NOTICIAS DE GIPUZKOA (09/09/13)

Ehunka pertsonek gogoratzen dituzte Gerra garaiko biktimak Donostian

FRANCOREN TROPEK 400 ZIBIL INGURU FUSILATU ZITUZTEN HIRIA OKUPATU ONDOREN

Atzo elkartutakoek “justizia eta ordaina” eskatu zuten Zumardian egin zen ekitaldi xume baten bitartez

Ekitaldiko argazkia

Gizon bat, atzo, arrosa bat uzten biktima donostiarren izenak dituen horman.ARGAZKIA: G. ESTRADA

DONOSTIA. 200 lagun baino gehiago bildu ziren atzo Donostian eratu berria den Genozidioaren Biktimen Elkarteak antolatutako ekitaldian: helburua, okupazio frankista nozitu zutenak gogoratzea eta haientzako “justizia eta ordaina” eskatzea.

Iñaki Egaña historialariak gogoratu zuen 1936an, Francoren tropek hiria okupatu ondorenean, “385 donostiar, guztiak zibilak, fusilatu zituztela, 17 emakume haien artean”. Adierazi zuen, orobat, 418 miliziano gudu-zelaian hil zirela; 776 donostiar kanpora eraman zituztela, 21 hiritar gaseztatu egin zituztela; 561 kartzelan egon zirela eta 48ri beren ondasunak konfiskatu zizkietela.

Atzoko omenaldiaren bidez gogoratu egin nahi zen haien guztien memoria, ekitaldi “goxo eta xume” bat eginez. Txalaparta-musikak eman zion hasiera ekintzari eta gero beste hauek hartu zuten parte: Añorga Beñat Gaztelumendi bertsolariak; Fito Rodríguez idazleak eta Amaia Zubiria abeslariak.

Horiekin batera, ehundaka pertsona bildu ziren Zumardiko kioskoaren aurrean, goiburu honen pean: “Genozidioa eta gizadiaren aurkako krimenak.  Egia, Justizia eta Ordaina. Besteak beste, ikurrinaren, bandera errepublikarraren, komunistaren artean.

SARRASKIA. Gerrak Donostian eragin zuen triskantzaren inguruko datuak emateaz aparte, Egañak salatu zuen ezen “badira bi urte Falangeak manifestazioak egiten dituela inolako zigorrik jaso gabe eta babes judizialarekin” non eta “odolez blai egin zuten hiri batean” demokraziarentzat gauza lotsagarria. Hori dela eta, historialariak adierazi zuen lan egin behar dela “Euskadi libre bat eta gizon eta emakume emantzipatuak" lortze aldera.

“Falangea Espainia cañí hori da, tolerantziarik gabeko, nagusikeriaren eta pentsamendu bakarreko hori; eta nahiz eta demokrataz jantzi, falangistak dira” esan zuen; eta tamalez –zioen- "mugimendu hori tinko erroturik dago " egungo "gizartean eta bere erakundeetan, kuarteletan, komisaldegietan, komunikabideetan, bankuetan, epaitegietan eta agintari askoren jarreretan”.

Atzoko ekitaldia babesteko bertan ziren Aralar, EA eta ezker abertzalea. >E.P.

GARA (09/09/13)

Frankismoaren biktimak omendu dituzte Donostian

Frankismoaren biktimak omendu dituzte gaur Donostian, tropa frankistak sartu zireneko urteurrenaren bezperan.

DONOSTIA-. Donostiako Bouebarrean frankismoaren biktimen omenezko ekitaldia egin da eguerdian. Publikoki aurkeztu berri den Genozidioaren Biktimen Elkarteak antolatutako lehen ekitaldi hau "Egia, justizia eta kalte ordainak" lelopean egin da.

Tropa frankistak hiriburuan sartu aurretik 88.000 lagun bizi ziren bertan eta erdiak baino gehiagok ihes egin zuen. «30.000 eta 34.000 pertsona geratu ziren eta horietatik 385 fusilatu zituzten", adierazi zuten aurkezpen egunean.

Gaurkoan, Iñaki Egaña historialariak nabarmendu duenez frankismoaren garaian fusilatu zituzten haiek gogoratzeko egin da ekitaldia. "Beraien bizipenak, gogoak senideen artean gorde dira eta gizartean barneratzea gustatuko litzaiguke", esan du.

Unerik hunkigarrienetarikoa lore eskaintza egin denean bizi izan da. Hildakoen izenak jasotzen zuen mural batetan jarri dituzte loreak.

Ekitaldiak Lau Haizetara Gogoan plataformak ere ekitaldian parte hartzeko deia egin du. Aurten 32 eraso faxista jazo direla salatu zuen eta aurrerantzean larriagoak izan daitezkeela abertitu zuen.