DIARIO VASCO (07/10/07)

NICOLAS GERENDIAIN IRUNGO ERREPUBLIKARREN ELKARTEKO OROIMEN FOROA

Barkatu, barka liteke; ahaztu, ez.

Bortxazko lanak nazientzat, kontzentrazio eremuak, senide eta lagun fusilatuak... Badute zer kontatu gerra hartatik bizirik iraun zuten bik.

IÑIGO MORONDO/

Virgilio Peñaren argazkia

IRUN. DV. Oroimen historikoa berreskuratzeko lanean ari diren guztiek behin berriz diote gaur egun aukera aparta dagoela. Hemendik ez hainbestera, ez da izango aukerarik tragedia hartako protagonistek beren esperientziak zuzenean konta ditzaten. Orain egiten diren ikerketa-lan eta dokumental guztiak (hala nola, aste honetan, Amaian, Nicolas Gerendiain Errepublikarren Elkarteak proiektatu dituen biak) izango dira etorkizunerako geratuko direnak. Bi helbururekin geratu ere: jende haren tragedia aitortu eta haien oroitzapena duintasunez bete, eta zer gertatu zen jakin, berriz gerta ez dadin.

Emandako bi dokumentalek (ostegunean, 13 urte edukitzea 36n, eta ostiralean, Ispilu gorria) ederki balio zuten bi helburuetarako. Ondo egindako bi obra, ondo landuak eta akabera onekoak. Historiak gogorrak iruditu arren, bai Joaquin Galvez irundarrarena lehenengo bideoan, bai Virgilio Peña kordobarrarena bigarrenean; "hemen ez dago esageraziorik. Hori izan da nire bizitza”, esaten zuen azken horrek.

Gerra zibilaren gogortasuna, Joaquin umearen eta Virgilio borrokalari errepublikarraren begietatik, Frantziara atzerriratzea, hango bortxazko lanak, lehendabizi frantziarrentzat, gero nazientzat. Senide eta lagun fusilatuak, erahilak. Joaquinen aita nazien eremu batean hil zen; Virgilio bizirik atera zen, batetik. Joaquinek gero ikertu zuen zer gertatu zitzaion aitari. “10.000 errepublikar espainiar baino gehiago egon ziren kontzentrazio-esparruetan. Hasieran, gerrako beste prisionero batzuk balira bezala tratatu zituzten, baina 1940an Franco eta Hitler bildu zirenetik, Francoren aginduz, espainiartzat hartu ez eta aberririk gabeko gorriak izatera igaro ziren. Gehieneak hil egin ziren”.

Joaquinek Frantzian ejerzito alemaniarrarentzako egindako bortxazko lanak izan zituen ardatz; Virgiliok, triskantza-esparruetan. Bi egoera desberdin, gauza askotan bat egiten dutenak.

Gerrako pasadizoak

Halako egoerek mugan jartzen dute gizakia, eta hazi egiten da haiei aurre egiteko. “Sufritzen genuen, baina herri espainiarrak, onik baldin badu, hori umorea da. Nik gogoratzen dut ekainaren 30 bat, aizkora eskuan arbolak moztetik nentorrela txistuka San Martzialeko martxa jotzen. Nire Irun kuttuna, nola izan nuen gogoan. Badira pasadizo barregarri batzuk, eta beste asko, oso-oso tristeak".

Virgiliok borrokarako prestutasuna nabarmendu zuen izaera espainiarretik, umoreaz gainera. “Esparruko 17 nazionalitateetako lehenengoa izan ginen; elkartasun-erakunde bat egin genuen; gutxienetakoak izan arren, eredua eman genuen”. Kontatzen zuen nola laneko txanda bukaezin haietan, norbaitek soldadu bat hurbiltzen ikusten bazuen, ura eskatzen zuela. “Poloniarrek eta gainerakoek ere ikasi zuten, eta 'agua' esaten zuten haiek ere. Virgiliok eta bere kideek sistema bera erabili zuten gendarmeekin, “baina naziak iritsi zirenean… Hirugarren egunean, soldadu alemaniarra ‘agua’ oihukatuz hurbiltzen zen, konturatu zela jakin genezan".

Eta biek bere aberkideengan ikusten zuten beste ezaugarri bat da "naziek errespetu handiagoz tratatzen gintuztela", esan du Joaquinek. “spanhich ginen, soilik; frantziarrak, berriz, adibidez, frantziar madarikatuak ziren”.

Joaquinek ejerzito alemaniarrarekin dauzkan oroitzapenetatik, merezi du nabarmentzea zigarro erdi bat eskaini zion soldadu batekin izan zuen elkarrizketa. “Nire alemaniera kaskarrean esan nion "gerra amaitu, etxera joan? Hark ere eskematikoki erantzun zidan, uler nezan: ‘Ni hemen nago; anaia bat, Afrikan; beste anaia bat, Errusian. Hitlerrek gerra nahi du. Nire amak ez du gerrarik nahi, ziur diotsut’.”

Virgiliok ziurtatu zuen hitzaldian “nik ez diot arrenkurarik inori; horrek ez du ezertarako balio. Gaitza nork egin dizun jakiteak balio du, eta hori ez ahazteak inoiz berriz horrelakorik gerta ez dadin".