BIDASOA (06/07/22)

PACO ETXEBERRIA, EHU-KO MEDIKU FORENSEA

“Gerra garaian, Irun bere portaera heroikoarengatik nabarmendu zen”

Hobi komunetan aditua den mediku honek hitzaldia erman zuen atzo.

JOANA OCHOTECO/

Pako Etxeberriaren argazkia

P. Etxeberria atzoko hitzaldiaren une batean. [F. DE LA HERA]

Irunen egun hauetan egin diren Jardunaldi Errepublikanoen barruan, EHUko mediku forense eta hobi komunetan aditua den Paco Etxeberriak hitzaldia eman zuen atzo Amaia Kultur Zentroan; han, hobiei buruz ezezik, gerra zibila hasi zenean  Irunen izan zen errepresioaz ere hitz egin zuen.

Zer gaiz hitz egin duzue hitzaldian?

Funtsean bi alderdi ukitu ditugu. Alde batetik, fusilatuei eta desagertuei dagokiena, eta beraz, baita hobi komunei ere. Aztertu dugun beste alderdia une historiko horretan bizi izan zen errepresioarena izan da. Ez dugu hildakoez eta hobiez hitz egin soilik, hitz egin dugu altxatutako militarren aldetik Irunen errepresioa jasan zuten guztiez ere .

Ba al da Irunen interes bereziarekin tratatu den errepresio kasu zehatzik?

Irungo bi zinegotziren kasua aipatu dugu, Florencio Yracheta eta Evaristo Larrañaga. Baionatik Bilbora zihoazela atxilotu zituzten eta Burgosko presondegira eraman eta han fusilatu.  Hori Irungo jende askori gertatutakoaren adibide da.

Hobi komunei dagokienez, berriz, zenbat daude Irunen?

Guk bat bakarra ikertu dugu, Behobian, baina hutsik zegoen. Objektu batzuk aurkitu genituen, baina hezurrik ez.

Ba al dakizu zer gertatu ote zen hobi horretako eskeletoekin?

Ez. Baliteke biktimen familiartekoek ateratzea gorpuak, baina hori ez dago argi.

Horretaz gain hor dago Pikoketako hobia ere ...

Bai. Demokrazia heltzean, 1978an, familiartekoek gorpuak hobitik atera zituzten. Gorpu batzuk atera zituzten, eta orain toki horretan monumentu txiki bat dago han gertatu zenaren oroigarri.

Pikoketakoaz aparte, ba ote da beste hobirik?

Ez da guregana heldu besterik egon litekeen hotsik. Argitu gabe geratu dena zera izan da, non lurperatu zituzten, alegia, Guadalupe gotorlekuan fusilatutako pertsonak. Badakigu batzuk Hondarribiko hilerrira eraman zituztela. Orain hilabete batzuk, bertan obra batzuk egiten ari zirela, hezurdura batzuk azaldu ziren, baina ez ziguten abisatu eta ez dugu azterketarik egiterik izan.

Zeintzuk dira toki jakin batean hobi komuna dagoela pentsarazten dizueten seinaleak?

Ia beti adineko pertsonen bidez iristen gara horien berri izatera, pertsona horiek zuzenean dakitelako -edo bestela, familiaren bidez- zer gertatu zen eta non.  Beste batzuetan, berriz, halabeharrez egin dira aurkikuntzak.

Irunen, desagertutako senitartekoen bila jarraitzen duen jendearen salaketa asko al dago oraindik?

Bai. Dauzkagun eskarien artean, badira Irungo jendearenak. Baina desagertutakoak aurkitzea oso lan zaila da.

Gerra zibilaren garaian Irunen izandako errepresioaz, zer uste duzu zuk, bereziki gogorra izan zela?

Baietz uste dut nik. Altxatutako militarren aurka herriak defentsa armatua eta antolatua  egin zuen lehenengo lekuetako bat izan zen. Horregatik, gogorragoa izan zen gero errepresioa. Baina aldi berean horrek sona eman zien Irunen borroka egin zutenei, oso baliabide gutxirekin altxatutakoen kontra egiteko ausardia izan zuten pertsona xume haiei. Irun bere portaera heroikoarengatik nabarmendu zen.