BIDASOA (06/04/06)

IRUN

Bizi egin behar kontatzeko

'Irun errepublikarra' erakusketa errepublikaren aldarrikapenaren 75. urtemuga

MARÍA JOSÉ ATIENZA/

Erakusketaren argazkia
EKITALDIEN PROGRAMA

Erakusketa: Irun Errepublikarra. Euskadiko Kutxaren Aretoa, apirilaren 4tik 16ra (18.00etik 21.00era arte astelehenetik larunbatera, eta 11.30etik 13.30era igande eta jai egunetan).

Herri bazkaria: Apirilaren 14an, Irungo Atsegina jatetxean.

Bandera: Bandera errepublikarra jarriko da balkoietan, apirilaren 14an.

Web: Nicolas Guerendiain Elkarteak www.asociacionrepublicanairunesa.org helbidean informazio gehiago eskaintzen du.

IRUN.DV. Niceto Alcalá Zamora, Manuel Azaña, Largo Caballero, Negrín... Haien argazkiak, eta beren biografia laburrak, Euskadiko Kutxaren Erakustaretoan ikus daitezke apirilaren 16a bitarte; beste horrenbeste Luis Salís, José Ramón Aguirreche, Antonio Ortega, Manuel Cristóbal Errandonea, Nicolás Guerendiain, Florencio Iratxeta, Kepa Ordoki, Ramón Ormazabal eta León Iruretagoyenaren argazki eta biografiekin. Nola batzuek hala besteek historia - nazionala eta tokian tokikoa- idatzi zuten 1931eko apirilaren 14an aldarrikatutako bigarren Errepublikaren garaian.

Haiek bezala, nahiz eta beren izenak liburuetan azaltzen ez diren, bigarren Errepublikako historia egin zuten milaka eta milaka gizonek eta emakumek, herritar xumek. Asko bizirik atera ziren Gerra Zibiletik. Beste asko, berriz, fusilatu egin zituzten, edo kartzelan sartu, edo persegituak izan ziren edo errepresaliak jasan zituzten.

Nicolas Guerendiain Irungo Elkarte Errepublikarrak antolatutako 'Irun errepublikarra' erakusketaren inaugurazioa gizon eta emakume guzti horientzako omenaldi bilakatu zen astearte arratsean. Marcelo Usabiaga irundarrak anaia galdu zuen Pikoketako fusilamenduetan. Bera ere betiko kartzela-zigorrera kondenatu zuten, eta azkenik 21 urte eman zituen kartzelan. Marcelo erakusketaren inaugurazio ekitaldian izan zen eta oroitzapen hunkigarria izan zuen kontatu ahal izateko bizirik ez daudenentzako.

Manuel Millánek esan zuen Nicolas Guerendiain Elkartearen izenean bigarren Errepublika Espainiako historian izan den bultzada demokratikorik ederrena izan zela. Estatu federala, laikoa, soziala eta solidarioa eraikitzeko ahalegina izan zela. Saiakera hura ez zela guztiz betetzerik izan eta etsi gabe ekin beharra dagoela.

Udaleko Kultur zinegotzi Fernando San Martínek, zeinaren familiak ere persekuzioa jasan baitzuen, II. Errepublikak kultur eta gizarte arloan ekarritako aurrerapenak azpimarratu zituen. Etxebizitzako eta Gizarte Gaietako sailburu Javier Madrazo ere inaugurazio ekitaldian zen eta, bere aldetik, azaldu zuen zein den Eusko Jaurlaritzak markatutako ildo politikoa frankismoaren biktimentzako laguntzei dagokienez, bai eta zein den laguntza horiek jende gehiagorengana zabaltzeko egiten ari diren ikerketa-lana ere.

Irudiak eta dokumentuak

'Irun errepublikarra' erakusketak  1931-1936 bitarteko memoria berreskuratzen du, eta hori argazki, dokumentu, liburu, kartel, marrazki, zigilu eta esate baterako billete eta txanponen bidez egiten du. Garai hartako historia orokorrean sartzen dute bisitaria bandera errepublikarrak, 'Himno de Riego' deiturikoaren sorrerak, El Sol y La Voz egunkarien II. Errepublikaren aldarrikapenaren inguruko azal-orriek eta Espainian emakumeek lehen aldiz botoa eman zuteneko argazkiren batek.

Historia orokor horretatik, tokian tokira etortzen da. Beste argazki eta biografia-laburpen batzuk bitarteko direla bisitariak II. Errepublikako pertsonaia nagusiak ezagutzen ahal ditu, bai eta hainbat argitalpenetan, esate baterako Irun republicano, La Frontera edo Euzkadin jasotako berrien bidez, edo 1931-1935 artean ospatutako San Martzial jaietako kartelen bidez ere.

Ebakuazioa

Euskadiko Kutxan erakusgai dauden liburuetako batek -José Moje artxibozainaren liburuaz ari gara, sekula ordaintzerik izanen ez dugun lana- eta  José Mari Castilloren bildumako argazki batzuek balio izan dute Errepublikaren garaiko Irungo kale nagusien izenak eta itxura gogora ekartzeko.

Baina erakusketa honetan gauza bereziki hunkigarririk baldin bada, Baionako Haurren Udalekuetan kokaturik zeudenen marrazki-bilduma da.  Espaloi bat beren fardelak eta maletak berekin zituen jendez gainezka, ebakuazioaren zain, Avenida zubiko joan-etorri etengabea edo  Bidasoa ibaian barrena ihesi doan txalupa bat; horra hor haurrek sinatutako II. Errepublikaren amaieraren erretratuetako hiru.

BIDASOA (06/04/12)

75. URTEMUGA

75. urtemuga. II. Errepublikaren omenaldi ekitaldiak

Nicolas Guerendiain Irungo Elkarte Errepublikarrak ostiralerako, hilak 14, hainbat omenaldi-ekitaldi antolatu du, II. Errepublikaren aldarrikapenaren 75. urteurrena ospatzeko. San Juan plazan, eguerdiko ordubatetik aurrera, bandera errepublikarra altxatuko da. Ekitaldiari txalaparta-soinuz emanen zaio hasiera, eta ondoren Riegoren Ereserkia joko du Irun Hiria Udal Musika Bandak. Jarraian, herri-bazkaria eginen da San Martzial kaleko Irungo Atsegiña jatetxean. Era berean, elkarte errepublikar honek hala nahi duten irundarrei dei egiten die beren balkoietan bandera errepublikarra jar dezaten .