BIDASOA (07/04/11)

Asmamena herriaren alde

Nestor Basterretxeak atzo inauguratu zuen Euskadiko Kutxan Nicolás Guerendiain Elkartea kartel errepublikanoari buruz egiten ari den erakusketa

MAITANE OLAIZOLA /

Erakusketaren argazkia

Nestor Basterretxeak hainbat obraren inguruan bere iritzia eman zuen erakusketaren inaugurazio ekitaldian. [DE LA HERA]

DATUAK

Erakusketa: “Kartelgintza II. Errepublikan”, Nicolás Guerendiain Irungo Errepublikarren Elkarteak antolatuta.

Tokia: Euskadiko Kutxaren Erakusketa Aretoa (Colon hiribidea, 13).

Data: Apirilaren 22ra arte

Ordutegia: Astelehenetik larunbatera 18:30etik 20.30era, eta igande eta jaiegunetan 11.00etatik 13:00era eta 17:00etatik 20:00etara.

IRUN. DV. Euskadiko Kutxaren Erakusketa Aretoa morez, horiz eta gorriz jantzi da. Bandera errepublikanoa da buru hilaren 22rarte, Nicolás Guerendiain Irungo Errepublikarren Elkarteak antolatuta, “Kartelgintza II. Errepublikan” erakusketa hartuko duen tokian. Nestor Basterretxea eskultoreak atzo inauguratu zuen bildumak 80 bat kartel biltzen ditu, guztiek ere 1936-1939ko tartean errepublikarren kausaren alde jardun zuten marrazkilari, ilustratzaile, margolari, eskultore eta disenaitzaile grafikoen zorroztasuna erakusten dutenak.

Han daude ordezkatuta garai hartako artista nagusiak. Beste batzuen artean Mauricio Amster, Bagaria, Arturo Ballester, José Renau eta José Bardasano, “komunikazio alorreko benetako artista diren kartel egileei" omen egiteko asmoarekin, izan ere “hasiera batean libre eta jendetsua zen kartelgintza, eta gero Gobernuaren kontrolpean eta mendean jarri zen. Porrotarekin, kartel eta kartel egile errepublikarrak ahanzturan, espoliazioan eta oroimen historikoaren galeran erori ziren”, adierazten dute aretoan dagoen panel handi batean erakusketa-antolatzaileek. Horregatik “zorionak eman behar zaizkie guztia bildu dutenei, hunkigarria gertatzen baita hau ikustea”, zioen Nestor Basterretxeak inauguraziokoan.

Erakusketan bildutako kartelak gerraren garapen historiko-politikoaren isla dira, eta hainbat gairen ingurukoak, hala nola iraultza, miliziak, gerra garaiko ahaleginak, kultura eta emakumea. “Erakusketari esker guda nolako drama izan zen ikusten ahal da, eta gainera garai hartako arte-sormena erakusten digu”-azaltzen zuen erakusketa-antolatzaile Ricardo S. Urolateguik.

“Kartela garraxi antzeko bat da guda garaian, izan ere bestela jendea ez litzateke borroka egitera animatuko”, esaten zuen Nestor Basterretxeak. Horregatik, erakusketan -artista euskaldunaren esanetan- “indarkeria-erritmo bat somatzen da”.