POLITIKA

Ahanzturatik berreskuratuak

Bando nazionalak fusilatutako 380 donostiarrei omenaldia eskaini zien Frankismoaren Biktimak kolektiboak

08.09.14 - JUANMA VELASCO | SAN SEBASTIÁN.

Omenaldiaren argazkia

380 fusilatu donostiarren izenak biltzen dituen panel batean ezarri zituzten loreak familiartekoek. /MIKEL FRAILE

DV. Teresa Lassalle donostiarrak aita galdu zuen sei urte zituela. Ez da apenas gogoratzen aitaz. “Amara auzoan zuen errementerian lanean zegoela, haren bila etorri ziren. 36ko urriaren 26an eraman zuten, eta 28an askatasuna eman zioten... hil egin baitzuten. Uste dugu Hernanin dagoela lurperatuta” gogoratu du.

70 urte baino gehiago pasa ondoren, Teresak lore-eskaintza bat egin ahal izan du Jorge Lassalle bere aitaren izena agertzen zen panel batzuen ondoan. Hura bezala, 1936 eta 1942 bitartean tropa frankistek fusilatutako beste 380 donostiar berreskuratu dira ahanzturatik. Donostiako Frankismoaren Biktimak kolektiboak deituta, berrehun lagun bildu ziren. Gehienak biktimen seme-alabak eta bilobak ziren, eta Donostiako Alderdi Ederreko lorategietan eskaini zitzaien ekitaldi hunkigarri batean parte hartu zuten. “Ezin izan genuen hiletarik egin, ezta eskela bat jarri ere... Ez dugu ezer eskatzen, jendeak jakitea zer gertatu zen, hori da nahi dugun gauza bakarra", baieztatu du beste donostiar batek (fusilatu baten alaba).

Irailaren 13ko data bat dator 72 urte lehenago bando frankistaren tropak Donostiara iritsi ziren egunarekin. “Mirakruz kaletik sartu ziren, tropa frankistetik ihes egiten ari zirela, azken ontziak itsasoratzen ari zirenean” gogoratu zuen Iñaki Egaña historialariak, zeinak ekitaldian parte hartu baitzuen Ahaztuak 1936-1977 kolektiboarekin batera.

Bere parte-hartzean historialariak gogoratu zuen fusilatu donostiarren artean “bazeudela ideologia eta kolore guztietakoak” Errepublikaren aldeko “alderdi eta sindikatu askotakoak”. Haien artean, “Euskadi izeneko taberna edukitzeagatik” fusilatu zuten baten bat, beste batzuk “Cara al sol...” kantatzeari uko egiteagatik. Harrezkeroztik gehienak “Hernaniko, Oiartzungo eta Berako hobi komunetan” daude lurperatuta, historialariak zehaztu zuenaren arabera.

Egañak gogoratu zuen identifikatu diren fusilatuen zerrenda ez dagoela itxita. “Gaur —atzoko egunez— aita Alemaniako kontzentrazio-eremuan galdu zuen emakume batekin hitz egin dut”.

Atzoko ekitaldian, baten batek bere eskuz idatzi zuen tropa frankistek exekutatu zuten familiarteko baten izena, adibidez, Santi Iparragirrek José bere osabaren izena idatzi zuen. Julen bezalako beste batzuek oraindik ez dakite non dagoen bere aitonaren gorpua, kasu horretan Hilarión Navarro Donostiako portuko langileaz ari gara. “Bizirik ikusi zuten azken aldian 1937an izan zen, Bartzelonan”

Ekitaldian bandera errepublikarrak, ikurrinak, ANVren ikurrak, LAB eta CNT sindikatuen ikurrak mugitu ziren, Riegoren Ereserkia, Internacional kantua eta Eusko Gudariak kantatu ziren, eta Joan Mari Irigoienek poema bat irakurri zuen.