BIDASOA (06/04/01)

Nicolas Gerendiain Elkarteak ‘Irun Errepublikarra” erakusketa antolatu du, Errepublikaren 75. urteurrenean.

M. J. A./

Prentsaurrekoaren argazkia

Juncal Oiartzunek eta Marijo Noguések aurkeztu zituzten ekitaldiak. [F. PORTU]

IRUN. DV. Nicolas Guerendiain Irungo Elkarte Errepublikarrak, hilaren 14an II. Errepublikaren aldarrikapenaren 75. urteurrena dela eta, hainbat ekitaldi antolatu ditu. “75 urteurren honetan hogeita hamarreko urteetan II. Errepublika izan zena omendu nahi dugu; alegia, estatu erabat demokratikoa, federala, laikoa, soziala eta elkartasunezkoa, non Espainiako herriak bere etorkizunaren jabe izango ziren”, esan du Nicolas Gerendiain elkarteko kide Marijo Noguések.

‘Irun Errepublikarra’ erakusketa izango da ospakizunaren ekitza garrantzitsuena, eta apirilaren 14tik 16ra egongo da irekita, Euskadiko Kutxako aretoan. Erakusketa inauguratzeko ekitaldian izango dira Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako eta Gizarte Gaietako sailburu Javier Madrazo.

Erakusketa honen bidez, “elkarte errepublikarrak une haietako oroitzapena berreskuratu nahi du; nazioarteko faszismoaren laguntzaz zer lapurtu ziguten gogoratu; haien ondorengo garenon alde beren bizitza eta dena eman zuten irundar emekume eta gizon haiek oroitu, zapaldu eta suntsitu egin baitzituzten gero guri izuaren eta beldurraren bidez 40 urte iraungo zuen diktadura ezartzeko”, adierazi zuen Juncal Oiartzunek.

Nicolas Gerendiain elkarteko kideen iritziz, II. Errepublikako helburuak “gaurkotasunezkoak dira oraindik ere. Giza eskubideen defentsa unibertsala, gizarte-berdintasuna, publikotasuna defendatzea, justiziaren independentzia, laikotasuna, elizaren esku-hartzerik gabeko irakaskuntza publikoa, herriak beren etorkizunaren jabe izateko nahia eta gatazkak gerrarik gabe konpontzeko benetako borondatea dira egungo xedeak".

Erakusketa aurkezteaz gainera, Nicolas Gerendiain Elkarteak "apirilaren 14an balkoietan bandera jartzera animatu zituen Irungo errepublikarrak”. Antolakuntzak, gainera, herri-bazkaria antolatu du; apirilaren 14an izango da Irungo Atsegiñan. Informazio gehiago nahi dutenek begiratu ahal dute www.asociacoonrepublicana irunesa.org web orria.