DIARIO VASCO (08/02/08)

Bi ikusentzunezko programatu ditu Nicolás Guerendiain elkarteak, emakume errepublikarrari omenaldia egiteko

'Ravensbrück' dokumentala gaur, 19:00etan, Amaian ikusi ahalko da. Kontzentrazio-eremu honetatik bizirik atera zirenen testigantzak jasotzen ditu dokumental honek.

M.I./

DATUAK

Otsailak 8, ostirala:

-Dokumentalaren izenburua:

Ravensbrück, emakumeen infernua.

-Zuzendaria: Montse Armengou.

-Sinopsia: Filmak sarraski eremuetatik bizirik atera ziren hamahiru emakumeren testigantza jasotzen du.

-Simone Chrisostome: Eremu hartatik bizirik atera zen eta bere esperientzia partekatuko du.

Otsailak 15, ostirala:

-Titulua: "Del olvido a la memoria: Presas de Franco" .

-Zuzendaria: José Montes.

-Sinopsia: Segoviako kartzela batean izandako emakume errepublikar preso batzuen testigantza jasotzen du.

Tokia: Amaia Kultur Zentroa.

Ordua: 19.00 etan

IRUN. DV. Bi ikusentzunezko emango ditu Nicolás Guerendiain Errepublikarren Elkarteak emakume errepublikarrari omenaldia egiteko. Elkarte irundarrak antolatu duen jarduera honen xedea “sexu-askapenaren, lege-berdintasunaren eta independentzia ekonomikoaren alde egin zuten borrokaren oroimena berreskuratzen laguntzea” da.

“Elkartekook gogoratu nahi dugu zer ekarri zuen 1931eko II. Errepublikak , besteak beste, oso aurrerapen garrantzitsuak emakumeen bizimoduarentzako, arlo guztietan, eta haietako batzuk berdintzeko daude oraindik” adierazi zuen Marijo Nogués Nicolás Guerendiain elkarteko kideak. “II. Errepublikak berekin ekarri zituen lege-aldalketek hainbat bide jorratu zituen: sexuen arteko berdintasuna, legez zein ezkontzaz kanpo jaiotako seme-alabentzako eskubide berberak, ezkontza zibila, dibortzioa, abortoa... gauzak horrela, aldatu egin zen norberaren eta familiaren bizimodua”.

Hala ere, Marijo Noguések azaltzen zuen aurrerapen horiek “errotik moztuta geratu ziren altxamendu militarraren ondorioz. “familia kristaua” suntsitu nahi izatea leporatu zitzaion”. Era berean, nazional-katolizismoaren gau luzeak emakume errepublikarrentzako erlijio-adoktrinamendua ekarri zuen, frankisten kartzeletan sartzea, eta, kasu askotan, kontzentrazio-eremu nazietan sartzea ere bai”.

Dokumentalak

Hiritarrak errealitate honetara hurbiltzeko, bi dokumental proiektatuko ditu Nicolás Guerendian elkarteak Amaia Kultur Zentroan. Lehenengoa gaur arratsaldean bertan emango da, zazpietatik aurrera, eta Ravensbrück: emakumeen infernua (du izenburu. Montse Armengouk egindako ikusentzunezkoak nazien eremu horretan preso egin ziren hainbat emakumeren testigantza jasotzen du. “1939an sortu zuten kartzela; bertan, besteak beste, judutarrak, disidenteak, ama ezkongabeen edo aita alkoholikoaren alabak, lesbianak eta errepublikar espainiarrak sartzeko" esan zuen Marijo Noguések. “Eremu horren harresi eta alanbre-hesietatik 132.000 emakume pasa ziren; haietatik, 92.000 hil omen ziren”

Simone Chrisostome egongo da dokumental horren proiekzioan, eremu horretatik bizirik atera zen emakume hendaiarra. Chrisostomek bere esperientzia partekatuko du bertaratzen direnekin.

Bigarren dokumetala datorren ostiralean emango da, hilaren 15ean, eta “Del olvido a la memoria: presas de Franco” du izenburu. Noguések azaltzen zuenaren arabera, ikusentzunezkoak “Segoviako kartzelako irudiak birsortzen ditu, Gerra Zibilaren osteko garai hartakoak, eta hamar emakume presoren testigantza eskaintzen da”. “Askatasunik ez zuten emakume errepublikarrek nozitu zituzten miseria eta bidegakeriak azaltzen ditu” azaltzen du dokumentalak.

Bi proiekzio hauez gain, Euskadiko Kutxan egingo duen urteko erakusketa prestatzen ari da elkarte irundarra. Erakusketaren gaia emakume errepublikarra ere izango da oraingo honetan, eta, besteak beste, honako hauek izango dira omenaldia jasoko dutenak: Clara Campoamor, Federica Montseny, Victoria Kent, Amparo Poch eta Dolores Ibarruri.

DIARIO VASCO (08/02/08)

SIMONE CHRISOSTOME HENDAIARRA BIZIRIK ATERA ZEN RAVENSBRÜCKEKO KONTZENTRAZIO-EREMUTIK.

“Gure esperientzia gazteekin partekatu behar dugu, orduan gertatu zena berriro gerta ez dadin”.

Hendaiarrak eremu alemaniarrean izandako bizipenak kontatuko ditu gaur Amaian.

M.I./

Simone Chrisostome hendaiarra bizirik atera zen Alemaniako Ravensbrückeko kontzentrazio-eremutik. Familia komunista militante batean jaio zen, hemeretzi urte zituela kartzelan sartu zuten Chrisostome Angerseko presondegian. Ondoren, kontzentrazio-eremu alemaniar batera lekualdatu zuten, 26 hilabetez izan zen bertan. Soldadu sobietarrek salbatu egin zuten, heriotzaren ibilbidera bidaltzen ari zen atxilotu talde batean zegoelarik. Hogeita hamar kilo besterik ez zeukan askatu zutenean.

- Istorio lazgarri bat. Zer esago zenuke zeure esperientziaz?

19 urte nituela Ravensbrückeko eremura eraman ninduten eta han izan nintzen 21 urte bete arte. 26 hilabetez izan nintzen preso.

- Nola lortu zenuen bizirik ateratzea Ravensbrücketik, alegia ia 92.000 emakume hil ziren sarraski eremu horretatik?

Elkartasuna dela eta. Emakume helduenak gutaz, gazteenaz, arduratzen ziren gu aurrera atera ahal gintezen. Gure itxaropena mantentzen zuten esanez laster itzuliko ginela Frantziara, gure etxera. Beti esaten ziguten hori adoreari euts genezan. Baina sufrimendua oso handia izan zen. Oso gaixorik izan nintzen eta Ravensbrückeko eremuan zegoen sendagile errusiar batek nire lagun bati esan zion handik atera behar nindutela, bestela hiltzera eramango nindutela. Lau edo bost egunez izan nintzen gordeta, gaixorik nengoela konturatu ez zitezen.

- Izan al duzu Alemaniko egonaldiarekin lotutako ametsgaiztorik?

Asko, bai, asko izan ditut. Eta nahiz eta denbora pasa, ezabatzen ez den zerbait da. Irudiak errepikatu egiten dira gogoan.

- Zaila izan behar du kontzentrazio-eremuetan bizi izan zenituen momentu haiek gogoratzea. Zergatik egiten duzu hori?

Uste dut gazteekin partekatu behar dugula gure esperientzia, haiengatik egin behar dugun zerbait dela. Ikusi behar dute zer nozitu dugun, gauza bera errepika ez dadin. Konfiantza dut gazteengan eta horregatik uste dut ona dela gure esperientziak haiekin partekatzea.