GARA (07/11/12)

Faxixtek fusilatutako 13 irundarrak gogora ekarri zituen Pikoketan egin zen ekitaldiak

Oihana LLORENTE |

Berrogeita hamarren bat lagun izan ziren atzo Aiako Harriko hegalean, 1936an fusilatu zituzten 13 irundarrak gogoratzeko eta omenaldi txiki bat egiteko.

Faxixtek hil zituzten gazte haien lagunek eta familiakoek parte hartu zuten Pikoketan, “atzoko eta gaur egungo gudarien” omenez jarritako monolitoaren aurrean egin zen ekitaldian.

Omenaldian, lore-eskaintza bat egin zen, txalapartarien eta txistularien doinuekin batera. Era berean, ekitaldian oso gazte zirenean hil zituzten hamahiru irundar horien zeregina gogoratu zen: faxixtak Irunen sartzea ekiditea. Modu horretan, gazte haiek Euskal Herriaren alde egin zuten borrokarekin batera, hauek ere gogoratu ziren: euskara, generoen arteko berdintasuna eta heziketa laikoa eta publikoa.

«Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak» hitzak irakur daitezke 1978an, hildakoen gorpuzkiak atxikitzen zuen hobi komuna agertu zen lekuan jarri zen monolitoan. Gaur egun, hilerri irundarrean dautza haien gorpuak.

Errepublikaren ereserkia eta Eusko Gudariak doinuak entzun ziren ekitaldiaren amaieran.

NOTICAS DE GIPUZKOA (07/11/12)

1936an fusilatu ziren hamahiru errepublikarri eskaini zien omenaldia Oiartzunek

EHUNDIK GORA LAGUNEK HARTU ZUTEN PARTE ATZO NICOLAS GUERENDIAN ELKARTEAK BULTZATU ZUEN EKITALDIAN

Donostia. Ehun bat lagunek parte hartu zuten atzo Oiartzunen 1936an fusilatu zituzten hamahiru errepublikarren omenaldian. Bertan, haien oroimenez jarri zen monolito bat.

Hil zituztenen lagunak eta familiakoek parte hartu zuten atzo Nicolas Guerendiain Irungo Elkarte Errepublikarrak bultzatutako ekitaldian. Oiartzungo Pikoketa baserriaren ondoan egin zen, 1936ko abuztuan, errepublikarrak fusilatu zituzten tokian bertan.

Aranzadi Zientzia Elkarteak bildu duen informazioaren arabera, 1936ko abuztuaren 11n, Pikoketa baserriaren ondoan, metrailadore bat instalatua zeukaten hamabost milizianoetatik bik bakarrik lortu zuten ihes egitea tropa faxixtetatik; gainerako hamahiruak fusilatu egin zituzten.

Hobi komuna. Ehun bat lagun bildu ziren atzo eguerdian, 1978an, hildakoen gorpuzkiak atxikitzen zuen hobi komuna agertu zen lekuan, zeinetan gaur egun monolito bat dagoen.

Nicolas Guerendiain Irungo Elkarte Errepublikarraren partaide batzuek jakinarazi dute atzo egin zen ekitaldian lore-eskaintza bat egin zela monolitoaren aurrean. Bertan, hitz batzuk irakurri ziren eta pieza batzuk kantatu ziren errepublikar haien omenez. Haien gorpuzkiak Irungo hilerrian daude gaur egun.