BIDASOA (09/09/10)

Elkarte Errepublikarrak ibilaldi batekin oroitu ditu II. Mundu Gerran pilotu aliatuei lagundu zietenak

Ekimena Comete Sareak eta Urdaburu mendi-taldeak antolatu dute. Gaur irtengo da, Ziburutik

M. A. I.

IRUN. DV. Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikarren Elkarteak Comèteren ibilaldian parte hartuko du. Gaur hasiko da, eta hilaren 13ko igandera arte iraungo du. Ekimen hau Comète sareak eta Urdaburu mendi-taldeak antolatu dute, eta helburua da «gogora ekartzea sare horren esanahia». «Sarea II. Mundu Gerran sortu zen nazien aurkako erakunde klandestino batzuen artean, iheslariak, bereziki pilotu aliatuak, salbu jartzeko helburuarekin. Muga zeharkatzen laguntzen zieten, abioia bota eta Frantzian erortzen zirenean».

«Comète sarea urtetan ibili zen hegazkinlari horiek boteak izaten ziren lekuetan jasotzen, gero Espainia frankistara eramateko, herrialde ‘neutrala’ baitzen ofizialki, eta ondoren beren jatorriko herrietara eramaten zituzten. Bidasoak egiten duen muga zen Bruselan hasten zen bidaia luzearen amaiera. Parisen biltzen ziren multzoan, gero Donibane Lohitzunera eta Zibururaino joateko», esan dute elkartetik.

Horregatik, asteburu honetako oroitzapenean, ibilaldiak Ziburutik Errenteriarako bidea egingo du. «Comète sareko mugalariek» erabiltzen zuten bidetik ibiliko dira.

Nicolas Gerendiain elkarteak ekitaldi horretan parte hartuko du, «babesa eta aitortza eskaintzeko izugarrikeria faxistarekin amaitzen laguntzeko beren bizitzak arriskatu zituzten haiei guztiei eta faxisten porrota ahalbidetu zuten 'mugalariei'». Hegazkinlari zaharren ordezkaritza bat ere ibilaldian izango da, eta baita Comète sareko kideak eta lagun talde bat ere.

Ibilaldi honetan parte hartzeaz gainera, elkarteko zenbait ordezkari bihar, 17:30ean, Bidasoa ibaiaren pasabidean, San Migel izeneko gunean elkarretaratuko dira, Behobiatik hiru kilometrora.