DIARIO VASCO (20/11/08)

EMILIO SILVA, OROIMEN HISTORIKOA BERRESKURATZEKO ELKARTEKO PRESIDENTEA

“Espainian konpontzeko geratzen den guztiaren %4a bakarrik erantzun dugu”

Elkarteak Gerra Zibilean desagertutako 1.600 lurpetik atera eta identifikatzea lortu du. Halakorik nahi ez bazuten ere, oso eztabaidatsua gertatu da haien lana. Hartaz hitz egingo du bihar Irunen.

MARÍA JOSÉ ATIENZA/

Emilio Silvaren argazkia

HIZLARIA Emilio Silva Irunen izango da bihar

HITZALDIAREN IZENBURUA: EGIA EZIN DA LURPERATU

------------------------------------

Hizlaria: Emilio Silva, Oroimen Historikoa Berreskuratzeko Elkarteko presidentea.

Antolatzailea: “Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikarren Elkartea.

Lekua eta eguna: Ospitale Zaharreko hitzaldi-aretoan (Urdanibia plaza), bihar, 19:30ean.

Emilio Silva Faba 1936ko urrian fusilatu zuten Leongo Priaranza del Briezo herrian. Haren hondakinak hilobi komun batean aurkitu eta identifikatu zituen 2003an Granadako Unibertsitateko Legezko Medikuntzaren departamentuak, ADN proba egin ondoren. Orain, hilerrian daude, bere emaztearenen ondoan, duela hamar urte hil baitzen. Emilio Silva Barreraren aitonaren kasua konpondu ahal izan da, beste 1.600 bezala. Baina buru den elkarteak lanean dirau. Oraindik 10.000 eskari baino gehiagoko zerrenda dauka.

- Aurreratu al dezakezu, hitz gutxitan, bihar Irunen eskainiko duzun hitzaldiaren edukia?

Gerra Zibilean desagertu zirenen bila daramatzagun zortzi urteak nola joan diren kontatuko dut, nola izan den esperientzia hori eta gure ustez nola izaten jarraitu behar duen, orain gertatzen ari diren gertakari guztiekin.

- Zure elkarteak daukan helburuak astindua jaso du hil honetan; lehenik, kautelaz, hilobi komunen irekitzea eten egin delako, Entzutegi Nazionalaren aginduz, eta gero, Baltasar Garzon inhibitu egin delako, tokiko epaileen mesedetan.

Entzutegi Nazionalean, kausa hau gelditzera kondenatua zegoen. Nik uste dut Garzonek inhibizioa egin duela kausa estalita uzteko eta erantzukizunak beste epaitegietara eta Justizia Ministeriora eratortzeko. Ikusiko dugu orain, tokiko epaileengana iristen garenean, zer egiten duten.

- Une hauetan zenbat ikerketa daude irekita hilobi komunei buruz?

Oso zaila da esatea. Guk 55 hilobi irekitzea eskatu dugu hainbat lekutan, eta 10.000 kasu inguru dauzkagu desagertuenak, elkartearekin harremanetan jarri diren familienak.

- Jende gaztea harritu egiten da hilobi komunak daudela entzuten duenean herrialde honetako teleberrietan

Izan ere, historiaren zati honi buruzko ezjakintasuna Estatu politika izan da. Ikastetxeetan ez dute ikasi horrelako gairik. Frankismoak ondo asko irakasten zuen bere bertsioa, bere berezko izatea azaltzeko modua baitzen. Franco hil ondoren, gai hori testu-liburuetatik atera zuten. Espainiako unibertsitate batzuetan ere, Historian lizentziatu zintezkeen Gerra Zibilari edo diktadura frankistari buruz lerro bat ere ikasi gabe. Hori beste herrialde batzuetan pentsaezina da; hain zuzen, horrelako diktaduren ondoren datozen demokrazietan, haiei buruzko heziketa lehentasunezkoa izaten da. Gizart mugimendu horietan jarduten dugun asko autodidaktak gara. Niri, nire etxean, zerbati kontatu izan didate horretaz eta gai honetaz dakidana ikasi egin behar izan dut. Ez dit irakatsi ikastetxeko irakasle batek.

-Zein lan egin ahal izan du zure elkarteak orain arte?

Guk, zortzi urtetan, 1.600 lagun lurpetik atera eta identifikatu ditugu, jende askoren laguntzaz. Bitarteko gutxi dauzkagu, baina giza-indar handia, eta hori behar dugu gehien. Egia esanda, Espainian konpontzeko geratzen den guztiaren %3 edo 4ari bakarrik eman diogu erantzuna, eta hau nolabait konpondu beharko da. Kasu batzuetan, posible izango da; beste batzuetan, ez, baina uste dugu ahal direnak identifikatu beharko direla eta guztiak duin bihurtu. Gobernuak honekin amai lezake, berehala konpondu. Nire ustez, ulertezinak dira ez egiteko arrazoiak. Guk geure bizkar hartu dugu Estatuari dagokion zama. Ez dugu ulertzen zergatik onartzen den familiak zabuka ibili beharra.

- Beldurra ote dago oraindik ere?

Bai, badago. Guk eskatzen duen edozein familiari laguntzen diogu. Ez dago bazkide izan beharrik. Baina badago jendea oraindik beldur dena bere datuak gurea bezalako elkarte baten esku uzteaz. Batzuek, errepresioa dela bide, beste famili historia bat asmatu zuten bizirauteko. Beldur hori oraindik oso agerian dago herrietan. Oso tristea da munduan zehar ikasgaiak emanez dabilen demokrazia batean, oraindik jendea egotea hura erabat gozatu ezin duena.

- Zuk kritikatu duzu alderdi politikoei beren ondarea itzuli zaiela eta familiei ez zaiela aukerarik ere ematen maite dituztenen hondakinak berreskuratzeko.

Izan ere, alderdiei aitortzen zaien eskubidea ez zaie pertsonei aitortzen. Familia asko ezagutzen ditut familiako etxea izan zenaren ondoan edo parean bizi direnak, haien jabetza garaiko pistoleroren batek eskuratu baitzituen eta inork ez die lagundu hura berreskuratzen.