BIDASOA (08/04/10)

EMAKUMEA ETA ERREPUBLIKA

Historiako protagonista ezkutuak

Nicolas Gerendiain Elkarteak omenaldia egin die emakume errepublikarrei argazki-erakusketa batean.

MARÍA JOSÉ ATIENZA

Erakusketaren argazkia

Exposición fotográfica Mujer y República, instalada en la sala de la Caja Laboral. [F. DE LA HERA]

ERAKUSKETA

Izenburua: ‘Emakumea eta errepublika’. Euskadiko Kutxako aretoan dago jarria, apirilaren 20ra bitarte, 18:00etatik 21:00etara, astelehenetik larunbatera, eta 11:30etik 13:00etara, igandeetan. 45 argazki daude, II. Errepublikako emakume-kolektiboenak eta emakume nabarmenduenak, nor bere biografiarekin.

IRUN. DV. Rasario Sanchez Morak, La dinamiterak, zeina Miguel Hernandezek betikotu baitzuen poema batean, jostalari kontatzen du, neskatxa bihurri baten moduan, Getafeko, Durangoko eta Saturrarango kartzeletatik egin zuen erromesaldian bizi izandako pasadizoetako bat. Laurogei urtetik gorako emakume kementsua da, eta oraindik errebeldea, zoritxarrez eta irainez betetako bizimodu latzetik osatua.

Nicolas Gerendiain Elkarteak antolatuta asteartean Euskadiko Kutxan Emakumea eta Errepublika izenburuarekin inauguratu zen argazki-erakusketako protagonistetako bat da La Dinamitera. Erakusketa hilaren 20ra arte egongo da, eta frontean eskua galdu zuen emakume honen bizitzari buruzko dokumentala proiektatu zen erakusketa irekitzeko.

Guztira, II. Errepublikako emakume nabarmenduen eta kolektiboen 45 irudik osatzen dute erakusketa hau, zeinaren bidez Irungo Errepublikarren Elkarteak omenaldia eskaini nahi dien. “II. Errepublika aukera bat izan zen emakume espainiarren askapenerako eta aurrerakuntzarako, emakumezkoen sufragioa ezarri ez ezik, protagonismoa ere hartu baitzuten gizarte-bizitzako hainbat eta hainbat eremutan. Paper nabarmena bizi izan zutenak eta anonimoki isilean sufritu zuten milaka eta milaka emakumeak agertzea da erakusketaren helburua", esan zuen Carmen Pineda maistra errepublikarrak.

Emakume irundarrak

Argazkiez gainera, Nicolas Gerendiain Elkarteak argazkietako emakume guztien biografiak jarri ditu erakusketa bisitatzen dutenen eskura.

Haien artean, zenbait irundar agertzen dira, hala nola, Dolores Salis eskultorea (1899-1999), hiru gerraren lekuko izan zena. Haietako batek, Espainiako Gerra Zibilak, bete-betean harrapatu zuen haren izana, Bidasoaren beste aldera joan behar izan baitzuen beste irundar askorekin batera. Luis Salis Irungo azkeneko alkate errepublikarraren arreba zen Dolores, eta Luis Rodríguez Gal Luis de Uranzurekin ezkondua zegoen.

Julia Iruretagoyena da erakusketan agertzen den beste irundar bat. Victoria Kent-en lagun mina izaki, haren laguntzailerik handienetakoa izan zen, eta haren proiektu askotan parte hartu zuen. Bere ibilbide politikoagatik, 1936an altxamendu militarra gertatu zenean, Frantziara ihes egin behar izan zuen, eta gero, Mexikon erbestealdi luze bati ekin zion bere familiarekin batera joanda. Leon Iruretagoyena alkate errepublikarraren alaba zen Julia, eta Bilbon Gazte Sozialistak sortu zuen Tomas Meabe idazle eta kazetari bizkaitarraren emaztea.

Maritxu Anatol Aristegui (1909-1981), la contrabandista ezizenez ezaguna, da argazkietan agertzen den beste emakume irundarretako bat. Aurrekoak bezala, Frantziara ihes egin behar izan zuen, eta han, Erresistentziarekin eta Red Cometerekin aritu zen.

Erakusketan, politikako pertsonaia errepublikarren argazkiak eta biografiak ere agertzen dira (Victoria Kent, Clara Campoamor, Federica Montseny y Dolores Ibarruri); letra-mundukoak ere bai (María Moliner, Carmen Conde, Gloria Fuertes y Zenobia Camprubí); filosofiakoak (Maria Zambrano) eta antzerkikoak (Margarita Xirgú), garai hartako beste bizitza-eremu batzuen artean.

Bandera-jasoera

Amaya Tello Landeta da erakusketako beste protagonistetako bat; Tellito ezizenaz ezaguna, miliziar honek hainbat borrokatan parte hartu zuen, eta harremana izan zuen Hamahiru Arrosa Gorriak ospetsuekin. Emakume hau, gaur egun Bilbon bizi da, eta berak jasoko du bandera errepublikarra igandean, hilaren 13an, eguerdian, San Juan plazan Nicolas Gerendiain Elkarteak antolatutako ekitaldian.

BIDASOA (08/04/10)

Pospologile sutsuak

MARÍA JOSÉ ATIENZA

Pospologilearen argazkia

Emakumea eta Errepublika erakusketak atal berezia eskaintzen die Irungo emakume pospologileei; talde-argazkiak daude, beren eskubideen alde borrokatu ziren langile nabarmenduenen biografiak eta guzti. Concepción Costaleiro Osés, Josefina Martínez, Lucía Dorronsoro, Marta Echegaray, Micaela Lecuona, Trinidad Bengoetxea Txapartegi eta Segunda López Vigo pospologileen datuak bildu ditu Nicolas Gerendiain Elkarte Errepublikarrak. Erakusketan kontsulta daitekeen dokumentazioak zera dio haietaz "ausardi eta inteligentzia berezia erakutsi zuten langileen eskubideen alde". Borroka latzak burutu zituzten 1922 eta 1936 bitartean. "Borroka gogorrak izan ziren, eta pospologile irundarrek borrokarako kemen itzela erakutsi zuten”.