DIARIO VASCO (08/10/09)

EMPAR PINEDA, MUGIMENDU FEMINISTAKO LIDERRA

«Jaio berriaren lehendabiziko eskubidea da gogoz eta bizi-baldintza onak dituela sortua izatekoa»

Mugimendu feministako liderrak abortuari buruzko hitzaldia eskainiko du bihar, 19:30ean, Amaian.

MAIDER IZETA

Empar Pinedaren argazkia

IZENBURUKO DATUAK: ABORTATZEKO ESKUBIDEA: IRAGANA, ORAINA ETA GEROA.

------------------------------------

Hizlaria: Empar Pineda.

Antolatzailea: Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikarren Elkartea.

Eguna: Bihar, 19:30ean.

Lekua: Amaia Kultur Zentroa.

Empar Pineda mugimendu feministako liderrak bizitza osoa darama gizarteko esparru guztietan emakumeen eskubideak babesten. Gaur egun, Madrileko Isadora klinikan lan egiten du. Han, osasun-prestazioez gainera, haurdunaldiak norberaren borondatez eteten dira, eta Haurdunaldia Borondatez Eteteko Klinika Akreditatuen Elkarteko bozeramailea da.

Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikarren Elkarteak Pineda gonbidatu du abortuaz hitz egin dezan; bihar izango da hitzaldia, 19:30ean, Amaia Kultur Zentroan.

- Hitzaldiaren izenburua da ‘Abortu-eskubidea: iragana, oraina eta geroa’. Zertaz hitz egingo duzu zehazki?

- Lehenik eta behin, esan behar dut abortuaren gaia ez dela berria herrialde honetan. Zegoeneko, II. Errepublikak lege bat onetsi zuen, eta garai hartarako, gainera, oso aurrerakoia. Emakume batentzat abortatzea zer den azalduko dut. Adieraziko dut gaur egungo egoera zaharkitua dagoela eta ziurtasun-gabezia juridiko handia sortu duela. Abortuen %98 klinika pribatuetan egiten da. Andaluzian bakarrik daukate nahiko konpondua egoera. Andaluziako osasun-zerbitzuak hitzarmenak dauzka klinika pribatuekin.

- Baina hori ez da horrela, autonomi erkidego guztietan.

- Ez, desberdintasun handia dago, non jaio eta bizi zaren. Nafarroan, ezin da abortatu; ez publikoan ez pribatuan; Extremaduran, ez da abortatzen publikoan, baina, bai, pribatuan. Gaztela-Leongo ingururen batean hitzarmenak daude klinika pribatuekin. Injustizia da.

- Hitz egin dezagun etorkizunaz. Espainiako Gobernuak iragarri du datorren urteko amaiera aldera abortuaren lege berri bat indarrean jarriko dela.

- Gobernuak beti erantsi ohi duen amaierako ohartxoa daukagu, eta zera da: ‘ahalik eta adostasun handiena bilatuz’. Gobernuari presioa egin behar diogu, ikus dezan horrela ezin dugula jarritu eta legeak aurreraka egin behar duela.

- Zein da Espainiako egoera, Europako gainerako herrialdeekin alderatuta?

- Ez gabiltza ez lehenak ez azkenak. Holandakoa da lege haizukorrena; emakumeak aborta dezake oniritzia emango dion psikiatra edo ginekologo baten babes beharrik gabe. Gainera, eskoletan sexuaz eta antisorgaluez informatzeko politika ona darabilte. Hain zuzen ere, horrexegatik ari da jaisten abortu-kopurua herrialde horretan.

- Heziketa ona ezinbestekoa da kasu hauetan.

- Zalantzarik gabe. Nahiz eta gai hau oraindik ere tabu samarra den, herrialde honetan egin dituzten abortuen %90, 12 asteen aurretik egin dituzte. Horrek esan nahi du hala eta guztiz ere emakumeek oso zentzu ona daukatela, eta ardura handia ere bai. Gobernuak oso serio jarri beharko luke gai honetan. Beti esaten dut haur jaio berri orok eduki behar lukeen lehenengo eskubidea dela gogoz sortua izateko eskbuidea eta bizi-baldintzak bermatuta jaiotzekoa.

- Bizitza osoa darama mugimendu feministako lidertzan. Oraingo gazteei bidea ireki dioten XX. mendeko ehun emakumeetako bat izendatu berri dute. Uste al duzu bidea lautu delarik mende honetako emakumeak erosotasunera egokitu direla?

- Ez da gauza bera dena ukatzen zuten eta eskubideak eskuratzea ezinbesteko gauza zen garai batean heldu izatea eta eskubide horietako asko lortuta dauden garai batean jaiotzea. Baina baikorra naiz. Neskei azaltzen bazaie dauden lekuan zergatik dauden, orduan, elementuak edukiko dituzte eskubide horiek zabaltzen segi nahi duten ala ez erabakitzeko.

- Lehen emakumea izan zinen lesbiana zinela telebistan aitortzen. Aldaketa asko izan da homosexualen eskubideetan, adierazpen hori egin zenuenetik.

- Oso garrantzitsua iruditu zitzaidan une haietan hori egitea, jendeak ikus zezan askotariko emakumeak daudela eta aukera lesbikoa aukera heterosexuala bezain zilegia, normala eta naturala zela. Horren alde borrokatu beharra zegoen. Aldaketak ikaragarriak izan dira, baina oraindik bide luzea dugu egiteko.