POSTONTZIA - DIARIO VASCO (09/11/12)

Gerrako haurrak

“Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikarren Elkarteak gonbidatuta egon nintzen joan zen ostiralean Oiasso Museoan ‘Gerrako haurren omenez’ izenez inauguratu zen argazkien erakusketan.

Zabalik egongo da azaroaren 27ra arte eta itxi arte bertan hainbat ekitaldi egingo dira: Belaunaldien arteko topaketak, 'Los niños de Gernika' dokumentala jarriko da, eta ondoren solasaldia eta hilaren 27ko, alegia ostiraleko itxierako hitzaldia; hizlaria, Herminio Martínez, gerrako haurra Ingalaterran.

Gerraren ondorio latzen lekuko izan ginenok, ondo dakigu egoera horietan betiere ahulenek galtzen dutela. Kasu honetan, hainbat herrialdetan barrena barreiatu beharra izan zuten ume askok nozitu zituzten ondorioak, beren familietatik, haurtzaroko inguruneetatik, eta antzematen hasi berriak ziren bizimodu horretatik urrundurik.

Zirrara sortzen du erakusgai jarri diren argazkiak ikusteak, arrotza egiten zitzaien mundu hartan zuten egoera berriak harriturik, ume haien tristura eta babesgabetasun aurpegiak ikusteak.

Gogora ekarri nahi dugu 1936ko sutearen ondoren Irunen izugarri jaitsi zela biztanleria. Gurekin jolas eta abentura txikiak bizi izan zituzten lagunak ez genituen berriro ikusi, ez genuen haietaz beste ezer jakin.

Horrelakorik berriro gerta ez dadin, interesgarria da senideen arteko gerraren esperientzia tragiko hura ezagutu ez zutenek erakusketa hau bisitatzea eta gerrak izan zituen ondorio mingotsak ikustea.

José Ramón Vega Zubeldia