaistea eta soldata murriztea.
3. Gaitasungabetzea azterketak eta horrelakoak egiteko eta 1. Zentsura idatzia.
2. Nahitaezko lekualdatzea.
4. Gaitasungabetzea mailaz igotzeko.
5. Mailaz igotzea atzeratzea.
6. Gaitasungabetzea aginte-karguetarako.
7. Soldata murriztea.
8. Mailaz jaistea.
9. Mailaz jaistea eta soldata murriztea.
4. Gaitasungabetzea mailaz igotzeko eta 1. Zentsura idatzia.
2. Nahitaezko lekualdatzea.
3. Gaitasungabetzea azterketak eta horrelakoak egiteko.
6. Gaitasungabetzea aginte-karguetarako.
7. Soldata murriztea.
8. Mailaz jaistea.
9. Mailaz jaistea eta soldata murriztea
5. Mailaz igotzea atzeratzea eta 1. Zentsura idatzia.
2. Nahitaezko lekualdatzea.
3. Gaitasungabetzea azterketak eta horrelakoak egiteko.
6. Gaitasungabetzea aginte-karguetarako.
6. Gaitasungabetzea aginte-karguetarako eta 1. Zentsura idatzia.
2. Nahitaezko lekualdatzea.
3. Gaitasungabetzea azterketak eta horrelakoak egiteko.
4. Gaitasungabetzea mailaz igotzeko.
5. Mailaz igotzea atzeratzea.
7. Soldata murriztea.
8. Mailaz jaistea.
9. Mailaz jaistea eta soldata murriztea
7. Soldata murriztea eta 1. Zentsura idatzia.
2. Nahitaezko lekualdatzea.
4. Gaitasungabetzea mailaz igotzeko.
6. Gaitasungabetzea aginte-karguetarako.
8. Mailaz jaistea eta 1. Zentsura idatzia.
2. Nahitaezko lekualdatzea.
3. Gaitasungabetzea azterketak eta horrelakoak egiteko.
4. Gaitasungabetzea mailaz igotzeko.
6. Gaitasungabetzea aginte-karguetarako.
9. Mailaz jaistea eta soldata murriztea eta 1. Zentsura idatzia.
2. Nahitaezko lekualdatzea.
3. Gaitasungabetzea azterketak eta horrelakoak egiteko.
4. Gaitasungabetzea mailaz igotzeko.
6. Gaitasungabetzea aginte-karguetarako.
10. Nahitaezko erretiroa eta 1. Zentsura idatzia.

 

BIGARRENA. Aldi bereko zigor osagarriak:

  • A. 1. zenbakiko zehapenetik 9.era bitartean ezarritako edozein zigor ezartzeak ondokoak dakartza berekin: eskubide pasiboen ondorioak galtzea, 1936ko uztailaren 18tik Konpainian zerbitzua berriz ematen hasi arte igarotako denbora galtzea, bai eta aldi berean edozein kontzepturengatik legokiokeen edo eman daitekeen eskubide edo emakida oro galtzea ere; eta enplegu-etenaldia berrestea eta hartzekorik ez jasotzea, aurkezten den egunetik zerbitzua berriz ematen hasten den egunera arte.
  • B. Erretiro zehapenak (10.a) ondokoak ditu zigor osagarri gisa: eskubide pasiboen ondorioak galtzea, 1936ko uztailaren 18tik erretiroa hartzeko datara arte, baita aldi berean edozein kontzepturengatik legokiokeen edo eman daitekeen eskubide edo emakida oro galtzea ere; eta enplegu-etenaldia berrestea eta hartzekorik ez jasotzea, espedientea aurkezten den egunetik ebazten den arte.
  • C. Banantzekoak diren 11. eta 12. zenbakiko zigorrak aplikatutzat emango dira ondorio guztietarako 1936ko uztailaren 18tik; izan ere, agenteak data horretan eten zuen Konpainiarekin zuen lan-kontratua.

HIRUGARRENA. Zigor gisa aurreikusten zen nahitaezko lekualdatzeak berekin dakar langilea berriro onartzean Konpainiari egokien irizten dion lanpostu edo norako esleitu ahal diola langileari.

