GUIPUZKOA (08/05/26)

Frankismoak lapurtutako umeak

Errepublikaren aldekoen seme-alaben patuari buruzko dokumental bat aurkeztu zuen Eibarren Montserrat Armengou kazetari katalanak

RICARDO DÍEZEIBAR DV.EIBAR.

Montse Armengouaren argazkia

TESTIGANTZA BIZIAK Diktaduraren biktima izan zirenen bizipenak jaso ditu Montserrat Armengouk. /JULIO CALLEJA

DATUAK

Dokumentala: 'Los niños perdidos del franquismo' (Frankismoak lapurtutako umeak)

Egilea: Curriculum zabala eta sari ugari jaso dituen Montserrat Armengou kazetaria. TV3 katean lan egiten du.

Edozein gatazka armatutan, zibilak galtzaile ateratzen dira beti, baina askoz gehiago ere galtzen dute menderatuen alderdikoek. Gainera, ahulenak, emakumeak eta haurrak izaten dira okerren ateratzen direnak. Duela egun batzuk, Portaleako ekitaldi-aretoan, 'Los nińos perdidos del franquismo' (Frankismoak lapurtutako umeak) izenburuko dokumentala eman zenean, errealitate horri buruzko hausnarketa egiteko aukera izan zuen publikoak. Montserrat Armengou kazetari katalana da lan horren egilea. Eibarrera etorri zen lana aurkeztera eta ondorengo eztabaidan parte hartzera. Memoria historikoa berreskuratzea helburu nagusia duen 1937 Intxorta Kultur Elkarteak antolatu zuen ekitaldia, Jesus Gutierrez buru delarik.

Tropa frankisten garaipenaren ondoren, kartzelan sartu zituzten emakumeen eta haurren errepresioa kontatzen da dokumentalean, eta mota guztietako irainak jasan zituzten hainbat emakumeren ahozko testigantzetan dago oinarritua. Kasu askotan, egozten zitzaien “delitua” errepublikarren aldean borroka egin zuten gizonezkoen emazteak edo arrebak izatea zen; frankistentzat nahikoa zen hori kartzelan sartzeko, beren seme-alabekin batera.

Baina hori ez zen zoritxar bakarra. Kartzeletako egoera penagarria zen. Jende asko eta asko atxilotzen zutenez, jendea pilatu egiten zen geletan. Oso janari gutxi ematen zieten presoei jaten, eta baldintza higienikoak negargarriak ziren. Hori dela eta, bertan hil ziren beren amekin batera kartzelan sartu ziren ume asko. Bizirik irauten zutenek ez zuten etorkizun hobea izango. Beren amengandik bereizi eta adopzioan ematen zituzten, nahiz eta era ilegalean egin.

Hurbil dauzkagun kasuetako bat, Saturrarango emakumeen kartzela izan zen. Dokumentalean bertan kartzelaratu zuten emakume baten testigantza bat eskaintzen da; toki hartan bizitu zituzten baldintza latzak kontatzen dira.

Armengouk betidanik izan du historia ikertzeko interesa, eta historian bilatzen du berria, esklusiba, oraindik kontatu dagoena. Horregatik ikusten du hau bezalako erreportaje bat hedatzeko beharra. “Uste dut erregimen frankistaren krudelkeriak umeak lapurtzera bultzatu zuela jakitea albistea dela” pentsatzen du kazetari katalanak. “Beti Argentina jarri genuen erreferentea hementxe bertan genuen. Ume horiek beren amengandik banantzen zituzten, modu askotan, jaiotzen zirenean edo hiru urte bete eta gaur egun ere badagoen antzeko lege batengatik kartzelatik atera behar izaten zutenean. Ondoren, irregularrak ziren adopzioetan ematen zituzten”.

Ikerketa periodistikoa egin bitartean, Armengouk jakin zuen presondegian sartzen ziren adingabekoak ez zirela erregistratzen. “Horrek ikaragarri larritu gintuen, eta bide horretatik jarraitu genuen geratera horiek berresten zituzten ahozko testigantzak aurkitu arte” azaldu du. “Jakina, umeak erregistratu gabe zeudenez, nahi zutena egin zezaketen beraiekin”.

Zeukaten “gurutzea” kontatzeko prest zeuden pertsonak bilatzea izan zen lan hau egiteko topatu zuen zailtasunik handiena. “Hitz egiteko beldurra hor dago oraindik ere, nahiz eta 30 urte pasatxo izan diktadura amaitu zela. Hori bai, dokumental hau egiteko prest egon zirenak, orokorrean behintzat, pozik daude norbaitek entzuten dielako, eta beren kontakizuna gaur egun ere interesgarria delako.

Dokumentazioa ere arazo izan zen. “Ez dago arazo handirik artxiboetara jotzeko; artxiboen egoera da arazoa. Informazio garrantzitsua atxikitu duten toki asko suntsitu izan dira, eta haietako batzuk nahita desagertu dira. Bestalde, oraindik sailkatu eta ordenatu gabeko dokumentazio asko eta asko dago; gainera, oso eragin garrantzitsua dauka ikertzailearentzako ez ezik edozeinentzako ere” adierazi du Armengouk.

Lehenaldia saneatzea

Kazetariaren ustez, memoria historikoa du oraindik gainditu gabeko asignatura gisa estatu espainiarrak. “Hemen, memoria historikoaren legea tramitatze hutsak badirudi gerra zibil batera eramango gaituela. Ordea, beste herrialde batzuetan, gai izan dira diktadura-garaiko kriminalak aulkira eramateko, eta ez da ezer gertatu. Hemen hori egin ez denez gero, gutxienez, memoria historikoaren bidez izan dadila justizia ordaingarri hori. Gainera, esperientzia historikoak ederki frogatu du iragana ondo onbideratzen ez duten herrialdeek arazo asko izan ohi dutela" azaldu du. “Ez dut ulertzen zein arazo ekar dezakeen lehenaldiaz lasai hitz egiteak. Gainera, kontuan hartu behar da urte asko pasa direla dagoeneko. Beste herrialde batzuetan askoz azkarrago soluzionatu dituzte mota honetako arazoak”.