BIDASOA (05/10/20)

IRUN - PEDRO BARRUSO, HISTORIALARIA ETA EHU-KO IRAKASLEA

“Errepresaliatuak gogoan izatea beharrezkoa da, bihozberatasunagatik eta baita interes historikoarengatik ere"

Irungo Errepublikarren Elkarteak gonbidaturik, hitzaldia emango du bihar Amaian

MAIDER IZETA/

Pedro Barrusoren argazkia

HITZALDIA

Izenburua: ‘Irun 36tik aurrera. Errepublikatik Diktadurara’

Hizlaria: Pedro Barruso (Donostia, 1963). Deustuko Unibertsitateko Doktorea Historian eta EHUko Geografia eta Historiako irakasle titularra. Hainbat obraren egile, horien artean 'Destrucción de una ciudad y construcción de un nuevo Estado: Irún en el primer franquismo'.

Eszenatokia: Bihar, ostirala, 19:30etan, Amaia Kultur Zentroko hitzali-aretoan

Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikarren Elkarte jaio berriak bere jarduera-egitarauari ekiten dio, eta hitzaldi batekin ekin ere, ‘Irun 36tik aurrera. Errepublikatik Diktadurara’ izenburu duena, eta Pedro Barruso historialariak bihar Amaia Kultur Zentroan emango duena. Barruso Historian doktore eta EHUko irakaslea eta hainbat liburu ditu idatziak Euskal Herriko historia garaikidea gaitzat harturik; liburu horien artean Iruni eta Hondarribiari buruzko bi azterlan. Gaur egun ‘Todos los nombres' izeneko proiektua du eskuartean; helburua, frankismoak errepresaliatutakoen inguruko datu-basea sortzea.

Irungo Errepublikarren Elkarteak “Nicolás Guerendiain” du izena. Historialari zaren aldetik, zer esaten dizu izen horrek?

Nicolás Guerendiain aitaren figura dokumentatua dago, eta, berez, Aitor Puchek Irungo errepublikanismoari buruz idatzi zuen liburuan oso ondo jasotzen da hori. Baina Nicolás Guerendian semearen figuraz zalantza gahiago dago. Badakigu Gerra Zibilaren hasieran hil zutela, baina haren heriotzaren inguruko kontuak ez daude argi oraindik. Betiere esan izan da Berako harrobian hil zutela. Baina bere izena hartu duen elkarteak bere familiari galdetu eta jakin du Santanderren harrapatu zutela eta gero Irungo erreketeek hil zutela. Laino artean bezala dago heriotza hau, beste pertsona askorenarekin gertatu ohi den bezala.

Azken urteotan mugimendu handia dago historiaren alderdi ezkutu hori berreskuratzeko saiakera egiten. Zu orain 'Todos los nombres' izeneko proiektuan parte hartzen ari zara. Esango zeniguke zer den hori?

Espainia osoan gauzatzen ari den proiektua da, frankismoak errepresaliatutakoen inguruko datu-basea sortzeko. Gipuzkoan, dokumentatutako 6.000 izen izan dira abiapuntu, baina uste dut askoz gehiago izango direla. Espero dut 2006ko erdialderako datu-basea interneten egotea. Anbizio handiko proiektua da eta lan asko eskatzen duena; izan ere, tokian-tokian lan egin behar da, ezin da bestela, pertsonekin zer gertatu zen zehatz-mehatz jakiteko bidea emango diguten dokumentuak eta testigantzak bilduz. Irunera egindako bisitan, adibidez, hiriko jendearekin elkarrizketatu naiz, haiek baitira zer gertatu zen dakitenak, eta haiekin gurutzatu baititzaket datuak. Ez dago aurrera egiteko beste modurik. Ez dugu alderatu edota dokumentatu gabeko izenik onartzen. Kaltegarria litzateke.

Ari al zara zailtasunik izaten zure ikerkuntza lanean? Oraindik ere jendea hitz egiteko edo gogoratzeko beldur al da?

Bai, beldurra dago, eta arazo asko dira. Sekulako dokumentu pila dago, eta batzuetan paper artean ito egiten zara. Ez dakizu nondik hasi, ez daukazu bitarteko materialik ez humanorik ikerketa nahi zenukeen denbora tartean gauzatzeko. Gero, bada gogoratu nahi ez duen jendea ere. Defentsa mekanismoa da. Batzuek garai horiek ahaztu egin nahi dituzte, nahiz eta nik ziur esan dezakedan oso grabatuta geratu zirela, baditut-eta testigantzak dena primeran gogoratzen duen jende zahar-zaharrarenak. Baina oroimenak azpi-azpian gordetzen ditu, nahita, hainbat gauza. Denborak ere gure kontra jokatzen du, egunetik egunera lekuko gutxiago gelditzen da-eta. Horregatik erakundeei babes apur bat erreklamatzen diet beti.

Ez al duzu bada aurkitu?

Erakundeen aldetik interes apala aurkitu dugu. Nik zuzendu nuen frankismoaren biktimak aintzat hartzeko Eusko Jaurlaritzak atera zuen dekretuaren ondorioz dirulaguntzak eskatzeko ikerketa-taldea. Zati bat atera zen soilik, beste zati bat alde batera utzi zen. Nire ustez askoz modu globalagoan tratatu behar da gaia. Ez da diru-kontua, ez materiala ere, aitormen eta oroitzapen kontua da hau.

Historialari zaren aldetik uste duzu premiazkoa dela aitormen hori?

Baietz uste dut nik. Beharrezkoa da. Lehenik eta behin, giza-bihozberatasun hutsagatik, pertsona horiekin guztiekin zer gertatu zen eta non dauden jakiteko. Bigarrenik, jakinmin historiko hutsagatik. Garesti ateratzen da eta politikoki ez da errentagarria, baina egin beharrekoa da.

Zure biharko hitzaldian Errepublikatik Diktadurarako Irun hartuko duzu gaitzat. Nolakoa zen Irun errepublikanoa?

Hiri liberala, errepublikarra, nahiko bizia ikuspegi politiko eta sozialetik begiratuta, eta aberatsa. Gero erabat suntsitu zen. Suteak 30. hamarkadako Irun hura kiskali egin zuen, eta hiri berria eraiki zen errauts haietatik, egun ezagutzen dugun hiri handi hau sortu zuena.

Zuk badituzu hainbat liburu eskualde honetaz idatziak. Nondik datorkizu inguru honekiko jakinmin hori?

Familia-loturak ditut hiriarekin. Nire aiton-amonak Irun kiskaltzen ari zela atera ziren handik, eta oraindik ere badut Irunen aitaren aldeko familia. Ni Txingudin hazia naiz. Sentimendu-harremana da, eta baita inguru horretako artxibozainekiko adiskidetasunekoa ere; artxibozain horiek kultura zabaltzaile bikainak baitira eta asko lagundu baitidate nire lanetan.