Instrukzio-epaitegiak (2)

  • Instrukzio-epaitegia 1:
    Ingeniariak, arkitektoak, agregatu teknikoak, lantegietako buruak, biltegietako burua eta buruordea, zerbitzuburua eta zerbitzuburu-ordea, ahaldunak, letradu burua, letradu nagusiak eta letraduak, kutxazaina eta kontularia, mediku burua, ikuskatzaile medikoak eta medikuak, bideko atalburu-ordeak, gordailuko buruak eta buruordeak, idazkari laguntzaileak eta zerbitzuburuak, nazioarteko agentziako burua, mota guztietako ikuskatzaileak, bulegoko ikuskatzaile-ordeak eta buruordeak, peritu mekanikoak, praktiko industrialak, teknikari industrialak (soldatapekoak), bulegoko buruak, geltokietako bulegoko buruak.
  • Instrukzio-epaitegia 2:
    Ikerketa-agenteak, turismo-agenteak, administrazio-agenteak, agente agregatuak, agente hartzaileak, erregai-agenteak, Kontseiluko lehen eta bigarren mailako ofizialak, mota guztietako ordaintzaileak, bulegoetako eta loturetako zuzendaritza-buruak, enplegatu nagusiak eta enplegatuak, bulegoko laguntzailea, laguntzaile teknikoa, kutxako laguntzailea, laguntzaile kimikoa, artxibo-zaintzailea, artxibo-zaintzailea, loturetarako enplegatuak, enplegatutako emakumeak, biltegiko zaindariak, ibilbidearen begiratzaileak, material finkoko begiratzaileak, telegrafo eta telefonoko begiratzaileak, material txikoko begiratzaileak, gasaren begiratzaileak, geltoki eta erreklamazioetako ordezkariak, kalkatzaileak, marrazkilari nagusiak, marrazkilariak, delineatzaileak, praktikatzaileak, itzultzailea, laborategiko agregatua eta laguntzailea.
  • Instrukzio-epaitegia 3:
    Geltokiko buruak eta buruordeak, tailerreko buruak eta buruordeak, erreserbako buruak eta buruordeak, makinisten buruak, telegrafoko zaintzaileen buruak, lineako buruak, bisitarien buruak, bazterbideko- eta geralekuko burua, mugimenduko zaintzaileak, zaintzaile buruak, baimendutako faktoreak.
  • Instrukzio-epaitegia 4:
    Faktore nagusiak eta faktoreak, soldatapeko faktoreak eta asimilatuak (merezimenduzkoak), saltzaileak, sobrestanteak, egiaztatzaile nagusiak eta egiaztatzaileak, material txikiaren zaintzaileak, orratz-zaintzaileak, orratz-langileak, soldatapeko orratz-zaintzaileak, bisitatzaile nagusiak eta bisitariak, soldatapeko bisitariak, telegrafoaren zaintzaileak, soldatapeko zaintzaileak, obren zaintzaileak, gaueko zaintzaile finkoa.
  • Instrukzio-epaitegia 5:
    Gidariak, balazta-zaintzaileak, tren-mutilak, soldatapeko tren-mutilak, trenbideko langilezainak.
  • Instrukzio-epaitegia 6:
    Maniobretako langilezainak eta langilezain-ordeak, krokatzaileak (morroiak), peoien langilezainak eta langilezain-ordeak, enbalatzaileen langilezainak, enbalatzaile finkoak eta soldatapekoak, lanparazain finkoak eta soldatapekoak, lineako ofizialak, telegrafoko langileak, bideko lehen langileak, bideko langileak.
  • Instrukzio-epaitegia 7:
    Atezainak, soldatapeko atezainak, ordenantzak, soldatapeko ordenantzak, bulegoko mutilak, kontserjeak, zaintzaileak eta atezainak, biltegiko zaintzaileak, gaueko zaintzaileak, bide-zaintzaileak, zinpekoen eta kaboen zaintzaileak, zaindari arruntak, emakumezko zaintzaileak, lorazainak..
  • Instrukzio-epaitegia 8:
    Lurrunezko makinistak eta makinista elektrikoak, lurrunezko suginak eta sugin elektrikoak, makina finkoko suginak, motor-gidari finkoak eta soldatapekoak.
