BIDASOA (06/04/14)

II. ERREPUBLIKAREN 75. URTEURRENA

Apirilaren 14an, San Juan plazan

Nicolas Guerendiain Elkarteak omenaldia egingo die ideal errepublikarrei eta ideal horiek defendatu zituztenei

MARÍA JOSÉ ATIENZA/

Erakusketaren argazkia

Protagonista irundarrak “Irun errepublikarra” erakusketan. [F. DE LA HERA]

GAURKO EGITARAUA

13.00 etan: San Juan plazan txalaparta eta bandera errepublikarraren igoera; bitartean, Irun Hiria Musika Bandak “Riegoren Ereserkia” interpretatuko du.

14.00 etan: Herri bazkaria, Irungo Atsegiñan.

Bandera: Bandera errepublikarra jarriko da balkoietan.

IRUN. DV. Nicolas Guerendiain Irungo Elkarte Errepublikarrak II. Errepublikaren aldarrikapenaren 75. urteurrena hainbat ekitaldirekin omendu egin nahi du; izan ere, ekarteko kidea den Marijo Noguésen hitzetan, ekitaldi horien xedea “estatu erabat demokratikoa, federala, laikoa, gizartearena eta elkartasunezkoa eraikitzeko ahaleginari omenaldia eskaintzea da”.

Nicolas Guerendiain elkarteak prestatutako programaren barnean, Euskadiko Kutxaren erakusketa-aretoan (Kolon ibilbidea) gauzatu den “Irun Errepublikarra” erakusketa da ekimenik aipagarriena. Gaurko aurreikusten diren ekimenen artean, eguerdiko ordu batean, San Juan plazan altxatuko da bandera errepublikarra, eta Irun Hiria Musika Bandak “Riegoren Ereserkia” interpretatuko du. Hori egindakoan, ekitaldian parte hartzen dutenek Irungo Atsegiña jatetxean bilduko dira eta herri bazkari bati ekingo diote bertan.

Errepublika Irunen

“Irun Errepublikarra” erakusketa hilaren 16ra arte, alegia datorren igandera arte ikusi ahalko da. Erakusketaren xedea “momentu haietako memoria berreskuratzea da; alegia guregatik, beren ondorengoengatik guztia —baita bizitza bera ere— eman zuten irundar haiek gogoratzea” adierazi du Junkal Oiartzun Nicolas Guerendiain Elkarteko kideak.

Irunen II. Errepublikaren aldarrikapena egin zen momentu haietako bat islatua geratu zen 1931eko apirilaren 14an Udalaren areto nagusian egin zen bilkuraren aktan. Honela jaso zen akta hartan: “Irun hirian, mila bederatziehun eta hogeita hamarreko apirilaren hamalauko hamarrak eta bederatzi zirenean, honako hauek bildu ziren Udaletxeko areto nagusian: Jorge Segura jn., Julian Bellido jn., Claudio Urtizberea jn., Florencio Yracheta jn., Modesto Gal jn., Luis Salis jn., Gerardo Bionche jn., Evaristo Larrañaga jn., Rosario Gelledea and., Benito Boda jn., Camilo Arocena jn., Miguel Liceaga jn., Francisco Fernandez jn., Antonio Ortiz jn. eta Fernando Estomba jn., hil honetako hamabian aukeratutako hogei zinegotzietatik hamabost, nahiz eta aurretik guztiei deitu, herriko Konjuntzio errepublikar-sozialistako Batzorde Exekutiboak eskatuta. Haiekin batera deituak izan ziren erregidoreak ez ziren bilkurara agertu. Honako hauek ziren Konjuntzio hori osatzen zutenak: León Iruretagoyena jn, Emilio Zufía jn., Aquilino Gutiérrez jn. eta Nicolás Guerendiain jn. Batzorde horrek, Madrilen eratutako behin-behineko Gobernu Errepublikarraren aginduz eta eskuordetuta, hartu zuen Hiriko tokiko gobernuaren ardura ordu batzuk lehenago, Espainian Errepublika aldarrikatu zelako.

