DIARIO VASCO (08/10/09)

VÍCTOR JOSÉ LÓPEZ-BARRANTES, ‘NICOLAS GERENDIAIN ELKARTEKO KIDEA

«Irun hiri errepublikarra da, baina, agian, ez daki»

Jaiotzez, Bartzelonakoa; Hendaia eta Madril artean bizi da, baina nongotar-sentimendua baino zerbait gehiago dauka Irunen. ‘Nicolas Gerendiain’ elkarteko kidea da.

MAÑU DE LA PUENTE

Victor Lópezeren argazkia

Txingudiko Badiarekin zeharo maiteminduta dago Victor. /FERNANDO DE LA HERA

Bidasoaldeko gauza-kausako beste pertsonaia bat; agian ez oso ezaguna, baina bai oso konprometitua eskualdearekin eta bere ideiekin. Bartzelonan jaio zen, eta “bartzelonar ez kataluniarra” sentitzen da, berak horrela adierazi duenez. Baina Hendaian bizi da; Madrilen ere bai. Baina militante irundar bat da, Nicolas Gerendiain elkartearekin leialtasun-loturak dauzkan aldetik. Esan behar da errepublikarren gune horrek baduela jarraipenik gure eremuan. Errepublikar ona dela uste du, saiatzen baita jokabidea defenditzen dituen ideietara egokituz jarduten. Irun hiri errepublikarra dela ere argi ikusten du, nahiz eta agian hiria bera horretaz jabetuta ez egon. Ideia handiko putzua da, pertzepzio argiak dituena. Gozamena da berarekin hitz egitea, eta ez bakarrik daukan maila intelektualagatik, haren jakinduriazko solasaldiak belarriari oparitzen dion guztiagatik ere bai-baita. Ezagutzea merezi duen pertsona horietakoa da Víctor José López-Barrantes. Juanjo Gonzalez Teira Bidasoaldeko beste errepublikar bikainaren aurrean ari gara solasaldian.

- Noiztik datorkizu errepublikanismo hori?

- Datua argia da: nire aita Hendaian Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala azaltzen hasi zenetik. Aldi berean, tolerantziaz betetzen ninduen, eta hori, eskola-adina nuenean bertan hasi nintzen neureganatzen. Egia esan, jaso dudan heziketa frantsesaren isla garbia da nire errepublikanismoa. Frantziako iraultzarekin maitemindua nago.

- Irun errepublikarra da, ala zer da?

- Nire ustez, hiri errepublikarra da, baina lotsa moduko bat dago, hori esateko edo adierazteko orduan. Hain zuzen ere, errepublikar asko egon dira eta daude eskualdean, horretaz beldurrez edo izuz hitz egin dutenak. Agian, guztiok ezagutzen dugun errepresio metodikoak izan du egia horren errua. Nolanahi ere, uste dut Irun errepublikarra dela, agian hiriak berak ez badaki ere.

- Non zegoen Irun, 1931ko apirilaren 14an, Espainian lehen aldiz, Eibarren bandera errepublikarra jaso zutenean?

- Irunek oso zorte txarra izan zuen. Bertako errepublikanoen zentroa Espainiako garrantzitsuenetako bat zen. Frantziarekin muga izateak ere laguntzen zion. Eta bilera-zentro hori Iruñetik zetorren hegazkin batek bota zuen bonbak suntsitu zuen. Iruñetik bertatik etorri ziren hiria inbaditu zuten beste batzuk ere; horiek oinez egin zuten.

- Eta non zegoen zentro hori? Ez zait-eta ezaguna egiten…

- Hain justu, orain HAZ dagoen leku horretan, Zabaltza plazaren parean. Hala moduz geratu zen bonbardaketaren ondorioz. Orain, beste historia bat da.

- Konta iezadazu.

- Nicolas Gerendiain elkartearen lokala Arbelaitz kaleko 3an dago, udaletxearen ondo-ondoan. Luxu bat da.

- Nor izan zen Nicolas Gerendiain?

- Abokatu izan zen, eta Irungo jai handietako, sanmartzialetako buru izatera heldu zen. Burutik beheraino errepublikarra izaki, modu txarrez hil zuten Berako harrobi batean. Aditu batzuek, ordea, Burgosen kokatzen dute haren heriotza. Ez dago behin betiko ziurtasunik, horri dagokionez. Benetako sinbolo bat izan zen eta da Irunerako, haren ideiak oinordetzan jaso genituenentzako.

- Hitz egidazu elkarteaz. Nola sortu zen?

- Bost bat urte izango ditu, eta ni duela bi atxiki nintzaion, gerra zibilari buruzko erakusketa bat zela bide. Erakusketa horretan, salatu egiten zuten Ortiz de Zarate edo Beorlegi koronelei kale-izena eskaini izana, Pikoketan biktima izan ziren beste batzuk ahaztuta geratzen baitziren, jakina, kalerik ez dute-eta.

- Eta hor jarduten duzue, ezta?

- Bai, eta zenbait hiritarrek egiten duten ahaleginari esker; adibidez, horien artean dira bertako presidente Tino Zamora edo haren emazte Juncal Oiartzun. Manolo Millan ere hor dago (EBko zinegotzia), Maria Jose Nogues, Maria Victoria diru-zaina edo nire adiskide min Ricardo Sanchez Urolategi; honek gutxik bezala bizi du, agian inork ez bezala.

- Eta nola doa elkartea?

- Bada, hazten ari gara, ezaugarri dugun apaltasunaz, baina beti eskuzabal jokatuz, Bergarako Besarkadaren oinordekoak gara eta. Baditugu geure jardunak ere, eta berehalakoena bihar ostiralean izango da, 19:30ean, Amaia aretoan, abortuari buruzko ezatabaida eginez. Aktiboak izan nahi dugu.