  • Instrukzio-epaitegia 9:
    Galdaragilea eta laguntzaileak, arotzak eta laguntzaileak, muntatzaile nagusiak, muntatzaile bisitatzaileak, muntatzaileak eta laguntzaileak, balazta-muntatzaileak, muntatzaile argiketariak eta laguntzaileak.
  • Instrukzio-epaitegia 10:
    Akoplatzaileak eta eta laguntzaileak, adokinatzaileak, zorroztaileak, doitzaileak eta laguntzaileak, igeltseroak eta laguntzaileak, alistatzaileak, zenbait lanbidetako ikastunak, hondar jasotzaileak, zerratzaileak eta laguntzaileak, bobinatzaileak eta laguntzaileak, bernizatzaileak, barrenatzaileak, suhiltzaileak, pisatzaileak, gurpil-kaltzatzaileak, gurdi-egileak, arrabotariak, sarrailagileak, saskigileak, zubi-gidariak, pintura-egileak, upelgileak, banatzaileak, ebanistak, hainbat makinatako arduradunak, tailerretako arduradunak, forjariak eta laguntzaileak, urtzaileak eta laguntzaileak, prentsatzaileak, uhalgileak, ferratzaileak eta laguntzaileak, latorrigileak eta laguntzaileak, aizkolariak eta tresnalariak, labezainak, taldeburuak, jasotzaileak eta laguntzaileak, litografoak, turuta jotzaileak, llenadoteak, matxeroak eta laguntzaileak, tailerreko makinistak eta laguntzaileak, modelistak eta laguntzaileak, moldeatzaileak eta laguntzaileak, xehatzaileak, mekanikariak, molduristak, mortasatzaileak, nikeleztatzaileak, pintatzaileak eta laguntzaileak, pikalimak, piloneroak, potasadoreak, leuntzaileak, bizar-kentzaileak, zuzentzaileak, betetzaileak, hariztatzaileak, jostunak, soldatzaileak eta autogenako eta elketrikoko laguntzaileak, sopletistak eta laguntzaileak, metal eta egurrezko tornulariak eta laguntzaileak, uhalgileak, zulatzaileak, tapizatzaileak, telefonistak, terrailatzaileak, guraize-puntzoiak, upagileak, trokelgileak, hodigileak, gurpil egiaztatzaileak, birotileroak.
  • Instrukzio-epaitegia 11:
    Mota guztietako peoiak, garbitzaileak, mota guztietako garbiketako arduradunak eta langileak (denak emakumezkoak), geltokiko morroi finkoak, laguntzaileak eta kanpoko morroiak, baskulako morroiak, morroi artxibozainak, gas-langileak.
  • Instrukzio-epaitegia 12:
    Azpiestazioko arduradunak, azpiestazioko laguntzaileak, kontramaisuak eta kontramaisu ondokoak, soldatapeko kontramaisuak, erizainak, ura eta material sanitarioa arazteko laborategiko arduraduna, tailerreko arduradunak, nasajistak, banatzaile nagusiak eta banatzaileak, erregaiaren agente laguntzaileak, lineako agenteak eta laguntzaileak, seinale-agenteak, argazkikalko-agenteak, telégrafo-agenteak eta laguntzaileak, Baskula doitzaileak eta laguntzaileak, laguntzaile finkoak, elektrizista laguntzaileak, elektrizistak, meatzariak, meatzari laguntzaileak, kamineroak eta laguntzaileak, harginak eta laguntzaileak, zigilu jartzaileak, transbordadore gidariak, desinfektatzaileak, jostunak, kristalgileak, materialaren sailkatzaileak, enpedratzaileak eta laguntzaileak, piztaileak, koipeztatzaileak eta laguntzaileak, eskopleatzaileak, billete-fabrikatzaileak, hesi-zaintzaileak, brigadako buruak, garbitzaileak, garbitzaileak eta laguntzaileak (gizonezkoak denak), itzainak.

 

(1) Zuzendaritza Kontseiluak 1939ko abenduaren 1ean egindako bilkuran onartua. Archivo Histórico Ferroviario. E/92/1.

(2) Archivo Histórico Ferroviario. E/92/1.