BIDASOA (07/03/18)

JESÚS GUTIERREZ HISTORIALARIA

“Irundarrak azken ondorioetaraino borrokatu ziren II. Errepublikaren alde”

II. Errepublikan eta Gerra Zibilean Gipuzkoan, eta bereziki Irunen, gertatu ziren gertakariak aztertu zituen.

MAITANE OLAIZOLA/

Jesus Gutierrezen argazkia

Jesus Gutierrez historialari eibartarra Errepublikako Historian eta Euskadiko Gerra Zibilean espezializatua dago. La insurrección del 34 y la II República en Eibar (2001) eta La Guerra Civil en Eibar y Elgeta (2007) liburuen egilea Amaia Kultur Zentrora etorri zen ostiralean, Nicolas Gerendiain Irungo Errepubilkarren Elkarteak gonbidatuta, herri-bultzadaren berotasunean gertatutako berrikuntza errepublikarraren une haiei buruz eta altxamendu militar faxistaren ondorioz izan ziren gertakari tragiko eta mingarriei buruz hitz egitera.

-Zein inguruabarretan aldarrikatu zen II. Errepublika?

Galdetu beharra dago herriak zergatik duen erreibindikazio bat, zeren, azken batean, Alfonso XIII.aren monarkia ustela eta zaharkitua baita. Estatu espainiar osoan aurrerakoiek, errepublikar sozialistek eta, batez ere, industri iraultzatik aurrera sendotuz doan langileriak –Euskadin, XIX. mendearen amaieratik aurrera du isla– beren eskubideak aldarrikatu zituzten.

- Nola joan ziren urte horiek Euskadin?

Hiru garai nagusi bereizten dira. Lehenengoaren ezaugarria da sozialistek eta ezkerreko errepublikarrek gobernu-neurri aurrerakoiak hartu zituztela. 1933ko hauteskundeen ondoren, ezkerrak arriskuan ikusi zituen hainbeste urtetako borrokan lortutako aurrerapausuak; horrenbestez, eta ikusita Errepublikaren beraren funtsa deuseztatu zietela eta erregimen filofaxista ezartzeko aukera zegoela, ezkerrak 1934ko urriko iraultza antolatu zuen. Azkeneko aldian, 1936an hain zuzen, Herri Fronteak boterea berreskuratu zuen ezkerrarentzat, harik eta kolpe militar bortitz baten bidez, eta ondorengo gerra zibilean, milioika espainiarren itxaropenak zapuztu zituzten arte. 36ko hauteskundeetan aurkeztu zen Herri Frontea. Errepublikarrek eta ezkerreko alderdiek koalizio handi bat egin zuten, ikusi baitzuten Errepublika arriskuan zegoela eta Gobernua ezin zutela kontrolatzaileen esku utzi.

- Eibar izan zen hiru koloreko bandera jaso zuen lehen hiri

1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundeetan dago gakoa. Zenbatzerakoan, ikusi zen Espainiako hiri nagusietan hiritarrek errepublikarren alde egin zutela. Batik bat sozialismo eibartarra izan zen II. Errepublikaren aldarrikapenaren protagonista.  Zinegotzi nazionalista bakar bat zegoen; gainerako hemezortziak sozialistak ziren. Garaiari aurrea hartu zioten. Oso lotura estuak daude Eibar eta Irunen artean, zeren soziologikoki espectro politiko berekoak baitira. Gipuzkoako herriak izan ziren erregimen berriaren motorrak.

- Nola aldarrikatu zen Irunen II. Errepublika?

1931ko hauteskundeetan, udaletakoak zirela aparte utzita, mundu guztiak bazekien gobernatzeko moduari buruzko plebiszitua zela, monarkiak sistema gisa arazoak izan baitzituen. Irunen, hogei zinegotzietatik, zazpi kontserbadoreak ziren, eta hamahiru errepublikar-sozialistak. Oso kontsekuenteak ziren beren kausarekiko. Gainera, hiri-gune jakin batzuetan, hala nola Eibarren edo Irunen, sentimendu aurrerakoia, aldaketarakoa, askoz ere ageriagoa zen. Alde handia zegoen landa-guneen eta hiri-guneen artean; haiek kontserbadoreagoak ziren, eta horiek aurrerakoiagoak.

- Nolako giroa zegoen Irunen Errepublika garaian?

Gizarte irundarra oso irekia zen Errepublika garaian, bere kokapen geografikoagatik. Kanpoko eraginak jasotzen zituen, eta gizarte hark ez zeukan izaera itxirik kultura euskaldunarekiko, Gipuzkoako beste herri batzuk ez bezala. Frantzian gobernu aurrerakoia egoteak izaera desberdina ematen zion Iruni. Errepublika ez zuten ulertu aldaketa politiko bat bezala, baizik eta erabateko iraultza bat bezala. Beren ideia politikoekin konpromisoa zeukan jendea zen.

- Baina gune estrategikoa izate horrek hiria suntsitzen amaitu zuen.

Hala da. 1936ko uztailaren 18an, gerra hasi zenean, zenbait zutabe antolatu ziren mugan esku hartzeko, Fantziako gobernu ezkertiarrak Errepublikari lagun ez ziezaion. Beraz, Irungo mugara iristea zen helburu nagusia, eta 1936ko irailaren 5ean lortu zuten. Errepresio latza gertatu zen, eta borroka bortitza izan zen hirian. Egun horretan erori zen Irun, eta irailaren 13an, Donostia. Irundar asko azken ondorioetaraino bizi izan ziren, eta gehiengoak ez zuen bere etxea utzi, hiria erre zuten arte. Oso kontsekuenteak izan ziren bere kausarekin, eta azkeneraino borrokatu ziren.