Honela deskribatu zuen idazkariak: “aretoa erabat jendez beteta zegoela, Udal berria eratutzat eman zen, eta Jorge Segura Sagardía jauna izendatu zuten, aldarriaz, Hiriko behin-behineko Alkate, azken igandean egindako hauteskundeetan boto gehienak jaso zituelako”.

Jarraian, Segura Sagardía jaunak hitza hartu zuen eta termino hauetan hitz egin zuen: “Adeitasunezkoa da bihotz bihotzez eskertzea herriaren ordezkari izateko eman diguzuen babesa. Eta oso pozten gara hain irrikatutako errepublikar erregimenaren zerbitzuko lehenengo zinegotziak izateko zortea dugulako. Une handi hauetan, hiritartasun-eredu izan baikara egintzaz frogatuta gu garela benetako eta egiazko ordenazaleak, arren eskatzen dizuet, Udaleko nire kide guztien izenean, orain arte bezala segi dezazuen, betiere honako hau gogoan: Ordena, Ordena eta Ordena”.

Pikoketa baserria

Bost urte beranduago, 1936ko abuztuaren 11n, Irunen II. Errepublikaren historia markatu zuen beste episodio bat bizitu zen. Aurreko taldetxo gisa, hamabost miliziano defendatzen ari ziren Pikoketa posizioa. Momentu hartan, Aia-Erlaitz-Pagogaina lerroa okupatzeko agindua jaso zuten matxinatutako tropek. Hamabost gazte haietatik, bik bakarrik lortu zuten ihes egitea: Alejandro Colinak eta Jose Arozenak. Gainerakoak —Mertxe López Cotarelo, Pilar Vallés Vicuña, José María Arruti Idiakez, Victor Genua, Jesús López Casado, Agapito Domínguez, Bernardo Usabiaga Jáuregui, Manuel Justo Alberdi, Miguel López Pascual, eta Vicente Argote, Agustín Bermejo, Félix Luz Echeverría eta Angel Braña López — fusilatuak izan ziren baserriko hormaren kontra. Haiei ere omenaldia egin nahi diete Nicolas Guerendiain Elkarteak antolatutako ekitaldiek.

BIDASOA (06/04/14)

BIDASOA

«Jarduera politiko asko izan ziren Irunen Bigarren Errepublikaren garaian»

El irunés Marcelo Usabiaga es uno de los pocos testigos que vivió la histórica fecha que marcó un antes y un después en nuestra ciudad

MAITANE OLAIZOLA/

Marcelo Usabiagaren argazkia

Frantzian gerilla espainiarraren kide aktibo akreditatzen zuen karneta erakutsi du Marcelo Usabiagak. [MICHELENA]

DATUAK

Marcelo Usabiaga: irundarra da eta Alderdi Komunistako militantea izan zen Espainiako Gerra Zibilean. Egun Hernanin bizi da.

Adina: 90 urte.

Kondena: 1939an, 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten; haietatik 21 bete zituen.

Egun hauetan, garaian ateratako argazki zuri-beltzek eta bandera errepublikarraren kolore biziek gogorarazten dizkigute duela 75 urte egin zela Bigarren Errepublikaren aldarrikapena. Gaur egun Hernanin bizi den Marcelo Usabiaga irundarra bizirik irten ziren bakarrenetako bat izan zen. Hark kontatu ahal digu nola bizitu zen apirilaren 14ko egun historiko hura Irunen, mutiko nerabea besterik ez zela. 1933an sartu zen Espainiako Alderdi Komunistan, eta Iparreko fronteetan borrokatu zen Gerra Zibilean. Pikoketako fusilamenduetan anaia galdu zuen. Bera ere betiko kartzela-zigorrera kondenatu zuten, eta azkenik 21 urte eman zituen kartzelan. 90 urte dituela oso harro dago lehengo pertsonan kontatu ahal duelako orduan gertatu zen guztia.

- Oso gazte zela bizitu zenuen Errepublikaren hasiera. Nola hauteman zenuen hori guztia, ume bat besterik ez zinela?

