DIARIO VASCO (09/10/08)

AITOR HERNÁNDEZ

«Irun izan zen kantauriar kostalde osoan lehen Eskola Modernoa ireki zuena»

Errepublikarren elkarteak biharko antolatu du Amaian, 19.30ean, eskola laiko eta misto honen inguruko hitzaldia.

MAIDER IZETA

Aitor Hernándezen argazkia

Irungo historialari Aitor Hernándezek emango du bihar Amaia Kultur Zentroan 19.30ean, Ferrer i Guardia eta Eskola Modernoa izeneko hitzaldia. “Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikarren Elkarteak antolatutako ekimena da hau, orain betetzen baita heziketa-sistema hori bultzatu zuen Bartzelonako errepublikar Francesc Ferrer i Guardia fusilatu zuteneko mendeurrena.

- Zer izan zen Eskola Modernoa eta zer harreman du Irunekin?

Eskola laiko eta arrazionalistak izan ziren, Francesc Ferrer i Guardiak sortuak. Bartzelonako errepublikano eta anarkista bat izan zen, batez ere eskola hau sortu zuelako ezaguna. Irunen errepublikar asko zegoen, asko ere, Gipuzkoa osoan Irunen zegoen gehien. Ferrer i Guardiak lortu zuen kantauriar kostalde osoko lehen Eskola Modernoa Irunen sortzea.

- Zergatik Irunen eta ez beste herri batean?

Garai hartan hiri honetako alkatetza errepublikarren eskuetan zegoelako eta Kataluniako errepublikarrekin harremanetan egon zirelako Irunen Eskola Modernoa sortzeko.

- Noiz gertatu ziren gauza hauek?

Irungo Eskola Modernoa 1908an sortu zen eta hasiera-hasieratik sekulako arrakasta izan zuen. Lehen urtean 40 ikasle matrikulatu ziren eta Bartzelonan, zeuden hamar eskolen artean, berrehun ikasle ziren. Eskola pribatua izan zen. Gai honek bere garaian garrantzi handia izan bazuen ere, jendeak ez daki askorik bere inguruan.   Espero dut hemendik aurrera zerbait gehiago jakitea. Eskola Alondegiko eskolan zegoen kokatua, baina uste dut orain auto biltegi bat dagoela orain.  Udalaren lokala zen, irakaslea erretiratu berria zen,  León Iruretagoyena alkateak errentan eman zion irakasleari eskola hori hiru urtez edukitzeko.

- Zer alde zegoen Eskola Modernoaren eta betiko eskolaren artean?

Irakaskuntza laikoa zen eta eskola mistoa. Eskola Modernoaren helburua gogoetarako gaitasuna zuen ikaslearen pizgarri izatea zen. Geografia, historia, kimika eta abarreko  klaseak ematen ziren, baina betiere ikasleek parte har zezaten saiatuz.

- Jende asko egongo zen heziketa-sistema berri honen kontra.

Bai, garai hartako egunkari karlistetan esaten zen prostituzio eta terrorista eskola zela; Kimikako klaseak ematen zirenez, klasea lehergailuak egiteko erabiltzen zela esaten zen. Sekulako astakeriak esan ziren eskola honen inguruan. Bai, jende asko egon zen kontra; 1910ean manifestazio katolikoa egin zen, eta Gipuzkoa osoko 10.000 pertsona —gizonezko, egia esateko, garai hartan emakumezkoak ez ziren manifestazioetara joaten eta— bildu ziren.

-Zergatik Eskola Modernoari buruzko hitzaldi bat?

Hitzaldi hau Irungo Errepublikarren Elkarteak antolatu du oraintxe beteko delako Ferrer i Guardia fusilatu zuteneko mendeurrena. Ni Luis de Uranzu Kultur Taldearen liburu batean parte hartua nintzen, “Federico Forcada y la escuela moderna” izeneko testu batekin. Elkartea nirekin jarri zen harremanetan hitzaldia emateko, eta nik pozik onartu nuen.

- Zerk eraman zintuen gai honen inguruan ikertzera?

Egia esan, aurkitu nuen gai bat izan zen abiapuntua. Harritu egin ninduen ordura arte gai hau inork ukitu ez izana eta horrelaxe hasi nintzen horretan sakontzen.