Omenaldian irakurritako testua
Arratsalde on guztioi
Hemen bildu gara hamahiru pertsonei omenaldi bat egiteko, toki honetan bertan, duela 71 urte hil zituzten eta. Hamahiru pertsona, batzuk oso gazteak, 16 urte besterik ez, bizitzen hasterako hiltzera kondenatuak. Bi emakume zeuden hamahiru lagun horien artean, genero berdintasunaren aldeko borrokaren adibide praktiko eta zoritxarrekoa, inolaz ere. Errepublika eta Euskal Herria defendatzea izan zen haien delitua. Lege demokratikoa eta beren Herria defenditzea, hain zuzen.
Hamahiru pertsona, beste hainbatek bezala, beren bizitza arriskuan aartzeko duda izpirik izan ez zutenak beren Herria defenditzeko, kasu honetan Irun, militar faxisten erasoaren aurrean. Faxistak, armez josita, urteetako borroketan lortutako eskubideak kendu nahi izan zituzten, politika aniztasuna ezabatu, langileen erakundeak desagerrarazi, irakaskuntza publiko eta laikoarekin amaitu, euskara desagerrarazi, boteretsuen interesen baitara makurtu, eta periferiako nazionalismoaren aurrerabidea geldiarazi. Ezin dugu ahantzi Errepublika astindu zuen oihu hura “hobe Espainia hautsia ezen ez gorria”.
Gaur eskerrak eman nahi dizkiegu pertsona adoretsu hauei, gazte-gazte zirela, ia prestakuntza militarrik gabe eta baliabide eskasekin, beren herritarrak, beren ondorengoak, gu guztiok defenditzeko adorea izan zutelako.
Eskerrik asko hauei:
Mertxe López Cotarelo
Pilar Vallés Vicuña
José María Arruti Idiakez
Victor Genua
Jesús López Casado
Agapito Dominguez
Bernardo Usabiaga Jauregui
Manuel Justo Alberdi
Miguel López Pascual
Vicente Argote
Agustin Bermejo
Felix Luz Etxeberria
Angel Braña López
Eskerrik asko gu defenditzeagatik.
Gaur esan nahi dizuegu beti eramango zaituztegula bihotzean, zuen jarrera eredugarria izan zela, ez zaituztegula inoiz ahaztuko eta Errepublika eta Euskal Herria defenditzeagatik egin zenuten sakrifizioa, beste milaka askok egin zuten bezala, aitortua izan dadin lan egingo dugula
Informazio osoa.... |