Irunen biziz nintzen eta gogoratzen dut ikasle garaian, lagunekin nengoela geure buruari galdetzen geniola zer izango ote zen “Errepublika" delako kontu hori. Eskolako maistra oso errepublikazalea zen, eta hartaz hitz egin zigun. Etxekoak ere oso errepublikazaleak ziren eta aitarekin batera hasi nintzen hainbat bileratara joaten. 1930ean, 14 urte besterik ez nituela Donostiako Ituna gauzatu zen. Itun horri esker gertatu zen Bigarren Errepublikaren etorrera, Jakako altxamendua ere gertatu zen garai hartan. Jakinmin handiz hauteman nuen hori guztia

- Nola bizitu zenuen 1931eko apirilaren 14 hartakoa?

Merkataritza Peritua ikasten ari nintzen. Egun hartaz dudan oroitzapenaren arabera, egun hartan irundarren erdia joan ginen Jakako gertaeren ostean izkutatuta zegoen 'Regaliz' izeneko baten bila. Egun hartan bere gordezulotik irten eta bere etxeko balkoira atera zen. Jende guztia txaloka, pozik zegoen. Bigarren Errepublika aldarrikatu zen egun hartan sekulako irri eta farra izan zen Irunen.

- Nolakoa zen Irun errepublikarra?

Hiri liberala eta nahiko bizia ikuspegi politiko eta sozialetik begiratuta. 'Irun Republicano' eta 'El Bidasoa' astekariak fundatu ziren, eta arma politiko gisa erabiltzen ziren, alderdi horretatik jarduera garrantzitsua izaten zen eta. Hiriaren ekonomia neurri handian indargabetu zen. Krisi laborala gertatu zen eta udalaren elkartasuna —Luis Salís alkate zela— adierazgarria izan zen. Egia esan, urte haietan oso lasai bizi ginen, jendea oso alai zegoen.

- Hori guztia zapuztu zen 1933ko hauteskundeekin?

Bai, eskuinak irabaztea sekulako kolpea izan zen. Ezkerrak ez zuen eskuinaren garaipena onartu, eta bi urteren buruan Fronte Popularrak irabazi zuen. Aldi hartan klandestinitatera itzuli ginen eta muga oso ongi ezagutzen nuenez, armak pasatzeari ekin nion. Azkenean, 1936an hil egin zuten Errepublika. Harrezkeroztik beldur handia pasatzen nuen Irunen, han politikoki oso ezaguna nintzelako.

- Noiz sartu zinen politikan?

17 urterekin. 1933an, Ramon Ormazabal nire lagunak aholkatuta, Irungo Gazteria Komunistaren alderdikide egin nintzen. Hamabi lagun ginen guztira. Muga oso ongi ezagutzen nuenez, Donostiako Norte geltokian jasotzen nuen jendea eta muga pasatzen laguntzen nien, karabineoak saihestuz. Gure artean komunikatzeko, 'La Voz de Gipuzkoa' eramaten besapean. Bidaia haietako batean, 1934an Errenterian harrapatu ninduten; baina handik hilabete batera aske atera nintzen.

- Zein oroitzapen dituzu Gerra Zibilaz, eta zehazkiago hiria suntsitu zen momentu haietaz?

Jendea etxerik gabe geratu zen, eta haietako askok Irundik alde egin zuten. Batzuk ez ziren inoiz itzuli. Ni ere ez. 1936an utzi nuen hiria eta orain Hernanin bizi naiz. Suteak hiria suntsitu zuen. Francoren aurkako gerrillak antolatu ziren eta Irungo frontean parte hartu nuen. Gerrillei muga pasatzen ere laguntzen nien.

- Gerrilla horietako kide batzuk —haien artean bere anaia zegoen—, Pikoketan fusilatu zituzten 1936ko abuztuan. Gertaera hark eragin handia izan zuen irundarren artean.

Zalantzarik gabe. Abuztaren 11n, hamazapi eta hogei urte bitarteko beste errepublikar irundarrekin batera zegoen nire anaia Pikoketan. Nafarroako errekete talde batek ustekabean hartu zuen posizio hori eta gehienak fusilatu egin zituzten, inolako epaiketarik egin gabe. Bostek bakarrik alde egin zuten. Errepublika defendatu genuen irundar guztion oroimenean geratu zen gertaera hori aldaketa demokratikoa gertatu arte, denok baikenekien hildakoen gorpuak oraindik Pikoketako zelaietako txokoren batean zeudela lurperatuta.

