Andrée de Jongh, Belgikako erresistentziako kidea, hil da
Nazietatik 800 soldadutik gora salbatu zituen Comète Sarea izeneko laguntza- sarea antolatu zuen
Andrée de Jongh Comète Sarea antolatu zuen erizain belgikarra izan zen, II. Mundu Gerran soldadu aliatuei laguntza emateko sarea, alegia. 2.000 boluntario inguruk osatua, Belgikatik Gibraltarreraino Frantzian eta Pirinioetan barrena ihes egin zuten 800 militar baino gehiago salbatu zituzten. 1943an atxilotu egin zuten eta Ravensbrück-eko eta Mauthauseneko kontzentrazio eremuetara bidali zuten. Urriaren 13an hil zen, 90 urte zituela.
"Nik inoiz ez nuen gure aita nigarrez ikusi, inoiz. Esan zidan: ”Belgikak utzi dio borroka egiteari. Etsi du”. Ni etsipenak jota nengoen eta haserre, eta amorratuta. Horrela esan nion: “Ez zenuke nigar egin behar. Ikusiko duzu zer egingo diegun. Bai, bai, ikusiko duzu. Gerra hau galduko dute. Haiek hasi dute, baina galdu egingo dute. Zu ez kezkatu”. Baina egia esateko, gerra nola irabazi arrastorik ere ez nuen".
Horrela ekartzen zuen gogora Andrée de Jongh-ek 2000an The Bulletin bruselar astekarian II. Mundu Gerrako historiaren une anonimo handietako bat, garai hartan 24 urte zituen gazteak bere herria hartuta zeukan nazi okupatzailearen aurka altxatzea erabaki zuenean.
Bere aita Frédérici hitz egin zion segurtasun, ausardi, uste oso eta indar berarekin abiatu zen Andrée okupatzailearen aurkako misioan eta irabazi egin zuen. Historiaren arabera emakume horrek soldadu eta pilotu aliatuak Belgikatik ateratzeko eta Espainiara eta Gibraltarrera iritsiarazteko ezerezetik sortu zuen Kometa Sarea “salbatutakoen kopuruari begira ihes-sarerik handiena izan zen, sofistikatuena, denboran zehar luzeen iraun zuena eta arrakasta handien izan zuena”, The Freedom Linen Peter Eisnerrek idatzi duenaren arabera. 800 soldadu inguruk zor diote Dédée izenez ere eta are esanguratsuagoa den Zikloi Txikia izenez ere ezagutzen zuten De Jongh zoragarriari askatasuna eta bizia.
|