BIDASOA (09/11/06)

Galdutako haurtzaroa

Irunen da “Bizitza osoa ume izaten” erakusketa, gerrako umeen aldeko omenaldia eta izugarrikeria hura berriz gerta ez dadin saihesteko deia.

MARÍA JOSÉ ATIENZA

Prenstsaurrekoaren argazkia

BEGIRADAK. Erakusketaren kartela eta erakusketaren
aurkezleak Mauro Calvo, Marijo Nogués eta Itxaso Bikuña.
/F. DE LA HERA

IRUN. DV. ‘Bizitza osoa ume izaten’ ume horiek 1937ko martxoaren eta urriaren artean ukitu zituzten portu guztiak korritzen dituen zeharkaldia da, gaur egun gerrako umeak bezala ezagutzen ditugun haien espedizioak.

Behin baino gehiagotan ikusiko genituen, baina hala ere zirrara eragiten diguten zuri-beltzeko irudi horiek, umeak iladan jarrita ontziratzen eta haien amak kaitik, eta nigarrari eutsiz, begiradarekin jarraitzen zietela. Askotan entzungo genituen, baina horregatik ez digute min gutxiago egiten banatze une lazgarri haren oroitzapena oraindik ere bizi-bizirik gogo-gogoan duten zahar haien testigantzak.

‘Bizitza osoa ume izaten' 33.000tik gora adingabeko haien aldeko omenaldia da, gerraren atzaparretatik libratzearren beren gurasoen ondotik banandu eta Frantzia, Erresuma Batua, Belgika, Sobiet Batasuna eta Mexikora erbesteratuak izan ziren haiena.

‘Bizitza osoa ume izaten' Idi Ezkerra Fundazioak antolatutako erakusketaren titulua da; erakusketa gaur arratsean inauguratuko da, zazpi eta erdietan, Oiasso Museoan, “Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikarren Elkartearen eskutik.

Erakusketaren komisario Mauro Calvok azaldu duenez, erakusgai izango dira «beren jaioterriko Euskaditik bizitzen betiko urruti geratu ziren gerrako euskal neska-mutikoen bizi-periploa gogorarazten duten irudiak, dokumentuak, elkarrizketak eta objektuak». «Erakusketako material ia guztiak gerrako haurrek berek utziak dira; izan ere, euren oroitzapenen kutxak ireki zituzten eta iaz Bilbon egin zitzaien omenaldia prestatzen ari ginenean gure eskura jarri zuten material baliotsu hau guztia».

Erakusketa osatzeko bideo bat dago, betiko euren abegi-herrian geratu ziren gerrako hainbat umeren testigantza biltzen duena, horien artean Alfredo González eta José Martínez Otazu irundarrena.

Jarduera paraleloak

Erakusketarekin batera beste hainbat aktibitate egingo dira, esate baterako belaunaldien arteko tailer batzuk, Oiasso Museoko heziketa-jardueren arduradun Itxaso Bikuñak emango dituenak; Los niños de Gernika dokumentalaren proiekzioa hilaren 14an; eta hilaren 27an, Herminio Martínez gerrako haurraren hitzaldia.

Errepublikarren Elkarteko bozeramaile Marijo Noguések eskerrak eman zituen museoaren lankidetzagatik eta gogorarazi zuen Gerra Zibilak «sekulako sufrimenduak ekarri zizkiola herri osoari, baina guztien gainetik neska-mutikoek nozitu zutela gerra, haurtzaroa eta gehien maite zituztenak galdu zituztelako. Erakusketa honen bidez, omenaldia eskaini nahi diegu».

Erakusketak, gainera, «gure memoria kolektiboari dei egiten dio, aurrera begiratzen duen herriak atzera begiratzeko ispilu on bat behar duelako».

NOTICIAS DE GIPUZKOA (09/11/06)

Irungo Oiasso Museoak gaurtik aurrera “Bizitza osoa ume izaten” erakusketa aurkezten du.

Erakusketa "gerrako haurren" aldeko omenaldia da

Idi Ezkerra eta Irungo Errepublikarren Elkartearen ekimen honekin batera beste hainbat jarduera ere egingo dira.

Xabier Sagarzazu

Foto de la exposición

IRUN. Irungo Oiasso Museoak gaur 19.30ean zabalduko du Idi Ezkerra Fundazioak gerrako euskal umeen memoriaren inguruan antolaturiko “Bizitza osoa ume izaten” izeneko erakusketa ibiltaria.

Erakusketaren barruan Euskaditik Gerra Zibilaren erruz atera beharra izan zuten umeen objektuak, dokumentuak eta argazkiak daude; Irunera “Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikarren Elkartearen eskutik heldu da, eta elkarte horren bozeramaile María José Noguések atzo esan zuenez “gertatu zena gogoratu beharra daukagu, gaurko belaunaldiek gauzak ezagutu eta horrelakorik berriro gerta ez dadin” .

Irungo umeek, Irungo errepublikarrek, “Bizitza osoa ume izaten” hirira zetorrela eta, ikerketa lana egin dute jakiteko ea Irungo pertsonarik ontziratu ote zuten gerratik ihesi Mexikora, Errusiara edo Ingalaterrara bidaltzeko.

“Tropa nazionalak segituan iritsi ziren gure hirira. Jende gehienak Bidasoaren beste alderantz ihes egin zuen, baina ontzi haietan baziren irundarren batzuk ere” esan zuen Noguések.

“Erakusketak jasotzen du umen testigantzarekin osatutako bideoa ere; ume haien artean daude gaur egun oraindik ere Mexikon bizi diren Alfredo González eta José Martínez”, zehaztu zuen Mauro Calvok, Idi Ezkerra Fundazioko zuzendari eta erakakusketaren komisario jaunak.

Nola Mauro Calvok hala María José Noguések biziki eskertu zuten “ Oiasso Museoak erakusketa hau ekartzeko adierazi duen interesa eta horretarako eman duen babesa” eta zentroko heziketa-jardueren arduradun Itxaso Bikuñarekin batera, bertan, erakusketarekin batera egingo diren ekintzen berri eman zuten.

“Alde batetik, azaroaren 11, 12, 25 eta 26an belaunaldien arteko, alegia, adinekoen eta haurren arteko topaketak egingo dira, gerra nola batzuentzat hala besteentzat zer den esateko, edota nolakoa zen lehengo irakaskuntza eta nolakoa den gaurkoa”, esan zuen Vicuñak.

Gainera, hilaren 14an, 19.00etan, Steve Bowlesen “Los niños de Gernika” dokumentalaren proiekzioa izango da eta ondoren elkarrizketa.

2008an gerrako haurrek Bilbon jaso zuten omenaldia zela medio sortutako erakusketa hau azaroaren 27ra bitarte ikusi ahalko da Irunen; egun horretan bertan itxiko da, Herminio Martínez, gaur egun Ingalaterran bizi den gerrako ume baten hitzalditxo batekin.