- 1939an atxilotu zintuzten eta 30 urteko kartzela-zigorra ezarri zizuten. Nahiz eta espetxean egon, borrokan Errepublikaren alde jarraitu zenuen borrokan.

21 urteko zigorraldia bete nuen. 1939ko apirilaren 10ean sartu nintzen, mugaz bestaldera pasatzen saiatzen ari nintzela harrapatu ninduten eta 1960ko uztailaren 16an atera nintzen. Artean, hilabeteko oporraldia izan nuen ihes egin nuelako; baina, berriro atxilotu ninduten eta inkomunikatuta eduki ninduten iheslaria izateagatik. Aldi hartan baimen bat eman zidaten liburuen laburpenak egiteagatik. Kanpora idaztea beharrezkoa zen. Kartzelako gertaerei buruzko informazio zifratua ateratzen genuen, hau da alderdiaren barneko iritzi-ildoak. Hain zen eraginkorra metodoa, agintariek uste baitzuten irratiaren bidez ematen genituela berriak. Azkenik ikusi zen herriaren altxamendua ez zela nahikoa Franco garaitzeko. Ezarritako kartzela-zigorra bete nuen eta gaur arte.

- Kartzelatik atera eta handik urte batzuetara zu eta Pikoketan fusilatu zituztenen familiako batzuek egin beharreko zerbait bete zenuten: sarraskiaren lekukoak ziren gorpuen bila abiatu zineten.

Hala da. 1976an mobilizatu ginen toki horretan lurperatutakoen oroimena gordetzearren, eta 1978an gorpuak hobitik atera genituen. Ustez egon zitezkeen tokia zulatu genuen, hezurrak, txanponak, oinetakoak... topatu arte. Egia esan, asko kostatu zitzaigun tokia kokatzea. Gerora, Irungo Udalak panteoi bat laga zuen, eta Blaia hilerrira lekualdatu ziren hondakinak. Harrezkeroztik, senideek urtero lore-koro bat jartzen dute panteoian, urtemuga oroitzeko asmoz.

- Duela egun batzuk joan zinen Euskadiko Kutxaren aretoan gauzatu den “Irun Errepublikarra” erakusketa. Zer iruditu zitzaizun?

Irungo Elkarte Errepublikarrak gonbidatu ninduen eta biziki hunkitu nintzen. Indar handiz sortu da mugimendu bat historiaren zati hori berreskuratzeko, eta hori oso ederra da.

BIDASOA (06/04/14)

1931ko Konstituzioaren Defendatzaileak

Ricardo Sánchez Urolateguik sinatzen du eskutitz hau: “Egun hauetan Kolon ibilbideko Euskadiko Kutxako erakusketa-aretotik pasa direnek dokumentu-erakusketa bat miresteko aukera izan dute. Bertan adierazi da egiazki zer izan den Espainiako Errepublika estatu mailan, eta zehazkiago Irungo errealitatea islatu da. Gaur egun jendaurrean errepublikaren aldeko pentsamoldea adierazi dutenek egin dute lan hau, Bigarren Errepublikaren 75. urtemuga dela eta. Lan honek egiazko omenaldia eskaini nahi die legaltasun konstituzionala defendatzeagatik hilak, espetxeratuak eta errepresaliatuak izan ziren gizon, emakume eta haur guztiei.

Oritzapenaren esnatze hau ez da gertaera isolatu bat, estatu osoan gertatzen ari den fenomeno bat da, eta  gure errefuxiatuak hartzeko prest izan ziren herri guztien komunitateetan ere gauza bera gertatzen ari da. Gaur egungo gizarte irundarrarentzat garrantzitsua da jakitea zer gertatu zen, nola gertatu zen eta zergatik gertatu zen. Horrela pixkanaka jasotzen ahalko dugu gupidagabe batzuek haien gainean —eta, era berean, gure gainean ere bai— ezarri zuten harlauza ikaragarria. Agur eta ohore haiei guztiei".