Manolita del Arco militante komunista eta errepublikano beteranoa

Ez adiorik Francoren espetxeetan luzaroen egon zen emakumeari (El pais 06/01/21)

Bilbon sortu zen 1920an. Militante komunista eta errepublikanoa izaki, Francoren presondegietan luzaroen, etenik gabe, egondako emakumea izan zen.

Berezko zuen diskrezioarekin esan zigun atzo agur Manolita del Arcok. Jatorriz euskal herritarra, 18. urte zituenetik izan zen Alderdi Komunistako militante Madrilen. Gerra zibil osoan zehar askatasunaren eta Errepublikaren alde nekaezin borroka eginda atxilo hartu zuten, baina berak esan ohi zuenez, beste askok bezala “ez zuen meriturik egin”; epaile frankistek heriotza zigorra eman zioten.

Manolita del Arcoren esanetan 1939ko martxoaren 7an hartu zuten atxilo Alderdi Komunistraren Batzar Nagusiaren eraikinaren sarreran. Casadoren saldukeriaren lehen emaitzak ziren, Manolita eta bera bezala Errepublikaren alde eta Francoren estatu kolpe militarraren aurka borrokatutako beste milaka eta milaka gizon eta emakume presondegietara eramango zituen saldukeriaren lehen urratsak.

Ventas, Malaga eta Segoviako presondegietan bizi izan zen, eta bere eta lagun guztien aurkako errepresioa jasan zuen. 1942an heriotza zigorra ezarri zioten, eta urte hartan bizi arteko laguna izan zuena, Ángel Martínez, ezagutu zuen Madrilgo Salestarren egoitzan. Ángeli ere heriotza zigorra eman zioten. 19 urte eman zituzten biek espetxean. Denbora tarte luze horretan gutun bidezko harremana baizik ez zuten eduki. Nik kontserbatu ahal izan diren gutun horitako batzuk irakurtzeko fortuna izan dut, eta horietan bizitzan zehar elkarrenganako izan zuen maitasuna ez ezik militantzia eta konplizitatea ere hautematen dira. Elkarrizketa batean galdetu nion nola eduki daitekeen maitasuna soilik gutunen bidez, eta halaxe erantzun zidan hark: “Badira 20 urte Ángel joan zenetik, eta oraindik izugarri maite dut”.

Heriotza zigorretik libratu eta espetxetik irten zirenean ezkondu egin ziren, eta Miguel Ángel izan zuten seme bakarral.

1949. urtean, Segoviako espetxean, gose greba egin zuten emakumeetako bat izan zen Pilar Claudin, Merche Gómez, María Blázquez, Nieves Torres eta Josefina María Villa andereekin bat hartuta. Espetxetik irten zenean, hirurogeigarren hamarraldian, Alderdiko militante izaten jarraitu zuen, eta herrialde honetara askatasuna eta oinarri demokratikoak ekartzeko lan egin zuen, bere kideekin elkartasunez jokatuz eta guztiekin tolerante.

Manolita, Tomasa Cuevas eta lehenago aipatutakoak, askatasunaren alde borrokatu ziren klandestinitatean, eta seme-alabak alboan Burgosko presondegiko ateetaraino iritsi ziren senarrei eta preso politiko guztiei beren sostengua erakustera.

Trantsizioarekin batera ahanztura, eta hori gizonezkoentzat gogorra izan bazen, askoz ere larriagoa gertatu zen Manolitarentzat eta emakume guztientzat.

Manolitak zioen bezala, “emakumea izan zen, hizki larriz, presoaren alde, espetxeratuaren alde, iheslariaren alde, mendian gerrillarekin ibili zenaren alde, askatasuna lortzeko xedean faxismoaren aurka hamaika gudutan ibilitakoaren alde, borrokatu eta sakrifikatu zena”.

Protagonismo orotatik beti ihes egin bazuen ere, historiarentzat utzi zuen bere testigantza, errepresioa zertan izan zen, gorrotorik gabe, baina beti ere borroka merezi zuen balioaren alde eginez, askatasunaren alde. Inoiz ere ez zuen omenaldirik nahi izan, eta beste askok bezala “ni beste bat naiz” esan ohi zuen. Horrexegatik, hain zuzen ere, zuretzat, Manolita, eta “Errepublikaren eta guztion askatasunaren” aldeko borrokan zeuen bizitzak sakrifikatu zenituzten guztiontzat justizia eta aitortza ekitaldi xume bat baino ez da honakoa, ezin baitugu zuek ahanzturan galduta gelditzerik onartu. Azken unera arte izan zen emakume argia, eta azken mementura arte izan zen komunista eta errepublikano. Ia indarrik ez zuela, baina bere militantzian tinko, joan den urtean Asociación de Mujeres Sororidad elkarteko Ohorezko Presidente izateko gonbita onartu zuen.

Hari elkarrizketak egin genizkion historialariontzat datu historikoen base paregabea izan zen Manolita. Niretzat pribilegio hutsa, erreferentzia garbia. Gauza guztien gainetik osoa izan behar dela erakutsi zidan, harria bezain gogorra baina kristala bezain gardena. Ez adiorik, Manolita. Zure eta zure kideen borroka ez zen alferrekoa izan.

Jorge J. Montes Salguero Biblioteca Nacional liburutegiko Zuzendariorde Nagusia da.


Kontaktatzeko tfnoa.: 669075423 - Posta kutxa: 10008