Evaristo Larrañaga Urcelayeta (1891-1.938), Irunen jaio zen 1891ko urriaren 26an; Francisco eta Evaristaren semea zen eta Magdalena Corta Echevarrietarekin ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituzten: Ramón, Evaristo eta Maria Mercedes; Irungo Urantzu karrikan bizi izan zen, eta merkataria zen lanbidez.
Zentro Errepublikarrean afiliatu zen, Errepublika aldarrikatu zeneko 1931ko udal hauteskundeetan parte hartu zuen eta zinegotzi atera zen Alderdi Errepublikar Radikal Sozialistaren aldetik, nahiz eta geroago Ezker Errepublikarrean sartu zen.
1936ko uztaileko altxamenduaren ondoren Frente Popularraren Defentsarako Batzordearen zerbitzura jarri zen; ez zuen inolako kargurik izan, baina harreman estua izan zuen lehen alkateorde eta Batzorde horretako presidente izan zen Florencio Iratxeta sozialistarekin; Iratxetarekin eta orobat Irungo zinegotzi Gerardo Bienabe Artiarekin batera atxilotu zuten, 1937ko martxoan, Baionatik Bilborantz zihoala, Galdames itsasontzia harrapatu eta Pasaira eraman zutenean.
Burgosko kartzelara eraman zuten eta Gerra Kontseiluan epaiketa fartsa bat egin ondoren, heriotz zigorra jarri zioten. Bazirudien Irun hiriari nolabaiteko eskarmentua eman nahi ziotela; izan ere, irailaren 4an hiria hartu eta gero, Hendaia ihes egiteko hurbil zegoenez, pertsona publiko eta nabarmen gutxi atxilotu zituzten.
Herriak bere buruari emana zion antolamendu konstituzionalaren aurka indarrez altxatu zirenek matxinada militarrarekin bat egin izana leporatu zioten; legezkotasun demokratikoa eta errepublikarra defendatu zutenak akusatzeko modu bitxia.
Ez zuten ezertarako balio izan haien alde borreroengana helarazi zituzten lekukotasunek, adibidez animoak bero-bero zeuden garaian 1936ko uztailaren 19an gertatutakoak. Evaristo bazkaltzen ari omen zen lagun batzuekin San Martzial mendian; lagun horien artean, CEDAren zinegotzia eta eskuindar ezaguna zen Rosario Tellechea. Une horretan miliziano armatu batzuk sartu omen ziren Tellechea fusilatzeko asmotan; ekintza hori bertan behera geratu omen zen han zeudenetako batzuen –Larrañaga barne- esku-hartzeari esker; hura egon omen zen Tellechearekin atxiloketan, eta fusila zezaten sahietsi omen zuen horma baten aurrean jarri zuten bi aldietan. Berarekin egon omen zen haren kargu egitea lortu zuen arte; ondoren, Larrañagak bere etxera eraman zuen eta lagundu zion Frantziara joan eta han babes zedin.
1938ko martxoaren 10ean fusilatu zituzten Florencio Iratxeta eta Evaristo Larrañaga, Emilio Mola, Irun hartzea zuzendu zuen Jeneralaren esaldi hari ohore eginez: “Izua eragin behar da, nagusitasun-sentsazioa utzi behar da, eta eskrupulurik eta zalantzarik gabe deuseztu behar dira guk bezala pentsatzen ez duten guztiak”.
Florencio Iratxeta Quilez Madrilen jaio zen; Irunera etorri zen bizitzera 1920 aldera eta Anaka auzoko etxe merkeak deiturikoetan bizi izan zen. Mugimendu sozialistari atxikia, 1925ean Etxe Merkeak eraikitzeko Cooperativa Irunesa deiturikoaren presidente izendatu zuten; 1931ko apirilaren 14ko hauteskundetan zinegotzi aukeratu zuten eta bigarren alkateorde izendatu. 1932an Irungo Langileen Batasun Orokorreko (UGT) presidente izendatu zuten.
1936an Frente Popularraren Defentsarako Batzordearen presidentetzan egon zen; batzorde horretan zeuden legezkotasun errepublikarrarekiko leial mantendu ziren indar politiko guztien ordezkariak. Seguraski Batzorde horrek egin zuen lan bakarra errefuxiatuak hornitzea eta haiei laguntza ematea izango zen. Irun erori eta gero, Iratxeta Frantziara joan zen eta 1937ko martxoan, Evaristo Larrañagarekin eta beste errefuxiatu batzuekin (178 bidaiari) “Galdames” itsasontzia hartu zuen Bilbora etortzeko, bertan Eusko Jaurlaritzaren hauteskudetan parte hartzera. Lehenago, ordea, “Canarias” itsasontziak preso hartu zituen eta Burgoseko presondegira eraman zituen.
Frantziako diplomaziak eginahalak egin zituen haien bizia salbatzearren; zenbait lekukok ere, esaterako Udaleko idazkari Emilio Navasek, eman zuen haien jokabide egokiaren fede; baina 1937ko uztailean, gerra-kontseilua egin eta egun hartan bertan eman zuten epaia, zeinak esaten baitzuen frogatua zegoela Frente Popularreko buruzagia zela. Eta horrela, 1938ko martxoaren 10ean Fusilatu zituzten Burgosen Florencio Iratxeta eta Evaristo Larrañaga. Iratxetaren ondasunak konfiskatu egin zituzten frankistek eta Anakako bere etxea ere bai; ordurarte “Villa Libertad” zena, handik aurrera “Villa España” deituko zuten.