NOTICIAS DE GIPUZKOA (07/04/17)

Errepublika, Irunen oroitzapenean

Foto de la exposición

Emakume bat Nicolás Guerendiain Irungo Errepublikarren Elkarteak antolatutako erakusketan azaltzen diren karteletako bati begira.

Zoritxarrez, Gerra Zibila eta bere ondorio latzak dira, batez ere gazteen artean, gaur egun Espainiako II. Errepublikari dagokionez gehien gogoratzen dena. Zorionez, eta gehienbat urte batzuetatik hona, errepublikar garaian izan ziren lorpen ekonomiko, sozial, politiko eta kulturalen balioa eta garrantzia berreskuratzeko eta aldarrikatzeko lan asko ari da egiten. Asko dira horretan diharduten erakunde eta elkarteak, esate baterako Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikarren Elkartea.

II. Errepublikaren aldarrikapena egin zenetik 76 urte bete diren honetan, Euskadiko Kutxak Irunen duen kultur-aretoan erakusketa bat ari da egiten, garai hartako kartelgileen omenez, hain zuzen ere errepublikarren elkarteak Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Gaietarako sailaren babespean antolatuta. Joan den asteartean erakustaldi honen inaugurazioan Nestor Basterretxea eskultoreak adierazi zuen bezala “arte-ibilbide bat da, zeinean mezuak eta pertsonen konpromisoak, kartelen hondoak, anaien arteko gerra batek duen indarkeria-mingarriko giro horretan baitu lehentasuna".

Ricardo S. Urolategik -58 urteko irundarra, Irungo Errepublikarren Elkarteko kide eta erakusketa hau koordinatzen duena- azpimarratu nahi du “ hau arte-erakusketa baino gehiago dela, nahiz eta hori ere baden; erakusketa honek ezarritako ordenaren kausarekin konpromisoa hartu zuten artista haiei egin nahi zaien omenaldia dela”.

Erakusketa Irunen ikusi ahal da igande honetara arte, asteartetik larunbata bitartean 18.30etik 20.30era, eta igandean 11.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 21.00etara. Bertan 80 bat kartel daude ikusgai, gehienak gerran bertan inspiratuak. Beste batzuen artean artista hauen obrak dira: Pere Català i Pic, Manuel Monleón, Carles Fontseré, Ramón Puyol, José Briones, Lorenzo Goñi, Josep Bandasano, Joaquín Martí Bas eta Rafael de Penagos.

Ricardo S. Urolategiren esanetan “lan zaila izan da oso fondo hau lortzea Estatu osoko hainbat erakunde eta elkartetatik. Espainia osoan garai hartako 2.000 kartel inguru kontserbatzen dira, baina muestra txiki bat bildu nahi izan dugu, eta batez ere artisten giza-profila ezagutzera eman”.

Gerra baino askoz gehiago

Aurrerapen bultzada

Hau ez da Irunen erakusketa baten bidez II. Errepublika omentzen den lehen aldia. Iaz ere, Gerra Zibila hasi zeneko 70. urteurrena betetzen zela-eta Nicolás de Guerendiain elkarteak erakusketa bat antolatu zuen “Irun errepublikarra” izenburupean; bertan, Gerra Zibila hasi aurretik Irun nolakoa zen gogoratzen zen, eta hirian 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarrak nolako eragina izan zuen.

Elkarte honetatik adierazten dutenez “zoritxarrez, Errepublikako urteak gerrak suposatu zuenarekin lotuta daude; baina uste dugu garai hartan gertatu zenaren memoria historikoa ezezik, errepublikarren aurrerapenen balioa ere berreskuratu behar dela: militar eta presondegi alorreko erreformak, emakumezkoen sufragioa, autonomien Estatuaren garapena edota kulturaren, irakaskuntzaren eta alfabetatzearen hedapena”.

Elkarte honen ustetan “II. Errepublikak Espainian maila guztietan inoiz izandako aurrerapen eta demokrazia bultzada garrantzitsuena ekarri zuen” eta horregatik, hau bezalako erakusketen bidez, haren balioak eta lorpenak aldarrikatzen segitzeko asmoa dute.